Louis McLane
Louis McLane (Smyrna, Delaware, 1786ko maiatzaren 28a - Baltimore, Maryland, 1857ko urriaren 7a) Estatu Batuetako abokatu eta politikari bat izan zen. Andrew Jacksonen lehenengo gobernuko kide zela nabarmendu zen (1831ko abuztua-1833ko maiatza), Bankuaren gerra puri-purian zela.
Gaztaroa
Louis Mclane Delawaren jaio zen, aita Wilmingtongo portuan zerga-biltzaile zuela. Frantziako erregearen omenez jarri zioten izen hori. Alderdi Federalistako kidea zen, baina 1812ko Angloamerikar Gerran parte hartu zuen. Gerra ondoren ere, Alderdi Federalistako kide izaten jarraitu zuen, alderdia bere azkenetan zela. Sei alditan izan zen AEBetako Kongresurako hautatua.
Andrew Jacksonen gobernuan
Martin Van Burenekin zuen adiskidantzari esker, Andrew Jacksonen alderdira pasa zen (Alderdi Demokrataren hastapenetan) eta, 1829an, Jackson presidente hautatuta, Ingalaterrara bidalia izan zen anbaxadore moduan. Londresetik Bankuaren aldeko ideiak berrituta itzuli zen, baina artean Jacksonek ontzat jotzen zuen bere lana. 1832ko hauteskunde latzak pasata ("Jackson eta ez Bankurik!"), Diruzaintza Idazkari izaten jarraitu zuen. Aldiz, ordurako Nicholas Biddle Bankuko presidentearekin buruz buru plan bat ontzen ari zen Estatu Batuetako Bigarren Bankuaren baimenaldia berritzeko.
Roger B. Taney fiskal nagusiak McLaneri buruz ohartarazi zuen Jackson, bere printzipioen kontra eta Alderdi Federalistaren programa hamiltondar zaharra berritzera zetorrela leporatuz. 1833 hasieran, Jacksonek agindu kritiko bat eman zio McLaneri: gobernuaren ondasunak Bankutik ateratzea. McLanek, berriz, uko egin zion agindua betearazteari, eta kargugabetua izan zen. William J. Duanek ordezkatu zuen.
Azken urteak
Oinordetzari esker aberatsa izanik ere, McLanek hamahiru haur zituen mantentzeko eta, bere kontaktuak baliatuz, negozio eta politika munduan jarraitu zuen, burdinbide- eta banku-konpainietan esku hartuz. 1846 ondoren, Estatu Batuen ordezkari lanetan Ingalaterrara itzuli zen, ipar-mendebaldeko Oregongo muga negoziatzeko.