Manilako galeoia

Manilako galeoia (gaztelaniaz: Galeón de Manila; filipineraz: Galyon ng Maynila) belaontzien merkataritza-itsasbide erregularra izan zen, 1565ean hasi eta 1815 arte Manila eta Espainia Berria (egun Mexiko) lotzen zituena. Urtean behin edo bi aldiz egin ohi zuten zeharkaldia, Andres Urdaneta ordiziarrak aurkitutako itzulbidaia jarraituz, eta Acapulcora iristen ziren. Galeoiaren bi helmugak Manila eta Acapulco baziren ere, ibilbideak luzapenak zituen salgaien garraiorako: Acapulcotik Mexiko, Veracruz eta, Indietako Ontziteriaren bitartez, Sevillaraino; eta Manilatik Txina, Japonia, Formosa, Molukak, Kanbodia, Siam, Vietnam, eta baita India eta Zeilaneraino ere.[1]

Manilako galeoiaren oroitarria, Manila.

Urdanetaren bidea

Artikulu nagusia: «Itzulbidaia»
Urdanetaren bidea.

XVI. mendeko nabigatzaile handientzat arazo larria zen Ozeano Barea ekialderantz ezin zeharkatzea. Mexikotik Filipinetara joaten ziren haizeak lagunduta baina, haizea kontra izanda, ezinezkoa zitzaien ekialderako bidaia egitea.[2]

1565eko ekainaren 1ean, San Pedro naoa itsasoratu zen Cebúko portutik, Felipe de Salcedo kapitain eta Andres Urdaneta pilotu nagusi zituela, Ozeano Barea ekialderantz zeharkaturik Ameriketara itzultzeko xedearekin. Garai hartakoen ikuspuntutik oso bide arraroa hartu zuen. Ekuatoretik iparralderantz urrundu zen, kontrako haizeak eta itsaslasterrak saihesteko eta, maniobra bitxi batzuk egin zituen (mapan M itxurako ibilbidea) 39 gradu inguruko latitudean. Horri esker, Kuroshio itsaslasterra harrapatu eta ekialderantz bidaiatu ahal izan zuen.[2]

Itsasoan bost hilabete pasa ondoren, Navidad portura (Cihuatlán, Jalisco) heldu ziren, eta zortzi egun geroago Acapulcora. Itzulbidaia aurkiturik zegoen, Urdanetaren bidea esaten zaiona. Acapulcora iritsi zirenean, ohore handiz hartu zituen Mexikoko Errege Entzutegiak. Ondoren, Espainiara bidali zuten Urdaneta, Filipe II.a erregeari aurkikuntzaren berri ematera. Sanlúcar de Barramedan lehorreraturik, 1566ko apirilean batzartu zen Filipe II.arekin Valladoliden.[3]

Manilako galeoiaren historia

Manilako galeoiaren zeharkaldiak 1566ko maiatzaren 1ean hasi ziren, San Jerónimo ontzia Acapulcotik abiatu zelarik, baina 1593 arte ez zen linea erregularizatu. Sebastian Vizcainok era honetan azaldu zituen Manilako galeoiaren nondik norakoak 1590ean, Acapulcon zegoelarik, Manilarik iritsi berria:[4]

« Portu honetan, Mexikoko lau ontzi handi daude 600 eta 800 tonakoak, gure ondasunak Txinara eramatea eta handik hona ekartzea beste lanik ez dutenak. Honela egiten dute. Hemendik Txinara bi milia legoatik gora daude, hemendik Espainiara baino gehiago. Lehenengo bi ontziak aldi berean ateratzen dira Txinarantz, eta 13-14 hilabetean ez dira itzultzen. Haiek itzulitakoan, beste biak irteten dira bi hilabeteren buruan...".  »

—Sebastian Vizcainok bere aitari igorritako eskutitza[oh 1]

Manilako galeoia Mariana uharteetara iristen (1590 aldean, Boxer kodexa)

Uztailean abiatzen zen galeoia Manila ondoko Cavite portutik, udako montzoiaz baliatzeko. Iparralderantz egiten zuen lehenik, eta Japoniatik Kaliforniako kostaldeetara doan Kuroshio itsaslasterra jarraitzen zuen gero, Acapulcora abenduan iristeko (Eguberri eta Urteberri egunen artean, jeneralean). Ontzia deskargatutakoan, urteko feria egiten zen, Mexiko, Puebla, Oaxaca eta beste herri askotako merkatarien parte hartzearekin. Martxoan edo apirilean itsasoratzen zen galeoia Acapulcoko portutik eta, Mariana uharteetan (Guam) geldialdi bat egin ostean, uztailean heltzen zen Manilara .[1] Beraz, Acapulcoraino sei bat hilabete behar zituen; Manilaraino, berriz, alisio haizeen laguntzaz, bi-hiru hilabete aski ziren.[5]

Manilatik itsasoratzen ziren galeoien sotoetan Txinako zetakiak eta portzelanak, Japoniako altzari lakatuak, Portugaldar Indiako altzariak eta bolizko objektuak, Bengalako kotoizko ehunak, eta espeziak (Moluketako piperbeltza eta iltzea, Zeilango kanela) garraiatzen ziren; Filipinetako gaiak oso gutxi izaten ziren. Acapulcotik Manilara, berriz, Espainia Berriko zilarra eramaten zen, batez ere (kargaren % 96-99), eta Oaxacako gorrimina, Pueblako xaboia edota Guatemalako anila zama osatzeko. Zilarrarekin ordaitzen zitzaizkien txinatar merkatariei galeoiak Mexikora eramaten zituen salgaiak. Beraz, Mexikoko zilarrak elikatzen zuen Manilako merkataritza.[1]

Manila eta Acapulcoren arteko itsasaldia luzea eta arriskutsua zen. Eskifaiak eta merkatariek hilabeteak igarotzen zituzten metaturik zurezko itsasontzi heze batean. Ekaitzak etengabeak ziren, arratoiak ugariak eta jatekoa kaskarra. Dieta txarraren ondorioz, eskorbutoak eta beriberiak triskantzak egiten zituzten. Irabaziak handiak izan zitezkeen, baina arriskuak ere.[6] Hauxe idatzi zuen Gemelli Carerik, 1696an San José galeoian Manila-Acapulco itsasbidea egin zuen italiar bidaiariak:[7]

« Filipinetatik Ameriketarainoko itsasaldia munduko luzeena eta ikaragarriena dela esan daiteke: zeharkatu behar dituen itsas amaigabeengatik, mundu bolaren erditsua, beti haize kontra; ezin sinetsizko ekaitzengatik, bata bestearen gibeletik; eta gaitz hilgarriengatik, zazpi edo zortzi hilabete irauten duen bidai horretan sortzen direnak; agian latitude desberdinen eta klima aldakorraren eraginez, orain hotz-hotza, sarri epela edo beroa. Aldaketa horiek, burdina ere zartatuko luketenak, gizakia suntsitzen dute, are gehiako gaizki elikaturik badago.  »

—Gemelli Careri, Giro Intorno al Mondo, 1699.

Manilako galeoiak garraiatzen zituen ondasunen erakuskaria: zetazko ehunak, bolizko eskulanak...

Horrezaz gain, itsaslapurren arriskua ere kontuan hartzekoa zen. 1587ko azaroaren 14an, Thomas Cavendish kortsario ingelesak eraso zion Manilatik zetorren Santa Ana galeoiari, eta ontziak zeramatzan ondasunak ebatsi. Hondamendi horren ondoren, Kalifornia okupatzea erabaki zuten Espainia Berriko agintariek. Asmo horrekin, Sebastian Vizcaino bidali zuten kostaldea esploratzera, kokaleku egoki baten bila. 1596-1603 bitartean, Vizcainok xehero-xehero aztertu zuen San Lucas lurmuturretik Mendocino lurmuturrainoko itsasertza, eta Montereyko badian kolonia iraunkor bat ezartzea proposatu zuen. Baina Mexikoko erregeorde berriak bertan behera utzi zuen egitasmoa, eta 1770 arte ez zuten espainiarrek Montereyko gotorlekua eraiki.[4][8]

Dena dela, pirateria bigarren mailako arazoa izan zen Manilako galeoiarentzat, kontuan edukita, Indietako Ontziteria ez bezala, Armadako ontzien eskoltarik gabe ibiltzen zela. 250 urtean itsasaldi hori egin zuten 108 ontzietatik, lau baizik ez zituzten atzeman itsaslapurrek; itsasoan hondoratuak edo galduak, berriz, 26 izan ziren.[9]

Galeoiaren gainbehera eta amaiera

Manilako galeoia linea transpazifikorik garrantzitsuena izan zen XVII. eta XVIII. mendeetan, eta bi mendez eduki zuen Espainiaren eta Ekialdeko Asiaren arteko merkataritzaren monopolioa.[10] XVIII. mendearen erdialdean, ordea, metropoliaren eta Filipinen arteko lotura zuzena ezartzeko lanean hasi ziren espainiar agintariak. Alabaina, 1494ko Tordesillasko Itunaren ondorioz, espainiar ontziek debekaturik zuten Esperantza Oneko lurmuturrean barna nabigatzea. Beraz, Espainiak zaharkitutzat jo zuen debeku hori, eta Esperantza Oneko itsasbidea erabiltzeko eskubidea zuela adierazi zuen. Bestalde, Marina eta Indietako Idazkaritzak espedizio geografiko batzuk antzolatu zituen Afrika inguratzen zuen ibilbidea aztertzeko;[1] horietako lehenbizikoa (Buen Consejo ontzia) 1765eko maiatzean abiatu zen Cádizetik eta, Maurizion geldialdia egin ondoren, abuztuan iritsi zen Manilara.[11] Ontzi horiek Asiako produktuak garraiatzen zituzten Espainiara itzultzerakoan: kotoizko eta zetazko ehunak, espeziak, portzelana, sapan zura...[1]

1785eko Errege Zedula baten bidez, Filipinetako Konpainia eratu zen, eta Asiaren eta Espainiaren arteko merkataritza zuzenaren monopolioa eman zitzaion; beti ere, filipinar salerosleak ez haserrarazteko, Manilan geldialdia egitea ezinbesteko baldintza zuen. Konpainiaren itsasontziak Hornos lurmuturretik (Montevideon eta Callaon geldialdia eginez) edo Esperantza Oneko lurmuturretik (geldialdiak Maurizion, Trankebarren, Kalkutan eta Kantonen) joan zitezkeen Manilara, baina itzulera bigarren itsasbidean barrena egin behar izaten zuten; era horretan, Filipinetatik Ameriketarainoko merkatzaritza guztia Manilako galeoiaren eskuetan jarraitzen zuen.[1]

Filipinetako Konpainia buru belarri borrokatu zen bere kontzesioak handitzeko. 1790ean, Manilako nahitaezko geldialdia ezabatu zen; era horretan, Txinako eta Indiako produktuak zuzenean eraman zitzakeen Espainiara, Filipinetatik igaro gabe. 1793an, behin-behineko baimena lortu zuen Manilako salgaiak Guatemala, Peru, Txile eta Buenos Airesera eramateko, eta 1803an behin-betiko berretsi zitzaion baimen hori. Guztiarekin ere, Manilako galeoiak Manila-Acapulco linea egiten segitu zuen, Mexikoko Independentzia Gerrak zerbitzua eten zuen arte. Azken ontzia 1815ean itsasoratu zen Acapulcotik.[1][10]

Erreferentziak

  1. Martínez Shaw, Carlos. El Galeón de Manila y la economía filipina (1565-1815). Boletín económico de ICE, Información Comercial Española, ISSN 0214-8307, ISSN-e 2340-8804, 3074. zenbakia, 2016, 51-62. orrialdeak (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  2. Roa Zubia, Guillermo. Andres Urdaneta, Itzulerako bidaiaren aita. Elhuyar, 242. zenbakia, 2008ko maiatzak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  3. Ubillos Salaberria, Mikel. Andres de Urdaneta (1508-1568), Su Contribución a los Descubrimientos Geográficos de la Epoca. Lurralde: investigacion y espacio, 10. alea, 1987. 145-164. orrialdeak, ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  4. Garikano, Asun. Kaliforniakoak (1533-1848). Pamiela, 2013.
  5. Ortega, Hektor. Robinson Crusoe eta Begoñako Ama, aurrez aurre. Berton, 175. alea, 2014ko apirila, 10-11. orrialdeak, uriola.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  6. La Follette, Cameron; Deur, Douglas. Views Across the Pacific: The Galleon Trade and Its Traces in Oregon. Oregon Historical Quarterly, 119 (2), 160-191. orrialdeak (Noiz kontsultatua: 2020-12-31).
  7. La Follette, Cameron; Deur, Douglas. Anexo documental: A bordo del Galeón de Manila: la travesía de Gemelli Carreri. Anuario De Estudios Americanos, 69 (1), 277–317. orrialdeak (Noiz kontsultatua: 2020-12-31).
  8. Garikano, Asun. Itsas Esplorazioa: 1533-1685. Basques in California, basquesincalifornia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-2).
  9. Ferragut, Mariano Juan. El galeón de Manila. armada.defensa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-2).
  10. Cervera Jiménez, José Antonio. El Galeón de Manila: mercancías, personas e ideas viajando a través del Pacífico (1565-1815). México y la cuenca del pacífico, 26. zenbakia, 2020ko maiatza-abuztua (Noiz kontsultatua: 2021-1-8).
  11. Navío Buen Consejo. todoababor.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-9).

Oharrak

  1. Asun Garikanok azaltzen duenez, Antonio Vizcainok, Sebastian Vizcainoren aitak, ez zuen eskutitz hau jaso, ontzi ingeles batek atzeman baitzuen. XVI. mendearen amaieran, Richard Hakluytek eman zuen argitara The Principal Navigations, Voyages, Traffiques and Discoveries of the English Nation liburuan.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.