Lucio Aginagalde
Lucio Aginagalde Aizpurua (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1917 – Gasteiz, Araba, 2005) enpresaburua izan zen. 1986an ETAk bahitu zuen, eta 18 eguneko bahiketaren ondoren, Ertzaintzak askatu egin zuen erreskate operazio batean. Operazio berean ETAk tirokatuta hil zen Genaro Garcia de Andoain Ertzaintzako buruzagi nagusia.[1]
Lucio Aginagalde | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Itziar, 1917 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Bizilekua | Gasteiz |
Heriotza | 2005eko abenduaren 24a (87/88 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua |
Bizitza
Itziarren jaio zen Lucio Aginagalde, eta familiako bederatzi senidetan nagusia zen[2]. Bere aitak sortutako bisuteria negozioa, Indagui izenekoa, Gasteizera mugitu zuten 1940. urtean, eta haren ustiaketari ekin zion Aginagaldek. Harrezkero, gasteiztar zela esan daiteke. Gasteizko bizitza sozialean, bereziki pilotazale gisa nabarmendu zen, eta ohikoa zen Mendizorrotza frontoian. Nalda II.a pilotariaren botillero laguntzailea ere izan zen[1].
Militante jeltzalea izan zen, eta Arabako EAJko afiliatuen artean 6. zenbakia zuen bere karnetak. Eusko Alkartasuna sortu zeneko eszisioaren garaian, 1986an, Gasteizko EAJ berregiteko batzordean sartu zen, Gasteizko jeltzaleen gehiengoak Jose Angel Cuerdaren ildotik EAra jo zutenean[2].
Bahiketa
1986ko urriaren 15ean, Mendizorrotza pilotalekutik irten zen batean, bahitu egin zuen ETAk. Leize batean prestaturiko zuloan eduki zuen gatibu ETAk, Zeanuriko basoetan, Eguzkiola izeneko parajean[3]. Ertzain batek ikusi zuen leizeko atea harri batekin estalia, 1986ko azaroaren 1ean, eta horren berri emanik, operazioa antolatu zen Ertzaintzako buru Genaro Garcia de Andoainek pertsonalki zuzendua. Operazioan Aginagalde askatu zuten, baina tiroek joa hil zen Garcia de Andoain[1].
Epaiketan ebatzi zenez, Aginagalde hiru laguneko ETAko komando batek bahitu zuen, pertsona hauek osatua: Luis Enrique Garate Galarza, Patxi Cabello eta Juan María Gabirondo 'Txispas'. Cabello eta Gabirondo bahiketa amaitu zuen operazioan atxilotu zituzten, baina Garate ez zuten atxilotu 2004. urtea arte. Frantziako poliziak atxilotu ondoren, Espainiara egotzi zuten eta 2011. urtean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean Aginagalde bahitzeagatik eta Garcia de Andoain erailtzeagatik[3].
Erreferentziak
- «Lucio Aguinagalde Aizpurua, secuestrado por ETA en 1986 | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2018-07-04).
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1986-11-02). «Vida desahogada, pero sin lujos» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-07-04).
- (Gaztelaniaz) «Un secuestro que ha durado 25 años. Noticias de España» El Confidencial (Noiz kontsultatua: 2018-07-04).