Maijishan leizeak
Maijishan leizeak (txinera tradizionalez: 麥積山石窟; pinyinez: Màijīshān Shíkū) Txinako Gansu probintzian dauden leize ezagunak dira. Tianshui hiritik 45 kilometro hego-ekialdera daude, Qinling mendien iparraldean[1].
Maijishan leizeak | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.742 m |
Mota | mendi, grotto (en) eta arkeologia-aztarnategi |
Azalera | 483,71 ha |
Geografia | |
Koordenatuak | 34°24′22″N 105°08′04″E |
Honen parte da | Silk Roads: the Routes Network of Chang'an-Tianshan Corridor (en) |
Mendikatea | Qin mendiak |
Estatu burujabe | Txinako Herri Errepublika |
Txinako probintzia | Gansu |
Prefektura mailako hiri | Tianshui |
Historia
Zetaren Bidearen ertzean kokaturik zegoen Tianshui hiria, Xi'an eta Lanzhou artean eta India aldetik Budismoa iritsi zen eskualde honetara, Txina osora bezalaxe[2].
Eraikuntza
Leizeen eraikuntza Qin dinastian abiatu zen, Hamasei erreinuen garaian hain zuzen ere[1]. Leizeetan aurkitu den inskripzio zaharrena 502 urtekoa da eta Maijishango komunitate budista baten aurreneko aipamena 519ko Gāosēng zhuàn (高僧傳, "Monje handienen biografiak) liburuan agertzen da. Bertan 420 eta 422 urteen artean Tanhung izeneko monje bat iritsi zela esaten da eta monastegi txiki bat eraiki zuela. Urte gutxiren buruan Xuangao izeneko beste monje batekin elkartu zen eta honek 100 erromes earri zituen mendietatik. Beranduago Xuangao eskualdeko erregearen gortera joan zen eta Tanhung ere hegoalderantz abiatu zen, Kotxintxina aldera. Azken honek 455 urtean su eman zion bere buruari eta horrela hil zen.
734 urtean lurrikara handi bat izan zen eta mendiaren erdialdea suntsitu egin zen, leizeen multzoa bitan banatuz[1]. 759 urtean Du Fu poeta leizeak ikustera etorri zen. Hurrengo urteetan Tibeteko inperioak konkistatu zituen inguruko lurrak harik eta Tang dinastiak berrreskuratu zuen arte. 845 urtean Txinan izan zen matxinada antibudista ez zen Maijishaneraino iristi. Hurrengo mendeetan leize eta eskultura beriak sortu ziren, Song eta Ming dinastietan bereziki.
Ahaztu eta berriz aurkitu
Horma honetako leizeetara iristeko egurrezko pasabideak eraiki ziren. Pasabide hauetako bat erortzen zen bakoitzean leizeak isolaturik gelditzen ziren eta horregatik denboran zehar leize hauek garrantzia galduz joan ziren, erabat ahazturik gelditu ziren arte. 1953an Dunhuangeko institutuko Chan Shu-Song arkeologoaren taldeak aurkitu zituen berriz.
2010 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatzeko saiakera egin zen baina ez zen onartua izan[3].
Deskribapena
Buztin harrizko horma batean eraikitako 194 leizek osatzen dute Maijishan konplexua. 7.200 eskultura budista moldeatu ziren buztinez egurrezko edo harrizko egiturak erabiliz eta 1.000 m2 hartzen dituzte bertan margoturiko freskoek[2]. Horma bertikal batean daude denak, 10 maila desberdinetan antolaturik.
Leize hauetan aurkitzen dugun Budaren irudi nagusia Amitābha da eta alboetan Avalokiteshvara eta Mahasthamaprapta ditu, eskualde honetan Budismo amidista nagusitzen zen seinale.
Leizerik handiena 4 zenbakiduna da. Zazpi nitxo lauki ditu eta bakoitzean 12 estatua daude. Sabaian tinpano bat ageri da. 566 eta 568 artean eraiki zela idatzita badago ere eskulturak VIII mendekoak direla uste da.
Erreferentziak
- «Alok Shrotriya and Zhou Xue-ying: Artistic treasures of Maiji Mountain caves» www.asianart.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
- The Maijishan Grottoes - Artistic Treasure of China’s Past. (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
- (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Maijishan Scenic Spots» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).