Málaga

Málaga[1] (gaztelaniaz ˈmalaɣa ahoskatua) Espainiako seigarren hiririk populatuena da bai eta izen bereko probintziako hiriburua ere. 2021eko erroldaren arabera 577.405 biztanle zituen[2]. Mediterraneo itsasoaren mendebaldeko muturrean kokaturik dago, Gibraltarko itsasartetik 100 km eskasera eta Málaga inguratzen duen kostaldeari Costa del Sol esaten zaio. Málagako metropoli eremuak 12 udalerri hartzen ditu eta 987.813 biztanle ditu. Espainiako bosgarren metropoli eremu handiena da[3].

Málaga
Málaga
Espainiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaMálagako probintzia
AlkateaFrancisco de la Torre Prados
Izen ofizialaMálaga
Jatorrizko izenaMálaga
Posta kodea29001–29018
INEk ezarritako kodea29067
HerriburuaMálaga City (en) Itzuli
Geografia
Koordenatuak36°43′N 4°25′W
Map
Azalera394.98 km²
Altuera11 m
MugakideakAlhaurín de la Torre, Almogía, El Borge, Cártama, Colmenar, Comares, Moclinejo, Rincón de la Victoria, Torremolinos, Totalán eta Casabermeja
Demografia
Biztanleria586.384 (2023)
7.308 (2022)
alt_left 298.653 (%50,9) (%47,1) 276.001 alt_right
Dentsitatea1.484,59 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1834
Telefono aurrizkia95
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakTiro, Aaiun, Faro, Galveston, Melilla, Pasienky (en) Itzuli, Popayán, Zacatecas (Mexiko), Damasko, Palermo, Manila, Mobile, Miraflores (en) Itzuli, Passau, Aqaba eta Barranquilla
MatrikulaMA
malaga.eu

Europako hiri zaharrenetako bat da Málaga, feniziarrek sortu baitzuten K.a. VIII mendean. Musulmanen garaian lau alditan izan zen Malagako Erresumako hiribua eta 1487an konkistatu zuten gaztelarrek. XIX. mendean Espainiako lehenengo hiri industriala bihurtu zen. 1960. eta 1970. hamarkadetan turismoaren boom-a iritsi zen. 2016an Europako kultura-hiriburutzarako hautagaia izan zen.

Etimologia

Málagaren aipamen zaharrenak indusketatan jasotako txanponetan aurkitzen dira. Haietan 𐤌𐤋𐤊𐤀 irakurtzen da, mlk gisa itzultzen dena. "Errege izan" esanahia izan lezake horrek.

Marín de Roa XVIII. mendeko historialariak Malaca hitzari "erregina" esanahia eman zion, hebreeraz מלכה (malcah) hitzak hori adierazten baitu. Beste hipotesi baten arabera Málaga sortu zutenak Tiro hiriko feniziarrak izan ziren eta haien jainko nagusia Melkart zen ("hiriko erregea") eta txanpon zaharretan tenplu baten irudia agertzen da. Horrek iradokitzen du Malaka izena jainko haren izenean jarri zela[4].

Sinboloak

Málagako banderak kolore morea eta berdea ditu eta noski, «La verde y morada» ezizenaz ezagutzen da. Armarrian itsasertzeko labar batean bi gaztelu ikusten dira (Alcazaba eta Gibralfaro) eta Ziriako eta Paula hiriko patroien irudiak errezutan[5].

Málaga hiria sinbolizatzen duen lorea Biznaga malagueña da, jasmin sorta bat hain zuzen ere. Málagako Zinemaldiko saria esate baterako "La biznaga de oro" da[6].

Geografia eta klima

Geografia

Málaga Costa del Sol eskualdearen erdian dago Mediterraneo itsasoaren ondoan. Ipar-ekialdean Almogía eta Cártamarekin egiten du muga, iparraldean Casabermeja eta Almogíarekin, ipar-mendebaldean Comares eta Colmenarrekin, ekialdean Rincón de la Victoria, Totalán eta El Borgerekin, hegoaldean Mediterraneo itsasoarekin, mendebaldean Cártama eta Alhaurín de la Torrerekin eta hego-mendebaldean Torremolinosekin.

Hiru eremu desberdin hartzen ditu Málaga hiriak:

  • Hoya de Málaga: Guadalmedina eta Guadalhorce ibaien estuarioek osatzen duten lautada alubiala. Bertan kokatzen da hiriaren zati handiena.
  • Málagako mendiak: Hiriaren iparraldean kokaturik daude eta malda handia dute. Punturik altuena Pico Reina da (1032m)[7].
  • Guadalhorceren ibarra: Hiriaren mendebaldean zabaltzen den ibarra da.

Klima

Málagak klima azpitropikal mediterranearra dauka. Urteko batez besteko tenperatura maximoa 22,9 gradukoa eta minimoa 13,1 gradukoa da. Urtero 526mm jausten dira, batez ere udaberri eta udazkenean.

    Datu klimatikoak (Málaga)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 16.6 17.7 19.1 21.0 23.8 27.3 29.9 30.3 27.9 23.7 20.0 17.4 23.0
Batez besteko tenperatura (ºC) 12.0 12.8 14.1 15.6 18.7 22.2 24.8 25.4 23.1 19.0 15.4 12.9 18.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 7.3 7.9 9.0 10.4 13.4 17.1 19.7 20.5 18.2 14.3 10.8 8.4 13.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 81 55 49 41 25 12 2 6 16 56 95 88 526
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 6 5 4 5 3 2 0 0 2 4 5 6 43
Eguzki orduak 172 178 218 229 282 302 338 309 247 213 173 158 2815
Iturria: World Meteorological Organization (UN),[8] Agencia Estatal de Meteorología

Historia

Antzinaroa

Málagako aurreneko kolonia K.a. 800-500 urteen artean izan zen Guadalhorce ibaiaren ahoan zgoen uharte batean, gaur egun Cerro del Villar izenaz ezagutzen dena[9]. Jatorrizko asentamendua bastetaniarrek ezarri zuten eta haren gainean eraiki zuten feniziarrek Malaka kolonia, izan ere itsasontziak ainguratzeko leku egokia baitzen eta zilar eta kobre meategietatik hurbil baitzegoen.

Ondoren erromatarrek eskuratu zuten hiria eta izena latinizatu zuten, Malaca bihurtuz. Hiri konfederatua izendatu zuten eta lege kode berezia eman zioten, Lex Flavia Malacitana[10]. Garai hartatik erromatar antzokia eta termak gelditzen dira.

Erromatar Inperioaren gainbeherak herri germaniarrak erakarri zituen Iberiar penintsulara eta 411 urtean Málaga inguruko kostalde guztia suntsitu zuten. 552an Justiniano I.a enperadore bizantziarrak konkistatu zuen eta 555. urtean Spania probintzian sartu zuen. 614. urtean Sisebuto errege bisigodoak hartu zuen Malaca[11].

Erdi Aroa

Alcazaba azpian eta Gibralfaroko gaztelua, izen bereko muinoaren gainean. Biak ere musulmanen garaian eraiki ziren.

VIII. mendearen hasieran arabiarrek konkistatu zuten Mālaqa (مالقة). Harresiak eraiki zituzten eta inguruan merkatari genovarren auzoa eta judutegia sortu ziren. Hammudtarren taifako hiriburu bihurtu zen, ondorengo urteetan beste hiru erreinu musulmanen hiriburua ere bai[11]. Ordukoak dira Alcazaba gotorlekua eta Gibralfaroko gaztelua, hiriko armarrian agertzen diren eraikin biak.

1487an Errege-erregina Katolikoek hiria setiatu eta konkistatu zuten. Andaluzian egindako setio luzeenetakoa izan zen. Mālaqa konkistatzea kolpe gogorra izan zen Granadako Erresumarentzat eta bost urtetara nazariek penintsulatik alde egin behar izan zuten.

Aro modernoa

XVI. mendean harresietatik kanpora eraikitako eliza eta komentuen inguruan populazioa biltzen hasia zen eta auzo berriak sortu ziren, La Trinidad eta Capuchinos, esate baterako[11]. XVII. mendea oso grabeheratsua izan zen, garai onak eta txarrak txandakatu baitziren. Merkataritzak garapen handia izan zuen baina izurriak, uholdeak, lurrikarak eta uzta txarrak tartekatu ziren garapena tarteka etenez.

XVIII. mendea oparoagoa izan zen eta Espainiako hiri garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Flandria, Ingalaterra eta Frantzia aldeko merkatariek egurra, ehunak eta garia salerosten zuten eta Málaga biziki aberastu zen[12]. Espainia hegoaldeko kapitain Generalaren egoitza bertan zegoen eta Mediterraneoaren defentsa eta Afrikako presondegien hornitzea Malagan antolatzen zen. 1704an Espainiak Gibraltar galdu zuenez Málagatik egiten zen itsasarteko kontrola.

Málagaren ikuspegia, XIX. mendean.

XIX. mendearen hasieran Iberiar Penintsulako Gerran paper garrantzitsua izan zuen, izan ere Bailéngo guduan Napoleonen armada Europan izandako lehen porrota jasan baitzuen. 1812an frantsesek hiria okupatu zuten eta zigor handiak ezarri zizkioten mendeku gisa.

Industria Iraultza gertatu zen eta Espainiako lehen hiri industriala izatera iritsi zen. Ondorengo hamarkadatan bigarren garrantzitsuena izaten jarraitu zuen Bartzelonaren atzetik. Málagako familia burges handiak agertu ziren, herrialdeko politikan eragin handia izan zutenak. Horren ondorioz Liberalek gobernua eskuratzeko zeresan handia izan zuen Málagak.

Amadeo I.a Savoiakoak Espainiako tronuari uko egiterakoan istilu handiak izan ziren espainian eta Málagan errepublikanismo federalak Málagako kantoia ezarri zuen. Langile klasea sektore aberatsen kontra oldartu zen. Bi hilabete iraun zituen autogobernaturiko ereduak. 1880. urtetik aurrera krisi ekonomiko latza iritsi zen, azukre industriak gainbehera larria izan zuen eta filoxerak mahastiak suntsitu zituen[13].

XX. mendea

Industriak gainbehera jarraitu zuen mende berriaren hasieran eta oligarkia ahul bat zen kontrol politiko eta ekonomikoaren erantzule[14]. Langile mugimenduak eta errepublikanismoa indartu egin zen gizarteko sektore behartsuenetan. 1931ean Bigarren Errepublika izendatzerakoan komentu ugari erre ziren Málagan maiatzaren 10 eta 13 artean[15]. 1933an Espainiako Alderdi Komunistako lehen diputatua Málagatik atera zen[16]. "Málaga la Roja" ("Málaga gorria") ezizena eman zitzaion hiriari.

Espainiako Gerra Zibila lehertu zenean Málagak 1937ko otsailaren 7 arte eutsi zien tropa frankistei. Queipo de Llano generalak gidatu zuen erasoa eta tropa frankistek italiar boluntarioak izan zituzten alboan[17]. Hauen mendekua Espainia guztiko krudelenetakoa izan zen Málagan. 17.000 biztanle fusilatu zitzuten eta hobi komunetan lurperatu, San Rafael hilerrian esate baterako[18].

Frankismo garaian turismoaren boom-a etorri zen Costa del Sol guztian[19], baina malagar ugarik Espainiako beste tokitara edo Europara ere atera behar izan zuten lan bila[20].

1978. urtetik aurrera garapen ekonomiko eta kultural handia izan du Málagak eta gaur egun Andaluziako hirien artean jarduera ekonomiko handiena duena da.

Banaketa administratiboa

Barruti guztiak kokatzen dituen hiriko mapa.

Hiria hamaika barrutik osatzen dute eta hauek aldi berean beste hainbat auzotan banaturik daude:

  • 1. barrutia: Centro
  • 2. barrutia: Este
  • 3. barrutia: Ciudad Jardín
  • 4. barrutia: Bailén-Miraflores
  • 5. barrutia: Palma-Palmilla
  • 6. barrutia: Cruz de Humilladero
  • 7. barrutia: Carretera de Cádiz
  • 8. barrutia: Churriana
  • 9. barrutia: Campanillas
  • 10. barrutia: Puerto de la Torre
  • 11. barrutia: Teatinos-Universidad

Demografia

Biztanleriaren bilakaera
1900192019401950196019701981199120012009
131.063150.258235.355274.847296.432361.282502.232522.108524.414568.305

Jatorriari dagokionez %8,43 atzerritarrak dira, 47.925 biztanle (2011ko erroldaren arabera). Gehienak Maroko, Paraguai, Errumania, Ukraina, Argentina, Nigeria, Italia eta Txinatik etorri dira[21]. Ijitoek biztanlegoaren %2a osatzen dute. Málaga kaloeraz "Chorrigan"esaten da[22].

Erlijioeri dagokionez katolikoak dira malagar gehienak. Bigarren erlijioa islama da, magrebtarrak dira bereziki. Málagako juduen komunitateak 1.500 urte inguru ditu eta Espainiako handienetakoa da[23].

Politika

Málagako udaletxea.

Málagako udaletxerako aurreneko hauteskunde demokratikoak 1979an izan ziren. 1995 artean PSOE izan zen agintean eta ordutik aurrera Alderdi Popularra (PP) izan da nagusi. Honako hauek izan dira Málagako alkateak:

  • Pedro Aparicio Sánchez - PSOE (1979-1995)
  • Celia Villalobos Talero - PP (1995-2000)
  • Francisco de la Torre Prados - PP (2000- )

Aipatzekoa da Málagak kontsulatu ugari izan dituela. Hirian kontsulatuak izatearen aurreneko aipamena 1643koa da eta gaur egun 38 herrialdetako kontsulatuak daude Málagako udalerriaren barnean. Aipagarrienak Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania, Saudi Arabia, Brasil, Kanada, herbehereak, Maroko, Portugal, Turkia, Belgika, Danimarka, Txile, Norvegia, Suitza, Peru...

Ekonomia

Andaluzia mailan jarduera ekonomiko handiena duen hiria da, eta Espainiar estatuko laugarrena (La Caixako Urtekari ekonomikoa 2011)[24].

Turismoa da nagusi. Zerbitzuen sektorea ere oso garrantzitsua da, teknologia berriei dagokienez batez ere. Andaluziako parke Teknologikoa eraiki zen 1992. urtean Campanillas auzoan.

Udalerriak azalera handia badu ere nekazaritzarako erabiltzen den eremua oso murritza da. Arrantza ordea garrantzi handiko jarduera da. 503 arrantza ontzi daude Málagan matrikulatuta.

Azpiegiturak

Garraioa

Málaga-Costa del Sol aireportua 1946an inauguratu zen eta gaur egun Espainiako hirugarren erabiliena da madril eta Bartzelonakoaren ondoren. 2018an 141.313 hegaldi izan zituen eta 19 milioi bidaiari hartu zituen. Hauetatik 16 milioi nazioarteko hegaldietan iristi ziren[25].

Aireportua Malaga–Maria Zambrano tren geltokiarekin eta Málagako autobus geltokiarekin loturik dago. Tren geltoki honetara Kordobatik datorren abiadura handiko trena ere iristen da[26].

Málagako portua Espainia hegoaldeko itsas-portu garrantzitsuena da. Gurutzontzi turistikoei dagokionez espainiar estatuko bigarren portua da, Bartzelonakoaren atzetik. 2010ean 659.123 bidaiari jaso zituen gurutzontzietan. Egunerokoan Melilla hiriarekin lotzen duen ferrya dago, urtero 300.000 bidaiaritik gora eramaten dituena[27].

Hirian mugitzeko autobus urbanoak eta taxiak izateaz gain metroa ere badu. Bi linea ditu; 1. linea mendebaldetik ekialdera doa eta 2. linea iparraldetik hegoaldera[28]. 2013an bizikleta prestamo zerbitzua ezarri zen, Málagabici izenaz ezagutzen dena[29].

Hezkuntza

Málagako Unibertsitatea (UMA) 1972. urtean sorturiko unibertsitate publikoa da. 40.000 ikasle ditu eta 2.450 irakaslek egiten dute lan. 63 gradu eta 120 graduondoko eskeintzen ditu[30]. Errektoregoa zentro historikoan dago, antzinako Correos eta Telégrafos eraikinean[31], baina erdigunetik kanpo bi campus ditu; Teatinos eta El Ejido.

Málagan Haur eta Lehen Hezkuntzako 82 ikastetxe daude, Bigarren Hezkuntzakoak 35 eta Helduen Hezkuntzako 13.

Kultura

Pablo Picassoren omenezko eskultura, Málagan.

XX. mendeko historia

XX. mendearen hasieran jarduera kultural handia zegoen Málagan. Artistarik ezagunena Pablo Picasso margolaria izan zen. Gerra Zibilak ordea jarduera guzti hori eten zuen.

1954an Liburu azoka jarri zen marxan eta 1968an Litoral kultur aldizkaria atera zen. 1970. hamarkadan Málagako Unibertsitatea sortu zen eta honek bultzada berria eman zion hiriko kulturgintzari. 1990an Cervantes Antzokia berreskuratu zen eta Orkestra Filarmonikoa sortu zen. 1998tik aurrera Espainiako Zinemaren Jaialdia ospatzen da Málagan[32].

2003an Museo Picasso Málaga inauguratu zen. Espainia hegoaldeko museoen artean bisitatuena da. 2015ean Málagako Pompidou Zentroa inauguratu zen.

2016an Europako kultura-hiriburu izateko saiakera egin zen baina Donostiak lortu zuen titulu hori[33].

Jaiak eta jaialdiak

Málagako Feria.

Málagako Aste Santua deklaratu zuten nazioarteko interes turistikodun jaia. Abuztuan Málagako Feria ospatzen da. Astebete irauten du eta udako jai garrantzitsuenak dira. Beste jai egun batzuk Eguberriak, Dan Juan gaua, Ihauteriak eta Maiatzeko gurutzeak dira.

Gastronomia

Mediterraneoko dietan oinarritzen da Málagako gastronomia. Itsas-portu handia duenez arrainak eta itsaskiak dira bereziki kontsumitzen direnak; boquerones (antxoak), jureles (txitxarroak), barbarinak, olagarroak eta txibiak.

Beste plater tipiko batzuk honako hauek dira: fideo lapikoa, gazpatxoa, gazpachuelo (arrain zopa antzeko bat), migas (ogi-mamiak), entsalada malagarra, ajoblanco eta porra antequerana[34].

Kirola

Málaga C.F. da hiriko futbol taldea. 1904an sortu zen eta 27 denboraldi egin ditu Espainiako lehen mailan, azkena 2017-18an. La Rosaleda estadioan jokatzen ditu etxeko partidak. Hiriko beste talde ezaguna El Palo FC da, 2013-15 artean Bigarren B mailan jokatu zuena[35].

Saskibaloiak ere jarraitzaile ugari ditu. Hiriko tadea Unicaja Málaga da eta José María Martín Carpena kirol-jauregian jokatzen ditu paridak. 2005-06 denboraldian ACB ligako txapelduna izan zen eta birritan izan da bigarrena. Europan ere tituluak lortu ditu, Korac Kopa (2001) eta Eurocup (2017).

Ciudad de Málaga estadioan Europako Atletismo Kopa jokatu zen 2006an eta Centro Acuático de Málagan Europako Waterpolo txapelketa 2008an.

Arraunketa tradizionalak ere badu bere tokia. Jábega estropadak egiten dira, andaluziako tostako txalupa da. Espainiako Llaüt Txapelketan hartzen dute ondoren. Hiriko taldea Real Club Mediterráneo da eta bost aldiz izan da Espainiako txapelduna, hiru gizonezkotan eta bi emakumezkotan[36]. RC Mediterraneoren instalakuntzetan 1943tik "Trofeo Su Majestad el Rey" belaotzien estropada jokatzen da urtero[37].

Ondasun nabarmenak

Málagako multzo historikoa Kultura ondasun izendatu zen 1970ko martxoaren 12an. Feniziarrek, kartagotarrek, erromatarrek eta arabiarrek aztarna ugari utzi zituzten bertan. Malagako Erdigune Historikoan dauden eraikin aipagarrienak honako hauek dira:

Zentro historikoan dagoen kale nagusia Alameda Principal da, XVIII. mendean ezarri eta auzoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duena. Baditu hainbat eraikin aipagarri; Guardiaren etxe zaharra, Edipsa eraikina eta Hans Christian Andersen idazle daniarrak ostatu hartu zuen etxea[42]. Andersenen estatua bat dago ondoan. Alameda Principalarekiko perpendikular Marques de Larios kale estua dago, 1891n eraiki zen Plaza Nagusia eta Málagako itsas-portua lotzeko. Alcazabaren azpian Aduanaren jauregia (gaur egun Málagako Museoa dena) eta Málagako udaletxea daude eta Haien aurrean dagoen parke zabal batek banatzen ditu Málagako itsas-portutik.

Pablo Picasso margolaria malagarra izanik haren jaiotetxea[43] eta Museo Picasso Málaga ere kontuan hartzekoak dira[44].

Malagar ezagunak

Hiri senidetuak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2006-10-27). Espainiako Erresumako Autonomia-Erkidegoen, Probintzien eta Probintzia-Hiriburuen izenak. .
  2. «SIMA - Málaga (Málaga) | Instituto de Estadística y Cartografía de Andalucía» www.juntadeandalucia.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  3. (Gaztelaniaz) «La población crece un 25% en la última década gracias al empuje del área metropolitana» Diario Sur 2011-07-06 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  4. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-12-08 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  5. «Patronosdemalaga.es - Piadosa Congregaci�n en Honor de Ciriaco y Paula, Santos Patronos de M�laga» web.archive.org 2009-05-16 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  6. (Gaztelaniaz) «25 Festival de Málaga: todas las biznagas de oro» Diario Sur 2022-03-25 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  7. (Gaztelaniaz) Hoy, Málaga. (2020-11-14). «Rutas para subir a los Montes de Málaga sin romper el perímetro» Málaga Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  8. Weather Information for Málaga. .
  9. «Cerro del Villar, de enclave comercial a periferia urbana: dinámicas coloniales en la bahía de Málaga entre los siglos VIII y VI a.C.» www.academia.edu (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  10. Lecuona, Emilio. (00/2001). «JORNADAS DE ESTUDIO POR EL 150 ANIVERSARIO DEL HALLAZGO DE LA LEX FLAVIA MALACITANA (26-27 DE OCTUBRE DE 2001)» Revista de estudios histórico-jurídicos (23): 709–711.  doi:10.4067/S0716-54552001002300041. ISSN 0716-5455. (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  11. (Gaztelaniaz) «Visita Málaga» visita.malaga.eu 2022-08-30 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  12. Sanjuán, Joaquín Gil; Colosía, María Isabel Pérez de. (2004). «Sevilla y Málaga en tiempos de Velázquez» Baética: Estudios de Historia Moderna y Contemporánea (26): 307–320. ISSN 0212-5099. (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  13. «Fundación Picasso Málaga | Casa Natal» web.archive.org 2009-04-14 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  14. «Málaga, historia de un siglo» servicios.diariosur.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  15. «1900» servicios.diariosur.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  16. «Historia» web.archive.org 2009-04-20 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  17. «Málaga 1937. Nunca más» web.archive.org 2009-02-24 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  18. (Gaztelaniaz) Hoy, Málaga. (2008-08-18). «El "holocausto de Málaga"» Málaga Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  19. «Málaga, historia de un siglo» servicios.diariosur.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  20. Cano, Damián López. (1973). «La emigración malagueña a Europa, 1961-70» Cuadernos geográficos de la Universidad de Granada (3): 55–76. ISSN 0210-5462. (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  21. (Gaztelaniaz) «Población por sexo, municipios y nacionalidad (principales nacionalidades).» INE (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  22. «M�laga en cal� se dice Chorrigan. SUR.es» web.archive.org 2016-03-05 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  23. (Gaztelaniaz) «Casi 1.500 años de presencia» Diario Sur 2007-05-05 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  24. «laCaixa.es - anuario económico» web.archive.org 2014-01-26 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  25. (Gaztelaniaz) «El aeropuerto supera por primera vez en 2018 la barrera de 19 millones de pasajeros» Diario Sur 2019-01-14 (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  26. «LAV Córdoba - Málaga - Ferropedia» web.archive.org 2016-03-30 (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  27. (Gaztelaniaz) «Travesías en Ferry de Málaga a Melilla - Reservar un ferry de Málaga a Melilla» www.directferries.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  28. (Gaztelaniaz) Ideanto, Sergio Lima, Rafael Rubio by. «Metro de Málaga» Metro de Málaga (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  29. (Gaztelaniaz) Málagabici – Empresa Malagueña de Transportes. (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  30. «Inicio - Universidad de Málaga» www.uma.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  31. (Gaztelaniaz) «Rectorado de la Universidad de Málaga. Antiguo Edificio de Correos. Sala de Exposiciones - Monumentos» visita.malaga.eu 2022-08-31 (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  32. «Festival de Málaga» festivaldemalaga.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  33. «OPHE/Capital Cultural Europea/Candidaturas/Málaga» www.ugr.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  34. «Webmalaga.com, Málaga en la Red: La web de Málaga - Gastronomía» web.archive.org 2014-04-25 (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  35. «Web oficial cd el palo. Futbol 2ª division B grupo VI.» web.archive.org 2013-08-02 (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  36. (Gaztelaniaz) Mediterráneo, Real Club. (2019-05-27). «El Real Club Mediterráneo, Campeón de España de Banco Fijo Llaut 2019» Real Club Mediterráneo (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  37. (Gaztelaniaz) Mediterráneo, Real Club. (2013-04-01). «TROFEO SM EL REY - LXXI REGATA DE INVIERNO» Real Club Mediterráneo (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).
  38. «Enclave Arqueológico Teatro Romano de Málaga | Enclaves Culturales de Andalucía» www.juntadeandalucia.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  39. Sell, Fanny de Carranza. (2011). «La alcazaba de Málaga. Historia a través de su imagen» Péndulo : Revista de Ingeniería y Humanidades (22): 54–73. ISSN 1132-1245. (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  40. (Gaztelaniaz) «Alcazaba y Castillo de Gibralfaro» Alcazaba y Castillo de Gibralfaro (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  41. (Gaztelaniaz) malaga. Catedral de Málaga – Santa Iglesia Catedral Basílica de la Encarnación. (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  42. (Gaztelaniaz) «Estatua de Hans Christian Andersen - Monumentos» visita.malaga.eu 2022-08-30 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  43. «Fundación Picasso Málaga | Casa Natal» web.archive.org 2013-05-14 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  44. (Gaztelaniaz) «Inicio» Museo Picasso Málaga (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.