Makina-tresna
Makina-tresna edo makina tresna[1] (Hego Euskal Herrian makina-erreminta ere deitua) material homogeneozko piezei, batik bat metalezkoei, forma emateko erabiltzen den makina mota bat da. Makina finkoak dira, mugitzen ez direnak. Piezaren moldaketa hainbat modutan egin daiteke: txirbil-harroketaz, estanpazioz edo elektrohigaduraz.
Teknologiako historialarien arabera, lehen makina tresna 1751n Jacques de Vaucansonek asmatutako tornua izan zen, mekanikoki egokitu zitzaiokeen buruari ebakitzeko lanabesa jarri zion, langileen eskuen ordez.
Makina tresnek zenbait energia-iturri erabil ditzakete: giza energia, animalia energia eta gurpil hidraulikoen bitartez lortutako energia. Makina-tresnen benetako garapena lurrun-makinaren asmakuntzarekin hasi zen, Industria Iraultzaren baitan. Gaur egun, gehienak energia elektrikoarekin dabiltza.
Eskuz zein kontrol automatikoz egin daiteke lan. Lehen makinek bolanteak erabiltzen zituzten mugimendua egonkortzeko, eta engranaje eta palanka sistema konplexuak zituzten makina eta piezak kontrolatzeko. 1950eko hamarkadan zenbakizko kontrol sistemak garatzen hasi ziren; mugimendua kontralatzeko, eta agindu multzoa paper-zinta edo txartel batean zulatuta erabiltzen zuten. 1960tik aurrera prozesua malguagoa izateko konputagailuak gehitu ziren, eta ZKZ (zenbakizko kontrol konputerizatu) izena jarri zitzaien makina haiei. Zenbakizko kontrol makinek zein zenbakizko kontrol konputerizatuek segidak behin eta berriz errepika ditzakete zehaztasunez, eta langilerik zailduenak baino pieza konplexuagoak ere egin ditzakete.
Erreferentziak
- «makina» sarrera, in Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.