Luigi Federico Menabrea
Luigi Federico Menabrea, Menabrea 1. kondea eta Valdorako 1. markesa (Chambéry, 1809ko irailaren 4a - Saint-Cassin, 1896ko maiatzaren 24a) italiar jeneral, politikari eta matematikaria izan zen. Italiako lehen ministroa izan zen 1867tik 1869ra.
Ingeniaritza eta matematikako doktoretza ikasi zituen Turingo Unibertsitatean. 1831n Cavour ordezkatu zuen ingeniarien armaren ofizial gisa Bardeko gotorlekuan. Mekanika eta eraikuntza irakasle izan zen Akademia militarrean eta Turingo Unibertsitatean.
Karlos Alberto Sardiniakoa erregeak Parmaren eta Modenaren Sardiniarekiko atxikimendua ziurtatzeko agindu zion. Piemonteko Parlamentuan sartu zen eta Gerra eta Kanpo Arazoetako Ministerioan lan egin zuen.
1859ko Lombardiako kanpainan austriarren aurka ingeniarien arma zuzendu zuen eta Palestra eta Solferinoko guduetan esku hartu zuen. 1860an teniente jeneral mailara igo zen eta Gaetako setioa zuzendu zuen.
1861etik aurrera, ministro izan zen hainbat gobernutan. 1866an Pragako Ituna negoziatzeko eta Venezia Italiari eransteko italiar ordezkaria izan zen. 1867an lehen ministro izendatu zuten. Menabreak aurre egin behar izan zien Aita Santuen Lurraldeen inbasioari eta Mentanako hondamendiari. Ez zuen babestu Garibaldik zuzendutako inbasioa baina frantsesen aurrean Erroman esku hartzeko eskubide italiarra aldarrikatu zuen.
1869an Giovanni Lanzak ordezkatu zuen lehen ministro karguan, Londresera enbaxadore bidali eta gero Parisera bidali zuena.
Lanak
- "Notions sur la machine analytique de M. Charles Babbage" (1842)