Maiztegi Herri Eskola
Maiztegi H.E., Iurretan dagoen D ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako herriko eskola da. Historia bere historia luzean zehar herriko beste eskola batzuk batu zaizkio: Goiuria ikastola, Arzobispo Maiztegui eta Escuela San Miguel.
Historia
Lehenengo Eskola
1794an Juan de Orobiogotia Agirre, Iurretarrak, testamentuan 4000 peso utzi zituen bere herrian lehen hezkuntzako,de primeras letras, eskola bat sortzeko.
Eskola hau ,derrigorrezko eta dohainekoa izan behar zuen, herriko neska mutil guztientzako. Berak utzitako testamentuan, eskolak bete behar zituen baldintzak zehaztuta agertzen ziren. Beste batzuen artean irakaslea tituluduna eta elebiduna izan behar zuen.
1801eko abenduaren 29an egindako bilkuran baldintza guztiak kontuan hartuta, San Nepomuceno izenpeko eskola sortu zen. 1802an ikasturtea hasi zen Juan Pedro Orozqueta y Uribe Salazar irakaslearekin plazan zegoen udaletxe zaharreko eraikinean. Geroago Montoira aldatu zen.
1891a eskola hau tokiz aldatu zuten berriro, Montoitik Aita San Migel plazako “eskola zaharrak” deituriko eraikinera eta han jarraitu zuen 1968 arte. ”Iurretako eskola” izenarekin ezagutu arren antzinako agirietan “ D. Juan Orobiogoitia” agertzen da.
Auzo Eskolak.
XX. mendearen hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak auzo eskola sarea eratu zuen Bizkaia osoan, honako helburu hauekin:
- Nahiz eta urrun bizi, ume guztiak eskolara joan ahal izatea.
- Leku euskaldunetan eskolak euskaraz ematea.
Iurretan hiru auzo eskola egon ziren:
- Amezketa eskola, Arriandin (1924-1994)
- Orozketa eskola, Orozketan (1925-1987)
- San Marko eskola, Orominon (1921-1991)
Arzobispo Maiztegui
1968an plazako eskola itxi ondoren, Arzobispo Maiztegui eskola eraiki zuten. Gaur egun Juan Orobiogoitia institutua dagoen lekuan. Bertan ematen zen irakaskuntza eredua gaztelerazkoa zen.
Goiuria Ikastola
Goiuria Ikastola 1968an sortu zen, Julen Kaltzadaren ekimenez eta Iurretako guraso eta gazteen babesarekin. Julian Berriozabalgoitiak, Iurretan bizi zen garaitarrak, utzitako lokalean eman zituen lehen pausuak, gaur egungo Zubiaurre kalean. Lehenengo andereñoa Garaiko Ana Mari Berriozabalgoitia izan zen. 3tik 5 urtera arteko umeak izaten ziren ikastolan, eta 6 urte betetzean Durangoko Kurutziaga Ikastolan jarraitzen zuten.
Hala ere, lokalean hasi arren, urte batzuetan etxerik etxe ibili ziren umeak. Maribi Jaio ere izan zen andereñoa eta Montse Sarriugarte laguntzailea. Gero, 1971n, Zubiaurre 8ko lehen pisuan hartu zuen leku finkoa beste bi urtez. Mila Madariaga izan zen orduan, tituludun lehen irakasle ofiziala. 1973an lokala erosi zuten, Zubiaurre kaleko 2. zenbakian. Horretarako, Kooperatiba modura eratu zen sustatzaile taldea. 89 kide ere izatera heldu ziren. Kide modura, familiak, andereñok, herriko taldeak izan ziren, besteak beste. Erosketa egiteko gurasoen kreditu pertsonalak erabili ziren. Hala ere, bestelako finantziazio iturriak ere izan ziren: papertegiko poltsak birziklatuz, errifak eginez, kartoiak eta paperak batu eta salduz, Abendu eta Santa Agedan batutakoak, jaietako tabernak antolatuz,… 1975ean, gainera, ikastola handitu egin zuten, lokalaren atzeko partea erosiz eta jolastoki modura egokituz.
1973tik 1981era arte izan zen zabalik Goiuria Ikastola. Tarte honetan, Mila Madariagarekin batera Mariasun Onandia eta Kristina Urrutia ere izan ziren irakasleak. Eusko Jaurlaritza sortu berria zegoen, eta 1981ean, guraso taldeak eskola publiko sare bakarra eskatzen zuen. Eskaintza bat egin zitzaien amaieran Arzobispo Maiztegui eskolarekin bat egiteko eta onartu egin zuten.
Kooperatiba moduan ez zen desagertu sustatzaile taldea. Zubiaurre kaleko lokala kulturarako eta euskararen sustapenerako uztea erabaki zuten eta kudeaketaz arduratzen jarraitu zuten. Goiuria Ikastolako lokaletan talde askok izan zuten lekua: Txistularien taldea, Iurretako bertso eskola, Txirrindularien Elkartea, Eraz aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria - Berria komunikabideak, Mikel Deuna dantza taldea, Gurien Bai euskara elkartea...
2002an udalarekin akordioa lortu eta, erabilera baldintza berdinekin, Iurretako herriari eman zioten Goiuria Ikastola.
Escuela San Miguel
1978 urtean, Durango-Iurretan sortutako beharren ondorioz , Haur eta Lehen hezkuntzako San Miguel eskola eraiki zen. 1996 arte B ereduko ikastetxea izanik.
Maiztegi H.E.
1981ean Goiuria ikastolak eta Arzobispo Maiztegui eskolak bat egin zuten gaur eguneko D ereduko Maiztegi Herri Eskola sortuz.
Garai hartan, Colegio Publico Arzobispo Maiztegui zelakoan, A eredua zegoen eta pixkanaka amaitzen joan zen “D” eredua bakarrik gelditu zelarik..
1996an irakaskuntzan burutu ziren erreformak direla eta San Miguel eta Maiztegi H.E. elkartu ziren. Ordura arte Maiztegik zuen eraikina J.Orobiogoitia institutua bihurtu zen eta San Migel eraikina, berriz, Maiztegi H. E..