Tito Lukrezio Karo
Tito Lukrezio Karo , latinez Titus Lucretius Carus, (K.a. 99 – K.a. 55?) erromatar poeta eta filosofoa zen. Askotan bere bigarren izenarekin aipatzen da: Lukrezio.
Tito Lukrezio Karo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ponpeia, K.a. 94 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Heriotza | Erroma, K.a. 55 (38/39 urte) |
Heriotza modua | suizidioa: odolustea |
Familia | |
Aita | ezezaguna |
Ama | ezezaguna |
Ezkontidea(k) | Lucilia (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, filosofoa eta idazlea |
Mugimendua | Atomismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
7400 hexametro luzerako poema didaktiko baten egilea da, De rerum natura (Gauzen izateaz) Epikuroren filosofia eta Demokritoren fisika atomista zabaltzen duten sei liburutan banatuta. Thomas Hardy eta Ludwig Feuerbachekin batera, ateismoko hiru poeta handienetako bat da. Gure egunetara heldu zaigun poemaren testu bakarra Poggio Bracciolini humanistari esker heldu zaigu, 1418an kopiatu zuena. Harrigarria da kristautasunarentzat hain konprometitua zen gaia jorratzen zituen testu honek hainbeste mende eta gero ez desagertuarazia izana.
Biografia
Tito Lukrezio Karori buruz datu gutxi ezagutzen dira eta daudenak zalantzazkoak dira gehienak. Ez da ezagutzen non jaio zen ; zenbaitzuren ustez, Campanian jaio zen, baina ikasketa urteak Erroman egin zituen, ziur asko. Elezaharraren arabera, amodio edabe baten eraginez erotu egin zen, eta zentzuna etortzen zitzaion uneetan idazten zuen; bestalde, Zizeronek zuzendu omen zituen Lukrezioren lanak.
De rerum natura da Lukrezioren lan bakarra. Sei liburukitan banatuta dago, eta poema zientifikotzat hartzen da. Sei liburukiak binaka bilduta daude: lehenengo biak fisika atomistari buruzkoak dira; hirugarrena eta laugarrena psikologiari buruzkoak dira; eta azkeneko bietan kosmosaren historia eta gizatasuna lantzen ditu. Liburu guztien hasieran, omenaldi moduko bat egiten dio Lukreziok Epikurori, haren adore intelektuala eta historian izan zuen garrantzia goraipatuaz. Lukreziok grinei eta edozein sineskeria motari aurre egiteko proposatzen die bere garaikideei. Lukrezioren arabera, garai hartako erlijio ofiziala da norbere burua salbatzeko oztopo nagusia.
De rerum natura liburuaren itzulpena argitaratu zen Klasikoak bilduman, 63. zk., 2001ean, Xabier Amuriza Zarraonaindiak egindako itzulpena: Gauzen izaeraz.
Hori guztia adierazteko errealismo kementsu eta trinkoz betetako hizkuntza erabiltzen du, eta indar handiko deskripzio luzeak osatzen ditu, hitzaren zentzu zehatz eta kezkatsua erabiliaz.
Augustoren garaian, izugarria izan zen Lukrezioren eragina poesian, batez ere Virgiliorengan . K. o. I. mendean asko irakurtzen zen Lukrezio, baina klasizismoaren nagusitasunak bazterturik utzi zuen, beste asko bezala. Baina XI. mendeko arkaismoaren bidez, gora egin zuen, berriz ere, haren ospeak. Erdi Aroan desagertzeko arriskuan egon zen Lukrezioren lana, eta eskuizkribu bakar batzuei esker salbatu zen.
Lukrezio, bestalde, arrazoi askatasunaren aldeko eta erlijio fanatismoaren kontrako idazletzat hartu izan da.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tito Lukrezio Karo |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.