Maien zibilizazioa

Maien zibilizazioa Mesoamerikako zibilizazioa izan zen, espainiarrak Ameriketara iritsi aurretik maia herriek garatu zutena. Aipagarria da haien idazkera sistema, kolonaurreko Amerikan erabat garatu zen bakarra, eta baita haien artea, arkitektura, eta matematika eta astronomia ezagutza handiak ere. Une gorenean, kultura maiak lurralde zabala hartu zuen: egungo Mexikoko hegoaldea (Yukatan, Campeche, Quintana Roo, Chiapas eta Tabasco estatuak) eta Belize, Guatemala, Honduras eta El Salvadorko zatiak.

Artikulu hau Ameriketako zibilizazioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Maia (argipena)».
Yaxchilango 26. ateburuaren xehetasuna.
Zaculeuko pilotalekua.

Mesoamerikako kronologiaren arabera, hiru aro nagusi bereizten dira kultura horren barruan: aurreklasikoa (K.a. 2000-K. o. 250 bitartean), klasikoa (300-900 bitartean) eta postklasikoa (900. urtetik espainarrak iritsi eta konkistatu arte). Aro Klasikoa distiratsuena eta orijinalena izan zen. Maien zibilizazioak hartu zuen lurralde zabal hartan sakabanaturik zeuden ehundaka hiriren artean Tikal, Uaxactun, Palenque, Bonampak edo Yaxchilan nagusiak izan ziren. Berriki arte aldi baketsua izan zela esaten bazen ere, egun argi dago maiak maiz borrokatu zirela elkarren kontra, eta haien estatu-hirietako asko gotorturik zeudela. Erlijioa ere hasieran uste zen baino askoz odoltsuagoa izan zen. Aro horren bukaeran oso gauza bitxia gertatu zen: hiri klasikoak jendez hustu ziren eta biztanleek Yucatán penintsulara emigratu zuten: arrazoia oraindik ere ezin izan da argitu. Aro Postklasikoak, beste eremu batean gauzatu izanaz aparte, Mexikoko kulturen eragin handia izan zuen, toltekenak batez ere, haiek izan baitziren Mexikoko goi-lautadan nagusi, azteken aurretik.

Arte maia guztiz nabarmena da Ameriketako gainerako herrien aldean. Oro har, gorde diren hondakinak errituak ospatzeko egiten zituzten eraikinei dagozkie, eta ez da bizitegirik aurkitu. Ingurunea, bai denboraz eta bai eremuz ere, hedadura handikoa da, eta askotariko arkitektura estiloak bereizten dira. Nolanahi ere, hiri maien eraikuntza tipikoa ganga izunez hornituriko tenplua da. Mailak dituzten piramideen gainean eraikitako tenplu horiez gainera, beste obra mota asko ere eraiki zituzten: pilota jokorako tokiak, jauregiak, barruti zutabedunak, dorreak, zubiak, etab. Piramideetan nabarmentzekoak dira Uaxactun, Chichén Itzá, Tikal, Copán eta Uxmal. Jauregi nagusietariko batzuk Chichén Itzá, Palenque, Uxmalen daude. Tenplu-piramideetako hormak, ataburuak, paramentuak eta, batez ere, oroimenezko zutarriak edo zutarriak erliebe ederrez horniturik daude. Erdialdeko zutarrietan irudiekin batera data garrantzitsuak ezarri ohi zituzten, eraikuntza data, besteren artean: 292koa zaharrena eta 889koa berriena, arkeologoek aro klasikoa deitu dutena mugatzeko erabiliak hain zuzen. Margolaritza ederra eta koloretsua zen, maila handikoa hau ere, baina lan gutxi gorde dira (Bonampak, Uaxactun eta Chichén Itzá). Halaber, zeramika estilo desberdin anitz landu zuten.

Oraingo maiak haien arbasoen zibilizazioa garatu zen lurralde bertsuan bizi dira. Txikiak dira, buru biribilekoak, larrua kobre kolorekoa dute eta beltz leuna ilea. Beren artean lotura estua duten hizkuntzak erabiltzen dituzte. Funtsean nekazariak dira; herri baten inguruko komunitate txikietan bizi dira eta tradizioko ale eta barazkiak egiten dituzte (artoa, babarruna eta kuia bereziki) eta etxabereak izan ohi dituzte (oiloak, txerriak eta, askoz gutxiago, behiak). Industria gutxi dago maien lurraldean. Maia gehienak XVI. mendean kristautu zituzten; hala ere, antzinako ohitura askok bizirik dirau oraino. Jakintza hori xamanek kontserbatu dute gehienbat; herri bakoitzean izan ohi den pertsona horrek lehengo erlijioaren eta ezagutzen aztarnak gorde ditu: antzinako egutegiaren zatiak gordetzen ditu, oilarrak sakrifikatzen eta euria erakartzeko errituak egiten ditu, eta abar.

Geografia

Zibilizazio maiaren hedadura handiena

Une gorenean, maien zibilizazioak Mexiko eta Erdialdeko Amerikako eremu zabala hartu zuen, 325.000 kilometro koadro inguru: Yucatán penintsula, egungo Guatemala eta Belize osorik, eta Honduras eta El Salvadorko ipar-mendebaldea. Lurralde hori hiru zatitan bereizi ohi da: hegoaldea, hots, Ozeano Bareko kostalde beroa eta Guatemalako eta El Salvadorko lur garaiak; erdialdeko oihan tropikala, hau da, Mexiko, Guatemala eta Hondurasi dagozkien lur behereak, eta iparraldea edo Yucatán penintsula lehorra.

Historia

K.a. 3000. urtearen erditsuan zenbait ehiztari talde kokatu ziren Guatemalako goi lurretan, geroago maia kultura sortu zen mugen barnean. K.a. 2000. urtetik maia zibilizazioaren oinarri izan zen artoa landatzeari ekin zioten. Maien eta Yucatán penintsulako olmeken arteko berdintasunaz asko eztabaidatu da. Dirudienez, olmekek eta maiek asko eragin zuten elkar. Teoria batzuen arabera, olmeken ondorengoak Guatemala aldera emigratu zuten, bertako biztanleekin nahastuz eta maien aitzindariak sortuz. Maien zibilizazioa hiru alditan bereizi ohi da: Aro Aurreklasikoa (K.a. 2000-K. o. 250 bitartean), Aro Klasikoa (300-900 bitartean) eta Aro Postklasikoa (900-1519 bitartean).

Aro aurreklasikoa

K.a. 1500 ingurutik aurrera, lehen nekazari herriak kokalekuak eraikitzen hasi ziren Ozeano Barearen aldean, gaur egungo Mexiko eta Guatemalaren artean, eta erdialdeko Chiapasen; hango biztanleek artoa, babarruna eta kuia ereiten zuten. K.a. VIII-III. mendeetan biztanleria handitu zen eta lurrez eraikitako lehen hiriak sortu ziren hegoaldean (Kaminaljuyu, Izapa) eta erdialdean (Uaxactun, Tikal); aldi hartan ez zuten ez harrizko arkitektura, ez idazkera, ezagutzen, baina zeramika monokromoan hainbat estilo erabili zituzten (Las Charcas, Mamom).

K.a. III-K. o. IV. bitarteko mendeetan, erdialdean (Petén) bereziki, eta iparraldean (Yucatán) eraikitako hirietan (Tikal, Copán, Palenque, El Mirador) zientzia, teknika, eta arte maiaren ezaugarriak agertu ziren: idazkera hieroglifikoa, zeramika polikromatua, egutegia (K. o. 250 inguru). Arkitekturaren ezaugarriak ere orduan finkatu ziren: plataformak, piramideak eta tenplu garaiak.

Aro klasikoa

Palenqueko Jauregia izeneko tenplu multzoa

K. o. 300. urtetik aitzina, aurreko joerak indartu ziren eta maien zibilizazioak gailurra iritsi zuen. Nekazaritza indartu zen, biztanleria ugaldu eta hiri berriak egin zituzten, aldi berean lehengo aroko hiriak eraikuntza berri ederrez hornitzen zituztela: Tikal, Palenque, Copán, Uaxactun, Piedras Negras, Yaxchilan, Bonampak, Río Bec, etab. Hala, 5.000 biztanletik 50.000 biztanle arte zuten 40 hiri baino gehiagotan, bi milioi inguru pertsona bizi ziren. Antza denez, hiri horiek administrazio eta erlijioguneak ziren, eta jendea haien inguruan bizi zen. Hiriak edo eskualdeak federazioetan elkarturik bide zeuden.

Hiriok gehienbat erdialdean zeuden eta 600-900. urte bitartean etengabeko aurrerapena izan zuten, harik eta X. mendearen amaieran maien kulturak bat-bateko gainbehera izan zuen arte: biztanleek hiriak utzi zituzten, eta laster estali zituen landaredi tropikalak. Erorketa horren arrazoiak ez dira ezagunak oraindaino eta hipotesi anitz egin dira desagertze hori ulertzeko: landa lurrak agortu izana, izurriteak, agintarien aurkako matxinadak, edota klimaren aldaketa[1].

Aro postklasikoa

Maien kultura, alabaina, iparraldean berpiztu zen X. mendearen amaieran, leinu nahasketa baten ondorioz, eta postklasikoa deitu den aroa hasi zen horrela. Izan ere, 978tik 987ra Mexikotik heldu ziren toltekak Chichén Itzá hiriaz jabetu ziren eta han kokatu ziren, era horretan maia-tolteka deritzan aldia hasi zela. Arrotzak maiekin nahastu ziren eta beste arkitektura mota bat, erabat tolteka ez dena, ezta maia klasikoa ere, garatu zuten Yucatángo hirietan, hala nola, Chichén Itzá, Uxmal, Kabáh, Izamal eta Tulumen. Aldi hartako hiru hiri nagusiek, Chichén Itzá, Uxmal eta Mayapanek, elkarte hegemoniko bat eratu zuten 987an.

XI. mendearen bukaeran elkartea hautsi eta hirien arteko gerra sortu zen, Mayapanek gainerakoak menderatu zituen arte. Mayapan nagusi izan zen aldiaren ondoren (1200-1450), taldeen arteko gerra zabaldu zen. Bestalde, hegoaldeko lur garaietan, Yucatánen bezala, tolteken eragina zuten moldeak nagusitu ziren, eta han ere taldeen arteko gerrak hondamendia ekarri zuen. Hala, 1525ean espainiarrak maien eremuan sartu zirenean, antzinako inperioen aztarnak baizik ez zituzten aurkitu; hala ere Yucatán osoa menderatzerako 19 urte igaro ziren (1527-1536). Peténgo Tayasalen babestu ziren itza leinukoak luzaroan jazarri zitzaizkien espainiarrei, harik eta 1697an Martin Urtsuak menderatu zituen arte.

Gizartea

Xoc andrea, Itzamnaaj B'alam II.a erregearen izeba-emaztea, soka arantzadun bat mihitik igaroaz (709)

Maiak ez ziren inoiz aginte batu baten azpian izan, eta hiri-estatu burujabe anitzetan bizi ziren. Gizartea hierarkietan antolatua eta itxia zen; funtzioak hertsiki banatuak zeuden. Hiri bakoitzeko buru politiko, militar eta erlijiosoak halach uinic («egiazko gizona») izena zuen; kargu hori bizi guztirakoa zen eta herentziaz jasotzen zen. Agintari goren horrek familia nagusietako buruek eta apaizek osaturiko kontseilua (batab) zuen aldamenean eta haien arteko bat buruzagi militarra zen (nacom).

Apaizgoa bereziki ahaltsua zen, ezagutzen monopolioa hark baitzuen: idazkera, kronologia, sendagintza, etab. Apaizek eta haien ahaideek gizartearen goi klasea osatzen zuten. Horien azpian, funtzionarioen sail ugaria hiriaren funtzionamenduaz arduratzen zen. Nekazariak, azkenik, gizartearen oinarria eta jende kopuru handieneko klasea ziren; hiri-estatuko lurretan lan egiten zuten eta zerga astunak ordaindu behar zizkieten goiko klaseei. Hirietako eskulangileak eta merkatari txikiak nekazarien maila berekoak ziren. Merkataritza urria zenez burgesia handirik ez zen sortu. Esklaboak ere baziren, gerran bahituriko etsaiak gehienbat.

Ekonomia

Maien ekonomiaren oinarriak guztiz xumeak ziren, eta gauza bitxia da hain kultura zabalaren euskarri izana. Jarduera nagusia nekazaritza zen: artoa, babarruna, batata eta fruituak. Lurra lantzeko teknika eta baliabideak neolitokoak ziren: goldea ez zuten ezagutzen, eta lurra makilaz zulatzen zuten. Beste lanabes batzuk harrizkoak ziren. Artoa zen elikagai nagusia; ez zuen arreta handirik behar, eta uzta bat baino gehiago bil zitekeen urtean. Lurra zen arazoa: landareak ugari hazi arren, ez zitzaion etekin handirik ateratzen; lur sailak erein gabe utzi behar izaten ziren askotan. Maiak, bestalde, ezin hobeto moldatu ziren oihanera: lurrak ureztatzeko eta drainatzeko teknikak asmatu zituzten, agorraldietan ura lortzeko eta eurialdietan uholdeak eragozteko. Kakaoak garrantzi handia izan zuen, haren eskari handia zela-eta oso aintzat hartua izan zelako kanpoko merkataritzan, eta diru gisa ere erabili zen.

Bideak, oro har, ongi eginak baziren ere, zama-abererik eta gurdirik ezagutzen ez zutenez, zama bizkarrean garraiatzen zuten. Merkataritzak trukea zuen oinarri eta hirietan zenbait eskulangintza mota lantzen ziren: oihalgintza, saskigintza, lumazko produktuak eta harri lanak.

Arkitektura

Greziarra edota erromatarra bezain ikusgarria, maien arkitekturak milaka urte hartzen ditu bere baitan: lehenbiziko harrizko menditxoetatik, aski ezagunak diren eskaileradun piramideetaraino. Tikal, Palenque, Copán eta Calakmul bezalako hiritzarrak eraiki zituzten eta beraien joko gogokoenetako, pilota jokorako, pilotaleku handiak zituzten herrialdeko mutur batetik bestera.

Ezaugarriak

Ganga izuna, Labná

Eraikin nagusiak tenplua eta jauregia ziren, harrizkoak gehienak, eta ugariak ziren aldareak eta oroitarriak ere; espazio zabalen inguruan antolatuta zeuden hiriak, eta plaza laukizuzenetan eraikitzen ziren tenpluak, jauregiak edo biak batera. Hasieran tenpluek izan zuten hirietan nagusitasuna, baina azken Aro Klasikoan ugariago eta bikainagoak izan ziren jauregiak. Askotan hainbat eraikinez osaturiko arkitektura multzo nahasi samarrak eratu zituzten, akropoli modura: garai bakoitzean eraikitako atal berriak elkarri egokitzeko eskailera eta elkarren gainka bezala eraikitako atalak ageri dira, baina multzo orekatuak dira aldi berean.

Arkitektura elementu aipagarriena ganga izuna edo harri irtenekiko ganga zen. Sabaiak eraikitzeko oso modu berezia zen, lastozko txabola maiaren sabaiaren itxurari jarraituz egina. Txabolak laukizuzenak ziren, luze baino garaiagoak, eta lau isuriko teilatua zuten. Molde horri berari jarraituz eraiki zituzten harrizko eraikinak: bi hormen gainetik batetik besterako harri lauzak jartzen zituzten, harik eta bien arteko espazioa harri bakar batek jaten zuten arte, giltzarri baten modura, malda handiko teilatuak osatuz. Horrek areto luze eta estuagoak eraikitzeko aukera ematen zien. Dena dela, era horretako sabaiez gainera, sabai laua ere erabiltzen zuten, bizkar hagez eta karez egina.

Tenpluek piramide tankera zuten, eta jauregiak, berriz, eraikin horizontalak ziren. Jauregi gehienek elkarri loturiko bi areto edo ganbera sail luze zituzten, barne igarobide edo galeriez elkarri lotuak. Oro har ate bakarra zuten jauregira sartzeko, eta barne ate batek lotzen zituen barruko aretoak; badira, dena den, fatxadan eta atzealdean atea duten eraikinak. Tenpluak, berriz, bi ganberaz osatuak ziren, eta aurreko hormako atetik zuten sarrera; lehen ganbera ospakizun arruntetarako erabiltzen zuten, eta bigarrena, berriz, oso ospakizun berezietarako.

Eraikinen oinarrietan terraza moduko egiturak jartzen zieten, lurretik goratzeko: garaiera txikiagoko oinarriak jauregi eta eraikin zibiletan, eta oso garaiak tenpluetan (50 metro ingurukoak ere aurkitu dira). Fatxada gehienek bi banda edo gorputz horizontal nagusi zuten, eta tartean lerro edo moldura bat zegoen bi gorputzak bereizten zituena. Hasieran, tarteko harri zerrenda irtena landu gabea zen eta hormak leunak ziren, baina denborarekin fatxada lantzen hasi ziren, tarteko molduratik sabairainoko tartea lehenik, eta fatxada guztia ondoren, Aro Postklasikoko garaian batez ere. Fatxaden lanketa bereziki aipagarria izan zen Palenquen eta Puuc inguruan. Palenqueko eraikinetan kare iztukuzko marrazki oso konplexuak agertzen dira, eta Puuc inguruan mosaiko geometrikoez apainduriko horma bikainak aurkitu dira.

Aztarnategi nagusiak

Ipar Akropolia, Tikal
  • Tikal da maien zibilizazioaren aztarnategi antzinakoena. 16 kilometro koadroko eremua hartzen zuen. Terraza eta eskailera bidez loturiko sei tenplu-piramide handi ditu, 40-70 metro bitarteko garaierakoak, eta haien ateburuak zurezko eskultura bikainez hornituak zeuden. Tenpluez gainera, jauregi bikainak ere eraiki ziren bertan.
  • Copán maien Aro Klasikoko zientzia-gunea izan zen. Hiriaren egitura nagusia akropoliak eta hari loturiko bost enparantzak osatua da, eta aipagarria da, orobat, piramidez, tenpluz eta terrazez osaturiko multzoa, eraikin berriak eranstearen poderioz 5 hektareako eremua eta 38 metroko garaiera iritsi zuena. Han daude hiriko tenplu ederrenak. Baina Copángo monumentu aipagarriena eskailera hieroglifikoa da, zalantzarik gabe. 62 mailako eskailera da, eta aurpegi guztiak ditu hieroglifoz hornituak. Maien lurraldeko idazkunik luzeena da.
  • Palenque hiri maia klasiko nagusietako bat da. Ez da beste hiri batzuk bezain harmonikoa. Multzo nagusia Jauregia da, oinarri trapezoidalean eraikia, baina monumentu aipagarriena Dorrea da. Izan ere, gainerakoetatik oso desberdina da, ez baita horrelako beste eraikinik aurkitu hiri maietan: irispiderik gabeko oinarri bat du eta oina laukia du ia. Berezia da, orobat, Idazkien tenplua, tenplu-piramide izateaz gainera hilobi gisa erabilitako bakarra baita; gainerakoetan piramide formako atala ez zen barnetik irekia, eta honek, aldiz, hileta ganbera bat zuen barruan.
Aztiaren piramidea, Uxmal
  • Uxmal maien zibilizazioaren azken aldian gorena iritsi zuen hiria da, eta tolteken eragina nagusitu aurrekoa beraz. Ezaugarririk aipagarriena monumentu nagusietako mosaiko bikainak dira. Eraikinak ere aski bereziak dira, harri handiak agertzen dira elkarren gainka jarrita bezala, eta egunean zehar argitasunaren arabera argi-itzal bereziak sortzen dituen marrazki bat osatzen dute. Gobernariaren etxea da ospetsuenetako bat; erlaitzak 20.000tik gora pieza apaingarri ditu. Gobernariaren etxetik iparraldera Mojen komentua dago, eta iparralderago Iparraldeko Eraikina, oso handia eta garaia. Aurrealdeko erlaitza bikain zizelaturik dago. Aipagarria da, azkenik, Aztiaren piramidea.
  • Chichén Itzá hiria da, orobat, aipagarria, baina aurreko hiri maiek ez bezalako ezaugarriak dituelako bereziki. Izan ere, tolteken eragin betearen garaian eraiki zen, eta maien arkitektura tradizionala eraldatu zuen. Dena dela, hainbat garaitako monumentuak aurkitu dira han ere, toltelkak iritsi aurrekoak asko eta asko, Gazteluan, Gudarien tenpluan eta abarretan ikus daitekeen bezala. Berrikuntzetan kontuan hartzekoak dira ondoko hauek: zutabeek eginkizun jakin bat dute, ez dira apaingarri soilak, horrela espazio zabalagoak eratzen dira eta sabai lauak erabiltzen dira. Eraikinen bolumena handitu egiten da eta kokaera ikusgarriagoa ematen zaie. Eskultura lanek dramatismoa areagotzen dute, eta gudariak irudikatzen hasten dira, besteak beste.

Artea

Eskultura

Eskultura maiaren urrezko aroa VII-X. mendeen artekoa izan zen, baina arkitekturarekin gertatzen den bezala, eskualde bakoitzak bere ezaugarri eta oparoaldia izan zituen. Dena den, orokorrean pentsamendu erlijiosoaren eta dinastien historiaren adierazpidea izan zela esan daiteke; agintarien nahia herritarrei helarazteko erabili zuten, erlaitz, ateburu eta aldareetako eskultura, eta maien ideologiaren eta kosmologiaren erakusgarria nagusia da. Aro Klasikoan oroitarriak eta aldareak apaindu ziren batez ere, kareharriz; klasikoaren ondokoan, berriz, fatxadetako hormak -gisuzko idazki hieroglifikoez- eta monumentuetako ateburuak, erlaitzak etab. -zurezko eskulturez-. Aipagarria da hasierako zurruntasun eta irudi hieratikoetatik azken aldiko dinamikotasunera nabarmentzen den bilakaera; hasieran irudi hieratikoak egin zituzten, zurrunagoak, baina azken garaiko eskulturetako aurpegiak naturalistagoak dira, eta idealismo eta eskematismo nabarmena duten arren, xehetasunetan gero eta kutsu errealistagoa eman zitzaion.

Obra eta aztarnategi aipagarriei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak dira Palenqueko iztukuzko behe-erliebeak eta hieroglifoak. Petén oroitarriengatik da ospetsua, han hasi baitziren era horretako lanak egiten, eta Tikal, Chichén Itzá eta Uxmalen zurezko apaindura bikainak aurkitu dira.

Pintura eta zeramika

1 Egiturako freskoak, Bonampak

Pintura maiaren erakusgarri bikainenak Bonampak hirikoak dira (K. o. 790), bikain kontserbatu baitituzte behinolako forma eta kolore guztiak. Printzerri maia bateko bizitza adierazten dute, xehetasun handiz: soldaduak, musikariak, haurrak, jantziak, tresnak, armak, etab. Eskulturan bezala, Bonampakeko irudietan bilakaera nabarmena ageri da hasierako garaietako irudiei buruz: irudiak errealistagoak dira, bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta jarrera lasaiagoa agertzen dute.

Monumentuetako hormetan eta hilobietan erabili zen batez ere pintura; gorteari eta eguneroko bizitzari buruzko irudiak nagusiki lehenengoetan eta irudi sinbolikoagoak hilobietan. Koloreetan gorria eta beltza ziren erabilienak. Irudien ilea marrazteko kobre tankerako kolorea erabiltzen zen, eta horia, urdina, arrosa eta berdea ere agertu dira.

Zeramikari dagokionez, aipagarriak dira terrakotazko ontziak, oso soilak diren arren irudi bikainez margotu ohi zituztelako. Ontzietako irudien eta zeramikazko estatua txikien bitartez, maien bizitzari buruzko hainbat xehetasun ezagutu ahal izan da: lanbideak, janzkera, etab.

Idazkera

Kolonaurreko Ameriketako herrietan maiak izan ziren benetako idazkera erabili zuten bakarrak. Idazkera hieroglifikoa izateaz gainera, aldi berean ideografikoa eta fonologikoa ere bazen, eta oraindik ez da guztiz deszifratu. Zenbait zuhaitzen ehunez eginiko amate paperean idazten zuten, zenbait metro luze ziren orrietan. Espainiar Inperioko agintari kolonialek eta elizgizonek, Diego de Landa apezpikuak bereziki, liburu edo kodex horietako gehienak suntsitu zituzten. Hiru besterik ez dira gorde: Madrilgo Kodexa, Dresdengo Kodexa eta Parisko Kodexa. Hala ere, harri, gisu eta zuraren gainean zizelkaturiko testu ugari aurkitu dira. Diego de Landak berak utzitako lekukotasuna, Relación de las cosas de Yucatán, maien gizarteari buruzko informazio iturri garrantzitsua izan da.

Kolonizazioaren ondoko denboran idazkera latinoz egindako liburuak ere informazio iturri garrantzitsuak dira; hona nagusiak: Popol Vuh (mitoen eta oroitzapen historikoak kitxe hizkuntzaz), Chilam Balam liburuak (kronikak, sendagintza, astrologia, etab.) eta Memorial Cakchiquel (historia, erlijioa, elezaharrak, etab.).

Zientziak

Zientzien alorrean maiek aurrerapen handiak lortu zituzten. Zenbaki-sistema hogeitarra erabiltzen zuten, 0 zenbakiaren kontzeptua garaturik zeukaten eta zehaztasun handiko kalkulu korapilotsuak egiteko gai ziren. Zenbaki-sistemak hiru sinbolo zituen: zero (maskor formakoa); bat (puntua); eta bost (marra horizontala). Batuketak eta kenketak puntuak eta marrak batuz eta kenduz egiten ziren. 19 baino zenbaki handiagoak posizio-sistema bertikalean idazten ziren, hogeiren berreturak erabiliz: 1 beheko lerroan, 20 bigarrenean, 400 hirugarrenean, 8.000 laugarrenean, 160.000 bosgarrenean...[2]

Sakontzeko, irakurri: «Maia egutegia»

Kalkulu ahalmen hori astronomian baliatu zuten. Juliotar egutegia baino doitasun handiagoko eguzki-egutegia lortu zuten, eta eklipseak aurrez iragar zitzaketen. Ilargiaren eta Artizarraren egutegi zehatzen jabe ziren, eta haien mugimenduari buruzko diagramak begi hutsez inoiz egin diren perfektuenak dira. Hiru egutegi erabiltzen zituzten batera: Tzolk'in (egutegi sakratua, 260 egunekoa), Haab (eguzki-egutegia, 365 egunekoa), eta Kontu luzea (52 urtekoa). Unitatea k'in (eguna) zen. Tzolk'in 13 eguneko 20 alditan zegoen banaturik, eta erlijio-ospakizunen datak zehazteko baliatzen zuten. Haab 20 eguneko 18 hilabete eta 5 eguneko hilabete batean zegoen zatiturik. Kontu luzea denbora epe luzeagotan erabiltzen zuten (ziklo unibertsalak). Ziklo bakoitzak 2.880.000 egun zituen (7.885 eguzki-urte inguru), epe horren buruan unibertsoa suntsitu eta berriz sortzen zela uste baitzuten.[3]

Kontu luzeko aldiak
Aldia Kalkulatzeko era Iraupena Urteak
k'in egun 1 egun 1
winal 1 x 20 20 egun
tun 18 x 20 360 egun urte 1
k'atun 20 x 18 x 20 7.200 egun 20 urte
bak'tun 20 x 18 x 20 x 20 144.000 egun 394 urte
piktun 20 x 18 x 20 x 20 x 20 2.880.000 egun 7.885 urte
kalabtun 20 x 18 x 20 x 20 x 20 x 20 57.600.000 egun 157.700 urte
kinchiltun 20 x 18 x 20 x 20 x 20 x 20 x 20 1.152.000.000 egun 3.154.004 urte
alawtun 20 x 18 x 20 x 20 x 20 x 20 x 20 x 20 23,040,000,000 egun 63.080.082 urte

Guztiarekin ere, maien zibilizazioa Neolitokoa zen, eta ez zituzten gurpila, goldea edota metalak ezagutzen.

Erlijioa eta mitologia

Sakontzeko, irakurri: «Maia mitologia»

Erlijioak maien zibilizazioaren alderdi guztiak ukitzen zituen. Maien panteoia jainko ugariz osatua zegoen. Jainko nagusia Hunab Ku zen, gauza guztien sortzailea; harengandik zeruko jainkoa sortu zen, Itzamna, idazkeraren eta egutegiaren jainkoa. Kinich Ahau eguzkiaren jainkoa zen, eta Ixchel ilargiaren jainkosa. Horiek jainko handiak ziren, baina beste jainko batzuk herriaren bizitzatik gertuago zeuden, hala nola Chaak, euriaren jainkoa; Yum Kax, artoaren eta nekazaritzaren jainkoa; Kukulkan, haizearena; Ah Puch, heriotzarena; Ek Chuan, gerrarena; Ixtab, suizidena...

Animaliak hiltzen zituzten jainkoen ohoretan, baita pertsonak ere, gehienbat etsaiak eta Aro Postklasikoan, baina ez azteken neurrian. Heriotzaren ondoko bizitzan sinisten zuten eta aitortzaren antzeko zerbait bide zuten. Maien sinesteen arabera, uholde unibertsalek lau aldiz suntsitua zuten mundua.

Maien zibilizazioaren aurkikuntza

Maia zibilizazioaren inguruko ezagutza gehienek XIX-XX. mendeetan bereziki egindako ikerketak dituzte iturburu. Konkistatzaileek ez zituzten monumentu klasikoak aintzakotzat hartu, mendeak baitzeramatzaten oihanaren mende, eta han hemen aurkitu zituzten maia tribuez berri gutxi utzi zituzten, haien garrantzia ezin baitzitekeen inola ere garai hartan indar betean zegoen azteka inperioarekin konpara. Maien zibilizazioaren hondakinak ez ziren ezagutu, 1839an John Lloyd Stephens idazleak eta Frederick Catherwood marrazkilariak hainbat hiri galdu bisitatu zituzten arte. Idatzi zuten marrazkidun egunkariak antzinako kultura honi buruzko jakingura sortu zuen mundu osoan.

Erreferentziak

  1. Mendiburu, Joana. Maien erreinuaren gainbehera klima-aldaketaren erantzule?. Gara-ko Geltokia gehigarria, zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-10-18).
  2. Mayan mathematics. storyofmathematics.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-19).
  3. How Does the Mayan Calendar Work?. timeanddate.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-20).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.