Loretopea

Loretopea Donostiako Antigua eta Mirakontxa auzoen artean dagoen lurmutur txikia da, Kontxa eta Ondarreta hondartzak banatzen dituena. Gainean Miramar jauregia du, eta azpian, berriz, Miramarreko tunela eta haren alboko oinezkoen tunela. Antzina bidexka batek inguratzen zuen, eta bide horretatik muinoaren gainean zegoen San Sebastian monasteriora irits zitekeen. Monasterioari buruzko lehen albisteak XII. mendekoak dira, eta, ondorioz, eraikin horrek eman zion izena Donostiari, hala gaztelaniaz (zuzenean, argi eta garbi) nola euskaraz (Koldo Mitxelenak zioenez, *Done Sebastiáne > Donasa (b) astiai > Donasastia > Donastia > Donostia bilakabidea eginda).[1] San Sebastian monasterioak Donejakue bideko erromes askori eman zion ostatu Erdi Aroan, garai hartan bide hark zuen garrantziaren lekuko.[2]

Loretopea Kontxako pasealekutik ikusia
Loretopea, itsasgoran.

Izenaren jatorria eta erdaratze bitxia

Loretopea izena, gaur egun Miramar jauregiko lorategiak dauden tokian eraikitako ermita bati zor zaio, Loretoko Andre Mariari eskainia baitzen. Ez dakigu zehazki noiz eraiki zen. Gero, inguruko baserrietan bizi ziren baserritarrek Loretopia edo Loretopea izena jarri zioten lurmutur horri, ermitaren azpian baitzegoen. 1876an desagertu zen ermita betiko.

Gaztelaniaz duen izen bitxia (Pico del Loro), Eusko Ikaskuntzako ohorezko bazkide den Imanol Olaizolaren esanetan, itzulpen oker baten ondorioz datorkigu. «Loretoren azpia» esan nahi duen izena «loroaren mokoa» zelakoan gaizki gaztelaniatu zen:

loretopeko >> "lorito piko" >> "pico del loro".

Gaizki erdaratutako izen horrek tokia jan dio euskal izen jatorrari, beste hainbatetan bezala[erreferentzia behar].

Ondasun nabarmenak

Erreferentziak

  1. Koldo MITXELENA: Apellidos vascos, 1955, 96. orrialdea.
  2. Kostaldeko Done Jakue Bidea: Donostia - Orio etapa, Costavasca.org webgunea.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.