Lur Hiztegi Entziklopedikoa

Lur Hiztegi Entziklopedikoa euskaraz jatorrian sortutako lehen entziklopedia izan zen. Lehen liburukia 1991n argitaratu zen[1], eta azkena 10. liburukia izan zen, 1994an. [2] Ondoren, 1999an Lur Entziklopedia Tematikoa sortu zen, kontzeptuak gaien arabera antolatuta.

Lur Hiztegi Entziklopedikoa
Jatorria
Argitaratze-data1991
IzenburuaLur Hiztegi Entziklopedikoa
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
euskadi.eus…

Entziklopedia harpidetzaz ordaindu eta hedatu zen.

2001ean argitaratu zuen 13. liburukia, hamar urte geroagoko eguneratzea bukatzen zuena.[3]

Eusko Jaurlaritza̠k bere webgunean kontsultatzeko eskaintzen dituen euskarazko entziklopediak (2022-11-20)[4]

Eusko Jaurlaritzak 2009an eskuratu zituen eskubideak, lizentzia librearekin zabaldu eta 2011n, 11.015 artikuluko informazioa automatikoki Euskarazko Wikipediara pasa zen: guztira, bi milioi hitz baino gehiago. Entziklopediaren paperezko bertsioa, azken aldian, 2000-2001 urteetan eguneratu bazen ere (hiru liburuki), Sailburuordetzak 2009an eskuratu aurretik ere, hiztegiko eta entziklopediako oinarrizko datu batzuk gaurkotu egin ziren: Euskaltzaindiak emandako ortografia arauak, Hiztegi Batuan sartutako hitz berriak, munduan izandako aldaketa esanguratsuenak (herrialde berriak, sona handiko pertsonaia berriak, gertaera berri nagusiak, kontzeptuetan izan diren aldaketa nagusiak) eta abar.[5]

Taldea

Lur Hiztegi Entziklopedikoa unibertsitateko hainbat adituk egin zuten, euskara teknikoa oraindik ondo ezarri gabe zegoen garai batean. Gai askoren inguruan aritzeko lexikorik ez zegoen, artean. Zuzentzaile lanetan Henrike Knörr, Beñat Oihartzabal, Pello Salaburu eta Ibon Sarasola euskaltzainak aritu ziren[6].

Lexikoa alorraren ardura Aintzane Ibarzabal eta Koro Navarrorena izan zen, Josu Zabaleta zientzia eta teknologiaren alorrarena eta Joxean Elosegi historia eta geografiarena, Manex Goienetxe aholkularia zela.

Aurrekariak eta ondorengoak euskarazko entziklopedietan

Euskara batuaren aroan sartuta, hasieran euskarazko entziklopedia moduko batzuk izan ziren, Itzulpen gisa egindakoak eta kasu batzuetan gaiaren arabera antolatuak, adibidez Mundua Jakingai eta P8 izenekoak.[7]

Baina 20 urte geroago 1990reko hamarkadan proiektu sendo batzuk sortu ziren euskarazko entziklopediak sortzeko erronkari erantzuteko. Hezkuntza sisteman behar-beharrekoak ziren erreferentziazko obrak 1990eko hamarkadan hasi ziren argitaratzen. Lehenengo urratsa 1991ean hasi zen, Lur Hiztegi Entziklopedikoarena izan zen. Geroago Gazteen Entziklopediaren lehenengo zenbakia 1992an argitaratu zuen EUSENOR Fundazioak, eta guztira 8 liburuki izango zituen.[8] Biak helburu orokorrekoak izanik, Lur jatorriz euskaraz idatzita zegoen eta artikulu askoz gehiago eskaini zituen, baina Gazteenak azalpenak erraztearren erabiltzen zituen hainbeste osagai grafiko eskaini gabe.

1993an Elhuyarreko Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu zuen Elhuyar Fundazioak.[9][10] Elhuyarrekoa izan zen osorik argitaratu zen lehen hiztegi entziklopedikoa, artean Lur eta Eusenor entziklopediak liburuki guztiak argitaratu gabe zebiltzan eta.

Geroxeago etorriko ziren hiztegi entziklopediko horien online-eskaintzak[11][12][13] eta 2001ean sortuko zuten Euskal Wikipediaren lehen bertsio nimiñoa.

2009an Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu zuen Elhuyar Fundazioak. Hainbat arlo eta erakundetako 200 aditu euskaldunekin lankidetzan oinarritua. Harrezkero edukiak modu irekian osatu eta eguneratu izan dira.[14]

Auñamendi Eusko Entzikloplediak, Euskal Herriaren tradizioa, oraina eta etorkizunaren arteko lotura jaso zituen hainbat artikulutan,Eusko Ikaskuntzak Euskomedia fundazioaren bidez 2010ean Interneten argitaratua, Izan ere, Internet bidez dohainik kontsulta daiteke. 2020an 155.000 artikulu zituen gaztelaniaz (% 96,3) eta 6.061 (% 3,7) euskaraz,[12] gehienak Bernardo Estornes Lasaren Enciclopedia general ilustrada del País Vasco ospetsukoak.

11.000 artikuluren igoera masiboa Wikipediara (2011)

Lur Wikipediaratzeko Lantegia

2011n Eusko Jaurlaritzak lizentzia libre batekin eskuratu zuenean hainbat artikulu Euskarazko Wikipediara pasa ziren. CC-BY-SA lizentzia askearekin zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Eusko Jaurlaritza eta Euskal Wikipediaren arteko lankidetzari esker eta Elhuyar Fundazioak programatu zuen prozesu automatiko bati esker (Igor Leturia informatikariak koordinatu zuen prozesu hori), Euskal Wikipediako milaka artikulutan edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu zen. Prozesu horretan sortu ziren Wikipediako artikuluak Lur txantiloiarekin markatu ziren.

Lur Wikipediaratzeko Lantegian guztira Euskal Wikipedian 11.000 artikulu sortu edo osatu ziren. 11.000 artikulu horietatik, Euskal Herrikoak izan ziren % 30. 11.000 artikulu horietatik, irudiz edo ikus-entzunezko baliabidez hornitu ziren % 35 (hau da, 3.950 artikulu).

Hauek izan ziren proiektuak euskal wikipediari egindako ekarpenaren zenbakiak (zenbat sarrera landu ziren, eta zenbat testu-karaktere eta -hitz gehitu ziren):

Artikulu-mota Kopurua Gehitutakoa
Karaktereak Hitzak (ggb)
Guztira Batez beste Guztira Batez beste
Eremua Euskal Herrikoak 2.115 2.813.759 1.330 401.966 190
Unibertsalak 8.899 12.299.771 1.382 1.757.110 197
Wikipediarekiko Artikulu berriak 8.785 8.599.475 979 1.228.496 140
Aurretik zeudenak 2.230 6.515.502 2.922 930.786 417
Guztira 11.015 15.114.977 1.372 2.159.282 196

Erreferentziak

  1. «Lur - Hiztegi Entziklopedikoa» www.euskadi.eus 2021-01-14 (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  2. Lur Hiztegi entziklopedikoa.. Lur 1991-2001 ISBN 84-7099-303-8. PMC 490131135. (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  3. Lur Hiztegi entziklopedikoa. 2001eko eguneratzea 13. liburukia (Mazedoniar-Zygmund). Lur 1991-2001 ISBN 84-7099-435-2. PMC 490131135. (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  4. «Euskararen tresnak - Hiztegiak, banku terminologikoak eta entziklopediak» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza - Hizkuntza Politika - Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) 2017-02-08 (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
  5. «Berriak: Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedikoa Sarean daude» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  6. «Lur Hiztegi Entziklopedikoa - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  7. «Lur Hiztegi Entziklopedikoa - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  8. Gazteen entziklopedia. Eusenor LG 1993 ISBN 84-604-5166-6. PMC 863196369. (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  9. Hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar Kultur Elkartea 1993 ISBN 84-87114-89-X. PMC 434073059. (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  10. Irazabalbeitia, Iñaki. (1992). «Hiztegi entziklopedikoa» www.jakin.eus (Jakin.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  11. «Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedikoa sarean daude» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  12. Bizientzia. (2010-07-19). «biZIentzia 1-2: Elhuyarren Hiztegi Entziklopedikoa on line» biZIentzia 1-2 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  13. «Entziklopediak. Hiztegia.net» www.hiztegia.net (ARTEZ) (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  14. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).

Ikus, gainera

  • Kategoria:Wikipedia:Lur identifikatzailea duten artikuluak
  • Lur txantiloia duten Wikipediako artikuluen zerrenda
  • Wikipediako Lur txantiloia
  • Wikiproiektu:Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegia

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.