Mantxuria
Mantxuria[1] (mantxueraz: Manju; txinera tradizionalez: 滿洲; txinera sinplifikatuz: 满洲; pinyinez: Mǎnzhōu) Asiako ipar-ekialdeko lurraldea da. Siberiaren, Koreako penintsularen eta Itsaso Horiaren artean hedatzen da eta Txinaren barnean dago lurraldearen parte handi bat.
Mantxuria | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | eskualde historiko |
Eponimoa | Mantxu |
Geografia | |
Koordenatuak | 45°N 125°E |
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Mantxuria (argipena)»
Hedadura
Mantxuria izena honako lurraldeak izendatzeko erabiltzen da (txikienetik handienera):
- Ipar-ekialdeko Txina: Heilongjiang, Jilin eta Liaoning probintziak
- Barne Mantxuria: Aurrekoa gehi Barne Mongoliaren ipar-ekialdea (Hulunbuir, Hinggan, Tongliao eta Chifeng).
- Aurrekoak gehi Kanpoko Mantxuria (Errusiako Mantxuria).
- Aurrekoak gehi Sakhalin uhartea.
Geografia
Lurralde menditsua da, Sungari eta Liao ibaiek zeharkatzen dutena. Klima kontinentala du, oso gogorra; udak beroak dira eta neguak, luzeak eta hotzak. Sortaldea sartaldea baino euritsuagoa da.
Demografia
Artzainak bizi izan dira betidanik Mantxurian. XX. mendean, hala ere, asko ugaldu da biztanleria: 1910. urtean 15 milioi biztanle zituen eta 1982an, 91 miloi inguru, Txinatik emigrazio handia izan baita. Gaur egun, Mantxurian 60.000.000 txinatar inguru bizi dira.
Ekonomia
Ekonomia nekazaritzan (laboreak) oinarritzen da. Meagintzak ere (burdin, zink, ikatz, berun, kobre, zilar eta urrea) garrantzi handia du. Industria, berriz, Mantxuria japoniarren mende egon zenean hasi zen indartzen eta Txinako industriagune nagusia da gaur egun.
Historia
Txinako Inperioaren barruan egon zen Mantxu dinastiaren garaian (1644-1912). 1896. urtean Errusiako Inperioak Port Arthur eta Dairen lurraldeak menderatu zituen. Errusiar-japoniar gerra bukatu zenean, lurralde horiek Japoniaren mende gelditu ziren (1905). 1932. urtean japoniarrek Mantxuria osoa konkistatu zuten eta hurrengo urtean estatu sasi burujabe izendatu zuten, Mantxukuo izenaz: sasi estatu hori Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuen parte hartzearen arrazoietako bat izan zen, beren interesen aurka baitzegoen. 1945ean Sobietar Batasuneko armada sartu zen Mantxurian. Haiek alde egin zutenean, Txinako lurralde bihurtu zen berriro (1950).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/04/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).