Lucentum
Lucentum ibero-erromatar hiria izan zen, El Tossal de Manises izeneko eremuan, gaur egungo Alacanten zegoena.
Lucentum | |
---|---|
Lucentum | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Valentziako Erkidegoa |
Probintzia | Alacanteko probintzia |
Valentziar Herrialdeko eskualdeak | Alacantí |
Udalerria | Alacant |
Koordenatuak | 38°21′52″N 0°26′18″W |
Altitudea | 38 m, itsas mailaren gainetik |
Ordezkatzen du | Akra Leuke |
Historia
Lucentum hiriaren jatorria K.a. IV. mendean dago. Lehen biztanleak kontestaniar herriko iberiarrak ziren, eta harreman komertzial eta kultural estuak zituzten greziarrekin zein feniziarrekin. Penintsulako hegoaldeko kultura tartesiarrekin ere harremanak zituzten. Elkar-truke kultural horiek guztiek berezko ezaugarriak zituen kultura bat sortu zuten, Plinio Zaharra edo Estrabon bezalako historialari erromatarrek «Kontestania» deitu zutena. Uste denez, greziarrek «Akra Leuke» (antzinako grezieraz: Λευκῆ Ἂκρα, Akra Leukḗ esaten zioten hiri bera izan zen.[1]
Kartago Bigarren Gerra Punikoa baino lehen eta bitartean penintsulan sartu zenean, hiriak gaur egun bere hondakinetan ikus daitekeen eragin arkitektoniko kartagotarra jaso zuen. Hauek jada existitzen den hiriaren gainean eraikitzean, Lucentumgo hondakin iberiarrak ia ez dira existitzen (hiria inguratzen zuen harresiaren zati batzuk izan ezik). Erromatarrek hiriari «Lucentum» izena eman zioten, Publio Kornelio Eszipionek Sortaldea konkistatu ondoren, eta gaur egun multzo historikoa osatzen duenaren hondar gehienak eraiki zituzten. Erromatar hiri guztiek bezala, Lucentum termaz, tenpluz, foroz, estoldaz eta abarrez hornitua izan zen.
Hiriaren urrezko aroa k.a. eta k.o. I. mendeen artean izan zen. Mende honen amaieran gainbehera handian sartu zen eta k.o. II. eta III. mendean ia erabat hustua izan zen. Gainbehera horren arrazoi nagusia ondoko Ilici hirian zegoen (egungo Elx), zeinak, lehorrez eta itsasoz hobeto komunikaturik, Lucentum hiriari garrantzi komertzial eta estrategikoa kendu zion. Hainbesteraino iritsi zen hiriaren gainbehera, non erabat abandonatua izan zen, eta, ondoren, hilerri musulman bat eraiki zuten haren gainean, X. edo XI. mendean.
Erreferentziak
- Historia. in: Gran Enciclopedia Temática de la Comunidad Valenciana. Prensa Valenciana.