Magreb
Magreb[1] المغرب Al-Magrib arabierazko hitzaren euskarazko moldaketa da eta eguzkia etzaten den lekua edo sartaldea esan nahi du, arabiar munduaren mendebaldeko zatia da. Ekialdeko zatiak Mashreq edo sortalde du izena.
Izena
Marokok arabieraz Al-Magrib edo Al-Magrib al-Aqsà du izena. Horrexegatik Magreb Marokotik bereizteko, batzuetan eskualdeari "Magreb Handia" zioten. Berbere abertzaleek, ostera, ez dute Magreb hitza erabiltzen baizik eta Tamazgha.
Geografia
Fisikoa
Ohituraz Magreb Iparraldeko Afrikako eskualdea izan da, Maroko, Tunisia eta Aljeriak osatuta, nahiz eta gaur egun Mauritania, Mendebaldeko Sahara eta Libia ere eskualdean kokatuak izan diren. Hala ere, Libia, geografikoki eta kulturalki, Mashreq eta Magreb arteko zubia izan da.
Magrebek Mediterraneo itsasoa du iparraldean, Ozeano Atlantikoa mendebaldean eta Sahara hegoaldean. Bere mendebaldean Atlas mendiak daude.
Giza-geografia
Gaur egun Magreb osatzen duten bost estatuek 87.056.145 biztanle dituzte.
Magrebeko bertoko biztanleak amazigak (berbereak) ziren. Baina, VII. mendean, arabiar munduaren hedapenak eskualdea arabiartu zuen. Gero Otomandar Inperioa, Frantzia, Espainia eta Italiaren okupazioek ere bere eragina izan dute eskualdean.
Hizkuntzak
Gaur egun biztanle gehienek arabieraz egiten dute, nahiz eta berbereek amazigeraz egin.
Erlijioa
Eskualdeko erlijio gehiengoduna Islam sunitarra da, ohikune maliki erabiltzen duena. Badaude gutxiengo batzuk ere: Aljeriako basamortuan kharijiarrak, Marokon judu komunitateak eta zenbait kristau Aljerian.