Mami

Mamia[1] edo gatzatua[2] gatzatutako esnez egindako azkenburua da, Euskal Herrian ardi esnearekin egin ohi dena. Eskualde batzuetan gaztanbera[3] ere esaten zaio, baina ez da nahastu behar orokorragoa den gaztanberarekin.

Artikulu hau esnearekin egindako elikagaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mami (argipena)».
Mami
Osagaiakardi esnea
Historia
JatorriaNafarroa Garaia eta Euskal Herria

Prestakuntza

Legarra edo gatzagia ateratzen, gatzatua egiteko.

Esnea gatzatzeko, esnea epeltzen da, eta edoskitzen dabilen animalia baten sabeletik hartutako hartzigarri laktikoa edo kardu mota bat eransten zaio. Horrek esnearen gazta-aldea gazuretik banatzen du. Behin prestatuta, mamia hutsik edota gozagarriren bat gehituta (eztia, azukrea...) jan ohi da.

Euskal Herrian, ardi esnea zurezko kaiku bat jarrita, sutan berotutako harria sartzen zitzaion, berotzeko. Horrela, mamiak erre usaina (kiskal urrina) eta erre zaporea hartzen zuen. Gaur egun, ardi esnea 200 cm3 inguruko buztinezko potoetan gatzatu eta zerbitzatzea da ohikoena.

Mamiaren sasoia

Euskal Herrian mamia egiteko ardi esnea erabili ohi da. Beraz, esne hori dagoen garaian egiten zen, ardiek arkumeak izaten dituztenean, neguan eta udaberrian. Urte sasoi horretan ardiak ukuiluan edo beheko larreetan izaten ziren (udan eta udazkenean, berriz, mendi gainetako larreetan).[4] Gaur egun, hozteko tekniken garapenari esker urte osoan eros daiteke ardi-esnea, eta gatzagi edo legar kimikoa ere bai.

Erreferentziak

  1. «Mami». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
  2. «Gatzatu». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
  3. «Gaztanbera». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
  4. Leizaola, Fermin. (2000-12-22). «Artzaintza Euskal Herrian» Euskonews & Media 104 (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.