Macbeth
Macbeth William Shakespearen antzezlan ospetsuenetakoa da. Bost ekitaldietan banatutako tragedia bat da, hitz lauz eta bertsoz idatzita dago, 1606 urte aldera idatzia eta handik gutxira estreinatua izan zen. [1] 1623an aurreneko aldiz argitaratua izan zen, argitarapen hau First Folio izendapenarekin ezagutzen delarik.
Macbeth | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | William Shakespeare |
Argitaratze-data | 1623 |
Generoa | Tragedia |
Jatorrizko izenburua | Macbeth |
Argumentua
Macbeth traizioa eta neurrigabeko handinahikeriari buruzko tragedia bat da, bertan erregezidioa eta ondorengo gertaerak agertzen direlarik. Shakespeare XI. mendeko Macbeth Eskoziako erregean oinarritu zen askatasunez. Kontakizuna Eskozian gertatzen da eta ankerkeria gordinen artean moraltasunaz, botereaz edo bizitzaren zentzuaz gogoetatzen da. Autore batzuen arabera tragedia unibertsal hau, aldi berean, nazionalismo ingelesaren obra ere bada. 1603an Ingalaterra eta Eskozia koroa bakarrean bateratu zituen Jakue I.a Ingalaterrakoaren gorazarrea sumatzen da detaile askotan[2].Tragedia hau Shakespearen lana denik ezin liteke erabat ziurtatu, batzuen ustez pasarte batzuk Thomas Middleton dramagilearen ondorengo gehikuntzak izan bailitezke, bere Sorgina (The witch) idazlanak Macbeth antzezlanarekin hainbat parekotasun baititu.
Euskarara ekarria
Lehenengo aldiz, Toribio Altzaga antzerkigileak, ikerketa sakon baten ondoren, Shaskespeareren Macbeth lan klasikoa euskarara ekarri eta egokitu zuen antzerkirako Yrritza izenburupean, egokitzapen pertsonal bat eginik. 1926 urtean argitaratu zen [3]. Urtebete lehenago taularatua izan zen Euskal Herriko hainbat antzokietan, Euskal Hizkuntza eta Deklamazioaren Akademia, Euskal Iztundea erakundearen ikasle eta aktoreen eskutik. Londresen itzulpenak nolabaiteko jakin-mina piztu zuen orduan eta Toribio Altzagari eskatu zioten horren ale bat Britaniar Liburutegi Nazionalerako. Eskakizun hori eta itzulpen eta moldaketaren inguruko gorabeherak jaso zituen Toribio Altzagak Antzerti eskolako urtekarian.[4]. Ordutik, hiru hamarkada beranduago, Bedita Larrakoetxeak William Shakespeareren obra guztiaren itzultzeari ekin zion, ingelesetik zuzenean, bizkaiera aski garbizalean.[5].
Zinema
- 1948 - Macbeth (Orson Welles)
- 1971 - Macbeth (Roman Polanski)
- 2015 - Macbeth (Justin Kurzel)
Erreferentziak
- Globe antzokian 1610ko apirilaren 20an antzeztua izan zenaren albisteak badaude, halere lehendik antzeztua izanen zen, ez baita aipatzen lehendabiziko aldiz antzeztua izan zenik.
- Azurmendi, Joxe (2023): "Shakespeare" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 111-68.or.
- Shakespeare, William; Toribio Alzaga.- Irritza: Shakespearen Macbeth'en Gayean, Iru Egintza Ta Egintza-aurrean. Donostia: Iñaki Deunaren Irarkola, 1926. Horren bertsio digitala Koldo Mitxelena liburutegiko katalogoan
- Dokumentua kontsultatu daiteke Kolko Mitxelena liburutegiko katalogoan Macbeth euskaratu zenekoa
- Shakespeare William; Bedita Jon Larrakoetxea.- Macbeth. Bayonne: Imp. Darracq, 1957.