Maliha Hamidou
Maliha Hamidou (arabieraz: مليحة حميدو) (Tilimsen, Aljeria, 1942 - Tilimsen,1959ko apirilaren 13a) militante nazionalista aljeriarra izan zen, Aljeriako gerran hila.
Maliha Hamidou | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Tilimsen, 1942 |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | 1959 (16/17 urte) |
Jarduerak | |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Aljeriako Independentzia Gerra |
Biografia
Familia, haurtzaroa eta ikasketak
Maliha Hamidou Tilimseneko Bab-El-H'did aurzuean jaio zen.[1] Maliharen neba Smail Hamidouren arabera, neba-arreben artean zaharrena zen. Djenat zuen benetako izena, amonak bezala, baina aitak Maliha ezizena jarri zion.[2] Aita El Hadj Abdelhamid zuen, Hadj Benaouda Hamidouren semea. Arabiera irakasten zuen. Sufismoa asko interesatzen zitzaion, eta bere liburuen artean Abi Medièneren (Sidi Boumediène) "Le bonheur éternel" (Betiereko zoriona) zegoen. Orientalisten Elkarteko kide izan zen.[2] Aita, baina, Islamaren leku santuetan erromes zebilela hil zen[2], eta, handik aurrera, familiak une latzak bizi izan zituen[3].
Bere herriko neskatila guztien moduan, Blass El-Khadem eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta bigarren hezkuntzakoak herri bereko neskentzako ikastetxean. Erlijio-heziketa ere jaso zuen, arabieraz, Dâr El Hadîth madrasan.[1] Smail Hamidouk dioenez, "Dar El Hadith-en erakunde iraultzailean parte hartzen zuten gazteak ezagutu zituen, zeinen izenak bertako beheko solairuko marmolean grabaturik aurki daitezkeen. Maliha Dar El Hadith-en sentimendu nazionalistaz busti zen".[2]
Militantzia Independentzia Gerran
Urte haiek erabakigarriak izan ziren neskarentzat, Aljeriako herriaren errealitatea deskubritzen hasi baitzen. Matxinada sentimendua sentitzen hasi zen. Garai hartan, mugimendu iraultzailea oso indartsua zen eta Maliharen patuak bira luzea emango zuen bere bigarren hezkuntzan. Institutuan eman zituen bost urteetan, bigarren ikasturtea amaitu arte, fedajinen borrokan aktiboki parte hartzea erabaki zuen. Iraultzarekin izan zuen lehen kontaktua Z 'hor izeneko emakume aktibista baten bidez izan zen.[1][3] "Z 'Hor Maliharekin harremanetan jarri zenean, berak onartu egin zuen eta etxera joan zen gure amari kontatzera. Eta amak ere onartu zuen Malihak iraultzan parte hartzea. Rabéa, gure anaiordeak, Maliharen isilmandataria zenez, bazuen horren guztiaren berri, baina ez zion utzi fidaa operazioetan parte hartzen".[2]
Sidi Mohamed Ngadi historia irakasleak dioenez, garai hartan, 1956ko urtarriletik aurrera, Tilimsenen baldintzak betetzen ziren iraultzak aurrera egin zezan, fidaa-n parte hartzeko prest zegoelako jende andana handi bat, «eta lehen sekzioak sortu ziren, ez hiri-gerran borrokatuko zen jendearena, fidaan borrokatuko zen jendearena baizik. Eta zergatik lortu zuen fidaak halako arrakasta Tlemcenen? Hiriaren egituragatik, Frantziak herria kontrolatzea ezinezkoa zen hiri tradizional bat zelako. Tlemcen gertatu zena Aljerren eta Konstantinan ere gertatu zen. Fidaak indar handia hartu zuen hiru hiri haietan. Beraz, hiria ia prest zegoen horrelako gauzetarako».[4]
Garai hartan piztu zitzaion joera iraultzailea: gaztea izan arren, Tilimsen-eko mendialdeko Sidi Chaker sektoreko zelula borrokalariaren idazkari izan zen. Bere eginkizuna informazioa biltzea eta tropa kolonial frantsesen mugimenduak zelatatzea zen.[3] Hamidouren familia-etxea Marokorantz alde egiten zutenen borrokalari algeriarren ohiko babesleku eta igarobide izan zen. Choumicha Baba Ahmed mujahidaren arabera, Maliharen etxetik pasatu ziren Houari Boumediene, Abane Ramdane, Chérif Belkacem eta beste zenbait burkide.[5]
Maliha Hamidou gazteak, Rachida gerra-ezizenarekin, edozein arrisku pasatzeko prest eta beti ere motxilan pistola bat zuela, gerra garaian Aljeriako herri eta hirietan izan ziren atentatuetan parte hartu zuen.[1]
Atxiloketa eta heriotza
1959ko apirilaren 13an, goizaldeko ordu batean, DST (Direction de la Surveillance du Territoire) inteligentzia-zerbitzuak atxilotu zuen. Hurrengo egunean, amak gorputegira joan zen alaba identifikatzera eta hilotza balaz josita eta tortura seinaleekin aurkitu zuen.[6] Maliha Hamidouk 17 urte besterik ez zuen. Cheikh Senouci-ko hilerrian ehortzita dago, Tilimsen-en.
Esker onak
Tilimsengo nesken institutuari eta unibertsitate-hiriari haren izena jarri zieten bere omenez.[1]
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Maliha Hamidou» artikulutik itzulia izan da, 2023-05-03 data duen 203915689 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-05-03 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- (Frantsesez) Zenasni, M.. (2005-03-08). «Maliha Hamidou (1942-1959) une etudiante au maquis, combat de femme» vitaminedz.com: Le Soir d'Algérie. (Noiz kontsultatua: 2023-09-29).
- (Frantsesez) Bendimerad, Zoheir. (22/07/11). «MALIHA (Lycéenne Martyre de Tlemcen)» Maliharen neba Smail Hamidouren adierazpenak. (Canal Algérie - Dokumentala) (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).
- (Frantsesez) Bendimerad, Zoheir. (22-07-11). MALIHA (Lycéenne Martyre de Tlemcen). Canal Algérie - Dokumentala (Noiz kontsultatua: 23-09-29).
- (Frantsesez) Bendimerad, Zoheir. (22/07/11). «MALIHA (Lycéenne Martyre de Tlemcen)» Sidi Mohamed Ngadi Historia irakaslearen adierazpenak (Canal Algérie) (Noiz kontsultatua: 23-10-22).
- (Frantsesez) Bendimerad, Zoheir. (22/07/11). «MALIHA (Lycéenne Martyre de Tlemcen)» Choumicha Baba Ahmed mujahidaren adierzapenak (Canal Algérie - Dokumentala) (Noiz kontsultatua: 2023-10-20).
- Lesoirdalgerie.com,quotidien,8 mars 2005
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Zenasni, M. (2007) Maliha Hamidou (1942-1959) une etudiante au maquis, combat de femme. VITAMINEDZ Agence de Communication Interactive.
- (Frantsesez) Bendimerad, Zoheir (2022-07-11) Maliha (Lycéene Martyre de Tlemcen) Canal Algérie.