Lurpeko ura
Lurpeko urak lurraren barnera iragazi ondoren geruza iragazgaitz batekin topo egitean pilatuta geratu diren prezipitazio-urak dira.
Lurpeko urek kontinenteetan dagoen ur masaren zati garrantzitsua da. Laku edota ibaietan dagoena baino bolumen handiagoa dute baina glaziarretan dagoena baino txikiagoa. Lurpeko ur masa zabalenek milioika km² izatera iritsi daitezke (guaraniar akuiferoa, adibidez). Lurpeko urak baliabide garrantzitsuak baina kudeatzeko zailak dira, kutsatuerrazak eta maiz gehiegizko ustiapena sufritzen baitute.
Lur gainera erortzen den uraren parte handi samar bat lur gainean labainduz, beheragoko lekuetarantz higitzen da. Hala ere, beste parte bat (lehena bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa agian), ura doan materialak, porotsua edo apurtua izanik, uzten duen neurrian, zirrikitu edo arrailduretatik sartzen da, eta lur barrenera jaisten da, geruza irazgaitz bat aurkitzen duen arte. Ura metatu egiten da han, behin betiko edo aldi baterako, geruza horren erliebearen eta grabitatearen eraginaren arabera.
Lurpeko urek ondorio higatzaileak izaten dituzte, bereziki materialen disoluzioagatik eta arrastatzearen ondorioengatik. Era horretan sortzen dira oro har “karst erliebe” esaten zaien erliebe bereziak.
Ezaugarriak
Lurraren azaleko aldea meteorizatuta dago, gehiago edo gutxiago, neurri askotako zatikietan dago, alegia, deskonposatuta.
Partikula horien artean geratzen diren tarteak airez beteak egon ohi dira, eta urez bete daitezke.
Ur horrek jatorri desberdinak izan ditzake.
Ur gazte izenekoak, hau da, inoiz azaleratu ez direnak, eratuko dituzten masa magmatikoen hoztea da jatorri horietako bat. Beste jatorri bat, beste ur batzuetatik (azalekoak edo sakonagoak) datozen lurrunen kondentsazioa da. Hala ere, jatorri ohikoena uraren zikloaren mendekoa da.
Prezipitazio baten ura lurrundu, zirkulatu edo infiltratu egiten da. Lehenengo kasuan, parte lurrunduan, ura gas egoerara itzultzen da eta atmosferan sartzen da berriz, in situ ia-ia. Bigarrenean, uholde partean, ura lur azaletik jariatzen da isurkari gisa, zirkulatzen duten ur lasterretaraino iristen den arte. Hirugarren kasua, infiltraziozko urarena, grabitateari esker zirrikituetan barneratzen den ura da; zuzenean sartzen da euria bada, edo, gotorra baldin bada, urtu ondoren, eta aireari bultza eginda. Horrela sortzen dira lurpeko ur gehien-gehienak.
Beheranzko barneratze horrek aurrera egiten du, harik eta geruza irazgaitz etenik gabe bat, edo barrunbe guztiak urez beteak dauzkaten geruzak aurkitzen dituen arte.
Hiru parte horien arteko batez bestekoa ez da beti bera. Prezipitazioen errejimenaren, eskualdeko klimaren, materialmoten eta landarediaren garrantziaren araberakoa da, besteak beste. Infiltraziozko ur guztiek ez dute modu berean jokatzen.
Zati batek pikorren azaleko barrunbeak betetzen ditu, eta mintz ura eratzen du. Bigarren zati bat azaleko tentsioak eusten dio, eta kapilaritateko ura esaten zaio. Azkenik, hirugarrenak, libreki betetzen ditu barrunbeak, eta, grabitateari esker, ura haietatik barrena jariatzen da.
Grabitate ura da hori, eta beste bi aukerak bete direnean baizik ez da eratzen.
Ur horrek bakarrik zirkulatzen du, hornitzen ditu lurpeko ur isuriak, eta zertzen du lurraldearen irazkortasuna, hau da, ur infiltratuaren eta grabitate uraren arteko batez bestekoa.
Lurraren irazkortasuna
Irazkortasuna, edo urak izan dezakeen pasabidea, eragile askoren mendeko gauza da. Arestian aipatutako kanpoko eragileak ez ezik, badira barneko zergatiak ere. Horien artean, materialaren egitura bera da nabarmenena. Zatikien elkarrekiko hurbiltasunaren arabera, material gotorrak eta porotsuak bereizi behar dira.
Materiak gotorrak pitzatu samar egoten dira; material porotsuek, berriz, xurgatze ahalmena izaten dute, batzuek gehiago eta besteek gutxiago.
Lehen sailekoak dira erupzioko harkaitzak, arraildura txikiak, estuak, eta ez oso sakonak dituztenak, eta orobat karedunak, arraildura asko, sakonak, eta eragile kimikoek areagotuak dituztenak. Bigarren sailean, mutur batean, harearriak daude, porotsuak eta xurgatze ahalmen eskasekoak, eta, beste muturrean, buztinak, higroskopikoak eta ura atxikitzeko ahalmen handikoak.
Badira, beraz, lur irazgaitz malguak (buztinak), urari eusteko gauza direnak, eta badira beste batzuk trinkoak edo koherenteak, urari batere eusten ez diotenak, dauzkaten arraildura bakanak urez edo harkaitzaren beraren hondakinez beteak dituztelako.
Lur irazkorrak, berriz, barne eragileek edo kanpokoek eratuak izan daitezke. Lehenengoetan, urak ez die erasotzen zatikien arteko tarteei, eta bere horretan geratzen dira; mugatua dute beraz irazkortasun ahalmena, eta ia beti berbera izaten dute gainera. Kanpoko eragileek asko higatzen dituzte material trinkoak, eta irazkortasun ahalmena handitu egiten da era horretara. Hondarrek, adibidez, irazkortasuna bere pikorren diametroaren koadroaren proportzionala dute. Kare-harrietan, berriz, arraildurak gero eta handiagoak izaten dira, eta materialaren irazkortasuna ere handitu egiten da.
Maila freatikoa
Infiltrazio partearen grabitate urak azaleko material irazkorretatik zehar behera egiten du ahal duen arte, hau da, jaistea eragozten dion geruza irazgaitzen batekin topo egin arte. Hortik aurrera, geruza horren gainean metatzen da ura. Geruzaren azala erabat horizontala bada, ura, iritsi, eta metatzen jarraitzen du. Era horretan eratzen da freatiko izeneko geruza, goiko muga bat edo maila freatikoa daukana.
Maila horrek bereizten ditu bai behealdeko eremu bat, asea, tarteak urez beteak dauzkana, eta bai beste eremu bat, goialdekoa; azken horretan azpigeruza batzuk bereizten dira. Azalekoenak, edo lurruntze azpigeruzak, landareen sustraien eragin trinkotzaileagatik eusten dio urari, baina sustraiek zenbat ur xurgatu eta orobat eguzkiaren berotasunez zenbat ur lurrundu, hartara izango du ur gehiago ala gutxiago. Haren azpian aireztatzezko azpigeruza bat dago, han urak oztoporik gabe joaten dira batetik bestera, mintzean izan ezik. Azkenik, bada hirugarren azpigeruza bat asetasun eremua ukitzen duena, geruza kapilarra esaten zaio, ur mota hori izaten du bere baitan, eta zatikien neurriaren alderantziz proportzionala du lodiera.
Geruza freatikoaren lodierak gorabeherak izaten ditu, nolako oreka dagoen iristen den infiltrazio uraren eta kapilaritatez edo lurruntzeaz goragoko geruzen aldera galduko den uraren artean.
Azal irazgaitza gutxitan izaten baita horizontala, grabitate ura alborantz higitzen da, geruza horren maldarekiko lastertasun zuzenki proportzionalez. Horrela, hasieran gainazalean erregulartasunez banatua zegoen prezipitazioa irregularki banatuko da gero.
Iturriak eta putzuak
Geruza akuiferoak edo freatikoak lur azaleko uren antzera higitzen dira, baina motelago hala ere. Gainean geruza irazkorrak soilik baditu, akuifero libre deritzo.
Hala ere, geruza akuiferoa higitzen denean, beste geruza irazgaitz bat gertatzen bada beraren eta gainazalaren artean, akuifero itxi edo lotu deitzen zaio.
Urak, beraz, geruza irazgaitzaren alderdi beherakoenetan metatzeko joera du, eta han akuifero libre bat eratzen du, ekarri berriek eta azal horizontalekoek etengabe hornitzen dutena. Akuifero itxi ez horizontal batean, aldiz, ur ekarriak osorik beteko du eremua, ura alboetarantz igoaraziko du, eta, desnibelaren ondorio gisa, presio hidrostatikoa sortuko du.
Lehen kasuan, baldin eta lurra zulatzen bada, maila freatikora iristerakoan, ura atera ahal izango da ponpen laguntzarekin, baina alboko ekarria gainditu gabe, bestela putzua agortuko litzateke-eta. Bigarren kasuan, presio hidrostatikoak ura bultzatzen du, ura zulotik igotzen da, eta putzu artesiar bat eratzen du.
Maila freatikoa lur azalera hurbiltzen duen beste edozein gorabeherak efektu berbera izango du. Oasia, adibidez, geruza freatikoa, erliebearen ondorioz, lur azaletik gertu dagoen eta landareak haz daitezkeen basamortuko eskualdea da. Geruza freatikoa azaleraino iristen bada, urak lurra estaliko du, eta hori eremu makur batean zehar gertatzen bada, ur irteera hori iturri bihurtuko da.
Akuifero itxia
Lurpeko ura bi kapen artean baldin badago gertatzen da, euria parte batetik soilik hartzen du. Errekarga zonak, alimentazio zonak ere deritze, hau da euria jausten den tokiari.
Askotan, pentsatu izan da lurpeko ura beti dagoela zirkulazioan, baina ez da beti horrela izaten, batzuetan zulo eta poroetan egoten da sarturik, eta harkaitz batzuek belaki bat bailitzan hartzen dute ura batzuetan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.