Édouard Manet
Édouard Manet (Paris, 1832ko urtarrilaren 23a - Paris, 1883ko apirilaren 30a) frantziar margolari eta grabatzailea izan zen, errealismotik inpresionismorako trantsizioko eragile nagusienetako bat.
Édouard Manet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | former 10th arrondissement of Paris (en) , 1832ko urtarrilaren 23a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Parisko 8. barrutia |
Heriotza | Parisko 8. barrutia eta Paris, 1883ko apirilaren 30a (51 urte) |
Hobiratze lekua | Passy hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Familia | |
Aita | Auguste Manet |
Ama | Eugénie-Désirée Fournier |
Ezkontidea(k) | Suzanne Manet (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Collège-lycée Jacques-Decour (en) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Thomas Couture Auguste Boulard (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, ilustratzailea, litografoa, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta marrazkilaria |
Lantokia(k) | Paris Rio de Janeiro Florentzia Venezia Amsterdam Haarlem eta Zaltbommel |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Thomas Couture |
Mugimendua | inpresionismoa |
Genero artistikoa | erretratua genero-margolana izadi hila paisaia margolaritza margolaritza erlijiosoa |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Frantzia-Prusia Gerra |
Bide berriak zabaldu zizkion margolaritzari: alde batetik, bere garaiko gertaera eta usadioetatik hartzen zituen gaiak eta, bestetik, eta hauxe da garrantzitsuena, margolaritzaren definizioa aldatu zuen, zeren oihalean marraztutako arrastoen antolamendua bera nabarmentzen baitzuen irudikatutakoaren gainetik. Maneten obra ezagunenetako batek, Bazkaria belar gainean (Le déjeuner sur l'herbe, 1863) obrak, aldi berean sortu zuen kritikoen haserrea eta gazte talde baten miresmena. Gazte haiexek sortu zuten gero inpresionisten zirkulua. Maneten beste lan garrantzitsuenak Olympia (1863) eta Folies Bergèreko taberna (Un bar aux Folies Bergère, 1882) dira.
Biografia
Lehen urteak eta lehen lanak
Manet Parisen jaio zen. Familia goi mailako burgesiakoa zuen, kultura handikoa, baina kontserbadorea. Ikasle txarra izan zen, eta marrazketan bakarrik nabarmendu zen. Aitak semea legelari izatea nahi zuen, eta hartarako konbentzitu ezin izan zuen arren, ez zion utzi nahi margolari izaten. Hala, Manetek itsas eskolan sartzea erabaki zuen.
Sarrera azterketa ez zuen gainditu. Hala ere, 1848an itsasoratu egin zen, pilotu ikasle gisa, merkatari ontzi batean. Bigarren aldiz huts egin zuen itsasoko eskolako azterketa eta, azkenean, gurasoek onartu behar izan zuten semearen nahia. 1850. urtean Thomas Couture margolari klasikoaren estudioan sartu zen. Maisuak bere ikaslearen asmo berrizaleak ulertzen ez zituen arren, harexekin ikasi zuen Manetek marrazten, eta harekin beretu zituen margolaritzaren teknikak. Hala ere, irakatsiak ez baitzituen gustuko, sarritan joaten zen Louvrera, eta han Tiziano eta Velazquezen lanak kopiatu ohi zituen. Kopia haietan, baita geroago egingo zituen Rubensenetan ere, egiturak definitzen saiatzen zen, alferreko ñabardurak alde bat utzirik.
Garai hartan etxe berri batera aldatu zen Maneten familia, eta han emakume holandar bat, Suzanne Leenhoff, hasi zitzaion Manet gazteari pianoa irakasten. Badirudi maitasun harremanak izan zirela irakaslearen eta ikaslearen artean. Izan ere, geroxeago emakumeak haur bat izan zuen, eta haren aitatasuna, nahiz eta berak inoiz berretsi ez, Maneti egotzi izan zaio beti.
1856an bidaia laburrak egin zituen Holanda, Alemania eta Italiara, eta hango maisu handien lanen kopiak egin zituen. Urte horretan, Couturerekin sei urte eman ondoren, estudio bat antolatu zuen. Han margotu zuen L'Enfant aux Cerises (1858 aldean, Gulbenkian Collection, Paris). Modelo izan zuen haurrak bere burua hil zuen, urkaturik, Maneten estudioan. Manet, hura ezin eramanik, beste estudio batera mugitu zen, eta han margotu zuen Absenta edalea (Le Buveur d'absinthe, 1859, Ny Carlsberg Glyptotek, Kopenhage).
Beste estudio batera aldaturik, Charles Baudelaire poeta ezagutu zuen, eta hark proposatuta margotu zuen Musika Tuilerietan (La Musique aux Tuileries 1862, National Gallery, Londres), aire zabalean egindako lana. Gizatalde dotore eta fribolo honetan Bigarren Inperioko Paris osoa ageri dela dirudi. Garai honetako lana, oro har, Baudelaireren ikusmoldearen baitako da, poetak ikuskera jartzen baitzuen ororen gainetik, eta ikuskera zen harentzat kontzepturik modernoena. Musika Tullerietan da aditu askorentzat, Bazkaria belar gainean eta Olympia baino areago, margolaritza modernoko lehen margolana, aldi berean agertzen baitira bertan, konposizio hierarkia baten ordez, sentsazio desberdinak, eta sentsazio horiek adierazteko behar diren deformazioak.
Heldutasuneko lanak
1862tik 1865era arte Martinet Galeriak antolaturiko erakusketetan parte hartu zuen. 1863an Frantziako Errege Akademiako Erakusketak Maneten Bazkaria belar gainean (Le déjeuner sur l'herbe, 1863, Louvre, Paris) teknika guztiz iraultzailea baliatzen zuen lana, atzera bota zuen. Manetek Ukatuen Erakusketara ("Salon des Refusés") eraman zuen, Erakusketa ofizialak onartzen ez zituen koadro ugariak erakusteko antolatzen baitzen hura. Giorgione eta Rafael maisu zaharren lanetan inspiratua zegoen arren, oihal handi honek (2,14m x 2,7m) oso harrera txarra izan zuen, eta hantxe hasi zen Maneten xelebre ospea, luzaroan pairatu beharko zuena. Kritiko burgesak mindu egin ziren, emakume bat osorik biluzik ageri zelako jantzitako gizonen artean.
1863an, bere adiskideen harridurarako, Manet Suzanne Leenhoffekin ezkondu zen Herbehereetan. Etxez aldatu zen, zaldi lasterketetara joaten hasi zen, eta bere adiskide Edgar Degas bezala, zaldi lasterketak hasi zen margotzen. Horren inguruan egin zituen margolan ugarien artean, Longchampeko zaldi lasterketak (Les Courses à Longchamp, 1864, Art Institute of Chicago) da nagusia.
1865eko Erakusketan, bi urte lehenago margotu zuen Olympia lanak -emakume biluzi bat etzanda, lasai-lasai ikusleari begira-, izugarrizko eskandalua sortu zuen. Guztiz mindurik, Espainiara abiatu zen, baina, jatekoa ez zuela gustuko eta hizkuntza ez baitzuen menderatzen, ez zuen denbora askorik igaro bertan. Madrilen alabaina Theodore Duret ezagutu zuen, gerora Maneten lanaren ezagutzaile hoberenetako bat eta aldezle sutsua izan zena. Hurrengo urtean, Erakusketak atzera bota zion Xirularia (Le Joueur de fifre, 1866, Orsay museoa, Paris), modelatua laua zela argudiatuz, eta bere estudioan erakutsi zuen, heste obrekin batera.
1867ko Erakusketa Unibertsalean margolan asko atzera bota ziotelarik, Manetek, Gustave Courbet imitatuz, ideia bera izan baitzuen hark, postu bat ipini zuen Erakusketatik gertu. Han, maiatzean, bere lan sail bat erakutsi zuen, zezenketariak eta zezenketak besteren artean. Guztira berrogeita hamar bat koadro aurkeztu zituen, baina ez zuten aurrekoek baino askoz harrera hobea izan. Urte haietan era askotako lanak egin zituen. Oro har, badirudi nabarmenagoa dela lan horietan tonuen erlazioei eta argiari eta giroari buruzko kezka. Zenbait kasutan, Musika Tuilerietan laneko pintzelkada askea ageri dute.
1867an, Maneten lanaren naturalismoarekin liluraturik, Emile Zola eleberrigile gazteak haren lanaren alde egin zuen artikulu luze eta ausart batean, Revue du XIXe siecle aldizkarian. Maneten arerioei kontra eginez -garai hartako kritiko gehienei-, hasieran iritzi publikoa mintzen duten artista inportante guztien ordezkari bezala ikusten zuen Zolak Manet. Zolak argitaraturiko artikuluaren ondoren, eta orobat bere alde agertu zirelarik Theodore Duret eta Louis-Edmond Duranty arte kritikoa, 1870eko Erakusketan, Henri Fantin-Latourren omenaldia jaso zuen, margolan baten bidez Batignollesko estudioa (Un atelier aux Batignolles, 1870, Louvre, Paris). Maneten aldeko manifestu moduko bat zen, hain zuzen ere, margolan hura.
Frantzia-Prusia Gerraren garaian (1870-1871), familia Oloroera bidalirik, ordezkari militar gisa joan zen Manet gerrara. Oso larri ibili ondoren, Komuna baino lehenxeago itzuli zen Parisa, eta laster hasi zen herriz lanean. 1872an Holandara joan zen, eta zirrara sakona eragin zion han Frans Halsen lanak. Bidaia haren ondoren margotu zuen Le Bon Bock (1873, Museum of Art, Philadelphia), 1873ko Erakusketan aski harrera ona izan zuena, baina Maneten adiskideei amore emate lotsagarria iruditu zitzaiena.
Azken urteak eta azken lanak
1874ko urtea garrantzitsua izan zen Maneten eta Claude Monet margolari inpresionista gaztearen arteko harremanetan, eta elkarrekin aritzen ziren margotzen Sena ibaiaren ertzean. Txalupako paseoa (En bateau, 1874, Metropolitan Museum of Art, New York), da seguraski Maneten aire zabaleko margolanik argitsuena: bi irudi ageri dira eguzkipean txalupa batean eseririk. Garai berean margotu zuen Claude Monet margotzen bere txalupan (Claude Monet peignant dans son atelier, 1874, Neue Pinakoteke, Munich). Lan horretan, Monet txalupa zahar batean ageri da, bere emaztea margotzen.
Alabaina, Manet Monetekin eta beste inpresionistekin ondo moldatzen zen arren, ez zuen haien erakusketa independenteetan parte hartu nahi, eta bere margolanak Erakusketa ofizialera bidaltzen jarraitzen zuen. Harrezkero, Monetek hartu zuen inpresionisten buruzagitza. 1875ean Parisko Erakusketak Artista (Porträt des Gilbert-Marcellin Desboutin) eta Arropa garbitzailea atzera bota zituenean, Manetek, beste margolan batzuekin batera, bere estudioan jarri zituen ikusgai. Etxeko erakusketa hark halako iskanbila sortu zuen, ikusleak gora eta berehera zebiltzala, ezen etxeko nagusiak ez baitzion alokairua berriztatu. Urte haietan, Stéphane Mallarmé poetaren adiskide handia izan zen Manet. Haren poementzako ilustrazioak egin zituen. Orobat egin zuen Mallarmeren erretratua (1876, Orsay museoa, Paris), bere maisulanetako bat.
1881ean Manetek bakarkako erakusketa bat egin zuen La Vie Moderne aldizkariko bulegoetan, baina zangoak gaizkitu zitzaizkion eta Bellevuera joan behar izan zuen hidroterapia egitera. Han opera abeslari bat ezagutu zuen, Emilie Ambre, eta hark berekin eraman zuen Maneten obra bat, Maximiliano enperadorearen exekuzioa Mexikon (L'Exécution de Maximilien) Estatu Batuetara. Urte horretan, ordurako oso gaixorik, frantses arteari buruzko erakusketa batean parte hartu zuen Londresen. Parisko Erakusketan, berriz, ondoko urtean, Folies Bergèreko taberna (Un bar aux Folies Bergère, 1882, Courtauld Institute Galleries, London) jarri zuen ikusgai, bere azken konposizio handia. 1883an ezkerreko zangoa moztu behar izan zioten, eta handik gutxira hil zen.
1884ko urtarrilean hil ondoko erakusketa bat antolatu zen Parisko Arte Ederretako Eskolan. Emile Zolak, bere adiskideari leial, idatzi zuen katalogoaren hitzaurrea. Erakusketa haren ondoren hasi zen Maneten obra aintzat hartzen.
Irudi galeria
- Kafetegian, 1878
Ikus, gainera
- Frantziako margolarien zerrenda
- Paristar ezagunen zerrenda
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/05/03 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Édouard Manet |
- (Ingelesez) Édouard Manet: The complete works Manetedouard.org