Maddi Ariztia

Maddi Ariztia (Sara, Lapurdi, 1887ko uztailaren 28a - 1972ko irailaren 1a) euskal idazlea izan zen. Marie Diharassarri zuen berezko izena, baina Maddi Ariztia ezizenarekin egin zen ezaguna.[1] Ipuinak eta folklore gaiak erabili zituen gehienbat Gure Herria, Herria, Egan eta Eusko Folklore aldizkarietan.

Maddi Ariztia
Bizitza
JaiotzaSara, 1887ko uztailaren 28a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza1972ko irailaren 1a (85 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Lan nabarmenak

Literaturaren Zubitegia: 351

Biografia

Marie Diharassarri Sarako Lehetxipian jaio zen. Ikasketak Saran eta Mont-de-Marsanen egin zituen. 23 urte zituelarik, 1910. urtean, Baztango Pedro Ariztiarekin ezkondu zen. Laurent Diharassarri apaizaren iloba izateaz gain, Aita Donostiarekin eta Joxemiel Barandiaranekin ere harremanik izan zuen elizaren ohituretan hezitako idazle honek. Bederatzi seme-alaba izanda ere irakurtzeko eta idazteko astia izan zuen. 1933an hitzaldi bat eman zuen Donostiako uda-ikastaroetan "Uskal-etche Zaharrak" gaiaz eta ondorengo urteetan hainbat ipuin idatzi zituen. Gure Herria aldizkarian plazaratu zituen asko 1950eko hamarkadan, bai eta Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore (1934, XIII, 93-129 or.) argitalpenean ere, "Leyendas laburdinas" izenarekin, eta, 1949an, "Bi ohoinen ixtoria" izeneko ipuina Egan aldizkarian; baina bere lanik garrantzitsuena 1934an kaleratutako Amattoren uzta ipuin bilduma da.[2]

Gizonezkoena zen mundu batean, folklorea biltzen aritzen ziren eliza gizonen ondoan, azpimarratzeko moduko lana da Maddi Ariztiak eginikoa. Euskal herri ipuinek xaramelaturik, jaso eta ondorengo belaunaldiei pasa. Horregatik bakarrik ere merezi du emakume honek euskal ipuin biltzaileen artean leku aparta, emakume aitzindaria izan baitzen.[2]

Amattoren uzta ipuin bilduma

Seme-alabek herri ipuinak entzutean zuten jarrerak bultzaturik animatu zen ipuinok liburu batean jasotzera, Amattoren uzta-ren hitzaurrean (5.or.) adierazten duen bezala:

Oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, choratuak, ichotorio aditzen, etcheko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ichtoria zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz.

Eta gero, nire haurrek erran detzozten beren haurreri, hek, ttikitan, horren gochoki entzun zituzten ichtorio berak.

Baziren, ranko, neronek, harrean, aditu nituenak, eta zein gogotik, entzuten nituen berriz!

Hola bildu nuen beraz ichtorio andana bat.

Geroztik, Aita Donostiak sustaturik, egin ahalak egin ditut ichotrio multchu hori emendatzeko." [2]

Hainbat kontalariren ipuinak batu zituen Maddi Ariztiak, eta, jasotze lan hori ahalik eta zehatzena izan zedin, behin eta berriro kontarazten zuen istorio bera (7. or.):

"Harritzeko da ze memorioa izaten duten, batere irakurtzen eta eskribatzen ez dakiten horiek: liburuetan deusik ezin ikas, eta bethi orhoitzen beren aintzinekuen ganik aditu dituztenez! Ichtorio horiek hartzeko, lehenik erranarazi dizkatet behin erraileri. Gero, erran nauzkite berritz, emeki-emeki, puchkaka-puchkaka, hek erran ahala, nik markatzeko gisan, hitz bakar bat ere kanbiatu gabe. (...) Eta dena izanen da gure Eskuararen onetan, haren maitarazteko eta hedarazteko, Jainko maiteak hala nahi duelarik!" [2]

Hitzaurrean aitortzen duen bezala, ipuin asko Itsasuko artzain batengandik jaso zituen, baita Sarako sendagile zahar batengandik ere, baina Saran sortu eta Zugarramurdin bizi zen 82 urteko agure "ichtorio erraile gaitz" bati entzun zizkion gehienak. Arto-zuritzeetan, etxez etxe ibilarazten zuten agurea istorioak kontatzen.

"Harek ichtorioak erran, eta bertzek, entzun, ernerik, loaletu gabe, beren lana gisa hortan aiseago eta gehiago egiteko, omore hobean!" (6. Or.)[2]

Hori ikusirik, Maddi Ariztiak bere etxera eraman zuen agurea, ipuin kontalari:

"Pasatu zituen bi egun; ez nuen atchikitzen ahal izan gehiago: sobera grina zuen etchean utziak zituen bere iloba ttiki umechurtchez.

Ikustekoa zen, zein gochoki eta eztiki kontatzen zituen bere ichtorioak(...) su pazterrrean jarririk, kapelua khendu eta belaun punttan emanik, begiak erne, urrunerat begira.

Zer horen gochoak iragan ditudan harekin." (6-7. Or.)[2]

Liburuan 1923tik 1931 bitartean jasotako hamasei ipuin biltzen dira "guntiz, poliki, errez eta xarmant aundiz, umetxoentzat atsegingarri", Santi Onaindiaren hitzetan. 1982an Elkar argitaletxeak plazaraturiko edizio berrian, liburua euskaraz eta frantsesez agertu zen, ezkerraldean euskarazko bertsioa eta eskuinekoan itzulpena. Pierre Lafittek liburuaren hitzaurrean dioen bezala:

"Le texte basque est accompagné d'une traduction littérale en français. Elle sera utile aux étrangers peu habitués au labourdin et désireux d'étudier notre langue millénaire..." (Ariztia 1982: 3).

Euskarari buruzko kezkaz gain, bada Laffiteren hitzaurrean folklorearen gaineko aipamenik ere:

"Au nom de tous les amis du folklore, nous remercions Madame Ariztia de l'oeuvre si consciencieuse et si intéressante qu'elle vient de mener ? bout...." (op. cit.: 3). ("Folklorearen lagun guztien izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu Ariztia andreari egin berri duen lan zehatz eta interesgarriagatik? azkena..." (op. cit. : 3)).

Ipuinak eta erlijioa

Euskal Herriko herri literaturan sarri gertatu ohi den bezala, ipuin bilduma honetan ere erlijioak eragin handia izan zuen. Lehenengo ipuinetik hasita, "Mutil baten ixtorioa", nabaria da erlijio kristauaren eragina. Ama Birjina agertu zaio protagonistari, eta gero, haren jokabidea dela-eta, narratzaileak dio: "Gure Jainkoak, beti, xuxen dabilana, ongi gidatzen baitu, suertatu zen konde hori..."(op. cit.: 16). Amaitu ere, Jainkoaren graziari buruzko aipamen batekin amaitzen du: "Jainkoaren grazia gaitziru bat urre baino hobea izan zuen" (op. cit.: 16). Ondoren datozen ipuinetan, "Axularren aroa" izenez ezagutzen den kontakizun-sailean, Sarako erretorearen alde onak eta bertuteak goraipatzen dira.

Espiritu kristauaren eragina beste ipuin batzuetako izenburuetan ere nabari da: "Mutil gaizo baten eta Birjina Maria neskatxaren ixtorioa", "Fede ukatu baten ixtorioa"... Baina horien ondoan badaude antzinako tradiziotik jasotako bestelako herri ipuinak ere. "Arotxaren ixtorioa", esate baterako, Jose Migel Barandiaranek jasotako "Patxi Errementaria" ipuin ezagunaren beste bertsio bat da; gauza bera esan liteke Mayi Ariztiaren "Arttoren ixtorioa" eta Barandiaranen "Peru gezurtia"-ri buruz.[2]

Lanak

  • Amattoren uzta - La Moisson de Grand'mere (1982, Elkar), Patxi Zubizarretak egokitua eta Maite Gurrutxagak ilustratua. Gasteiz: Galtzagorri Elkartea-Eusko Jaurlaritza, 2012.
  • Amattoren uzta App-a (Galtzagorri, 2018)[3]

Erreferentziak

  1. «Itzaleko kulturgileen historia» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  2. «Ariztia, Mayi - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
  3. «Albiste. Amattoren uzta app-a Maddi Ariztia» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168. 37.zkia (2018ko ekaina) 28-29 orr.

Bibliografia

Kanpo loturak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.