Mantikora
Mantikora alegiazko izaki bat da, Antzinako Egiptoko esfingearen antzekoa, persiar mitologian sortua eta greziar mitologiaren bidez Europara ekarria. Gizakiaren burua (adarrekin, batzuetan), gorputz gorria (eskuarki lehoi batena) eta dragoi edo eskorpioi baten buztana ditu. Buztanean arantza pozoitsuak ditu, bere harrapakinak hiltzeko edo geldiarazteko. Kontakizun mitologikoaren arabera, mantikorak zaldi baten eta lehoi baten arteko neurria izaten zuen. Hegoekin eta oskolarekin ere irudikatzen zuten.
Mantikora | |
---|---|
Ezaugarriak |
Mitoaren historia
Persia
Mantikora mitoaren bertsiorik zaharrenak persiar mitologian dokumentatu dira. Mantikora izenak, jatorriz, «pertsona-irenslea» esan nahi omen zuen.
Grezia
Itxuraz, mantikora greziar mitologiara sartu zen Ktesiasen bidez, Artaxerxes II.a Mnemon K.a. IV mendeko erregearen gorteko medikuaren bidez. Greziar mediku hark Indika bere idazlanean mantikora bat deskribatu zuen. Ktesiasen idazlana antzinatean desagertu zen.
Nahiz eta Pausanias bezalako ikastun batek Ktesiasen jatorrizko deskribapena zalantzan jarri eta mantikora, benetan, ekialdeko tigrea besterik ez zela argudiatu, mitoa bizirik iraun zuen.
Erroma
Erromatarren garaian, mantikorari buruzko aipamenak topa daitezke. Plinio Zaharrak, esate baterako, benetako izakia zela aldeztu zuen, bere eragin handiko Naturalis Historia idazlanean (77. urtekoa).
Geroago, Klaudio Elianok ere aipatu zuen mantikora, De Natura Animalium (IV; 21) idazlanean.