Luz Zalduegi
Luz Zalduegi Gabilondo (Mallabia, Bizkaia, 1914ko ekainaren 1a - Madril, 2003ko uztailaren 15a) bizkaitar albaitaria izan zen.
Luz Zalduegi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mallabia, 1914ko ekainaren 1a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 2003ko uztailaren 15a (89 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | albaitaria, paraveterinary worker (en) eta mikrobiologoa |
Albaitaritza ikasketak amaitu zituen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. Estatu mailako hirugarrena.[1] Maila goreneko kargu eta izendapen esanguratsu ugari izan zituen bizitzan zehar.[2]
Biografia
Luz Zalduegi Mallabiko Aretxuaetxebarria baserrian jaio zen, Aitxu auzunean, sasoi hartan Osmaren barrutikoa. Aita, Felix Zalduegi Aginaga mallabitarra herriko idazkaria zen eta alabaren jaiotza-agiria, hain zuzen ere, berak sinatzen du. Josefa Gabilondo Iriondo elgoibartarrarekin ezkonduta, lau seme-alaben guraso izan ziren: Felix, Florencio, Pilar eta Luz bera, etxeko gaztena.[2]
Ikasketak
Txikitan Zengoitteko auzo-eskolara joaten zen, mendiz, Aitxutik urrun samar. Mallabian hasitako prestakuntza Gasteizen jarraitu zuen, Batxillergo lehen bi ikasturteak bertan burutuz eta Madrilen gero, familia osoa lekuz aldatzen joan baitzen, seme-alaben ikasketek eskatzen zuten arabera. Felixek albaitaritza hautatu zuen, Florencio eta Pilarrek irakaskuntza. Luzek Batxilergo ikasketak Madrilgo Cisneros Kardinalaren Institutuan amaitu zituen, azken azterketak arrakasta handiz gaindituz.[3]
Hamasei urteko zela,1930eko urrian, Albaitaritza ikasketak hasiko zituen, Madrilgo Enbaxadoreen kaleko antzinako Albaitaritza Eskola Gorenean. Etxekoentzat ezustekoa izan zen bere hautua, garai hartan ia animalia handiekin soilik lan egiten baitzen eta horregatik emakume batentzat ez zela egokia uste zuten. Gainera, Luzek aurretik ez zuen bere ikasketak bide horretatik jarraitzeko asmorik adierazi. Hala eta guztiz ere, gurasoek errespetatu egin zuten bere erabakia eta beti babestu zuten, bai karreran, bai aurrerago, bere lanbidean.[2]
Lehenengo maila ikasle libre gisa egin zuen, entzule klaseetara joanez, ze Felix anaiak, hasiera batean bere hautuari eragozpenak jarri zizkion bakarrak, matrikula ofizialaren epea pasatzen utzi zuelako. Hala ere, ikasturte amaierako azterketen emaitzak ikusita, ez zuen beste oztoporik izan. Bigarren mailatik aurrera ikasle ofizial gisa egin zuen karrera.1930-31ko lehen ikasturte hartan, 192 ikasletik 4 emakumeak ziren, eta horietatik soilik Luzek amaitu zuen karrera bere promoziokoekin batera. 1935eko otsailean Kimika Organiko eta Inorganikoko Katedran ikasle laguntzaile postua lortu zuen.
Luz Zalduegi Gabilondo hainbat ohorezko matrikula eta bataz besteko Bikain notarekin graduatu zen 1935eko uztailaren 18an.[1] Albaitaritza ikasketak amaitu zituen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen eta Estatu espainiarreko hirugarrena, baina ikasketa ofizialak eta ez libreak egiten lehena.[1]
Ikasketak amaitzean, albaitarien postuetarako oposizioak prestatu zituen Marokoko Protektoratuan, baina Luz ez zen deialdi hartan parte hartzera iritsi: lehen ariketaren bezperan, epaimahaiburuak berak ez aurkezteko gomendatu zion, hura emakumeentzako lan egokia ez zela argudiatuz. Hurrengo urtean, izan ere, gizonezko izatea eskatu zen oposizio bidez lanpostu horiek lortzeko.[1][4]
Lana
Gerra garaian
Gerra Zibila hasi zenean, Euskal Herrira itzuli eta Zaldibarren biziko zen, familia lekualdatu zen herrian.[5] Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendariak, Martiniano Alkorta Sáez de Buruagak, beregana jo zuen Gizarte Laguntzako jangelen ikuskaritzaz arduratzeko, Gipuzkoako eremu konkistatuetatik ihesi zetozenei jaten emateko propio sortutakoak. Bonbardaketa artean, leku batetik bestera zebilela, garraiatzen zuen autotik sarritan jetsi behar izan zuen bide bazterreko lubakiren baten ezkutatzeko.[6] Ikuskaritza lanotan jardun zuen Bizkaia indar nazionalen esku geratu zen arte. Handik hilabete batzuetara udal-ikuskatzaile plaza eskuratuko zuen Bermeon. Portuan, azokan eta kontserba fabriketan arrainen eta esnearen bromatologia azterketak egitea zen bere ardura.[7]
Gerrostean
Eibarko udal-albaitari plazarako eskaera egin zuen bertako alkatetzara eta 1939ko abenduan udalbatzak aho betez onartu zuen eskainitako ikuskari lanpostu bietako bat berari ematea. Hemen ere arraina, esnea eta hiltegiaren ikuskaritzaz arduratu zen.[4] 1940ko uztaila amaieran dimisioa aurkeztu zuen Leandro Carbonero Bravorekin ezkontzeko, albaitari ikaskidea, oposizioetara aurkeztu eta Marokoko Protektoratuan tokia lortua zuena gerra aurretxoan.[1][7]
Bikote ezkonberriak Marokon bost urte eman zituen, Alcazarquivirren biziz eta aurreneko bi alabak ere hantxe jaioko ziren.[1] Leandrok, besteak beste, Erlezaintza Eskola sortu zuen bertan; Luzek laguntzen zuen bertan ematen ziren ikastaroetan hizlari gisa zein praktikaldietan parte hartuz eta beste zeregin batzuetan ere, izan hiltegi eta zoco ikuskapenean zein animaliak artatzen edo txertoa jartzen.[5][6]
Madrilen
1945ean bikoteak Albaitaritza Nazionalerako oposizioak prestatu eta gainditu zituen, biak destinoa Madrilen lortuz. Luz Animalien Biologia Institutuan hasi zen lanean, sukar aftosoa ikertuz.[1] 1952an Madrilgo Abeltzaintzako Buruzagitza Probintzialeko buruorde izendatu zuten, eta postu horren mende geratu zen Barajasko aireportuko aduana-zerbitzuaren albaitaritza-ikuskapena. Ondoren, 1982ra arte, Nekazaritza Ministerioko Estatistika Zerbitzuan lan egin zuen.1982tik 1984ra, erretiroa hartu zuen arte, Nekazaritza Kontseilu Goreneko presidentea izan zen Abereen Gaien Atalean.[1][8]
Bere lanean emakumea izateagatik behin baino gehiagotan erakutsi behar izan zuen bere balioa, bere esanetan “izerdi franko botata” lortuz zuen guztia. Eta hain justu andrazkoa izateagatik erraztasunak izan zituela aditzera ematen ziotenei aurre egiteko, gehiago ahalegintzera bultzatu zuen bere burua, nota bikainenekin nabarmenduz.
Madrilen bizi eta lan egin zuen arren, udako oporrak sakratuak ziren eta Zaldibarrera etortzen zen “tropa guztiarekin” udaldia pasatzera; beti mantendu zituen bertan etxea eta lagunarteak.[1][5] Debako hondartzara familian egunpasa joatea gustuko zuen eta Andramarietan, Mallabia jaioterriko jaietan ez zuen sekula hutsik egiten.[5]
Madrileko bere etxean zendu zen, 2003ko uztailaren 15ean, 89 urte zituela.
Omenaldiak eta aitortzak
- 1995eko urriaren 7an Gipuzkoako Albaitarien Elkargoak omenaldi bat eskaini zion eta Ohorezko Kolegiatua izendatu zuen.[4][6]
- 2014ko ekainaren 1ean, bere jaiotzaren ehun urteak bete ziren egun berean eta seme-alaba, loba eta birlobak bertan zirela, Mallabia eta Zaldibarko udalek bat egin zuten familiaren ospakizunarekin, Euskal Herriko lehen emakume albaitariaren lana eta figura oroituz.[9]
- 2019an argitaratutako Errebelde 50 bider liburuak biltzen dituen 50 emakume aitzindarietako bat da, guztiak ere beren aurkikuntzengatik, erronkengatik edo pentsatzeko modu iraultzaileagatik historia egin dutenak.[10]
- 2020an argitaratutako Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez libururako aukeratutako izenetako bat izan zen.[11]
Erreferentziak
- http://bibwp.ulpgc.es/teberite/wp-content/uploads/2016/03/semvet_a2011v3_primujvet.pdf
- «Gure lehen emakume albaitaria: Luz Zalduegi (1914-2003)» Zientzia Kaiera 2015-01-23 (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
- «Zalduegi Gabilondo, Luz - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-03).
- (Gaztelaniaz) Tablado, Lorena. La primera del 35. El Correo (Gipuzkoa) (argitaratze data: 1995/10/08), 10 or..
- González, Estibalitz. (2014ko maiatza). Luz Zalduegi, albaitari aitzindaria. Drogetenitturri, 10-11 or. ISBN 1133-973X..
- (Gaztelaniaz) Dehesa, Francisco. (1995). La mujer de esta tierra es muy decidida. Bilbao, udal egunkaria, 46 or..
- (Gaztelaniaz) Etxaniz, José Manuel. (2006). Albéiteres y Veterinarios Municipales de Eibar (1877-1977). Sociedad Bascongada de Amigos del País, 15-18 or..
- (Gaztelaniaz) «Luz Zalduegi, veterinaria | Efemérides» Mujeres con ciencia 2016-06-01 (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
- (Gaztelaniaz) «Mendi urdina» mendiurdina.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).
- (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Errebelde 50 bider - María Orcasitas Vicandi» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-11).
- Crespo, Cira. (2020). Baginen, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Txalaparta, 141-142 or. ISBN 978-84-18252-03-7..