Lugarizko gudua

Lugarizko gudua edo Aieteko borroka[1] 1836ko maiatzaren 5ean, Lehen Karlistaldian, Donostiako Antiguo auzoko Lugaritz muinoaren inguruan izandako gudua da.

Lugarizko gudua
Lehen Karlistaldia
Iparraldeko frontea
Donostia Egiatik ikusita
"Galería Militar Contemporánea". Madril, 1846

Data1836ko maiatzaren 5a
LekuaDonostia
 Gipuzkoa 43°18′51″N 2°0′14″W
Koordenatuak43°19′N 1°59′W
EmaitzaIsabelinoen garaipena
Gudulariak
Karlistak Isabelinoak
British Legion
Buruzagiak
Joxemiel Sagastibeltza
Nazario Egia
Luis Fernández de Córdova
George Lacy Evans
Indarra
? 7.300
Galerak
60 150

Gudua

Karlistek 1835 urtearen hondarretik Donostia blokeatu zuten. Blokeoaren ardura Joxemiel Sagastibeltza jeneralaren gain zegoen. Bera hiria erasotu eta hartzen saiatzearen aldekoa zen. Egia jenerala, karlisten buruzagi militar nagusia, berriz, erasorik gabe blokeoa mantentzearen aldekoa. Donostiarrek Córdova liberalen buruari laguntza eskatu zioten eta honek Legio Britainiarra bidali zuen bertara. Sagastibeltzak, hau ikusirik, Egiari indar gehiago eskatu zion, baina honek tropa guztien beharra zuenez ez zion soldadurik igorri.

Maiatzaren 5ean 4.500 britainiar eta 1.500 liberal, Lacy Evans jeneralaren agindupean hiritik irten eta karlisten posizioetara oldartu ziren. Karlistek atzera egin zuten Lugaritz, Munto eta Puioko posizioetara.

Aieten gogor eutsi zioten karlistek, hiru kanoiekin britainiarren erasoa geldituz. Bitartean, Antiguoko komentua utzi eta Lugaritzen gotortu ziren karlistek jasan zuten britainiarrek baionetaz egindako erasorik bortitzena. Galera handien ostean, azken hauek amore eman eta atzera egin behar izan zuten. Britainiarren itsas-armadako bi untzik, "HMS Phoenix" eta "HMS Salamander", bere kanoiak karlisten posizioetara zuzendu zituzten, Lugaritz baserria errez. Gainera, karlisten zoritxarrerako, Sagastibeltza jenerala, baionetaz egindako karga bat zuzentzen ari zela, bala batek buruan jo eta bertan hil zen.

Britainiarrek berriro ekin zioten erasoari, arestian ontzietan iritsitako beste 1.300 soldaduek indar berrituta, karlistak Oriamendira atzera araziz.

Borroka liberalek irabazi zuten, baina blokeoa zertxobait zabaltzea besterik ez zuten lortu, Donostian pozez ospatu bazuten ere. Britaniar legio laguntzaileak 150 hildako eta 600dik gora zauritu izan zituzten eta bertako liberalek beste 100 gizonen galera. Karlistek, berriz, 60 hildako eta 200 zauritu, baina Sagastibeltzaren galera pisu handikoa izan zen. Dena den, Donostiak blokeatuta jarraitu zuen eta hurrengo urteko martxoan eman zen inguruetako borrokarik gogorrena, Oriamendi.

Erreferentziak

Kanpo estekak

  1. ZAVALA, Antonio: "Aieteko burruka berriz ere" (219-228. orriak). In: Karlisten leenengo gerrateko bertsoak. Tolosa: Auspoaren Sail Nagusia, 1992. Interneten eskuragarri.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.