Maddalen Arzallus
Maddalen Arzallus Antia (Hendaia, Lapurdi, 1990eko abenduaren 27a) bertsolaria, Euskadi Gaztea irratiko esataria da eta Euskal Telebistako kazetaria da, azkenaldian Gure kasa saioaren kolaboratzaile eta Biba Zuek saioko aurkezle modura egin du lan.[1] Hainbat bertso zabaldu ditu bideo moduan sare sozialen bidez.[2][3][4]
Maddalen Arzallus | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Maddalen Arzallus Antia |
Jaiotza | Hendaia, 1990eko abenduaren 27a (33 urte) |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Familia | |
Aita | Jexus Arzallus |
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria, kazetaria eta telebista aurkezlea |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Biografia
Baionan jaioa.[5] Txikitatik bertsozaletu da etxeko giroan, Jexux Arzallus bertsolariaren eta Miren Antiaren alaba eta Itsaso eta Ametsen arreba da. 9 urte baino ez zituen Hendaiako bertso-eskolan hasi zenean, geroago ospetsu izango ziren beste bertsolariekin: Maindi Murua, Kristine Txoperena, Odei Barroso edo Aimar Karrika, besteak beste. Kantuan eta gitarra jotzen ere ibili da herriz herri.[2]
2001ean hasi zen Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan parte hartzen, eta gerora hiru aldiz izan zen txapeldun, 2004an, 2005ean eta 2007an. 2008an Xilaba Bertsulari Xapelketako finalista izan zen, eta ondoren 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.[6] Zenbait sariketatan ere parte hartu du. 2010eko Bertso Egunean Miren Amurizarekin batera euren amei eskainitako bertsoek oihartzun handia izan zuten.
Itzulpengintza eta interpretazio ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen. 2009an bertsolaritza alde batera utzi eta urtebete Parisen igaro zuen, Erasmus bekaren bidez Parisko Unibertsitatean ikasten. Era berean, bi uda San Petesburgoko Unibertsitatean igaro zituen errusiera lantzen.[7] Ipar Euskal Herriko Hitza eta Gaztezulo aldizkarietan kolaborazioak idatzi izan ditu.
Bi urtez itzultzaile lanak egin zituen Zestoako Bakun itzulpengintza enpresan, besteak beste eskoletako testuliburuak itzultzen.[8] Bestalde, Asterix eta Obelix bildumako komikiak euskaratzen ditu.[9] Bertsolari irakasle lanetan ere ibili da Donostiako eta Hondarribiko ikastetxeetan. Obaneuke erromeria taldean panderoa eta gitarra jotzen ditu.[10]
2014an bertsotara itzuli zen, eta finalista izan zen Xilaba txapelketan. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta finalaurrekoetara iritsi zen. Halaber, agurrean Carles Puigdemonti eskaini zion bertsoa birala egin zen.[11]
2015ean ETB1eko Zuek hor saioan aritu zen gonbidatuei bertsoak abestuz, Aitzol Barandiaran ordezkatuz.[12] 2017tik aurrera Gure kasa saiko kolaboratzailea izan zen, 3 denboraldiz, 2020an saioa amaitu zen arte. 2020ko irailetik aurrera arratsaldeko Biba zuekǃ saioa aurkezten du Xabier Sukiarekin batera. 2020an gabon gaueko Gabonǃ Kantatzera gatozǃ saio berezia aurkeztu zuen. Horretaz gain, Gaztea irratiko Dida eta Euskadi Irratiko Faktoria saioetako kolaboratzailea da. 2022an 10garrena fikziozko podcastean ahotsa jarri zuen, cameo gisa bere burua antzeztuz.[13]
Bertso txapelketak
2009ko txapelketaren ondoren bertsoak utzi bazituen ere, 2014an berriz taularatu zen Xilaba xapelketan, gehien bat gozatzeko helburuarekin.
- Bertsolari Txapelketa Nagusia
- finalaurrekoak (2): 2017, 2022
- Xilaba Bertsulari Xapelketa: txapeldun ordea 2014an.
- finalista: 2008, 2014, 2016
- Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa:
- Txapelduna (3): 2004 (txikitan); 2005 eta 2007 (handitan)
Sariak
- Berritxu saria (1): 2006
- Hernandorena saria (1): 2007
- Zarauzko Kopla Txapelketa (1): 2007
- Osinalde saria (1): 2009
- Abra saria (1): 2009
Telebistako lanak
Urtea | Izenburua | Katea | Oharrak |
---|---|---|---|
2011 | Mihiluze | ETB1 | Lehiakidea, irabazlea |
2015 | Zuek hor | ETB1 | Kolaboratzailea (bertsolaria) |
2015 | Urte berri horǃ | ETB1 | Urtezahar gaueko saio berezia |
2017-2020 | Gure kasa | ETB1 | Gonbidatua (atal 1), gero kolaboratzailea |
2019 | Karabana | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2020 | Udak dakarrena | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2020-2022 | Biba zuekǃ | ETB1 | Aurkezlea |
2020 | Joseba Arguiñano Sukalerrian | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2020 | Gabonǃ Kantatzera gatozǃ | ETB1 | Aurkezlea |
Erreferentziak
- «Aizu! AEKren aldizkaria - Maddalen Arzallus: “Euskara ikasteak ateak eta bihotzak irekitzen ditu”» aizu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-22).
- Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Maddalen Arzallus - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
- «Dena emon ala Doraemon?!» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
- «Maddalen Arzallus» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
- (Gaztelaniaz) «Arzallus Antia, Maddalen - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-04).
- «Maddalen Arzallus — Xilaba 2016» www.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- «Bideoa: Orburuak perretxikoz eta galeper-arrautza gorringoz beteta urdaiazpikoarekin. Joseba Arguiñano Sukalerrian | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- «"Doraemonen bertsoari esker ari naiz lanean irratian"» Gipuzkoako Hitza 2019-09-13 (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- (Gaztelaniaz) «Maddalen Arzallus Antia - Editorial Bruño» www.brunolibros.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- GURRUTXAGA, Iker. (2020-05-08). «Maddalen Arzallus: «Gaur egun ari diren musikari gazte askok garrantzia ematen diete hitzei»» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- (Katalanez) «Maddalen Arzallus, bertsolari: "A Euskadi ara tots els nens canten 'Visca Puigdemont'!"» El Món (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- Berria. «Aurkezle berriekin itzuliko da gaur 'Zuek Hor!' saioa» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
- «Podcast audioa: 01.- Atala: Kristalezko sabaia. #10garrena Hamargarrena.EITB podkast. Bertsolaritza distopia.» EITB 2022-10-17 (Noiz kontsultatua: 2022-10-17).
Kanpo estekak
- «Maddalen Arzallus», Bertsozale.eus.
- «Maddalen Arzallus», Bertsoa.eus.
- «Maddalen Arzallus», ETB.eus
- Maddalen Arzallus, Doraemon eta Puigdemont bideoa (Youtube, BaleikeKE 2017-11-02), Irunen izandako Bertsolari Txapelketako agurrean, bertso hauek abestu zituen Maddalen Arzallusek.
- Maddalen Arzallus: 'Itsasoan urak handi' bideoa (Youtube, ETB 2014-07-22), EITBko "Tumatxak" saioan Julen Lekuonaren "Itsasoan urak handi" kantuaren bertsioa Mikel Larrañagarekin.