Luis Migel Arkonada

Luis Migel Arkonada Etxarri (Donostia, 1954ko ekainaren 26a - ) Realaren lehen taldeko atezaina izan zen 1974tik 1989ra bitartean. Errealaren titulu guztietan hartu zuen parte, bi Liga, Kopa eta Superkopa garaipenetan, hain zuzen ere.

Luis Migel Arkonada

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLuis Miguel Arconada Echarri
JaiotzaDonostia, 1954ko ekainaren 26a (69 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Real Sociedad B1972 / 1974
Espainiako 18 urtetik beherako futbol selekzioa1972 / 197240
Real Sociedad1974 / 19894140
Espainiako futbol selekzio amateurra1976 / 197620
Espainiako futbol selekzio nazionala1977 / 1985680
 
Posizio edo espezialitateafutbol atezaina
Altuera178 zentimetro

FIFA: 45754 Edit the value on Wikidata

Errealak atezain handiak izan ditu historian zehar eta haien artean Luis Arkonada izan zen ibilbide guztian taldean geratzea erabaki zuen bakarra. Espainiako selekzioarekin ere 68 partida jokatu zituen. Bai zelaian, bai zelaietatik kanpo erakusten zuen karisma zela-eta, futbolzale askoren idoloa zen. Zale txuri-urdinek askotan aldarrikatzen zuten esaldi hau: "No pasa nada, tenemos a Arkonada" ("Ez da deus gertatzen, Arkonada dugu eta").[1]

Hastapenak

Donostiako Lengokoak taldean hasi zen jokatzen eta 1970an 16 urte zituela Errealak fitxatu zuen. Lau urte pasa zituen Sanse taldean, baina 1972-1973 hasi zen jokatzen.[2] 1974an talde nagusira pasa zen eta hirugarren atezaina izan zen Pello Artola eta Javier Urrutikoetxearen atzetik.[3] Hurrengo denboraldirako FC Barcelonak Artola fitxatu zuen[4] eta Urrutikoetxearekin atea partekatzeko aukera izan zuen. UEFA Kopako partidan egin zuen debuta, Atotxan Liverpool talde ingelesaren aurka. Urriaren 22a zen eta ingelesak 1-3 nagusitu ziren. J.B. Toshack jokalaria izan zuen aurrean, gerora Realeko entrenatzailea izango zena.[5] Debuta latza izan bazen ere, Errege Kopako 6 partida eta Ligako 9 jokatu zituen Arkonadak.

Realaren aro historikoa

1976-1977 denboraldian atearen jabe bihurtu zen eta Ligako partida guztiak jokatu zituen. Ligaren erdialdean goiko postuetan ibili bazen ere (3. postua 25. jardunaldian) azkenean 8. postuan amaitu zuen. Denboraldi hartatik euskal derbia gogoratzen da, "Ikurrinaren eguna" ezizenaz ezagutzen dena. Errealak 5-0 irabazi zuen partida hura.[6]

Errekorraren urtea

1978-79. denboraldian laugarren egin zuen taldeak. Denboraldi hartako azken sei partidetan ez zuen porrotik izan eta hurrengo denboraldiko aurreneko 32etan segitu zuen galdu gabe, horrela Europa mailako errekorra ezarri zuen, handik 38 urtera Bartzelonak hautsi zuena.[7] 1979-80 hartan Errealak ez zuen ordea Liga irabazterik lortu, partida bakarra galdu arren Real Madril puntu bakarraren aldeaz nagusitu zitzaion. Azken aurreko partidan Sevillan 1-1 zeudela eta Sevillak bi jokalari gutxiago zituela, andaluziarrek bigarren gola sartzea lortu zuen. Errekorrari amaiera emateaz gain, Liga galdu zen.[8] Arkonadak Zamora Saria eskuratu zuen, 20 gol soilik jaso izanagatik.[9]

Liga tituluak

Arkonadaren geldiketa akrobatiko bat.

Aurreko Liga bikainak emaitza gazia utzi ondoren 1980-81. denboraldia espero baino okerrago hasi zuen Realak. Hamar partidaren faltan Bartzelonan 2-0 galduta Atlético Madril liderrarengandik sei puntura zegoen (garaipenak 2 puntu balio zituen garaian). Zazpi jardunaldiren faltan ere bosgarren postuan zegoen taldea baina azken partidara Liga irabazteko aukerekin iritsi zen. Gijónen ziren jokatzekoak eta berdinketa nahikoa zuten. Realak sartu zuen aurreneko gola, Kortabarriak penaltiz. Ondoren Sporting 2-1 aurreratu zen eta azken unean Zamorak gola sartu eta Errealak lehendabizko Liga titulua eskuratu zuen.[10]. Josean Alkorta Herri Irratiko kazetariaren golaren oihuak Gipuzkoako etxe askotako irratietan eztanda egin zuen eta gaur egun ere Realaren historiako grabazio mitikoa kontsideratzen da.[11]

Taldea jokalari hauek osatu zuten: Arkonada, Zelaieta, Gorriz, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Bakero eta Larrañaga atera ziren. Entrenatzaileak Ormaetxea eta Boronat[10] izan ziren. Errealzaleek kantu bat osatu zuten jokalarien izenekin Aupa Real, Aupa Donosti, Gora Gipuzkoa, Gora Euskadi! leloa zuena. Realak Donostiarako itzulera bidaian Gipuzkoako herri guztietan geldialdiak egin zituen eta jende andana irten zen haiek agurtzera.[12] Taldearen argazkiarekin 280.000 erretilu atera zituzten, Gipuzkoako etxe askotan oraindik ere daudenak.[13]

Bigarren liga jarraian iritsi zen. Bartzelonarekin lehia estua izan zuen azken 10 jardunaldietan eta azken aurreko partidan lortu zuen lehen postuan jartzea. Azken partida euskal derbia izatea egokitu zen Atotxan eta Realak 2-1 irabaziz txapelketa eskuratu zuen. Liga bi haietan ere Arkonadak Zamora Saria eskuratu zuen, 1980-1981ean 23 gol jasota eta 1981-1982an, 33. Denboraldia amaitzeko, Espainiako Superkopa txapelketa sortu zen. Ligako txapeldunak (Reala) eta Kopako txapeldunak (Real Madril) elkarren aurka jokatu behar zuten "Supertxapelduna" zein zen erabakitzeko. Lehenengo partida Madrilen jokatu zen urriaren 13an eta madrildarrak 1-0 nagusitu ziren. Itzulerakoa abenduaren 28an Atotxan jokatu zen eta gipuzkoarrek 4-0 irabazi.[14]

Hurrengo denboraldian Reala maila apalagoan aritu zen Ligan. Europako Kopan ordea inoizko emaitzarik onena izan zuen, finalerdietara iritsi baitzen. Hamburger SV talde alemaniarra egokitu zitzaion aurkari. Joaneko partida Atotxan jokatu zen eta 1-1 berdindu zuen. Itzulerakoan 1-1 zeudela alemaniarrek jokoz kanpo gola sartu zuten eta epaileak baliozkotzat eman zuen.[15] Hanburgo izan zen finalean txapeldun, Juventus FC-ri 1-0 irabazita.[16]

Lesio luzea eta Errege Kopa

1988ko Errege Kopako finaleko taldea. Arkonada izan zen atezaina.

Hurrengo denboraldietan 6. eta 7. postuetan gelditu zen Reala. 1985ean John Benjamin Toshack entrenatzaile galestarra fitxatu zuen talde donostiarrak eta haren teknika berritzaileek azkar ekarri zituzten emaitza bikainak.[17] 1985-86ko denboraldia ordea oso txarra izan zen Luis Arkonadarentzat, aurreneko partidan lesionatu eta denboraldi guztia galdu baitzuen. Agustin Elduaienek hartu zuen haren lekua.[18]

1986-1987an itzuli zen Arkonada eta Erreala Ligan zortzigarrena izan zen arren Kopa txapelketa bikaina egin zuen. Finalerdietan Athletic kanporatu ondoren, finalerako sailkatu zen. Zaragozan jokatu zen finala eta Atletico madril izan zuen aurkari. Partida 2-2 amaitu ondoren, penalti jaurtiketatan erabaki zen. Luis Arkonadak Quique Ramosen jaurtiketa gelditu zuen eta Realaren aurreneko Kopa eskuratu zuen.[19]

Kopa tituluak hauspotuta 1987-1988 denboraldia oso ona izan zen. Ligan bigarren postua eskuratu zuen Realak eta bigarren aldiz jarraian Kopako finalerako sailkatu zen, finalaurrekotan Real Madrilen aurka 0-4 emaitza lortuz.[20] Finaleko aurkaria Bartzelona zen, Liga eskasa egina zuena (6. postua), eta itxaropen handia zegoen titulua berrizteko. Baina kataluniarrak 1-0 nagusitu ziren.[21]

1989an erretiroa hartu zuen Arkonadak. 1989ko ekainaren 24an omenaldia jaso zuen urte berean erretiratu zen Zamorarekin batera Ligako azken partidaren hastapenetan. Halabeharrez, Sporting de Gijón zuen aurkari Realak eta txuri-urdinek irabazi zuten partida hura ere.[22]

Erretiroa hartu ondoren ez zuen futbolaren munduan jarraitu, tarteka Realeko presidente izateko zurrumurruak azaldu izan diren arren.[23] 1998an FIFAk azken 25 urtetako Espainiako futbolari onenaren saia eman zion.[1]

Espainiako selekzioa

1972an Espainiako gazteen selekzioan lau partida jokatu zituen. 1976ko Olinpiar Jokoetarako selekzioan egin zuen debuta, bi partidu jokatu zituen orduan. Selekzio nagusiarekin 1977ko martxoaren 27an jokatu zuen aurreneko partida Hungariaren aurka. 1978ko Argentinako Munduko txapelketan bigarren atezaina izan zen Miguel Ángel galiziarraren itzalean. Ordutik aurrerako Munduko eta Europako txapelketa guztietan titularra izan zen, 1985ean lesionatu zen arte.[24] 68 partida jokatu zituen, garaiko errekorra izan zena.

Espainiak Munduko txapelketa antolatu zuen 1982an eta Arkonada selekzioko jokalari ezagunenetakoa izan zen, iragarkiak egiteko ere deitu zioten, ezagunena Coca-Colarena.[25] Euforia giro horretan, ordea, Espainiako selekzioak emaitza eskasa lortu zuen. 1984ko Frantziako Eurokopan ordea txapelketa bikaina egin zuen selekzioak eta Arkonadak garrantzi handia izan zuen finalera iristeko partidatan. Finalaurrekoetan Danimarka penalti jaurtiketatan kanporatu zuten adibidez.[26] Finalean ordea Michel Platini frantziarraren jaurtiketaren ondoren besapetik alde egin zion Arkonadari eta selekzioak finala galdu zuen. Espainian Arkonada porrotaren erruduntzat jo zen eta haren akatsa oraindik ere gogoratzen dute.[27]

1985eko Ligako aurreneko partidan urte osorako lesionatu zen eta Andoni Zubizarreta aretxabaletarrak hartu zuen haren lekua.[28]

Espainiako selekzioak 2008an Eurokopa irabazi zuenean, garaikurra hartzeko unean Andrés Palop atezainak Arkonadak 1984ko finalean zeraman elastikoa jantzi zuen, hari omenaldia egiteko.[29]

Euskadiko selekzioa

Euskadiko selekzioa 1979an berriz abiatu zen eta Luis Arkonadak aurreneko bi partidak jokatu zituen, Irlandaren aurkakoa eta Bulgariaren aurkakoa, biak ere 1979an. Aurrenekoan Iribar izan zen titularra eta Arkonada 2. zatian atera zen,[30] bigarrenean Arkonada izan zen titularra eta Urrutikoetxeak jokatu zuen bigarren zatian.[31]

1988an Tottenham Hotspur taldearen aurkako partidan ere lehenengo zatia jokatu zuen.[32]

Ohiturak

Ohitura bitxiak ere bazituen. Adibidez, galtzerdi zuriak erabiltzen zituen beti, bai Realean eta baita Espainiako selekzioarekin jokatzen zuenean ere. Horrek hainbat kritika ekarri zizkion Espainian, galtzerdi beltzek zuten Espainiako bandera erakutsi nahi ez zuela zabaldu baitzen.[33] Bestetik, elastikoa ez zuen aldatzen partida galtzen zuen artean. 1979-1980 artean 38 partidatan elastiko bera erabili zuen, beraz.[1]

Taldeak eta selekzioak

Luis Migel Arkonada eta Jose Angel Iribar euskal atezain historikoak, 2019an.
Taldeak
TaldeaUrteak
Lengokoak KE- 1970
San Sebastián CF1970-1974
Real Sociedad1974-1989
Selekzioak
TaldeaUrteakTxapelketak
Espainiako selekzioa (gazteak)19724 partida
Espainiako selekzio olinpikoa19761976ko Udako Olinpiar Jokoak
2 partida
Espainiako selekzioa1977-1985Munduko txapelketak: 1978, 1982
Europako txapelketak: 1980, 1984
68 partida
Euskadiko selekzioa1979, 19883 partida

Kirol lorpenak

Realean

Espainiako Selekzioan

Bideoak

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «¿Qué fue de Arconada?: Mito de la Selección y la Real Sociedad» AS.com 2017-12-29 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  2. «Real Sociedad» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  3. (Gaztelaniaz) «Real Sociedad - Plantilla detallada 74/75» _ (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  4. (Gaztelaniaz) Jugadors, F. C. B.. «Estadísticas de Pedro María ‘Pello’ Artola Urrutia | FC Barcelona Players» FCB Jugadors (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  5. (Gaztelaniaz) Millán, Juan Rodríguez. «Se cumplen 42 años del debut de Arconada» columnacero.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  6. «Aquel histórico 5 de diciembre de 1976 - Athletic Club de Bilbao» athletic.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  7. (Gaztelaniaz) «El récord del Barça se queda en 43 partidos sin perder» MARCA Claro México 2018-05-13 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  8. (Gaztelaniaz) «Un récord increíble pero real» Las Provincias 2018-04-05 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  9. Muñoz, José Miguel. (2007-03-29). «Arconada: Trofeo Zamora en tres ocasiones» Arconada (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  10. 2013/07/19. «Lehen Liga» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  11. (Gaztelaniaz) «¡Gol de Zamora! ¡Gol de Zamora! Épica narración del primer título de la Real» Mundo Deportivo 2020-04-26 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  12. Millán, Juan Rodríguez. (jueves, abril 26, 2007). «Corazón Txuri Urdin: PARTIDOS INOLVIDABLES Sporting 2 - Real Sociedad 2 (1981-1982)» Corazón Txuri Urdin (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  13. eldesmarque.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  14. (Gaztelaniaz) «4-0: Supercampeón en una noche mágica» Mundo Deportivo 2020-12-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  15. (Gaztelaniaz) 19/07/2013. «Semifinalista de Copa de Europa» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  16. (Gaztelaniaz) «Hamburger SV vs Juventus - Champions League - 25 Mayo 1983» es.besoccer.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  17. «John Benjamin Toshack (Real Sociedad)» atotxa.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  18. (Gaztelaniaz) «Toshack: 'Ramos tiene el récord de tarjetas, ¡y las que no le sacan!'» Mundo Deportivo 2017-05-12 (Noiz kontsultatua: 2021-04-01).
  19. REAL SOCIEDAD CAMPEÓN COPA DEL REY 1986-87 / Tanda penaltis TVE. (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  20. (Gaztelaniaz) «Cuando la Real eliminó al Real Madrid de la Copa con un 0-4» Real Sociedad 2020-01-31 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  21. (Gaztelaniaz) ¿Qué ocurrió en la final de Copa de 1988 entre la Real y el Barça. 2020-12-21 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  22. (Gaztelaniaz) Urretavizcaya, Oscar. (1989-06-24). «La Real despidió a Arkonada y Zamora con un triunfo ante el Sporting» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
  23. (Gaztelaniaz) Lantxabe. (2016-10-04). «Las medias blancas de Arconada» Aiete - Lantxabe - Katxola - Ayete (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  24. (Gaztelaniaz) «ARCONADA» www.sefutbol.com 2015-07-29 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  25. ARKONADA ANUNCIO COCA COLA. (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  26. (Gaztelaniaz) UEFA.com. (2003-10-04). «España pasa en los penaltis» UEFA.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  27. (Gaztelaniaz) «Eurocopa 1984: el héroe Platini y el villano Arconada» abc 2021-03-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  28. (Gaztelaniaz) «Zubizarreta: "Hacíamos todo lo que podíamos, pero no ganábamos"» AS.com 2020-08-21 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  29. (Gaztelaniaz) «Euro 2008: El homenaje de Palop a un portero de leyenda (Arconada)» euro-2008-homenaje-palop-portero-leyenda-arconada 2014-04-22 (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  30. (Gaztelaniaz) Angulo, Javier. (1979-08-16). «Victoria de Euskadi sobre Irlanda y gran fiesta en San Mamés» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  31. «EUSKADI - BULGARIA (23/12/1979) - EUSKAL SELEKZIOA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  32. «EUSKADI - TOTTENHAM HOTSPUR FC (10/05/1988) - EUSKAL SELEKZIOA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  33. Muñoz, José Miguel. (2007-03-12). «Arconada: La leyenda de las medias blancas» Arconada (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.