Maglić
Maglić (serbokroazieraz latindar alfabetoan, Маглић alfabeto zirilikoan) Dinariar Alpeetan dagoen Montenegro eta Bosnia-Herzegovinako mendia da. Bere tontorretakoa den Bosanski Maglić ("Bosniar Maglić", 2.386 m) Bosnia-Herzegovinako altuena da baina Crnogorski Maglić ("Montenegroar Maglić", 2.388 m) apur bat garaiagoa da[1].
Maglić Маглић | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 2.386 m |
Prominentzia | 51 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°16′52″N 18°43′59″E |
Mendikatea | Maglić massif (en) |
Estatu burujabe | Bosnia-Herzegovina |
Bosnia-Herzegovinaren banaketa administratiboa | Bosniako Serbiar Errepublika |
Municipality of the Republika Srpska | Foča Municipality |
Hiria | Foča |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Fočatik (BiH), Mratinjetik (CG) |
Geologia | |
Material nagusia | kareharri |
Kokapena
Dinariar Alpeak deritzon mendikate luzearen barruan "Maglić / Bioč / Volujak / Trnovački Durmitor/ Vlasulja" izena ematen zaion azpimultzoan dago; bost izen hauek dituzten mendiek osatzen dute eta Maglić ez da altuena, Biočeko Veliki Vitaok (2397 m) gainditzen baitu.
Administratiboki bi estatutan banatuta dago. Montenegrori dagokionez Plužine opština edo udalerrian dago. Bosnia-Herzegovinaren barruan dauden bi entitateetatik Republika Srpska edo Bosniako Serbiar Errepublikan dago, Foča udalerrian eta izen bereko eskualdean[2]; Bosniako gerran (1992-1995) serbiarren talde armatu batzuek izugarrizko sarraskiak egin zituzten eskualdean.
Mendiak Sutjeska ibaia du mendebaldean eta iparraldean, Volujak mendia hego-mendebaldean, Drina eta Piva ibaiak ipar-ekialde eta ekialdean eta Bioč mendia hegoaldean. Bosnia-Herzegovinako aldean mendia Sutjeska parke nazionalaren barruan dago.
Jakingarriak
Mendiaren hego-mendealdean, Montenegron, Trnovačko aintzira ikusgarria dago 1.517 metrotan.
Historia eta herrien aldetik oso korapilotsua izan den eskualde honetan, Maglić Bosnia-Herzegovina eta Montenegro estatu independenteetako lurretan geratu bada ere, paradoxikoki mendiaren bi aldeetan serbiarrak dira nagusi.
Igoera
Esperientzia eskatzen duen igoera da. Gerraren urteetan eremua ia erabat itxita egon zen, bereziki iparraldea eta gaur egun Bosniako Serbiar Errepublikan egoteak ere ez du laguntzen bisitariak jasotzeko orduan; hala ere mendian ez dago minaz jositako eremurik.
Fočatik 20 bat km hego-mendebaldera, hiri honetatik abiatzen dira hurbilketak; errepidez Sutjeska ibaia segituz eta Tjentištera heldu baino lehen ezkerretara jotzen duen errepidea hartu behar da; seinalerik ez dago. Lehen bi kilometroak asfaltozkoak dira eta gero ere autoz jarrai daiteke ordoki batera heldu arte. Eskuinaldean basobide eta hormarik gabeko babeslekua daude; pista honen hasieran autoa utzita, metro gutxitan pistak ezkerretara jotzen du baina zuzen segituta berehala "Maglić" seinalea topatzen da, mendira daraman ibilbidearen hastapena dena. Nahiko ondo markatuta dago eta 2 ordu eta 40 minuturen ostean mendiaren lerrora heltzen da.
Montenegrotik Mratinje herria da ohiko abiapuntua. Hortik mendebaldera doazen pista batzuek ere hurbil gaitzakete.
Erreferentziak
- Maglić / Bioč / Volujak / Trnovački Durmitor / Vlasulja SummitPost webgunean.
- Bosniako Serbiar Errepublika 7 eskualdetan banatuta dago; Bosnia-Herzegovinan banaketak ez du funtzio administratibo ofizialik baina Serbiar Errepublikako lehen mailako banaketatzat jotzen da.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Mendia Peakbagger webgunean.