Manierismo
Manierismoa Goi Pizkundearen amaieratik Barrokoaren hasteraino Europa gehienean hedatu zen estilo artistikoa izan zen. Italian izan zuen hasiera eta han 1520 eta 1600 artean iraun zuen[1]. Manierismoan forma eta adierazpidea azpimarratzen dira ideiaren edo adierazi nahi denaren gainetik.
Barrokoko artistentzat gainbehera etorritako arte molde bat zen manierismoa, batere orijinaltasunik gabea. Iritzi hori zabaldu zen eta hori izan da mendeetan nagusi, harik eta kritika modernoak arte estilo horretako obrei duten balioa aitortu dien. Obra ezezagunak dira asko, eta arbuiatuak ere bai, batzuk.
Manierismoaren jatorria eta definizioa
Manierismoaren jatorri etimologikoa XVI. mendeko idazleren batzuk, Giorgio Vasari kasu, -ren modura (a la maniera) margotzen zuten artistei ematen zieten definiziotik dator, hau da, Michelangelo, Leonardo da Vinci edo Rafaelen estiloa jarraituz, baina, hasieran behintzat, izaera artistiko argi bat mantenduz. Vasarik bi modutara erabiltzen zuen maniera hitza, inoiz ez era gaitzesgarrian. Batetik, bere garaiko artearen estiloari burla hitz egiteko, adibidez, manera modernoa erabiliko zuen, Bestetik, obra baten ezaugarri bereziez ari zelarik, hala nola harmoniaz, neurriez, fantasiaz edo dotoretasunaz, bella maniera erabiliko zuen. Manierismoak artista bakoitzaren maniera pertsonal edo partikularra goresten du. Artelan manieristak guztiz kapritxosoak dira, arrazoirik gabe eginikoak. Manierismoa paradoxikoa, probokatzailea, anekdotikoa, anbiguoa, birtuosistikoa da [2].
Izenaren esanahi gutxiesgarria aurrerago erabiltzen hasi zen, maniera hori maisu handien teknika imitatibo hotz bat bezala ulertua izan zenean. Italiako Pizkunde beteko artista handien eta batez ere Michelangeloren perfektotasun idealaren ondoren, XV. mendearen bukaeran, jadanik XVI. mendeko artisten gainbehera etorri zelako ideia zabaldu zen. Ideia hori gero Giovanni Pietro Bellorik bereganatu zuen 1672an, Pizkundeko pintore handienen obrak (Rafael, Michelangelo) haien erara, baina orijinaltasunik gabe, antzeratzen zituztenak izendatzeko. Hala bada, manierista hitza XVII. mendearen erdialdean hasi zen erabiltzen gaitzespen zentzuarekin artista imitatzaile eta zaharkitu horiek izendatzeko.
Azkenik, 1792an, Luigi Lanzik manierismo hitza asmatu zuen. Azterketa zorrotz bat ere egin zuen, eta higikunde horretako artistek batere orijinaltasunik ez zutela ondorioztatu zuen, haien estiloa Pizkundeko maisu handiek ezarritako formulen antzeratze eta errepikatze hutsean oinarritzen zelakoan. Halaber, manierismoaren muga kronologikoak finkatu zituen, Karlos V.ak Erroma harrapakatu zuen urtearen (1527) eta Carracciren etorreraren artean.
XIX. mende osoan garrantzi historikorik gabeko estilotzat hartu zen manierismoa. Garai hartako artistei buruzko lehenengo azterketak ez ziren XX. mendearen hasiera arte egin. Walter Friedländerrek ideal klasikoarekin haustearen eta Pizkundearen estetikaren kontrako matxinada baten adierazpide gisa interpretatzen zituen lehen manierismoaren ezaugarriak (irrealismo espaziala, irudien proportzioen luzapena, zutitasuna). Beraz, estilo antiklasikoa izan zen. Rosso Fiorentino, Pontormo eta Parmigianino izan ziren lehenengo artistak, baina Friedlanderrek Michelangeloren azkeneko obrak (Kapera Sixtinoa) hartu zituen estilo horretako jatorri eta oinarritzat. Haren ustez, lehen manierismo horri antzeratze aldi bat jarraitu zitzaion eta, XVI. mendearen bukaeran, beste erreakzio bat, manierismoaren aurkakoa itxuraz, baina Pizkunde garbiaren antzekoa, egia esateko. Beste ikertzaile batzuek hiru aldi bereizten dituzte manierismoaren barnean, horietako bat joera klasikokoa.
Aditu ezberdinek manierismo kontzeptuaren gaineko teoria eta definizio ezberdinak proposatu dute. Hala ere, kontzeptuaren definizio berak ekartzen dituen arazoak kontuan izanik, Arnold Hauser-en teorien araberako definizioa plazaratuko dugu. Manierismoa errenazimenduaren aurkako estilo artistikotzat jo dute aditu askok. Hauser-en ustetan, definizio horrek ez zuen manierismoaren izaera independiente eta positiboa kontuan hartzen. Walter Friedländer bezalako ikertzaileek estilo “anti-klasikotzat” jo izan dute, manierismoak ere klasizismoaren lorratzetatik edan zuela kontuan izan gabe. Teoria hauen arabera, Pizkundearen balore arrazional eta paradigmatikoen aurkako erreakzio bat litzateke manierismoa; tendentzia anormatiboa, irrazionala eta anaturalista moduan ulertua. Hauser-en arabera, aurkako tendentziak baino, manierismoa bien arteko tentsioen emaitza moduan ulertzea egokiagoa litzateke: klasizismoa eta antiklasizismoa, arrazionalismoa eta irrazionalismoa, sentsualtasuna eta izpiritualtasuna, tradizioa eta berritasuna, konbentzionalismoak eta iraultza. Hots, manierismoak sui generis azalpen bat merezi du [2].
Manierismoa kokatuz: testuinguru historiko-artistikoa
Manierismoaren garaia krisi garaia izan zen, aldaketa garaia. Erlijioaren testuinguruan, Martin Luther-en Erreforma Protestantea burutu zen. Humanismoak bultzaturik, kristautasunaren sorrerako baloreetara bueltatze bat proposatzen zuten, ildo katolikoak erakusten zituen gabeziak salatuz; haien artean, Aita Santuaren korrupzioa. Horrez gain, 1527. urtean Sacco di Roma edo Erromako Arpilatzea gauzatu zen Karlos V.aren eskutik. Zientziari dagokionez, Nikolas Kopernikok teoria heliozentrista proposatu zuen 1543. urtean, erlijio kristauarentzat kolpe zuzena izan zena [2].
Manierismoa eta Kontraerreforma
Trentoko kontzilioan sortu ziren arau berriak indarrean jartzearekin batera, aro berri bat hasi zen Elizaren eta artearen arteko harremanetan. Elizarentzat egiten ziren artelan guztiak teologoen kontrolpean zeuden. Artistak gai biblikoen interpretazio kanonikoari lotu behar zitzaizkion nahi eta nahi ez, kanonetik desbideratzeak Inkisizioaren ikerketa ekar baitzezakeen. Erlijio gaietan debekatu egin ziren biluziak eta, ordura arte beti biluzik irudikatu ziren irudiak ere (Adam eta Eva, adibidez), garbitasun ohialez estali ziren. Hala, 1559an, Paulo IV.ak Daniele da Volterrari Michelangelok Azken Judizioan askatasun osoz margotu zituen biluziak estaltzeko agindu zion.
Alabaina, Kontraerreformak ez zuen artearen aurka egin nahi, artea heresiaren aurkako armatzat erabili baizik, eta, hortaz, kontrolpean eduki zuen. Kontraerreformaren lehenengo aldiarekin batera gertatu zen arren, ez zen manierismoa Kontraerreformako ideiak zabaltzeko estilo egokiena, elite intelektualei begira egindako artea baitzen, eta Elizak beste moduko arte bat behar zuen, erlijio gaien ikuspegi herrikoiarekin adosago egongo zena: barrokoa.
Kontraerreforma zabaltzean, Goi Pizkundeko artean izandako askatasuna galdu zuten manieristek. Askatasun irrikaren eta munduari buruzko irudi berri baten ezarpenaren artean banatuta aurkitzen ziren. Kontraesan horrek eragin handia izan zuen maisu manieristen nortasunean. Garai hartako artista askok bizimodu bitxia zeramaten, bakartuak bizi ziren, eta psikopatiak jotakorik ere bazen: Parmigianinok tristura handi batek hartua bizi izan zen bere bizitzaren azkeneko urteetan, bere burua batere zaindu gabe; Pontormok depresio handiak izaten zituen; Rossok bere buruaz beste egin zuen; Tasso erotuta hil zen; eta Tintoretto bakarrik eta zapuzturik bizi izan zen azkeneko urteetan.
Bildumazaletasuna XVI. mendean
XVI. mendearen erdialdera Europako monarkak haien boterea eta intelektualtasunaren eredu ziren bilduma zabalak osatuz joan ziren. Bilduma hauek artearekiko zuten gustu onaren erakusle izateaz gain, garaiko munduarekiko zuten ezagutza guztia barnebiltzen zuten. Izan ere, XVI. mendearen amaierarako sekulako bilduma eklektikoak bihurtu ziren, garaiko ezagutza guztiaren erreflexu bihurtuz. Testuinguru honetan Germaniako Erromatar Inperio Santuan Wunderkammern edo liluren kabinete famatuen garapena kokatu behar dugu; hots, benetako bilduma eklektikoen sorrera.
Pragako Rodolfo II. fenomeno hau hobekien laburtzen duen enperadorea izan arren, aurreko habsburgotarrek jada bildumazaletasun inperial honen oinarria finkatu zuten. Karlos V.aren ondorengo izan zen Fernando I.ak (1558-1564) jada artea erabili zuen bere boterea adierazteko; besteak beste, Leone Leoni artista italiarra eta manieristaren arte aulikoaren eraginpean. Gerora, Granvela kardinalak Leone Leoni eta Tiziano bezalako artisten obrak eskuratu zituen; hiltzean, Rodolfo II.ak bere bildumara gehitu zituenak. Fernando I.aren ondorengoa, Maximiliano II.ak (1564-1576) bide beretik jarraitu zuen. Honek zientzia naturalekiko interesa piztu zuen gorte germaniarrean, gerora Rodolfo II.ak garatuko zuena. Horrez gain, artearen gaineko irakurketa ludiko eta esoteriko baten alde egin zuen. Jada Arcimboldok Maximiliano II.arentzat lan egin zuen, enperadorearen gortearentzat jai-tresnak diseinatuz. Rodolfo II.arekin (1576-1612) gorte germaniarra Europako zentro intelektual nagusienetarikoa bilakatu zen, korronte manieristen erakusle. Izan ere, adituen arabera Artea eta Zientzia batera adierazten diren azken adibide gutxietariko bat dugu gorte rodolfotarra. XVI. menderako jada ezberdinak diren bi disziplina kontsideratuko ziren, artea gizakion alde psikologiko-emozionalarekin lotuz (gerora arte barrokoaren oinarri bihurtuko zena). Inperioaren hiriburua Viena izatetik Praga izatera igaro zen. Europa banatzen zuen erlijio-gatazketatik urrun, Rodolfo II.aren gorte katolikoa garaiko zentro intelektual garrantzitsuenetarikoa bilakatu zen. Bilduma honen bidez, artearekiko eta natur-zientziekiko zuen zaletasuna asetzeaz gain, Habsburgoko Etxearen handitasuna goraipatzen zuen. Garaiko zein aurreko garaietako artisten obrak (Brueghel, Tiziano, Leone Leoni, Arcimboldo, …), harri-bitxiak, zeramika piezak, tresna zientifikoak, erlojuak, … eta antzeko objektuak biltzen zituen bere gortean. Horrez gain, garaiko intelektual ugarik bere gortean babesa eta egoitza aurkitzen zuten: astrologoak, alkimistak, filosofoak, zientifikoak edo astronomoak, besteak beste [2].
Arte manieristaren ezaugarri orokorrak
Arte manierista oso zabala da, eta, ikusi dugun bezala, arte joera asko, ia mende oso batean zehar gertatuak, hartzen ditu bere baitan. Hala ere, badira joera guztietan agertzen diren ezaugarri orokor batzuk. Manierismoa arazo artistiko nahaspilatsuak konpontzeaz arduratzen zen, postura zailetan erretratatutako biluziak kasu. Irudiek, sarri, gorputz-adar barregarriak baina bitxiki luzeak dituzte, buru txikiak eta aurpegi jarrera estilizatua, beren posturak zailak edo artifizialak diruditen bitartean. Arte diziplina guztietarik, pinturan izan zuen zabalkunderik handiena, eta ezaugarri hauek ditu:
- Irudiak elkarren ondoan eta planoak elkarren gainean jartzea bezalako konbentzio espazialak hartzera behartzen duen dekorazio mota baten nagusitasuna.
- Talde harmoniarik eza, ez konposizioan ez koloreetan.
- Irudien luzapena.
- Konposizio angelutsuak.
- Marrazkiaren, kolorearen eta formaren abstrakzioa, edota, inoiz, hirurak batera.
- Irudiaren helize-forma berezia (serpentinatta), ikuspegi desberdinetatik eta kontrako erritmoz azalarazten duena.
- Xehetasunen edertasuna eta perfekzioa, manierismoaren zehaztasunerako eta miniaturarako zaletasunaren seinale. Azkeneko ezaugarri hau, orobat islatzen da urregintzan eta metalgintzan, manierismoaren berezitasun nagusietakoa baita.
Pintura manierista ere parametro hauetara egokitu zen garaiko produkzioa izugarria izanik. Margogintza askeago batek artisten irudimena piztu zuen, nolabaiteko esperimentazio garai bati hasiera emanez. Artista hauek giro gortesau-intelektualean mugitu ziren, Arcimboldo horien artean aipagarri izanik [2].
Koloreek ez dute natura gogorarazten, baizik eta bitxiak, hotzak, artifizialak eta beren artean bortizki kontrajarriak izaten baitira, gamatan oinarritu beharrean. Michelangelok berak, edo Rafael akademikoak, beren azken lanetan transgresioaren plazera nabaritu zuten, irudiak lausotuz edo margolanak amaitu gabe utziz. Tizianok, Il Correggiok edo Giorgionek beren lanetako batzuk oraindik deszifratuak izan ez diren sinbolismo konplexuz bete zituzten, azken honen Ekaitza izeneko lanean nabari daitekeen bezala.
Eskulturan, pinturan bezala, Michelangeloren azkeneko obrek (Pieta Rondanini) eman zuten figura serpentinattaren eredu perfektua, Pizkundeko naturalismoaren aurkakoa erabat.
Arkitekturan kontuan hartu behar dira errealitate praktikoak, estiloen bila hasi aurretik. Nolanahi ere, arkitektura manieristaren oinarrizko ezaugarriak Michelangeloren obretan aurkitzen dira eta bi hauek dira: erlijio arkitekturaren laikotzea, batetik, eta erromatarren arkitekturatik hartutako motibo klasikoen erabilera antiklasikoa, bestetik. Arkitektura manieristak, dotoretasun handiko zibilizazio baten oinordekoa bera, eskailerak, landetxeak-eta landu zituen, gehienbat. Landetxeen kanpoaldean, arkitekto manieristek lorategi oparoak diseinatu zituzten, iturri, estatua, harkaizpe artifizial eta guzti.
Manierismoaren aldiak
Manierismoaren lehenengo aldia Florentzian gauzatu zen 1520-1530 urteetan. Goi Pizkundeko klasizismoaren aurkako erreakzioa izan zen, orduko edertasunaren idealaren balioa zalantzan jartzen zuena. Pontormo eta Rosso Fiorentinoren gidaritzapean garatu zen. Dureroren estetika moldea beretu zuten, non espazioak galdua zuen Italiako Berpizkundeko pinturan izandako lehentasuna.
XVI. mendearen erdialdera manierismoak beste bultzada handi bat izan zuen eta goren unera iritsi zen, halako eran, ezen Pizkundeko pintore batzuk ere -Tiziano, esate baterako-, estilo berrira egokitu ziren. Manierismoaren goren une horretako artista nagusiak Bronzino eta Vasari izan ziren. Bigarren manierismo hori ez zen jada klasikotasunaren kontrako erreakzioa. Neurri batean bereganatuak zituen klasizismoa eta akademizismoa, eta Michelangeloren artearen oinordekotzat zeukan bere burua. Aurreko aldikoa baino askoz moderatuagoa da hau, beraz, eta Europako gorte guztietara zabaldu zen Tizianoren erretratuen bidez.
Manierismoaren azkenaldiko pintore nagusiak Tintoretto eta Grekoa dira. Pintore horien estilo manieristak ez du zerikusirik nazioarteko manierismoarekin, Tintorettok ez baitzuen lanik egin atzerriko gorteetan Tizianok bezala, eta Veneziako erlijio kofradiak ziren baren bezero nagusiak. Haren pintura lanak irudimen handikoak dira eta, Pizkundeko naturalismoaren oinordeko badira ere, irrealtasun eta espiritualtasun sentipena sortzen dute, gizatiarraren eta sakratuaren arteko sintesi betegin gisa.
Grekoa izan zen manierismoaren azken artista handia. Toledon egin zuen lanik gehiena, baina Veneziako eskola manieristakoa da ikasketaz eta estiloz. Arrakastarik ez izateak argi erakusten du agortua zegoela ordurako manierismoak proposatzen zuen gizatiarraren eta sakratuaren arteko sintesi hura. Iritsia zen barrokoaren erlijio artearen ordua, Trentoko Kontraerreformak proposatutako moldeen araberakoa, eta gai erlijiosoei buruzko ikuspegi herrikoi batetik askoz hurbilagoa.
Artista manieristak
Estilo hau praktikatu zuten artisten artean Parmigianino, Beccafumi, Benvenuto Cellini, Giambologna, Giulio Romano, Rosso Fiorentino, Bronzino, Tintoretto, Arcimboldo, Hans von Aachen, Bartholomeus Spranger, Hendrick Goltzius, Giorgio Vasari, Veronés, Grekoa eta Federico Zuccaro daude.
Lan manieristak
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/11/13 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Ross FINOCCHIO: Mannerism: Bronzino (1503–1572) and his Contemporaries Heilbrunn Timeline of Art History. New York: The Metropolitan Museum of Art, 2000.
- (Gaztelaniaz) Suarez Quevedo, Diego. (1989). Renacimiento y Manierismo en Europa. Grupo 16.