Lurrama
Lurrama 2006tik urtero EHLGk antolatzen duen azoka da. Ipar Euskal Herriko laborariak, bere ekoizpenak eta amalurrarekiko atxikimendua hirira (kasu honetan BAB eta kostaldera batez ere) hurbiltzeko xedez pentsatuta dago. Lehen edizioak Baionan ospatu eta gero, 2011n Biarritzen antolatu zen estreinakoz.
Datu nagusiak
Kalitatezko laborantza bat garatzearen garrantziaz hiritar oro jabetzea du helburu. Adituez gain kontzientzia hartzea guztion lana delakoan ekoizpenak erakustearekin batera eztabaidak sustatzen dira eta informazioa zabaltzen da. Hitzaldiek, filmek, erakusketek eta tailerrek osatzen dute programa, herri-bazkariak ere burutzen direlarik. Horren guztiaren bidez kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zuzeneko harremana errazten da. Adin guztietakoei zuzendutako ekintza pedagokikoez gain euskarak ere badu leku zabala eta hainbeste partaide izan ditu, instituzionalak, pribatuak edo hedabideak[1].
2011 aurreko edizio guztiak Baionan burutu dira, bai Xaho-Pelletier kaian (2007, 2008) bai Glaineko Elkarteen Etxean (2006, 2009, 2010)[2]. 2009ko edizioaren gaia ura izan zen. Antolakuntza lan oro ehunka bolondresek (700 batek 2008an) egiten dute.
Hasieratik arrakastatsua izan da (2006an 31.000 bat bisitari lau egunez, 2007an 35.000 bat hiru egunez). Nekazaritza eredu alternatibo batek eta EHLGk lortzen zuten irudi onarekin kezkatuta departamenduko Nekazaritza Ganbera ofizialak La ferme en ville[3] ("etxaldea hirian") azoka antolatzeari ekin zion 2008an leku berean; operazioa begi bistakoa izan zen[4] eta erantzuna ere jaso zuen La ferme en vrille ("etxaldea peko errekara" itzul daitekeena) webgune ironikoaren bidez[5].
2011n Lurrama Biarrizko Irati Erakustazokara lekualdatu zen, kokapen goxoagoa delakoan. 25.000 bat lagun bildu zituen[6].
Erreferentziak
- Ikus azokaren webguneko "Partaideak" atala.
- Datua azokaren webgunean.
- Azokaren webgunea.
- Bien konparazioa Alda! blogean.
- Webguneak izan dituen arazo legalak mintzagai.
- Lurramak 25 000 bisitari bildu ditu Miarritzen, Kazeta.info, 2011ko azaroaren 7a.
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Lurramaren webgunea.
- (Frantsesez) Azokari buruzko bloga.
- (Frantsesez) Azokari buruzko gehigarria Le Journal du Pays Basque kazetan.