Malcolm X
Malcolm X (/ˈmælkəm ˈɛks/ ahoskatua) (Malcolm Little jaiotzez; 1925eko maiatzaren 19an jaioa – 1965eko otsailaren 21ean eraila), El-Hajj Malik El-Shabazz bezala ere ezaguna (arabiarrez: الحاجّ مالك الشباز), ministro musulman afrikar amerikarra zen, hizlari publikoa eta giza eskubideen aldeko aktibista. Bere zaleen irudikoz, Ameriketako afrikarren eskubideen aldeko borrokalari sutsua zen, Ameriketako beltzen aurka zuriek egiten zituzten krimenak erarik gordinenean salatzen zituen gizona. Bere aurkariek, arrazismoa, beltzen nagusigoa, antisemitismoa eta biolentzia bultzatu izana aurpegiratzen zioten. Ameriketako afrikarren historiako pertsonarik garrantzitsuenetako eta eraginkorrenetako bat izan zen.[1]
Malcolm X | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Malcolm Little |
Jaiotza | Omaha, 1925eko maiatzaren 19a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | afro-amerikarra |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Manhattan eta New York, 1965eko otsailaren 21a (39 urte) |
Hobiratze lekua | Ferncliff Cemetery (en) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Familia | |
Aita | Earl Little |
Ama | Louise Little (activist) |
Ezkontidea(k) | Betty Shabazz (en) (1958 - |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, autobiografialaria, militante politikoa, giza eskubideen aldeko ekintzailea eta Muslim minister (en) |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Malachi Shabazz |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | islama Musulman Beltzak sunismoa |
Malcolm X Omahan jaio zen, Nebraskan. 13 urte zituela, aita hil egin zitzaion eta ama arazo mentalak zaintzeko ospitale batera eraman zuten. Bere gaztaroak Malcolm X-ren heldu aroan garrantzi nabarmena izan zuen, beltzen harrotasuna eta auto-konfiantzari buruzko aitak emandako lezioekin batera.
Zenbait zaintzako etxetan bizi ostean, atxilotu egin zuten Boston eta New Yorken ekintza kriminal batzuk egin izanaz akusatua. 1946an, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Kartzelako egonaldian, Islamaren Nazioko (NOI) kide egin zen. Baldintzapeko askatasunean, 1952an Islamaren Nazioko liderretako bat bihurtzeaz gain, hizlari nagusi egin zen. Dozena bat urtez, Islamaren Nazioaren aurpegi publikoa izan zen. Malcolm X eta Islamaren Nazioko buru zen Elijah Muhammad-en arteko tentsioa zela eta, Malcolm X-k erakundea utzi zuen 1964ko maiatzean.
Islamaren Nazioa utzi ostean, musulman sunita egin zen eta Mekara erromesaldia egin zuen. Afrika eta Ekialde Hurbilean luze eta zabal bidaiatu zuen. Muslim Mosque, Inc. erakunde erlijiosoa sortu zuen, eta baita Afrikar Amerikarren Batasunerako Erakundea ere.
Islamaren Nazioa utzi zuela urtebete egin aurretik, New Yorken hitzaldi bat ematen ari zela erail zuten tiro batez.
Islamaren Nazioa
1952an kartzelatik atera zutenean, Little Malcolm Elijah Muhammadi bisitan joan zitzaion Chicagora. Orduan, Islamaren Nazioko beste zenbait kidek bezala, bere abizena "X" hizkiagatik aldatu zuen.
Honela azaltzen du Malcolm X berak abizenaren arrazoia:
« | Musulmanentzat X sekula jakin ezingo ez zuten beren benetako abizenaren ordezkoa zen. Esklabotzaren oinordeko den Little izena begi-urdineko gaizkileek inposatu zieten nire arbasoei. Horren ordezko da nire X. | » |
—Malcolm X[oh 1] |
FBIk 1953ko martxoan fitxa bat ireki zion Malcolm Xri, salatari batek esan ostean hau komunista zela. Berehala ordea, Alderdi Komunistarekin izan zitzakeen lotura baino, interesgunea aldatu zuten Islamaren Nazioko organigraman honek zein azkar egiten zuen gora ikusita.
1963ko ekainean, Malcolm X Islamaren Nazioko Lehen Tenpluan jarduteko hautatu zuten. Berehala hasi ziren tenplu gehiago sortzen eta bazkideak lortzen. 1959an telebistan Gorrotoak sortzen duen Gorrotoa izeneko erreportajea bota zuten New Yorken Islamaren Nazioari buruz, eta horren ondorioz, jende askok ezagutu zuen Malcolm X lehen aldiz. Hortik aurrera, bere figura geroz eta ezagunago egiten joan zen eta hedabide ezberdinek bere iritzia eskatzen zioten gertaera ezberdinen aurrean.
Bere oraziorako gaitasunaz gain, Malcolm Xk presentzia fisiko handia zuen. 1.91 metro neurtzen zituen eta 82 kg. inguru pisatu.
1952an Islamaren Nazioan sartu zenetik, 1964an irten zen arte, Malcolm Xk Nazioaren irakaspenak bultzatu zituen. Bertan zioen, beltzak zirela munduko jatorrizko pertsonak, eta zuriak arraza gaiztoa zirela. Bere hitzaldietan, Malcolm Xk errepikatzen zuen beltzak zurien gainetik zeudela, eta zurien gainbehera bidean zetorrela.
Eskubide zibilen mugimendua arraza segregazioaren aurka borrokan ari zen bitartean, Malcolm Xk Ameriketako afrikarrak zuriengandik guztiz banantzea gomendatzen zuen. Amerikako afrikarrak Afrikara itzuli bitarteko soluzio gisa, euren estatua sortzea gomendatzen zuen. Eskubide zibilen mugimenduak zerabilen biolentzia ez erabiltzeko estrategia guztiz arbuiatzen zuen. Bere ustetan, beltzek edozein medio erabili behar zuten auto-defentsa eta euren burua babesteko.
Malcolm X-ren hitzaldiek eragin handia izaten zuten entzuleengan, gehienbat, Iparraldean eta Mendebaldeko hirietan bizi ziren Amerikako afrikarrengan. Hauetako asko nekatuta zeuden eskubide zibilen mugimendutik behin eta berriz errepikatzen zieten diskurtsoarekin: askatasuna, justizia, berdintasuna eta errespetua lortzeko itxaroen egin behar zutela. Hauetako askok beren kexak hobeto islatuak ikusten zituzten Malcolm Xrengan.
Zuri asko (eta zenbait beltz) beldurtuta zeuden Malcolm Xk esaten zituen gauzekin. Bera eta Islamaren Nazioa gorrotoa, beltzen segregazioa eta biolentzia bultzatzailetzat zituzten eta arrazen arteko harremanek aurrera egiteko arrisku gisa ikusten zituzten. Eskubide zibilen mugimendutik estremista arduragabe izatea egozten zieten Malcolm X eta Islamaren Nazioari. Hauen ustez, Malcolm Xren ikuspuntuak ez zituen Amerikako Afrikarrak ordezkatzen.
Malcolm X ere oso kritiko zen eskubide zibilen mugimenduarekin. Bertako liderrak establishment zuriaren txotxongilo zirela zioen, eta Martin Luther King, Jr. “babua” zela zioen.
1963an “Askatasunaren eta lanpostuen alde” Washingtongo Martxa gogor kritikatu zuen. Hemen bota zuen Martin Luther Kingek “Amets bat daukat” hitzaldia milaka pertsonaren aurrean. Malcolm Xk esan zuen ez zuela ulertzen nola beltzak egon zitezkeen hain pozik “zuriek antolatutako manifestazio batean parte hartzeagatik ehun urte lehenago hil zen eta bere garaian maite ez gintuen presidente baten estatuaren aurrean ”.
Elijah Muhammaden ondoren, Malcolm X mugimenduko bigarren pertsonarik eraginkorren gisa hartua izan da. Malcolm X 1952an Islamaren Nazioan sartu zenean 500 kide ziren, eta 1963an 25.000. Alik gero Islamaren Nazioa utzi zuen musulman sunni bihurtzeko, Malcolm Xk egin zuen bezala.
Familia
1958ko urtarrilaren 14an Malcolm X Betty Xrekin ezkondu zen, Michiganen. Bikoteak sei alaba izan zituen.
Castro eta beste mundu mailako lider batzuekin bilerak
1960ko irailean Fidel Castro New Yorkera joan zen Nazio Batuen Batzar Orokorrera. Harlemgo Theresa Hotelean hartu zuen ostatu Kubako komiteak, eta Malcolm X bertako ongietorri komiteko kide zen. Castro harrituta geratu zen Malcolm Xrekin, eta berarekin bilera pribatu bat eskatu zion. Bi orduko bilera baten ostean, Castrok Malcolm X Kubara gonbidatu zuen. Nazio Batuen Batzar Orokorrak iraun bitartean, Malcolm X Afrikako zenbait herrialdetako enbaxadetara gonbidatu zuten, eta besteren artean, Egiptoko Gamal Abdel Nasser, Guineako Ahmed Séko Touré eta Zambiako Kenneth Kaunda ezagutu zituen.
Islamaren Naziotik irteera
1963 urtearen hasieran, Malcolm X Alex Haleyrekin kolaboratzen hasi zen 'The Autobiography of Malcolm X' liburua idazteko. Liburua ez zegoen amaitua 1965ean erail zutenean. Haleyk liburua bere kasa amaitu zuen urte horren bukaeran.
1963ko urtarrilaren 1ean Kennedy presidentearen heriotzaz zer iritzi zuen galdetu ziotenean, Malcolm Xk esan zuen “oilategira itzultzen den oiloaren” kasua zela. Gehitu zuen: “Oilategira itzultzen diren oiloek ez naute sekula tristatu; beti alaitu izan naute”. New York Timesek bere hitzak bildu eta gogor kritikatu zuen Malcolm X.
Hitz hauek iritzi publikoa haserrearazi zuten. Islamaren Nazioak Kennedy familiari doluminak bidali zizkion eta bere kideei heriotzaren gainean komentariorik ez egiteko agindu zien. Malcolm X beren lider arrakastatsuak esan zituenekin ados ez zeudela publikatu zuten gainera. Nahiz eta Malcolm Xk bere ministro eta postua mantendu, 90 egunez publikoki hitz egitea debekatu zioten.
1964ko martxoaren 8an, Islamaren Nazioa utzi egiten zuela publikoki adierazi zuen. Oraindik musulman zela esan zuen, baina bere ustez Islamaren Nazioa, zituzten irakaspen erlijioso zurrunengatik, "ahal zuen urrutien" joan zela. Beltz nazionalisten erakunde bat sortuko zuela nabarmendu zuen, Amerikako afrikarren artean "kontzientzia politikoa zabaltzen" saiatuko zena. Honez gain, gaineratu zuen eskubide zibilen alde lanean ziharduten liderrekin lan egiteko gogoa zuela, baina ordura arte Elijah Muhammadek galerazi ziola hori.
Malcolm X eta Elijah Muhammaden artean hazten zihoan tentsioa izan zen hausketarako arrazoietako bat. Malcolm Xri ez zioten graziarik egiten Elijah Muhammad eta idazkari gazteen arteko ezkontzaz gaindiko erlazioak aipatzen zituzten zurrumurruek, ekintza horiek Nazioaren irakaspenetatik kanpo baitzeuden. Muhammadek 1963an zurrumurruak baieztatu zituen.
Nazioaren barneko jendearen jarrera ere erabakiorra izan zen aipatu irteera gauza zedin. Malcolm Xk hedabideetan gero eta leku gehiago zuen, eta une batean, Muhammad-i itzal egiten hasi zela zioten Chicagoko zenbait erakunde-kidek. 1963an Islamaren Nazioari buruz Louis Lomaxek idatzitako 'When the Word is Given' (Hitza ematen denean) liburuan Malcolm Xren argazki bat zen azaleko irudi eta barnean bere bost hitzaldi sartu zituen, eta Muhammaden bakarra. Honez gain, kide batzuk ziotenez, Muhammadek inbidia zion Malcolm Xri, argitalpen bat honen autobiografian interesatua baitzegoen.
Islamaren Nazioa utzi ostean, Malcolm Xk Muslim Mosque, Inc. erakunde erlijiosoa, eta Afro-American Unity beltzen nazionalismoa bultzatzeko taldea sortu zituen. 1964ko martxoaren 26an Washington D.C.-n Martin Luther King, Jr. ezagutu zuen. Biak Eskubide Zibilei buruz Senatuan antolatuta zegoen eztabaida entzutera joan ziren. Minutu bat iraun zuen, hau izan zen elkarrekin egon ziren aldi bakarra, hala ere, nahikoa argazkilariek bien argazkia ateratzeko.
Apirilean Malcolm Xk "The Ballot or the Bullet" (Botoa edo bala) izenburupeko hitzaldi bat eman zuen, non Amerikako afrikarrei euren boto eskubidea zentzuz erabiltzeko aholkatu zien. Handik gutxira suni bihurtu zen eta Mekara joan zen.
Message to the Grass Roots (1963) hitzaldia
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Message to the Grass Roots | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« |
Gau honetan denok gaude ados, hitz egin dugun guztiok pentsatzen dugu Estatu Batuek arazo handi bat dutela. Estatu Batuek ez ezik, geure jendeak du arazo handia. Geu gara Estatu Batuen arazoa. Geu gara haien arazoa. Arazoaren arrazoi bakarra da ez gaituztela gu hemen eduki nahi. Eta zuetariko bakoitzak bere buruari begiratzen dionean, nahiz beltza, nabarra, gorria edo horia izan, alegia, beltz deitzen zaiona, Estatu Batuentzat arazo handia den pertsona bati begira dago, ez baitzaituzte zuek hemen izan nahi. (...) Etsai bera dugu. Honako hau dugu denon etsai: zapaltzaile komuna, esplotatzaile komuna eta diskriminatzaile komuna. Eta etsai bera dugula konturatzen garen bakoitzean, komunean dugun horretan oinarriturik elkartzen gara. Eta beste gauza batzuen gainetik, arerio hori da komunean duguna: zuria. Badakit zuetariko batzuek uste duzuela haietariko batzuk ez direla gure etsaiak. Denborak esango du. |
» |
—[2]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
The Ballot or the Bullet (1964) hitzaldia
« | Ni ez nauzue amerikarra. Amerikanismoaren biktima diren 22 milioi Beltzetako bat nauzue. Demokraziaren biktima diren 22 milioi beltzetako bat. | » |
« | Nik ez dut biolentziarik erabiltzen nirekin biolentziarik erabiltzen ez dutenekin. Baina behin biolentzia hori nirekin erabiltzen baduzu, nire baitatik joatea eragin duzu, eta orduan, ez naiz arduradun egin ditzakedan ekintzekin. Eta horrela jokatu behar lukete Negro guztiek. Legearen barnean zaudela dakizun bakoitzean, zure eskubide legalen barnean, zure eskubide moralen barnean, justiziarekin bat egiten baduzu, orduan sinesten duzun horren alde hiltzeko prest zaude. | » |
« | Zu eta ni, 22 milioi afrikar amerikar, hau da, Amerikan dauden afrikarrak gara. Eta ez gara afrikarrak baino. Afrikarrak baino ez. Gainera, urrunago helduko zinateke zure buruari afrikar deituko bazenio 'Negro' beharrean. | » |
« | Erakutsiozu gizon zuriari hau askatasunaren herrialde bat bada, hala izan dadila nahi dugula; eta ez bada askatasunaren herrialde bat, aldatu egingo dugula | » |
Islamaren Nazioa ostean
AEBetako entzuleria ezberdin askoren aurrean eman zituen hitzaldiak Malcolm Xk Islamaren Nazioa erakundea utzi ostean. Muslim Mosque, Inc.-eko eta Afro-amerikarren Batasunerako Erakundeko bileretan hitz egiten zuen. Unibertsitateetan ematen zituen hitzaldiak oso jendetsuak izaten ziren, eta bere laguntzaileetako batek beranduago idatzi zuenez, "unibertsitateko ikasleen aurrean hitz egiteko suertatzen zitzaion edozein aukera pozez hartzen zuen".
Malcolm X eta Islamaren Nazioaren artean tentsioa asko igo zen, eta 1964ko otsailean pertsona batek aitortu zuen Islamaren Nazioak agindu ziola Malcolm Xren autoari lehergailu bat jartzeko. 1964ko martxoaren 20an, Life aldizkariak Malcolm X errifle bat eusten agertzen zen argazkia publikatu zuen. Malcolm Xk bere burua eta bere familia defendatzeko hartu zuen hautua ilustratu nahi zuen.
Zinema
1992an bere bizitzan oinarritutako Spike Lee estatubatuar zinema zuzendariak zuzendu eta Denzel Washington aktoreak antzeztutako Malcolm X filma estreinatu zen.
Oharrak
- 1952ko martxoa
Erreferentziak
- Urkizu, Urtzi. «Auzia ez dago erabat itxita» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
- Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Malcolm X |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Malcolm X |
- Malcolm X-en webgune ofiziala
- malcolm-x.org
- Columbiako Unibertsitatean Malcolm X-i buruzko proiektua
- Elkarrizketak
- When the Word Is Given programako Louis Lomaxekin elkarrizketa (1963)
- Dr. Kenneth Clark-ekin elkarrizketa, 1963ko udaberrian
- Video interview with Herman Blake-ekin elkarrizketa bideoan, 1963ko urrian
- A.B. Spellman-ekin elkarrizketa, 1964ko maiatzean
- CBC telebistako elkarrizketa, 1965ko urtarrila
- Beste lotura batzuk
- Malcolm X-en FBIko fitxa
- The Smoking Gun: The Malcolm X artxiboak
- Malcolm X-en hilobia
- Malcolm X-en hiltzaileari buruzko artikulua ARGIA astekarian