Lucy (Australopithecus)

Lucy (AL 288-1) Australopithecus afarensis espeziearen hominido baten hezur multzoa da. Hezurrok Donald Johansonek aurkitu zituen 1974ko azaroaren 24an Awash haranean, Hadar herritik hurbil, Etiopian.[1][2] 3,2-3,5 milioi urte dituzte[3] eta 20 urteko emakumezko baten hezurduraren % 40 dira.

Lucy
Izen arruntaLucy
EspezieaAustralopithecus afarensis
Antzinatasuna3,5-3,2 milioi urte
Aurkikuntza data1974
Aurkikuntza lekuaHadar, Etiopia
AurkitzaileaDonald Johanson eta Tom Gray

Morfologiari dagokionez, 1,10 metro luze zen[4] eta 27 kg-ko pisua zuen. Burezur xumea zeukala ikusi da, txinpantzeenaren antzekoa; gainera, bipedoa zela ondorioztatu da, pelbisa eta belaunaren artikulazioa aztertu ondoren. Ezaugarri horiek hominizazio prozesuaren eredu dira.[5]

Lucy izena jarri zitzaion, The Beatlesen Lucy in the Sky with Diamonds kantarengatik, aurkikuntzaren lehen egunean kanta hori langileen kanpamentuan entzun zelako. Hala ere, Etiopian ድንቅ ነሽ (Dinkinesh) izena du, amhareraz "Zoragarria haiz" esan nahi duena.

Aurkikuntza

1971ko azaroan, hezurrak aurkitu baino lehen, tente ibiltzen ziren beste hominido batzuen hezurrak aurkitu ziren 2,5 km-ra. Hezur horiek ordu arte ezagutzen zirenak baino antzinagokoak ziren.

Handik hiru urtera, 1974an, Johansonek sakan baten beheko partean Lucyren lehenengo hezurrak aurkitu zituen. Aurrena, besoaren zati bat ikusi zuen; ondoren, buru-hezur txiki baten atzeko partea; handik metro batera, gutxi gorabehera, izterrezur baten zatia behatu zen. Ingurua gehiago esploratu zuten heinean, hezur gehiago aurkitu zituzten: ornoak, pelbisaren zatia, saihets-hezurrak eta barailaren puskak.[6][5]

Australopithecus afarensis espeziearen aurkikuntza gehiago egin ziren 1970eko hamarkadaren ondoren eta hori lagungarria izan zen espeziea hobeto ezagutzeko. 1992an, Awash haranean, Ardipithecus espeziearen hominido baten eskeleto oso bat aurkitu zen: Ardi izena jarri zitzaion eta Australopithecus afarensis fosilak baino zaharragoa zen; izan ere, 4,4 milioi urte ditu.[7]

Ezaugarriak

Ibilera mota

Lucyren eskeletoaren ezaugarri nabarietako bat valgus-belauna da[8]. Hain zuzen ere, ezaugarri horrek eraman ditu ikertzaileak tente ibiltzen zela ondorioztatzera. Izterrezurrak ezaugarri eratorriak eta asabenak ditu: buru txikia eta lepo laburra. Hala ere, trokanter nagusia, laburra eta Homo sapiensenen antzekoa dauka, baina femurraren burua baino gorago dago. Azken ezaugarri horri plesiomorfia deritzo. Lucyk lordosia[9] azaltzen du, hau da, bizkarrezurraren aurreranzko kurbadura, eta ezaugarri hori hankabikotasunaren beste adierazle bat da.

Pelbisa

Lucyk distantzia azetabular handia azaltzen du, eta pubis-arkuak 90º baino gehiago ditu, hots, gaur egungo emakumezkoenaren antzeko tamaina. Hala ere, azetabulua txikia eta primitiboa da.

Burezurra

Neurokranioa primitiboa eta txikia da; letaginek, aldiz, tximinoenek baino espatula-forma handiagoa dute. Lucyren garezur-edukiera 375-500 cc ingurukoa da.

Kutxa torazikoa eta dieta

Australopithecus afarensisek egungo tximinoek dituzten bezalako kutxa toraziko konikoa daukate, oro har, txinpantzeen eta gorilen antzekoa. Tamaina handi horrek urdail handia eta heste luzea izateko aukera ematen die; izan ere, luzera hori garrantzitsua da landareen digestioa egiteko. Buru-hezurraren eta burmuinen funtzioak mugatuta daude, txegostea eta barailaren muskulatura direla eta.

Erreferentziak

  1. Johanson, C. E.; Wong, K. C.. (1979-09). «PERMEABILITY AND VASCULARITY OF THE DEVELOPING BRAIN» Anesthesiology 51 (Supplement): S148.  doi:10.1097/00000542-197909001-00147. ISSN 0003-3022. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  2. McDonald, Jessica S.. «A Sensational Story» Photography and its Origins (Routledge): 15–28. ISBN 9781315740096. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  3. Oldest Skeleton of Human Ancestor Found. 2009-10-01 (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  4. Jungers, W. L.. (1988-6). «Lucy's length: stature reconstruction in Australopithecus afarensis (A.L.288-1) with implications for other small-bodied hominids» American Journal of Physical Anthropology 76 (2): 227–231.  doi:10.1002/ajpa.1330760211. ISSN 0002-9483. PMID 3137822. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  5. C., Johanson, Donald. (1981). Lucy : the beginnings of humankind. Simon & Schuster ISBN 0671724991. PMC 856806858. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  6. «Letter from Donald Johanson, August 8, 1989» www.talkorigins.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  7. Gibbons, Ann. (2017-03-02). «Ancient skulls may belong to elusive humans called Denisovans» Science  doi:10.1126/science.aal0846. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  8. Stern, J. T.; Susman, R. L.. (1983-3). «The locomotor anatomy of Australopithecus afarensis» American Journal of Physical Anthropology 60 (3): 279–317.  doi:10.1002/ajpa.1330600302. ISSN 0002-9483. PMID 6405621. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  9. Lovejoy, C. Owen; McCollum, Melanie A.. (2010-10-27). «Spinopelvic pathways to bipedality: why no hominids ever relied on a bent-hip-bent-knee gait» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series B, Biological Sciences 365 (1556): 3289–3299.  doi:10.1098/rstb.2010.0112. ISSN 1471-2970. PMID 20855303. PMC PMC2981964. (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).

Kanpo-estekak

Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.