Magdeburg
Magdeburg[1] Alemaniako Saxonia-Anhalt estatu federaleko hiriburua da, Elba ibaiaren ertzean kokaturik. Europako erdi aroko hiririk garrantzitsuenetakoa da. Jatorrian, nukleo anitzeko burgu bat izan zen. Oton I.a, Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehendabiziko enperadoreak agintaldiko zati gehiena hiri honetan eman zuen, eta katedralean lurperatu zuten.
Magdeburg Magdeburg | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Alemaniako hiri-udalerria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatu burujabe | Alemania | ||||||||||
Alemaniako estatua | Saxonia-Anhalt | ||||||||||
Alkatea | Simone Borris (en) | ||||||||||
Izen ofiziala | Magdeburg | ||||||||||
Jatorrizko izena | Magdeburg | ||||||||||
Posta kodea | 39104–39130 | ||||||||||
Udalerri kodea | 15003000 | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 52°07′54″N 11°38′21″E | ||||||||||
Azalera | 201.01 km² | ||||||||||
Altuera | 55 m, 43 m eta 57 m | ||||||||||
Mugakideak | Börde (en) , Jerichower Land (en) eta Salzlandkreis (en) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 239.364 (2022ko abenduaren 31) 3.176 (2021) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 1.190,81 bizt/km² | ||||||||||
Informazio gehigarria | |||||||||||
Telefono aurrizkia | 0391 | ||||||||||
Ordu eremua | UTC+01:00 eta UTC+02:00 | ||||||||||
Hiri senidetuak | Harbin, Brunswick, Le Havre, Radom, Sarajevo, Nashville, Zaporizhia, Pernik eta Daugavpils | ||||||||||
Matrikula | MD | ||||||||||
magdeburg.de |
Historia
Sorrera
Karlomagnok sortu zuen 805. urtean Magadoburg izenarekin, zeinak "gotorleku handia" esan nahi duen, eta 919. urtean harresiak jaso zituen magiar eta eslaviarren aurrean babesteko. X. mendean lortu zuen garrantzia, Oton I.a Handiaren agintaldian. Haren emazte Edith San Maurizio abade-etxe beneditarrean hilobiratu zuten. Abade-etxea gerora katedral bihurtuko zen. 968an sortu zen Magdeburgeko apezpikutza eta honek parte hartze handia izan zuen Elba ibaiaren ertzetan bizi ziren eslaviarren kolonizazio germaniarrean.
Hansa hiria
1035. urtean merkataritzarako eskubideak jaso zituen, Magdeburgeko eskubideak izenez ezagutzen direnak eta XIII. mendean Hansa Ligan sartu zen. Ordurako 20.000 biztanle zituen, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko hiri handienetakoa zen. Elba ibaiari esker, Ipar Itsasoko herriekin harreman komertzialak eratu zituen, batez ere Flandriarekin.
Erreforma protestantea
Martin Lutherrek hitzaldia eman zuen Magdeburgen eta herriak erreforma onartu zuen 1524 urtean eta Karlos V.aren aurkako borrokan murgildu zen. 1550-51. urtean enperadorearen soldaduen setioa gainditu zuen eta protestantismoaren gotorleku nagusi bihurtu zen. Lutherren idatziak inprimatu zituen lehenengo hiri handia bihurtu zen gainera. Matthias Flacius istriarrak ere bertan argitaratu zuen katolizismoaren aurkako panfleto famatua, zeinetan Erromatar Eliza Katolikoa "anti-kristoaren erresuma" zela esaten zuen.
Hogeita Hamar Urteko Gerran behin baino gehiagotan setiatu zuten. 1631. urtean Tillyko kondeak hartu eta erre egin zuen hiria (20.000 pertsona hil ziren). Gerraren ondoren 400 biztanle baino ez ziren gelditu Magdeburgen. 1680an Brandenburgeko Marka izenekoaren barruan sartu zen, Westfaliako Bakearen ondoren. 1806an frantziarrek hartu zuten, eta Westfaliako erresuma berriaren parte egin zuten, 1813ra arte. 1814an Prusiaren mende geratu zen, Saxoniako probintziaren barruan.
XX mendea
Bigarren Mundu Gerran britainiar aire armadak gogor bonbakatu zuen 1994ko urtarrilaren 16an. Gerra bukatzerakoan hiriak 340.000 biztanle zituen eta sobietarren okupazio eremuan gelditu zen, Ekialdeko Alemanian. Gerra aurreko eraikin gehienak eraitsi ziren, katedralaren inguruko hainbat etxe baino mantendu ez zirelarik. Alemania biak bateratzean Saxonia-Anhalt estatuaren hiriburu bihurtu zen.
Ondasun nabarmenak
- Magdeburgeko katedrala (Magdeburger Dom): San Maurizio abade-etxearen gainean eraiki zen 1209 eta 1520 artean. Ehun metroko altuera duten dorreekin Alemaniako katedral garaienetako bat da. Katedral gotikoa da.
- Udaletxea (Rathaus): XIII mendean merkatua egiten zen lekuan eraiki zen 1698an udaletxea pizkundeko estilora.
- Saxonia-Anhlateko Lantag: Germaniako Erromatar Inperio Santuko dieta biltzen zen eraikina da. 1724ko fatxada barrokoa dauka.
- Magdeburgeko urezko zubia (Wasserstraßenkreuz): Europako ur bidezko zubirik luzeena dago Magdeburgen. 2003an eraiki zuten eta ia kilometro bateko luzera du.
Ekonomia
Garrantzi handiko ibai-portua da, Elba ibaian, Alemania barneko ubide sarearekin loturik. Meatzaritzako gune aberats baten erdian dago, eta ondorioz industriak indar handia du, metalurgiak batez ere. Horrez gainera, industrian garrantzia dute kimikak, ehungintzak (kotoia), oinetakogintzak eta garagardogintzak. Erregaiak ere egiten dira.
Kirolak
Magdeburgeko kirol nagusia eskubaloia da. SC Magdeburgek Ekialdeko Alemaniako Eskubaloi Liga hamar aldiz eta beste behin Bundesliga irabazteaz gain Europako Txapelketan hiru aldiz izan da txapeldun.
Futbolean berriz 1. FC Magdeburgek 1974ean Europako Futbol Errekopa irabazi zuen.
Musika
- Georg Philipp Telemann (1681-1767), musikagilea eta organista bertan jaio zen.
- Tokio Hotel mundu mailan ezaguna den pop rock taldea bertan sortu zen 2001 urtean Devilish izenarekin, eta 2003an hartu zuen gaur egungo izena.
Magdeburgeko esperientzia
Otto von Guericke alemaniar fisikariak 1654an, garai hartan Alemaniako enperadorea zen Fernando III.a Habsburgokoaren eta Ratisbonako dietaren aurrean, Magdeburgeko Hemisferioak erabiliz eginiko hutsari buruzko esperimentu ospetsu bat burutu zuen. 1993an sortu zen Unibertsitateak Otto von Guerickeren izena darama.
Hiri senidetuak
Magdeburg ondorengo hiriekin senidetuta dago:
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Demografia
Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Kanpo estekak
- (Alemanez)(Ingelesez)(Frantsesez)(Gaztelaniaz) Magdeburgeko web gune ofiziala