Madril
Madril[1][2] (gaztelaniaz eta ofizialki: Madrid, maˈðɾið ahoskatua) Espainiako eta Madrilgo Erkidegoko hiriburua eta hiri nagusia da, Iberiar penintsularen erdialdean dagoena. 2011ko biztanle-erroldaren arabera 3.293.601 biztanle ditu[3] (6.543.031 Madrilgo metropolitar gune osoan). Horrenbestez, Europar Batasuneko hirugarren metropoli-barrutirik handiena osatzen du.[4][5]
Espainiako Gobernuaren eta Gorteen egoitza da, baita Administrazio Zentralaren eta Estatuaren erakundeen bilgunea ere. Ekonomian, finantza eta industria gune garrantzitsua da, Espainiako eta nazioarteko enpresa askoren egoitza baita. Espainiari dagokionez, berebiziko garrantzia du kultur arloan, bertan baitaude Pradoko Museoa, Thyssen-Bornemisza eta Reina Sofía museoak.[6]
Geografia
Kokapena
Madril Iberiar Penintsulako erdialdean dago, Cerro de los Ángeles muino lekukotik kilometro gutxitara. Hiriko koordenadak 40°26′N 3°41′W dira eta batez besteko altuera 667 metrokoa denez, Europako hiriburu altuenetariko bat da.
Geografiaz eta meteorologiaz, Iberiar goi-lautadako hegoaldean dago, Guadarramako mendilerrotik kilometro batzuk hegoalderantz.
Hidrografia
Hidrografikoki, Tajoaren arroan dago. Hiriko ibai nagusia Manzanares da, El Pardo inguruan izen bereko urtegian Madrilen sartzen dena. Ibai horren zenbait ibai-adarrek ere hiria zeharkatzen dute, Meaques edo Leganitos tartean. Gainera, Jaramaren ibai-adar Moraleja, De la Vega, Valdelamasa edo Viñuelas errekek edo Guadarramaren ibai-adar Cedrón errekak udalerria ere zeharkatzen dute.
Klima
Madrilgo klimak klima kontinental eta klima mediterraneo nahasten ditu, hiriko ezaugarrien eragina jasan ondoren. Bataz besteko tenperatura 14,5 °C-koa da.
Neguak hotzak dira, bataz besteko tenperatura 4-5 °C-koa, sarritan izozteak dituztenak. Udak, berriz, beroak dira eta bataz besteko tenperatura 24 °C-koa izanik, nahiz eta batzutan 35 °C-koak baino altuagoak ere izan. Oszilazio termikoa handiagoa da periferian erdialdean baino, gizakien eragina zela eta. Urtean 400 mm-ko baino prezipitazio handiagoak dituzte, ekainetik irailera hilabete lehorragoak izanik.[7]
Datu klimatikoak (Madril, Retiroko lorategiak) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 9.7 | 12.0 | 15.7 | 17.5 | 21.4 | 26.9 | 31.2 | 30.7 | 26.0 | 19.0 | 13.4 | 10.1 | 19.4 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 6.2 | 7.9 | 10.7 | 12.4 | 16.1 | 21.0 | 24.8 | 24.5 | 20.5 | 14.6 | 9.7 | 7.0 | 14.6 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 2.6 | 3.7 | 5.6 | 7.2 | 10.7 | 15.1 | 18.4 | 18.2 | 15.0 | 10.2 | 6.0 | 3.8 | 9.7 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 37 | 35 | 26 | 47 | 52 | 25 | 15 | 10 | 28 | 49 | 56 | 56 | 436 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 6 | 6 | 5 | 7 | 8 | 4 | 2 | 2 | 3 | 6 | 6 | 7 | 63 |
Eguzki orduak | 148 | 157 | 214 | 231 | 272 | 310 | 359 | 335 | 261 | 198 | 157 | 124 | 2769 |
Iturria: Agencia Estatal de Meteorología[8] |
Datu klimatikoak (Madril-Barajas aireportua, hiriaren erdigunetik 9 kilometrora) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 10.6 | 12.9 | 16.3 | 18.0 | 22.3 | 28.2 | 33.0 | 32.4 | 27.6 | 20.6 | 14.7 | 11.0 | 20.6 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 5.4 | 7.2 | 9.8 | 11.7 | 15.6 | 20.7 | 24.5 | 24.2 | 20.2 | 14.4 | 9.2 | 6.4 | 14.1 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 0.3 | 1.5 | 3.2 | 5.4 | 8.4 | 13.0 | 16.1 | 16.0 | 12.7 | 8.3 | 3.8 | 1.8 | 7.6 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 33 | 34 | 23 | 39 | 47 | 26 | 11 | 12 | 24 | 39 | 48 | 48 | 386 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 6 | 5 | 4 | 6 | 7 | 4 | 2 | 2 | 3 | 6 | 6 | 7 | 58 |
Eguzki orduak | 140 | 164 | 221 | 219 | 256 | 299 | 344 | 328 | 252 | 198 | 155 | 115 | 2658 |
Iturria: Agencia Estatal de Meteorología[9] |
Historia
Hiriaren jatorria zehatzeke dago, hilobi bisigodoak eta aurreerromatar aztarnategiak (zeltar carpetani) topatu dituztelako. Madrilgo hiria musulmanek sortu zuten IX. mendean (arabieraz: مجريط Maǧrīţ), Matrice izeneko vicus bisigodoa zegoen tokian.[10][11] Mohamed I.a emirrak ibaiaren ondoan (egun Madrilgo Errege Jauregia hantxe dago) gotorleku bat eraiki zuen, Guadarramako mendilerroa babesteko eta iparraldeko erresumetara zihoazen razziek geltokia izan zezaten.[12] 1023 eta 1030 artean, Maǧrīţ Santaverreko Banu Dhi l-Nun leinuaren eskuetan zegoen, Toledoko taifa gobernatzen zuena.
1083an Alfontso VI.a Leon eta Gaztelakoak hiria konkistatu zuen. 1123an hiribildu izendatu zuten eta kontzeju bilakatu zen (Comunidad de Villa y Tierra). 1188an lehendabizikoz Gaztelako Gorteetan parte hartu zuen eta 1202an Alfontso VIII.ak lehenengo forua eman zion.
1520an Karlos I.a iritsi baino lehen, Gaztelako Komunitateen Gerran, Juan de Zapatak zuzendua komuneroen alde egin zuen[13] baina, Villalarreko gudua eta gero, erregearen gudarosteek hartu zuten. Filipe II.ak aukeratu zuen Gorteen egoitza izateko 1561ean. Orduz geroztik, bere horretan segitu du, 1601. eta 1606. urteen arteko epe laburrean izan ezik, Valladolida aldatu baitzuten orduan hiriburutza. Bestalde, Gerra Zibilean zehar, Espainiako gobernua Valentziara aldatu zen lehenengo, eta Bartzelonara ondoren. Hala ere, gerra bukatu zenean Madrilek hartu zuen berriz lekukoa, eta horrela mantendu da gaur egun arte.
Madrilgo hitzarmenak 1616an egin ziren lehen aldiz. Espainiako Karlos V.aren eta Frantziako Frantzisko I.aren arteko hitzarmena izan zen (1616ko urtarrilaren 14). Frantziako erregea Espainiako enperadorearen eskuetan zegoen Madrilen, Paviako borrokaren ondoren. Hitzarmen honen bidez Frantziako erregeak Burgundiako dukerria emango zuela, Italiari eta Flandesko Jaurgoari buruz zituen asmoak baztertuko zituela eta Leonorrekin, Karlos V.aren arrebarekin, ezkonduko zela agindu zuen. Hala ere, askatu zutenean ez zituen akordioak onartu eta hitzarmena indarrik gabe geratu zen.
Madrilgo bigarren hitzarmenak 1621ean egin ziren. Espainiako Gortearen eta Frantziako eta Vatikanoko ordezkarien artean sinatutako akordioa. Hitzarmen horren bidez Grisoietako Errepublika Valtelina izenekoaz jabetu zen berriro (1621eko apirilaren 26). Ez zen bete hitzarmen honetan erabakitakoa.
Hiriburu bilakatu zenetik, Madrilgo biztanleriak hasi eta hasi egin du eta 1625ean harresiak bota zituzten, jadanik gaindituak zituztelako. Espainiako Ondorengotza Gerran Filipe V.aren hiriburua izan zen eta, austriarren aldekoek bitan hartu zuten, 1706an eta 1710ean hain zuzen ere.[14]
1721ean, Madrilgo azken hitzarmena gertatu zen. Espainiaren, Frantziaren eta Ingalaterraren artean egindako hitzarmena, Utrecht, Baden eta Londreseko hitzarmenak bateratzen zituena. Hitzarmen honen asmoa Espainiaren eta Erresuma Batuko Inperioaren arteko arazoak konpontzea zen.
Borboitarrek Erdi Aroko hiria berreraiki zuten eta Francesco Sabatini, Ventura Rodríguez edo Juan de Villanueva bezalako arkitektoei esker, 1755erako Karlos III.ak europar hiriburu neoklasikoa zuen. Madrildarrek, berriz, ez ziren kontent eta 1766an Esquilacheren aurkako matxinada piztu zen.
Borboitarrek artisautza babestu zuten, XIX. mendearen erditik aurrera industria bilakatu eta Espainiako ekonomiaren eragile bihurtu zen (kimika, metalurgia, elektronika, farmazeutikoa). Hala ere, XX. mendearen hasieran Madril hiri modernoarena baino herri txikiaren irudia zuen. Lehenengo herenean biztanleria bikoiztu eta 950.000 biztanle izatera ailegatu zen. Las Ventas, Tetuán edo El Carmen bezalako aldiri berriak langileen etxeez bete ziren, erdi-mailako klaserako zabalgune bat eraiki zuten bitartean.[15]
Espainiako Bigarren Errepublika Puerta del Solen aldarrikatu zuten eta Gerra Zibila piztean legitimitatearen alde egin zuen. Hori zela eta, 1936 eta 1939 artean setioa jasan zuen.[16] Frankismoan barneko immigrazioak hiriaren biztanleria handitu zuen eta txabolismoa sortu.
1983an Madrilgo Erkidegoa sortu zutenean, haren hiriburu izendatu zuten. Harrezkero, hiriak bere etengabeko hazkunde ekonomikoari ekin zion baina une latzak ere jasan zituen: 2004an Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan egindako eraso terroristak izan ziren, Espainia eta Europako historian handienak izan zirenak. Komando islamista batek ia 200 hildako eta 2.000tik gora zauritu eragin zituen.[17]
Demografia
Biztanleria
1897 - 2005 Bilakaera | |||
---|---|---|---|
Urtea | Udalerria | Probintzia | Portzentaia |
1897 | 542.739 | 730.807 | 74,27 |
1900 | 575.675 | 773.011 | 74,47 |
1910 | 614.322 | 831.254 | 73,90 |
1920 | 823.711 | 1.048.908 | 78,53 |
1930 | 1.041.767 | 1.290.445 | 80,73 |
1940 | 1.322.835 | 1.574.134 | 84,04 |
1950 | 1.553.338 | 1.823.418 | 85,19 |
1960 | 2.177.123 | 2.510.217 | 86,73 |
1965 | 2.793.510 | 3.278.068 | 85,22 |
1970 | 3.120.941 | 3.761.348 | 82,97 |
1975 | 3.228.057 | 4.319.904 | 74,73 |
1981 | 3.158.818 | 4.686.895 | 67,40 |
1986 | 3.058.812 | 4.780.572 | 63,98 |
1991 | 3.010.492 | 4.647.555 | 64,78 |
1996 | 2.866.850 | 5.022.289 | 57,08 |
2001 | 2.938.723 | 5.423.384 | 54,19 |
2004 | 3.099.834 | 5.804.829 | 53,40 |
2005 | 3.155.359 | 5.964.143 | 52,90 |
Madrilgo biztanleriak gorakada nabarmena izan du hiriburu izendatu zutenetik. Hazkunde horrek izandako garairik aipagarriena 1940. eta 1970. urte bitartekoa izan zen, barne-immigrazioaren gorakadaren ondorioz. 1970eko hamarkadaren ondoren, ordea, hazkunde horrek behera egin zuen, biztanleria jaisten ere hasi zela, baina 1995. urteaz geroztik berriro ere hazten ari da, oraingo honetan kanpo-immigrazioaren ondorioz.
Datu publikoen arabera, 3.155.359 biztanle zituen hiriak 2005eko uztailaren 1ean eta 2001ean, berriz, 2.938.723 zituen.
Jaiotzak
2004. urtean 32.851 jaiotza izan ziren hirian, aurreko urtean baino gehiago. Azken urteotan jaiotza kopuruak joera gorakor etengabea izan du, jaiotza tasa 10,38ra iritsi da.
Heriotzak
2004. urtean 26.527 heriotza izan ziren hirian, 2003an baino gehixeago, baina 2000, 2001 eta 2002an baino gutxiago. Heriotza tasa 8,38koa da, azken urteetan baino baxuagoa.
Immigrazioa
Espainiako hiriburua izanda, Madrila Penintsulako leku guztietatik ailegatu ziren, tartean euskaldun asko. Euskaldunek Madrilgo Euskal Etxea eratu zuten, Jovellanos kalearen 3.ean dagoena.[18]
Espainiarrek biztanleriaren % 83,8a osatzen dute, latinamerikarrak, 2007an europarrak, asiarrak, iparamerikarrak eta afrikarrak % 16,2a izanik.[19]
Hona hemen etorkin gehien dituzten hamar herrialdeak: Ekuador: 104.184, Errumania: 52.875, Bolivia: 44.044, Kolonbia: 35.971, Peru: 35.083, Txina: 34.666, Maroko: 32.498, Dominikar Errepublika: 19.602, Brasil: 14.583 eta Paraguai: 14.308. Badaude filipinar, ginea-ekuatortar, bulgariar, indiar, italiar, argentinar, senegaldar eta poloniar asko ere.[19]
Etorkin gehien dituzten barrutiak honakoak dira: Centro (% 27,22), Tetuán (% 19,58), Carabanchel (% 17,34) eta Usera (% 16,29). Immigrazio gutxien dutenak, ordea, honako hauek dira: Moratalaz (% 7,63), Fuencarral-El Pardo (% 8,43), Retiro (% 8,75) eta Hortaleza (% 8,84).
Antolaketa politiko-administratiboa
Madrilgo Udalak zuzentzen du hiria. Udaleko arduradunak lau urtean behin aukeratzen dira, 18 urtetik gorako biztanle guztien botoekin. 2015tik hona, Manuela Carmena izan da hiriburuko alkate.
Hiria 21 barrutitan dago zatituta, eta horiek auzoetan antolatuta daude. Barruti bakoitza "Barrutiko Udal Batzordea" deituriko organoak administratzen du, hiritarren parte-hartzea bideratzea helburu duena. Madrilen azken zatiketa administratiboa 1988koa da, eta honako barruti eta auzo hauetan banatzen du hiria:
- Centro: Palacio, Embajadores, Cortes, Justicia, Universidad, Sol.
- Arganzuela: Imperial, Acacias, Chopera, Legazpi, Delicias, Palos de Moguer, Atocha.
- Retiro: Pacífico, Adelfas, Estrella, Ibiza, Jerónimos, Niño Jesús.
- Salamanca: Recoletos, Goya, Fuente del Berro, Guindalera, Lista, Castellana.
- Chamartín: El Viso, Prosperidad, Ciudad Jardín, Hispanoamérica, Nueva España, Castilla.
- Tetuán: Bellas Vistas, Cuatro Caminos, Castillejos, Almenara, Valdeacederas, Berruguete.
- Chamberí: Gaztambide, Arapiles, Trafalgar, Almagro, Vallehermoso, Ríos Rosas.
- Fuencarral-El Pardo: El Pardo, Fuentelarreina, Peñagrande, Barrio del Pilar, La Paz, Valverde, Mirasierra, El Goloso.
- Moncloa-Aravaca: Casa de Campo, Argüelles, Ciudad Universitaria, Valdezarza, Valdemarín, El Plantío, Aravaca.
- Latina: Los Cármenes, Puerta del Ángel, Lucero, Aluche, Las Águilas, Campamento, Cuatro Vientos.
- Carabanchel: Comillas, Opañel, San Isidro, Vista Alegre, Puerta Bonita, Buenavista, Abrantes.
- Usera: Orcasitas, Orcasur, San Fermín, Almendrales, Moscardó, Zofío, Pradolongo.
- Puente de Vallecas: Entrevías, San Diego, Palomeras Bajas, Palomeras Sureste, Portazgo, Numancia.
- Moratalaz: Pavones, Horcajo, Marroquina, Media Legua, Fontarrón, Vinateros.
- Ciudad Lineal: Ventas, Pueblo Nuevo, Quintana, La Concepción, San Pascual, San Juan Bautista, Colina, Atalaya, Costillares.
- Hortaleza: Palomas, Valdefuentes, Canillas, Pinar del Rey, Apóstol Santiago, Piovera.
- Villaverde: San Andrés, San Cristóbal, Butarque, Los Rosales, Los Ángeles.
- Villa de Vallecas: Casco Histórico de Vallecas, Santa Eugenia.
- Vicálvaro: Casco Histórico de Vicálvaro, Ambroz.
- San Blas: Simancas, Hellín, Amposta, Arcos, Rosas, Rejas, Canillejas, Salvador.
- Barajas: Alameda de Osuna, Aeropuerto, Casco Histórico de Barajas, Timón, Corralejos.
Metropoli eremua
Madrilgo metropoli eremua Madril hiriaz eta inguruko berrogei udalerriez osatuta dago. 6.271 milioi laguneko biztanleria[20] eta 4.609,7 km² azalera ditu. Espainiako metropoli eremurik handiena eta, Londres eta Parisen ondoren, Europar Batasuneko hirugarrena.[21][22][23][24]
Mota horretako metropoli eremu asko bezala, Madrilgo metropoli eremua bi gunetan banatu ohi da:
- Barnealdeko eraztuna (primera corona): Alcorcón, Leganés, Getafe, Móstoles, Fuenlabrada, Coslada, Alcobendas, Pozuelo de Alarcón, San Fernando de Henares.
- Kanpoaldeko eraztuna (segunda corona): Villaviciosa de Odón, Parla, Pinto, Valdemoro, Rivas-Vaciamadrid, Torrejón de Ardoz, Alcalá de Henares, San Sebastián de los Reyes, Tres Cantos, Las Rozas de Madrid, Majadahonda, Boadilla del Monte.
Aldiririk jendetsuenak hegoaldean daude, normalean Madriletik ateratzen diren errepideen ondoan.
(km²) |
(bizt.) |
(bizt./km²) | |
---|---|---|---|
Madril – Majadahonda | 996,1 | 3.580.828 | 3.595 |
Móstoles – Alcorcón | 315,1 | 430.349 | 1.365,6 |
Fuenlabrada – Leganés – Getafe – Parla – Pinto – Valdemoro | 931,7 | 822.806 | 883,1 |
Alcobendas | 266,4 | 205.905 | 772,9 |
Arganda del Rey – Rivas-Vaciamadrid | 343,6 | 115.344 | 335,7 |
Alcalá de Henares – Torrejón de Ardoz | 514,6 | 360.380 | 700,3 |
Colmenar Viejo – Tres Cantos | 419,1 | 104.650 | 249,7 |
Collado Villalba | 823,1 | 222.769 | 270,6 |
Madrigo metropoli eremua | 4.609,7 | 5.843.031 | 1.267,6 |
Kultura
Museoak
Madrilek museo garrantzitsuak ditu, hiriko gune-turistiko nagusiak direnak. Ezagunenak artearen hirukia osatzen duten hiru museoak dira:
- Pradoko Museoa: Espainiako margolan museo garrantzitsuena da eta Europako nagusienetarikoa. XX. mende aurreko pinturan espezializatua da, batez ere margolan italiar, espainiar eta flamenkoan. Bertan dauden bilduma inportanteenak Velázquez, Goya, El Greco edo Van der Weyden margolarienak dira. Margoen artean, nabarmenenak Las Meninas, La Fragua de Vulcano, El Descendimiento... edota Bosco-ren El jardín de las delicias aipa daitezke.
- Thyssen-Bornemisza Museoa: munduko arte-bilduma pribatu handienetarikoa da. Kronologikoki antolatuta daude bildumok, Pizkundean hasi eta XX. mendean amaituta. Bigarren solairuan, Pizkundea, Klasizismoa eta Quattrocentoan zehar ibilbide bat egiten da bertan, eta Europako margolari garrantzitsuenei dedikatutako galeria bat ere badago. Honako artista hauek lanekin: Tiziano, Tintoretto, El Greco, Durero eta Jan Van Eyck, besteak beste. Beheko solairuan, XX. mendeko artelanak biltzen dira, kubismotik Pop Art mugimendura, Picassoren eta bera bezalako beste artista nagusien obrak haien artean.
- Reina Sofía Museoa: XX. mendeko arte espainiarraren museo nazionala da. Pablo Picasso eta Salvador Dalí bezalako artisten bildumak ditu, Picassoren Gernika lanik ezagunena delarik. Joan Miró, Julio González, Eduardo Chillida, Pablo Palazuelo, Antoni Tàpies, Pablo Gargallo, Lucio Muñoz, Luis Gordillo edo Jorge Oteiza artisten lanak ere aurki daitezke museo honetan.
Monumentuak
Parkeak
Madril biztanle bakoitzeko gune berde gehien duen Europako hirietako bat da (70 metro koadro). Horien artean ezagunenak hauexek dira:
- Parque del Buen Retiro: hiriaren erdialdean kokatuta dago, eta 118 hektareako azalera du.
- Casa de Campo: Moncloa-Aravacako barrutian kokatuta dago, eta hiriko parkerik handiena da, 1.722,60 hektarea baititu.
- Parque del Oeste.
- Parque del Capricho.
- Real Jardín Botánico.
- Parque Juan Carlos I.
- Dehesa de la Villa.
- Parque de Enrique Tierno Galván.
Etxe-orratzak
Hauek dira Madrilgo hirian dauden etxe orratz garaienak:
Sailkapena | Eraikina | garaiera | Solairu kopurua | Inaugurazio urtea |
---|---|---|---|---|
1 | Torre Caja Madrid | 250 m | 45 | 2009 |
2 | Torre de Cristal | 249 m | 45 | 2008 |
3 | Torre Sacyr Vallehermoso | 236 m | 52 | 2008 |
4 | Torre Espacio | 236 m | 53 | 2007 |
5 | Torrespaña | 231 m | 4 eta zutoina | 1982 |
6 | Torre Picasso | 157 m | 43 | 1988 |
7 | Torre de Madrid | 142 m | 34 | 1957 |
8 | Torre Europa | 121 m | 35 | 1985 |
9 | Edificio España | 117 m | 25 | 1953 |
10 | Puerta de Europa I eta II | 114 m | 26 | 1996 |
Klasikoa
Espainiako Orkestra Nazionalak hiri horretan dauka egoitza nagusia. Bestela, aipatzekoak dira Madrilgo Errege Antzokia eta Madrilgo Auditorio Nazionala aretoak.
Pop-rock
1980ko hamarkadan mugimendu "kontra-kulturala" sortu zen Espainiako hiriburuan, irratsaio batzuk bultzatuta eta telebistan "La bola de cristal" saioa ikur nagusitzat zeukana. Nacha Pop, Alaska y los Pegamoides, Radio Futura, Los Secretos, Gabinete Caligari, Tequila eta Ramoncín nabarmendu ziren musika arloan, baina mugimenduak zinema, literatura, komikiak eta fanzineak ere barne hartu zituen. Enrique Tierno Galván alkatearen sasoiarekin bat egin zuen, eta honek nolabait mugimendua sostengatu egin zuen.
Gastronomia
Hiriburuko gastronomia tradizionala Espainiako gastronomiaren barnean, eta batez ere, Gaztelako gastronomiaren barnean sailkatu dezakegu, nahiz eta Filipe II.aren Gortearen garaiko plater berezi batzuk mantendu: eltzeko Madrilgo erara, tripakiak Madrilgo erara, baratxuri-zopa, barrukiak orotara edo erroskilla tontas y listas, santu-hezurrak edo ogi-torrada bezalako azken burukoak.
Madrilgo sukaldaritzaren usain gozoa frijituarena da: txurroak, patata-arrautzopila, txibi-ogitartekoak edo patata bravak kalean erosi eta jaten dituzte. Hala ere, egun sarritan janari lasterreko jatetxeak edo kebabak ikusiko ditugu[25] eta baita etorkinek ekarritako txinatar, ekuadortar edo errumaniar platerak ere.
Jaiegunak
Hona hemen Madrilgo jaiegun eta verbena jendetsuenak:[26]
- Urtarrilaren 17: San Antonio Abad, San Anton elizaren inguruan.
- Martxo edo apirila: Aste Santua (prozesio eta pausoak).
- Maiatzaren 1: Santiago el Verde, XVIII. mendearen hasieran desagertu zena.
- Maiatzaren lehenengo igandea: las Mayas.
- Maiatzaren 15: San Isidro Nekazaria, hiriko zaindaria dena.
- Ekainaren hasieran: Corpus Christi
- Ekainaren 13: San Antonioren verbena.
- Uztailaren 16: Karmengo Ama Birjina, Puente de Vallecas eta Chamberíko zaindaria.
- Abuztuaren 7: San Cayetano, Cascorroko zaindaria.
- Abuztuaren 10: San Lorenzo, Lavapiésko zaindaria.
- Abuztuaren 15: Palomaren Ama Birjina, Centro eta Arganzuelako zaindaria.
- Irailaren 8: Melonera, Arganzuelan.
- Irailaren 9: María de la Cabeza.
- Urriaren 12: Pilareko Ama Birjina, Salamanca eta El Pilarreko zaindaria.
- Azaroaren 9: Almudenaren Ama Birjina, Madrilgo zaindaria.
Artea
Austriarrak aginpidean izan ziren garaiaren aurretik ez zen izan Madrilen monumentu edo artelan aipagarririk. Filipe III.ak, Madril hiri handi bihurtzeko asmoz, Plaza Mayor izenekoa eraikitzea agindu zuen (1617an hasia, Gómez de Moraren zuzendaritzapean). Plaza hori lauki zuzena da, eta hiru solairuko etxeek inguratzen dute.
XVIII. mendeko eraikuntzarik azpimarragarriena Palacio Real edo Palacio de Oriente da. G. Sachetti italiar arkitektoak egin zuen, Filipe V.aren aginduz; aipagarriak dira eskailera eta elipse formako oin planoa duen kapera. Beste eraikuntza nagusi bat San Francisco el Grande izeneko eliza da (1784), Goyaren eta Zurbaránen koadroekin.
San Antonio de la Florida Madrilgo monumentu azpimarragarriena da, Goya margolariak hango hormetan margoturiko freskoei esker. Karlos III.aren aginduz eraiki zen Museo del Prado ezaguna, Juan de Villanuevaren lana, estilo neoklasikokoa. Gaur egungo arkitekturak eman dituen lanen artean Zarzuelako Hipodromoa aipa daiteke (E. Torroja, 1935).
Ekonomia
2003an Madrilgo barne produktu gordina 79.785.000.000 €-koa zen, Espainiako osoko % 10a zena. Sektore ekonomiko nagusia hirugarrena da, hiriko ekonomiaren % 85,09a dena. Honen barruan finantza-zerbitzuak (BPGren % 31,91a) eta merkatal-zerbitzuak (BPGren % 31,84a) nagusiak dira. Industriak % 8,96a eta eraikuntzak %5,93a osatzen dute. Nekazaritza, berriz, hondarrekoa da, apenas BPGren % 0,03a izanik.
Madril Espainiako enpresa-gunerik inportanteena da: 2008an, Espainiako 2.000 enpresa handienen % 72ak Madrilen zuen bere egoitza.[27] Egun, Espainiako 5.000 enpresa nagusien diru-sarreren % 50,1a Madrilen egoitza duten enpresak izaten dituzte, nahiz eta % 31,8a baino ez direlako.[28]
Erakustazokak antolatzen ere Espainiako hiririk nagusiena da,[29] eta baita Europa mailan ere.[30] IFEMA erakundeak FITUR, Madrid Fusión, ARCO, SIMO TCI, Automobil Azoka edo Cibeles Madrid Fashion Week antolatzen ditu.[31]
Garraioak
Autobideak
Madrilgo autobide nagusiek ibilbide erradiala dute.
Garrantzitsuenak honako hauek dira:
- A-1: Madril – Aranda de Duero – Burgos – Miranda Ebro – Gasteiz – Donostia;
- A-2: Madril – Guadalajara – Zaragoza – Lleida – Bartzelona;
- A-3: Madril – Valentzia;
- A-4: Madril – Kordoba – Sevilla – Jerez de la Frontera – Cádiz;
- A-5: Madril – Talavera de la Reina – Mérida – Badajoz – Portugalgo muga;
- A-6: Madril – Arévalo – Tordesillas – Benavente – Ponferrada – Lugo – A Coruña.
Madrilgo hiriak, gainera, inguratzen dituen errepideak ere baditu. Hauek hiriko eta gune metropolitarreko leku ezberdinen artean garraiatzea ahalbidetzen dute, hiri barrutik pasatu beharrik gabe.
Honako hauek dira:
Metroa
Madrilgo metro-sarea Europako handienetakoa da, Londreskoaren eta Pariskoaren atzetik, betiere.
Metro-sarea 226.729 km luze da, eta 13 lineak osatzen dute (12 linea + adar bat). Horietatik bederatzi, Madrilgo udalerrian bertan daude osorik; hiru, udalerritik kanpo ibiltzen dira zati batean; eta beste linea bat osorik dabil Madrilgo hiritik kanpo. 238 geltoki ditu metroak, eta horien artean 151 dira bakunak, 26 bikoitzak, 10 hirukoitzak, eta bat laukoitza (Avenida de América). Horrez gain, hiru tranbia linea ditu, Metro Ligero (metro arina) izenekoak, bai eta Renfe Aldirikoak zerbitzuarekin lotunea duten 19 geraleku ere.
2000ko ekainean, Metro Sur izeneko linea jarri zen abian. Linea horren helburua da Madril hiria eta erkidegoko hegoaldeko hiriak lotzea. Ibilbide zirkularra du, Móstoles, Leganés, Fuenlabrada edota Getafe udalerriak haien artean eta hiriburuarekin batera lotzeko. Milioi bat biztanleri eskaintzen die zerbitzu eraginkor, arin eta ekologikoa Metro Surrek.
Datozen urteotan, Madrilgo metroa izugarri handitzeko asmoa dago, hiriburuko biztanle guztiek etxetik hurbil metro-geltokia izan dezaten.
Trenak
Renfe Operadora eta Adif dira Madrildik igarotzen diren tren guztiez arduratzen diren enpresak. Geltokirik garrantzitsuenak Madrid-Atocha geltokia eta Madrid-Chamartín geltokia dira, Merkantzien garraiorako, ordea, Vicalvaroko geltokia da ezagunena.
Autobusak
Hiri barruko autobusen kudeaketaz CTM eta EMT arduratzen dira, guztira 2.000 auto eta 194 linea dituelarik. Ibilbide luzeko autobusentzako geltokirik garrantzitsuenak Avenida de America eta Mendez Alvarokoa dira.
Hegazkinak
Madrilgo aireportu nagusia Madril-Barajas aireportua da (IATA: MAD, OACI: LEMD), hiriaren ipar-ekialdean dagoena, erdialdetik 12 kilometrora. 1928an hasi zen zerbitzua eskaintzen, ofizialki 1931n inauguratu zen arren.
Bigarren mailako aireportu bat ere badu Madrilek, Cuatro Vientoskoa, nagusiki erabilera militarra duena.
Hedabideak
Espainiako hedabide nagusien egoitzak Madril inguruan daude. Telebisten artean, Televisión Españolak Pozuelo de Alarcónen, Antena 3ek eta LaSextak San Sebastián de los Reyesen eta Telecincok Fuencarral auzoan eta irrati nagusiak (Radio Nacional de España, SER edo COPE) ere bai.
Egunkari orokor nagusien artean "ABC", "El Mundo", "El País" eta "La Razón" nagusitzen dira, eta kirol egunkarien artean, "As" eta "Marca".
Kirola
Madrilgo futbol talderik ezagunena Real Madrid da: munduan talderik ospetsuenetako bat da eta 9 Txapeldunen Liga irabazi ditu. Arerio nagusia Atlético Madrid du. 1982an, Santiago Bernabeu estadioan 1982ko Munduko Futbol Txapelketaren finalaren egoitza izen zen. Rayo Vallecano eta Getafe CF eskualdeko taldeak Espainiako Ligako lehen mailan ere aritzen dira.
Espainiako saskibaloi ligako (ACB Liga) bi talde ere baditu: Real Madrid Baloncesto eta Estudiantes, hainbat titulu lortu dituztenak.
Tenisean Mutua Madrileña Madrid Open txapelketaren egoitza da, ATP World Tour Masters 1000 txapelketarako baliagarria dena. Formula 1eko HRT F1 Team ere bertan du bere egoitza, Jaramako zirkuitua gertu izanik. Urtero Espainiako Vuelta bertan du amaiera, Parisen Frantziako Tourra amaitzen den moduan.
Historian 1972, 2012 eta 2016ko Udako Olinpiar Jokoetarako bere hautagaitza prestatu arren, ez du inoiz lortu. 2011n, 2020ko Udako Olinpiar Jokoetarako ere hautagaia izango dela esan zuten.[32]
Klub | Liga | Kirol | Estadio | Sorrera | Edukiera |
---|---|---|---|---|---|
Real Madrid | BBVA Liga | Futbola | Santiago Bernabéu | 1902 | 85.454 |
Atlético de Madrid | BBVA Liga | Futbola | Vicente Calderón | 1903 | 54.851 |
Rayo Vallecano | BBVA Liga | Futbola | Estadio de Vallecas | 1924 | 15.500 |
Real Madrid Castilla | Adelante Liga | Futbola | Alfredo di Stéfano | 1930 | 6.000 |
Real Madrid Baloncesto | ACB | Saskibaloia | Palacio de Deportes de Madrid | 1932 | 16.000 |
Club Baloncesto Estudiantes | ACB | Saskibaloia | Palacio de Deportes de Madrid | 1948 | 16.000 |
BM Atlético Madrid | ASOBAL | Eskubaloia | Palacio Vistalegre | 2011 | 15.000 |
Madrildar ezagunak
Espainiako hiriburuan jaiotako pertsona ezagunen artean Gregorio Marañón medikua, Lope de Vega, Calderón de la Barca eta José Echegaray idazleak, Plácido Domingo tenorea, Joaquín Sabina abeslaria ditugu, besteak beste.
Herri eta hiri senidetuak
Madril ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
Madril Iberoamerikako Hiriburu Hirien Batasunaren (gaztelaniaz: Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas – UCCI) (portugesez: União de Cidades Capitais Ibero-americanas) partaide da, 1982ko urriaren 12tik, jarraian agertzen diren hiriekin senidetarsun erlazioak hasiz: [35]
|
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- Euskaltzaindia. (2006-10-27). Espainiako Erresumako Autonomia-Erkidegoen, Probintzien eta Probintzia-Hiriburuen izenak. .
- Instituto nacional de Estadística. .
- Wendell Cox. World Urban Areas: Population & Density. .
- Eurostat. (2004). Urban Audit database. .
- The Art News Paper. (2012). TOTAL ART MUSEUM NUMBERS. .
- AEMET: Madrid, Madrid-Aeropuerto
- AEMET. Standard Climate Values, Madrid.. .
- AEMET. Standard Climate Values, Madrid Aeropuerto.. .
- El Madrid precristiano. .
- Madrid histórico. Historia de Madrid. .
- Madrid islámico. .
- Comuneros de Castella. .
- Corona Barratech, Carlos E.; Armillas Vicente, José A.. La España de las reformas: hasta el final del reinado de Carlos IV. 2, 254 or..
- www.madrid.es: Un paseo por su historia
- Martínez Reverte, Jorge. (2007). La batalla de Madrid. Colección Booket ISBN 978-84-8432-871-1..
- International Institute for Strategic Studies
- Madrilgo Euskal Etxearen webgunea
- (PDF) Foreign Population in the city of madrid. A study by the Dirección General de Estadística of the municipality of Madrid. .
- Epp.eurostat.ec.europa.eu. (2012-4-2). Eurostat - Tables, Graphs and Maps Interface (TGM) table. .
- Demographia. World Urban Areas: Population & Density. .
- Eurostat, UrbanAudit.org
- Brinkoff, Thomas "Principal Agglomerations of the World"
- United Nations Department of Economic and Social Affairs, World Urbanization Prospects (2007 revision), (NBE, 2008), Table A.12
- «Döner Kebab» El Mundo 2005/07/07.
- Montoliu Camps, Pedro. (1990). Fiestas y Tradiciones Madrileñas. Madril1 argitaletxea= Silex, 189-190 or. ISBN 84-7737-028-1..
- Turismo — Comunidad de Madrid. (2008). Madrid: La tercera mayor ciudad de la Unión Europea. .
- Iberinform.es. (2009). El 50% de los ingresos del ranking 5000 se concentran en Madrid. .
- http://www.elblogsalmon.com. (2005). Historia de la Feria de Madrid (IFEMA). .
- Puchalt Sanchís, Juan. (2007). La actividad ferial en el contexto europeo. .
- www.feriascomerciales.es. (2009). IFEMA — Ferias celebradas. .
- CNN. (2011-7-13). Madrid Bids for 2020 Olympic Games. .
- (Gaztelaniaz) Portal web del Ayuntamiento de Madrid. (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- (Ingelesez) Sister Cities International. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
- (Gaztelaniaz) Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas. (Noiz kontsultatua: 2018-07-26).
Kanpo estekak
- Madrilgo Udalaren webgunea (Gaztelaniaz) (Ingelesez)
- Madrili buruzko entziklopedia askea (Gaztelaniaz)