Manex Erdozaintzi-Etxart
Manex Erdozaintzi-Etxart (Ibarrola, Nafarroa Beherea, 1934ko uztailaren 15a - Tolosa, Okzitania, 1984ko apirilaren 29a) frantziskotar fraidea, euskaltzalea eta euskal idazlea izan zen. Idazle gisa, artikulu eta olerki ugari idatzi zituen, eta eleberri bat ere bai.
Manex Erdozaintzi-Etxart | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jean Erdozaincy-Etchart |
Jaiotza | Ibarrola, 1934ko uztailaren 15a |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Heriotza | Tolosa Okzitania, 1984ko apirilaren 29a (49 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Bizitza
Filosofia eta teologiako ikasketak egin zituen. Akitaniako frantziskotarren nagusi izendatu zuten (1978), eta Tolosako (Okzitania) fraidegaien komentuko nagusi izan zen. Gaztetatik, kristautasunarekiko eta Euskal Herriarekiko konpromisoa uztarturik, lan handia egin zuen euskal Elizaren eta euskal kulturaren eta gizartearen alde. Nabarmena izan da Erdozaintziren ekarpena eta eragina bereziki Iparraldean garatu diren erlijio, gizarte, kultur nahiz politika mailako hainbat proiektutan, betiere helburu berarekin: euskal Eliza berriaren eta euskal kulturaren zabaltzea eta sustatzea. Batzuetan sortzaile gisa, bestetan laguntzaile edo animatzaile, honako proiektu eta talde hauetan egin zuen lan: Anaitasuna fraide euskaldunen anaidia (1972), Fededunak kristau taldea (1972), Argi Bil elkartea (1974), Herria eta Eliza kristau mugimendua (1975), Donapaleu eta Donibane Garaziko Gau-eskolak (1976), Herriarekin apaiz taldea (1977), Herriz Herri Donapaleuko astekaria(1980), Bertsolarien Lagunak (1980), Seaska eta Ikas.
Idazle gisa, artikulu eta olerki ugari idatzi zituen, eta bi liburu argitaratu zituen: Hinki-hanka (Elkar, 1978) olerki bilduma, eta Gauaren atzekaldean (Elkar, 1982) eleberria; beste bi haren heriotzaren ondoren argitaratu ziren: Herri honen erraietan (Maiatz, 1985) eta Bizitza pilpirak, Nafarroari poema irekia, Herri honen erraietan (Maiatz,1994), olerki liburuak horiek ere.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1983an.
Obra
Oso gaztetatik ekin zion idazteari Erdozaintzik, eta garaiko aldizkari ugaritan argitaratu zituen bere artikuluak eta gogoetak: Herria, Gure Herria, Elgar, Basque Éclair, Jakin, Anaitasuna, Fedegintza, Herriz-Herri. Artikuluak ez ezik, hainbat olerki ere kaleratu zituen euskal agerkari nagusietan: Euzko Gogoa, Egan, Gazte, Zabal, Elgar, Ager, Herria, Olerki, Maiatz eta Herriz Herri. Argitalpen horiek lagungarri izan zituen idazgintzan trebatzen, bere ideiak zabaltzen, ezagutzera ematen eta euskal letretan toki bat egiten Ipar nahiz Hegoaldeko idazleen artean. Olerki-liburu bat, Hinki-hanka, eta eleberri bat, Gauaren atzekaldean, argitaratu zituen. Beste bi haren heriotzaren ondoren argitaratu ziren, aspalditik idatziak zituen izkribuak berreskuratuz: Herri honen erraietan (Maiatz, 1985) eta Bizitza pilpirak, Nafarroari poema irekia, Herri honen erraietan (Maiatz, 1994).
Baina Manexen literatur produkzioa ez da horretan amaitzen. Liburu eta aldizkarietan argitaraturik dauden idatziez gain, olerki eta testu multzo handi bat dago, autoreak urteetan zehar gorde eta inoiz kaleratu ez zituenak; batzuek argitaratzeko prest diruditen bertsio landuak dira, beste asko amaigabeak, zirriborroak.
Eleberria
- Gauaren atzekaldean (Elkar, 1982)
Poesia
- Hinki-hanka (Elkar, 1978)
- Herri honen erraietan (Maiatz, 1985)
- Bizitza pilpirak, Nafarroari poema irekia, Herri honen erraietan (Maiatz, 1994)
Errekonozimenduak
- MEE kolegioak, Larzabalen dagoen ikastola, 1999an Manex Erdozaintziren izena hartu zuen, erekonozimendu gisa.
Edozaintziri buruz
- Manex gogoan. Donapaleuko hitzaldi eta lekukotasunak (Maiatz, 1995)
- Manex nire oroipenean (Joxe Azurmendi 1995, Jakin, 86: 11-18.)
- Manex Erdozaintzi-Etxart 1934-1984 (Itxaro Borda, Bidegileak, 1995)
- Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitza eta pentsamendua (Xabier Lasa, EFA. Frantziskotar Argitaletxea, 2000)
- Manex Erdozaintzi-Etxart. Herriaren poeta (Agurtzane Ortiz Lopetegi, Elkar, 2010)
Bibliografia
- Sudupe, P. 2011: 50eko hamarkadako euskal literatura I. Hizkuntza eta ideologia eztabaidak, Donostia, Utriusque Vasconiae. ISBN 978-84-938329-4-0
Kanpo estekak
- Manex Erdozaintzi-Etxarten webgunea
- Manex Erdozaintzi-Etxart literaturaren zubitegian
- Manex Erdozaintzi-Etxarten artikuluak autorearen webgunean