Lorenzo Askasibar
Lorenzo Askasibar Arana (Elgeta, 1930 – Gasteiz, 2022ko uztailaren 17a) gipuzkoar eskultore figuratiboa izan zen. Bergaran eskultore eta pintura ikasi eta landu ondoren, Bilboko Berreginen Museoan ikasi zuen[1]. Estilo naturalista klasikoa landu zuen ugari, bereziki erreparatuz gai erlijioso kristauei, baina baita beste gai batzuei ere. Estatu Batuetako bere egonaldian hilerrietako artelanak egin zituen.
Lorenzo Askasibar | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elgeta, 1930 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Gasteiz, 2022ko uztailaren 17a (91/92 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea |
Genero artistikoa | naturalismoa |
1970eko hamarkadaren hasieran Estatu Batuetatik itzultzean, Euskal Herriko orduko joeren eragina izan zuen. Azken urteetan, Gasteizen izan zuen tailerra eta bizilekua. Askasibar euskal eskultore klasiko handien eskolaren azken ordezkaritzat jo daiteke.
Artelanak
Gazte zenean, armarri batzuk eta irudi txikiak egiten hasi zen, baina bere karrerako lehen enkargu handia Bizente Goikoetxearen omenezko eskultura izan zen, Aramaion (Araba). Euskal Herrian bi lanengatik da batez ere ezaguna: Manuel Iradierri eskainitako estatua (1956), Gasteizen, eta Frantzisko Garate dohatsuaren erretratua, Bilboko Deustuko Unibertsitatean.
Amerikako Estatu Batuetan lan egin zuen urte askotan. Bertan sortutako artelanen artean, aipagarria da New Yorkeko Saint Raymond hilerri katolikoan dagoen monolitoa, J.F. Kennedy presidenteari eskainia, eta Kristobal Koloni egindako monumentua Connecticuteko Stamforden. Bergaran, San Pedro Ariznoako elizan, berak egindako pietate bat dago: Zutabeko Kristoa (bertan, "Flajelaziñua" ere deitua). Euskal Herrian finkatu zenean, Gasteiz hartu zuen bizileku.
Artistari buruzko balorazioak
Askasibarren gaineko bibliografia eta arte-kritikarien analisiak ez dira asko. Haren artelana goraipatu zuenetako bat Jorge Oteiza izan zen, honela idatzi baitzuen:
« | Askasibar Higinio Basterra handiaren eta Julio Beobideren ondorengo eta oinordeko duina da, biak ere Espainiako eskultura bibelotetik eta sentiberatasunetik askatu zutenak![oh 1] | » |
—Jorge Oteiza[2] |
Iruditegia
- Manuel Iradierren estatua. 1956. Gasteizko Florida parkean.
- Bixente Goikoetxea Errasti musikariari egindako irudia. 1955. Aramaio.
- Jose Maria Arizmendiarrieta. Burua Lorenzo Askasibarrek egina da eta gainerakoa Mikel Lertxundik.[3]
- Pietatearen xehetasuna Bergarako San Pedro Ariznoan
- Jose Maria Arizmendiarrietaren estatua, MUko Goi Eskola Politeknikoan
- Jesus Guridi. 1986. Gasteizko Honduras kaleko lorategia.
- Simon Arrietaren bustoa
- Jesusen Zerbitzarien Joan Paulo I.a Erresidentziako horma-irudia, Gasteiz. 1992 Brontzea.
Oharrak
- Jatorriz gaztelaniaz (Kortadi Olano, Edorta (2009), 107. or.): "Ascasibar es un digno sucesor y heredero del gran escultor Higinio Basterra y de Julio Beobide, escultores que han librado a la escultura española del bibelot y del sentimentalismo!"
Erreferentziak
- Velez de Mendizabal, Josemari. «Lorenzo Askasibar Aramaion artista» Hots begi danbolinak (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
- Kortadi Olano, Edorta (2009): Guía de esculturas. Donostia-San Sebastián. 107 or.
- [|Sáenz de Gorbea, Xabier]. lea-artibai. (Noiz kontsultatua: 2020-02-06).
Bibliografia
- Elkoroberezibar, Miguel Angel. (2021). L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza / Testimonio de un escultor. Miguel Angel Elkoroberezibar ISBN 978-84-09-29147-2..
Kanpo estekak
- Veñez de Mendizabal, Josemari: LORENZO ASKASIBAR. Aramaio 2016(Aramaion egin zitzaion omenaldiaren bideoa)