Maixux Rekalde Urdanpileta
Maixux Rekalde Urdanpilleta (Oiartzun, Gipuzkoa, 1934ko uztailaren 4a – 2022ko urtarrilaren 6a)[1] bakezalea eta euskaltzalea izan zen. Elkarriko eta Lokarriko presidentea.[2]
Maixux Rekalde Urdanpileta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1934ko uztailaren 4a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | 2022ko urtarrilaren 6a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | bakezalea, Euskaltzaleak, aktibista eta gizarte-erreformatzailea |
Bizitza
Maixux Oiartzungo Ugaldetxo auzko Garro baserrian jaio zein 8 senideko familia batean[3].
Magisteritza estudiatu zuen Donostian. Honez gain kazetaritza eta Enpresa administraritza ikasketak eginak zituen arren, gizartearen aldeko lanetan aritu zen bizitza osoan.[4]Misiolari sekular gisara Txilen 10 urtez eta Ekuadorren irakaskuntzan eta emakumeen formazioan.Txilen egon zen garaiko Pinocheten estatu kolpeari buruzkoak gordin kontatzen zituen. Euskal Herria itzulita, Donostiako eliz barrutiko komunikazioan jardun zuen eta borondatezko hainbat lanetan.[2] Bere lehen misioa Ekuadorren izan zen 1960eko hamarkadaren hasieran eta handik Txilera joan zen. Bertan gotzainaren idazkaria izan zen. Pinocheten estatu-kolpearen lekuko izan zen eta horren ostean itzuli zen Euskal Herrira (1973)[5]. Ordurako pentsatuta zuen itzultzea, baina koinatu baten heriotzak azkartu zuen buelta.
Txileko estatu-kolpean eragina izan zuen ondorengo bere bizitzan. Honela kontatzen du Berrian emaniko elkarrizketa batean[6]:
“Bai, benetan inoiz pasatu izan ditudan unerik latzenak han pasatu ditudala uste dut. Kolpeak erabat ustekabean harrapatu ninduen, Santiagon bertan, eta latza izan zen. Ni orduan unibertsitatean aritzen nintzen ikasten, eta ikusi nuen nola nire ikasle lagun asko desagertzen ziren, nola atxilotzen zituzten, nola hiltzen zituzten… Jende horretaz ez dugu inoiz gehiago jakin. Basakeria izan zen; ikasleak, medikuak, irakasleak, lagunak… Inguruko jende pila bat desagertu zen. Gero, salaketak, jazarpenak… Nolanahi ere, beste muturra ere ezagutu nuen. Horrelako egoera zailetan lagunari ematen zaion laguntza itzela da. Ihesean zebiltzanei laguntzen zitzaien, jendeak arrisku handiak hartzen zituen kideak babesteko… “
Maixux Euskal Herrira itzuli ondoren irakaskuntzan aritu zen Ikastoletan hainbat urtez. 1980ko hamarkadaren hasieran EITB sortzeko prozesuaren baitan kazetaritza-ikastaro bat hartu zuen. Horrek Donostiako Herri Irratian lanean hastera eraman zuen. Laster, ordea, Gipuzkoako gotzaindegiko komunikazioaren ardura eskaini zion Setien gotzainak eta bertan jubilatu zen 1999an. Honela kontatzen du Maixuxek[6]:
“Euskal Telebista sortzear zegoela, ikastaro trinkoak antolatu zituzten jendea telebistako lanbidean trebatzeko, eta ni ere joan nintzen. Horren ondoren, Herri Irratian saio bat egiteko deitu ninduten, eta bertan nengoela Gotzaintzaren deia jaso nuen. Gotzaindegian hamazazpi urte igaro ditut, eta bertan prentsa bulegoa sortzea izan zen nire eginbehar nagusia. Elizaren mezua komunikabideetara helaraztea, argitalpenak jasotzea… Prentsaurrekoak ere ez ziren inoiz egiten; horiek prestatu… Azken finean, kazetari lana, baina Gotzaintzarentzat.”
Hainbat komunikabideetan kolaboratzailea izan zen, Oarsoaldea hilabetekariko lehen zutabegileetako bat izan zen[4]. Inguma datu-basean aipatzen dira bere lanetako batzuk[7]
Bakezaletasuna
Maixuxek 1992an Elkarri bake-mugimenduaren sorrera-prozesuan parte hartu zuen. Urte askotan erakundearen lehendakaria eta bozeramailetako bat izan zen. Elkarri desegin zenean eta Lokarri sortu lehendakari izendatu zuten Lokarri ere bozeramaile-lanak egin zituen Paul Riosekin batera[8].Lokarriren buruzagitzan egindako lanean, ohikoa izan zen Maixux ikustea komunikabideetan kolektibo horrek egiten zituen agerraldietan, bakarka edo beste talde batzuekin, beti ere eskubide zibil, sozial eta politikoen defentsan eta elkarrizketaren alde.[9]
Euskaltzaletasuna
Euskaltzale nekaezina izan zen. Horren adibide da gaixotu ostean eraman zuen borroka. AFAGI Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen senitartekoen eta lagunen Gipuzkoako elkartera joan zen gaixotasunean laguntzeko eskean. Bertan terapia gaztelaniaz zela ohartu zen eta ez zegoela biderik euskaraz egiteko. Euskaraz aritzea bere eskubidea zela aldarrikatuz, borrokan hasi zen eta terapia euskaraz izatea lortu zuen. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eredutzat hartu zuen Rekalderen aldarria, eta bideo bat egin zuen 2015ean[10].
Azken urteak Oiartzungo Petra Lekuona zahar etxean eman zituen, Alzheimerren gaitzak jota.[11] 2011an agertu zitzaizkion gaixotasunaren lehen zantzuak eta honi aurre egiteko terapiak euskaraz ez egoteak saioei uko egitera bultzatu zuen, orduan ere bere euskaltzaletasuna adierazita. Hizkuntzaren Behatokiak bideoan jaso zuen bere testigantza.[12] eritasun horren ondorioz hil zen 2022ko urtarrilaren 6an Oiartzungo Petra Lekuona zahar-etxean[7].
Erreferentziak
- «esquela: Maixux Rekalde Urdanpilleta» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- Lartzanguren, Edu. «Maixux Rekalde, bakezale nekaezina» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- Parkea, Berria eus-Euskal Editorea SM Martin Ugalde Kultur. «Eskelak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- Koska, Susana. (2017-11-22). Mujeres en pie de guerra: Memorias de nosotras. Penguin Random House Grupo Editorial España ISBN 978-84-9069-896-9. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- «Doce mujeres que ni Franco ni el fascismo consiguieron hacer callar» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- «Berria.info - Elkarrizketak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- «Maixux Rekalde Urdanpilleta bakezale eta euskaltzalea hil da» Oarsoaldeko Hitza 2022-01-07 (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- Lartzanguren, Edu. «Maixux Rekalde, bakezale nekaezina» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- «Fallece Maixux Rekalde, presidenta de Lokarri y Elkarri» naiz: 2022-01-06 (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- (Ingelesez) Gogoan izan. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- Iraola, Arantxa. «Maixus Rekalde. Planifikatuta utzi zuen: egoitza batera» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- «Maixux Rekalde Urdanpilleta bakezale eta euskaltzalea hil da» Oarsoaldeko Hitza 2022-01-07 (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
Kanpo estekak
- Gogoan izan terapia euskaraz. “AFAGIra joan eta terapia euskaraz ez zela ohartu nintzenean, altxa eta ospa egin nuen” Maixux Rekalde
- Maixiux Rekalde Bakezale nekaezinari elkarrizketa EiTB 2017