Luzia Urigoitia
Luzia Urigoitia Ajuria, Lutxi, (Otxandio, Bizkaia, 1959ko ekainaren 2a - Pasaia, Gipuzkoa, 1987ko uztailaren 23a) etakidea izan zen, Guardia Zibilak hila. Idazkaritzako ikasketak egin zituen. Baserrian laguntzen aritzen zen. Haurrak zaintzen ibili zen. Bidezain jardun zuen Bizkaiko Foru Aldundiarentzat. 1980ko hamarkadaren hasieran zenbait alditan joan zen Nikaraguara, brigadistatzat, hango iraultzarekiko konpromisoa hartuta. 1985ean, etxetik alde eginda, Iparraldera ihes egin zuen.[1]
Luzia Urigoitia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Otxandio, 1959ko ekainaren 2a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Pasaia, 1987ko uztailaren 23a (28 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna |
Hilketa
28 urte zituela, 1987ko uztailaren 23an, Guardia Zibilak hil zuen, oso gertutik lepoaren alde batera egindako tiro bakar batez, Lutxi babesturik bizi zen Trintxerpeko etxebizitza hartzean. Burua zeharkatu zion bala hura azala ia ukituz bota zioten.[1]
Donostiako epaitegiko fiskalaren esanetan, hilketa hari buruz Guardia Zibilak emandako bertsioa «txantxetakoa» izan zen; eta, gertaerak argitzearren Urigoitiaren lagunak —gertaeren lekuko izan zirenak— elkarrizketatu zituenean, Guardia Zibilak erreklamazioa aurkeztu zuen, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Donostiako epaitegian ikuskapena egitea agindu zuen, epaitegi horretan «poliziaren lana oztopatzen» ari zirelako.[2] Espainiako Gobernuak Gipuzkoarako izendatutako gobernadore zibilak adierazi zuen «poliziaren eraginkortasuna berme judizialen gainetik» jarri behar zela. Gertaeren epaiketan, frogak faltsutu ziren: Guardia Zibileko kapitain bat epailearen etxean sartu zen, eta bala zorro bat ordeztu zuen; balistikan, kanoi bat aldatu zuten; eta balen aurkako txaleko bat manipulatu zuten.[3][1]
Paco Etxeberria forentsearen iritzian, huraxe izan da Guardia Zibilak 1980ko hamarkadan izan zuen inpunitatearen erakusgarri nabarmenenetako bat, Mikel Zabaltza Garateren auziarekin batera.[2]
Omenaldiak eta ezagutzak
Urigoitiari hainbat omenaldi egin dizkiote jaioterrian, Otxandion. Uztailean, Lutxi hil zuteneko egunaren urteurrenean, ekitaldi bat egin ohi da. 2015eko uztailaren 25ean egindako omenaldian parte hartzeagatik, Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea»gatik epaitu zituen. Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra, 5.400 euroren isuna eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu zituen bakoitzarentzat.[4][5][6] Azkenean, 2016ko ekainean, espetxe zigorra saihestearren, lau auzipetuek fiskalarekin tratua egin zuten, eta onartu zuten bakoitzarentzat 2.160 euroren isuna eta bi urte baino gutxiagoko espetxealdia (baldintzapeko askatasunean izateko eskubidea ematen ziena).[7]
2017an, Otxandioko Udalak Lutxiren omenezko horma irudi bat eginarazi zuen herriko horma batean, lehenago aurrenik Urigoitiaren hilketa oroitarazteko beste horma irudi bat eta gero grafiti bat («JUSTIZIA, EGIA ETA MEMORIA OSO BATEN ALDE, LUTXI GOGOAN!» testua, zehazki) egondako tokian.[8] Bilboko Epaitegi batek 2017ko horma irudi hori kentzeko eskatu zuen 2019ko sententzia batean; Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen eskari hori, eta horma irudia kentzeko agindua berretsi.[9]
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen udal erretratuak izenez ere ezaguna den Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri txosten sailaren barruan, Otxandiori buruzko txostenean, «Behar beste argitu ez diren kasuak» atalean aipatzen da Luzia Urigoitiaren hilketa.[1]
Erreferentziak
- Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri: Otxandio, 1960-2010. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, 10 or..
- (Gaztelaniaz) «Paco Etxeberria, forense: “Cuando empecé, el 100% de los detenidos eran maltratados”» Gara 2012-02-12 (Noiz kontsultatua: 2021-06-02).
- «Luzia Urigoitia, un caso sin esclarecer» naiz: 2015-09-15 (Noiz kontsultatua: 2021-06-02).
- Telleria, Enekoitz. «Urigoitia omentzeagatik Otxandion atxilotutako laurak bihar epaituko dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- «Otxandion atxilotutako lau lagunak, aske» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- «Lau otxandiar epaituko dituzte eraildako ETAko kide bat omentzearren» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- (Gaztelaniaz) Deia. «Nuevo acuerdo entre miembros de la izquierda abertzale y el fiscal» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- «Luzia Urigoitiagaz gertatutakoa gogoratuko du mural berri batek Otxandion - Otxandio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- «Luzia Urigoitiari eskainitako murala eta Ruben Garateri buruzko olana kentzea agindu du EAEko Auzitegi Nagusiak - Otxandio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).