Luis Alberto Sánchez
Luis Alberto Félix Sánchez Sánchez (Lima, Peru, 1900ko urriaren 12a - 1994ko otsailaren 6a) peruar poligrafoa, politikaria eta hezitzailea izan zen.
Peruko literaturan garrantzi handiko pertsona izan zen, eta baita pertsona zaila eta polemikoa ere.
Biografia
San Marcoseko Unibertsitateko errektore izan zen, eta honoris causa doktore Kolonbia, Hego Korea eta Guatemalako unibertsitateetan.
Politikari dagokionez, Hezkuntzako ministro izan zen 1946tik 1948ra, eta lehen ministro izan zen 1989an.
Idazle gisa, Sánchezek liburu asko idatzi zituen, genero eta estilo guztietakoak. Letretako, Historiako eta Zuzenbideko doktore-tituluak lortu zituen. Kulturan eta hezkuntzan egin zuen lanaren ondorioz, 1987an hezkuntzako Andrés Bello saria eman zioten. Peruko Hizkuntzaren Akademiako kide izan zen, eta baita Literaturaren Iberoamerikako Institutuko kide ere.
Politikan izan zuen ibilbidea, aldiz, zailagoa izan zen. Peruko Alderdi Apristan sartu zen 1931n, Ameriketako Batasun Iraultzailearen baitan (APRA). 1946an lortu zuen politikako garrantzizko lehenengo kargua, Hezkuntzako ministroarena. Kargu horretan 1948. urtera arte aritu zen. Hiru alditan egon zen erbestean, 1932, 1934 eta 1948an. Erbestean izan zen garai horietan hezkuntzan aritu zen Estatu Batuetan, Frantzian, Israelen eta Libanon. Alan Garcíak, 1985ean hauteskundeak irabazi zituenean, Peruko gobernuko lehendakariorde izendatu zuen Sánchez. 1989an, lau hilabetez, Garcíaren ordezko izan zen, baina dimisioa aurkeztu zuen 1990eko hauteskundeetan lehendakariorde aurkezteko.
Idazlanak
Ehun liburutik gora idatzi zituen, genero askotakoak, hala nola eleberriak, lan historikoak, monografiak, literatura-kritika, saiakerak.
Aipatzekoak dira, besteak beste: Góngora en América (1927, Góngora Ameriketan), Don Manuel (1931), Una mujer sola frente al mundo (1942, Emakume bat bakarti munduaren aurrean), Historia general de América (1944, Ameriketako Historia Orokorra), El Perú: retrato de un país adolescente (1959, Peru: herrialde gazte baten erretratua), La juramentación del diario Beltrán (1977, Beltránen egunkariaren zina).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.