Lorategi-hiri
Lorategi-hiria edo loruria XIX. mende bukaeran Ingalaterran sortutako hiri mota da, landa eta hiriaren onurak uztartzen dituena. Haren garapena bermatzen duen hirigintza-mugimenduari lorategi-hirien mugimendua deritzo. Industria Iraultzaren ondorioz asmatu zen, arazo urbanoak (kutsadura handia eta gehiegizko jende pilaketa, besteak beste) ebazteko helburuarekin. Haren ideatzailea Ebenezer Howard (1850-1928) izan zen, zeinek To-Morrow: A Peaceful Path to Real Reform delako itzal handiko saiakera idatzi baitzuen 1898. urtean, hiri mota horren ezaugarriak eta onurak plazaratuz. Liburua 1902an berrargitaratu zen, geroago ezagunagoa egin izan den izenburuarekin, hots, Garden cities of to-morrow.
Jatorrizko lorategi-hiria
Oinarri teorikoak
Aipatutako liburuan Howardek New Town edo hiri berriak Londres inguruan sortzearen garrantzia eta beharra aldarrikatu zuen. Lorategi-hiriok langileentzako bizitegi gisa sortu beharra zegoen, city-aren garaiko bizi-baldintza kaskarrak hobetzeko asmoarekin. Hiriok satelite moduan garatuko lirateke, hiritik urrunera egokian, harekin trenbidez ondo lotuak. Horrenbestez, lorategi-hiriaren egoileak landaren onura osasuntsuak disfrutatuko lituzke, hiri handiak eskeintzen dituen baliabideak eta zerbitzuak eskuan izanda.
« | Nire proposamena zera da, hiriguneetatik landa-barrutietarako biztanlegoaren migrazio-mugimendua antolatzeko funtsezko saiakera egin beharra dagoela. | » |
—Ebenezer Howard, [1] |
Jatorrizko lorategi-hiriaren hazkundea mugatua zen. Hiri-satelite hauen tamaina 32.000 biztanletan finkatzen zuen Howardek eta, haren ustez, lorategi-hiriok aurretik proiektatuak izan behar zuten, haien inguruko lurrak nekazaritza eta abeltzantzarako erabiliak izan beharko liratekeelarik[2]. Sateliteen artean beste trenbide bat egongo litzateke haien arteko zeharkako loturak bermatzeko.
Laburbilduz, honakoak ziren Howarden lorategi-hiriaren ezaugarriak:
- Sektoreka antolatutako eskema konzentriko orokorra.
- Hazkunde mugatua (32.000 etxebizitza 2.400 hektareatan).
- Dentsitate txikia (15 etxebizitza/ha inguru).
- Familiabakarreko etxebizitza-tipoa, isolatua zein atxikia, lorategiz horniturik.
- Lurzoruaren jabetza eta kudeaketa publikoa.
Ideia hauek guztiak aurrera eramateko Garden City and Town Planning Association erakundea sortu zuen 1899an. Enpresa horrek sustatzaile gisa lurzoruak erosiko zituen lehen lorategi-hiriak garatzeko.
Lehen gauzatzeak
Lehen lorategi-hiri gauzatua Letchworth izan zela baiezta daiteke. Londrestik 55 kilometro iparraldera egonik, 1903. urtean sortu zen. Garden City and Town Planning Asociation erakundearen sustapenarekin, Barry Parker (1868-1947) eta Raymond Unwin (1863-1940) hirigile ingelesek diseinatu zuten, Howarden oinarri teorikoak egikarituz. Hasierako planteamenduei jarraiki, hiriak 33.000 biztanle izango zituen, 1.860 hektareako hedadurarekin[3]. Eskema sasikontzentrikoa jarraitzen du, Howarden zirriborroen antzera, baina haien erradikaltasun garbia gabe.
Geroago etorriko ziren Hampstead (1909), Welwyn (1919), Wythenshawe (1927) eta beste hainbat lorategi-hiri ezagun.
1928an Unwinek Howard ordezkatu zuen International Federation for Housing and Town Planning erakundearen presidentetza bere gain hartuz, bere heriotza izan zela eta[4]. Horrenbestez, Ebenezer Howard lorategi-hiriaren kontzeptuaren aita izan bazen ere, Raymond Unwini haren lehen gauzatzea eta garatzea zor diogu.
Bigarren Mundu Gerra eta gero, lorategi-hiriaren ideietan oinarritutako hiri berri gehiago sortu ziren, Londresen sateliteak baino, osotasun guztiko hiri autarkiko gisa funtzionatzen zutenak. Haien artean ezagunenak Stevenage (1946-1952) eta Harlow (1947-1956) izan ziren[5]. Bakoitzak 60.000 biztanlerako proiektatuak izan ziren, 10.000 biztanlerako auzune erdi-autonomotan banatzen zirela.
Lorategi-hiriaren eratorriak
Lorategi-hiria Mugimendu Modernoan
Le Corbusierren Pessaceko (Bordele, 1925-1928) auzunearen diseinua lorategi-hirien mugimenduan koka daiteke. Halaber, Ludwig Mies van der Rohek diseinatutako Weissenhof Siedlungak (Stuttgart, 1927) lorategi-hirion kontzeptuak hala nola jarraitzen zituela esan daiteke. Hala ere, Mugimendu Modernoak ez zituen horrelakoak sarritan garatu, lorategi-hiriak ez baitzuen kalearen ideia inolaz ere ukatzen, Mugimendu Modernoak ez bezala.
Lorategi-hiria Ameriketako Estatu Batuetan
Estatu Batuek aise egin zuten bat Howarden filosofiarekin. Familiabakarreko etxebizitza amets amerikarrari ezinhobe egokitzen zitzaion, eta lehen lorategi-hiriak berehala gauzatu ziren. Ezagunenetarikoa Radburn izan zen, New Jersey, 1928-1932 bitartean eraikia, Clarence Stein eta Henry Wright hirigileen planari jarraiki. Bertan, 469 familiabakarreko etxebizitzetako plangintza interesgarria egikaritu zen, kotxeen eta oinezkoen ibilbideak elkarrengandik ganoraz banatuz[6].
Philadelphiako aldiriek ikusi zuten Levittown delako beste lorategi-hiri handi baten eraikuntza azkarra 1952. urtean. Levitt anaien enpresa eraikitzaile erraldoiak, William Levitt ezagunaren gidaritzapean, 17.000 familiabakarreko etxebizitzako sustapen erraldoi horri ekin zion. Etxeak berehala saldu ziren, propaganda egokia izan zela medio. Esanguratsua da etxeen lorategiak hesitzea debekatuta zegoela, intimitatea lortzeko landaretzarekin bakarrik jolastu beharra zegoela.
Aipatu beharra dago ekimen honen eta beste hirigintza-garapen aldiritarren poderioz, 1950-60 bitartean AEBetan 20 miloi pertsonak hirietatik aldirietara ihes egin zuela.
Esan daiteke gaur egungo hiri aldiritar estatubatuarra jatorrizko lorategi-hiriaren planteamenduengandik erabat aparte dagoela.
Lorategi-hiria Euskal Herrian
Euskal Herrian lorategi-hiri termino konposatua erabiltzen da eskuarki lorategi-auzuneak besterik ez direnak izendatzeko —lorategi-koloniak ere deituak izan dira—, ez baitute hiri baten tamaina, ezta gutxiago ere. Are gehiago, lorategi-hiritzat hartzen dira lorategia dituzten etxeen multzoak bakarrik direnak. Gehienak euskal estiloko arkitekturari jarraituz eraikiak izan ziren. Haien artean ezagunenak honako hauek dira:
- Bilbon: Matikon dago Bilboko lorategi-auzunerik garrantzitsuena, Artxanda mendiaren hego-magalean. Pedro Ispizua arkitektoak diseinatu zuen 1922an. Jatorrian merkeak izateko helburuarekin proiektatuak, 112 etxebizitza eraiki ziren. Zorrotzan eta Basarraten beste lorategi-auzune bana daude.
- Gasteizen: Adurtza eta Batan auzuneen artean dago Gasteizko lorategi-auzunea, trenbidetik hegoaldera, lehen La Ventanilla deituriko orubean. Jatorrizko plangintza osoak 4,18 hektareako azaleran 44 familiabakarreko etxebizitza proposatu zituen Jose Luis Lopez de Uralde arkitektoaren diseinuari jarraiki. Azkenean 4,58 hektareatara zabaldu zen auzunea, lanak 1926an hasi zirelarik, 1930an bukatuz. Hasiera batean arazo ekonomikoak zituzten familientzako pentsatua bazen ere, laister Gasteizko burgesiak bete zituen bertako etxe lorategidunak.[7]
- Iruñean: Garai bertsuan, 1933. urte aldera, Serapio Esparzak diseinatutako bigarren zabalgunearen hego-ekialde bazterrean lau etxe-irla lorategi-hiriaren ereduari jarraiki gauzatu ziren, familiabakarreko etxebizitza lorategidunak eraikiz. Gaur Argarai Kolonia gisa ezagutzen den auzunea Joaquin Zarranz eta Juan Madariaga arkitektoek diseinatu zuten, eta Rufino Martinikorena enpresariak sustatu.
- Donostian: Ondarretan dago Donostiako lorategi-auzunerik garrantzitsuena, itsasoaren aurrean, 6,3 hektareako orubean. Luis Elizalde hirigileak diseinatu zuen Ondarretako plan interesgarria, 1921ean aprobatu zena. Gaur egun oso desitxuratua dago.
- Loiolan beste lorategi-auzune txikiago bat dago, 1917an eraikitzen hasi zena, 15 familiabakarreko etxebitza isolaturekin. Hasieran, arestian aipatutako lorategi-auzuneetan bezalaxe, langileentzat pentsatuak zeuden Loiolakoak ere. Bertan bizi ahal izateko, esaterako, familia ugaria izan behar zen [8].
- Irunen: Eskala txikiagoan izan bazen ere, Anaka eta Lapitze auzoetan lorategi-hiri moduko planak garatu ziren. Azken hau, Lapitzekoa, alegia, Teodoro Anasagasti arkitektoak proiektatu zuen 1926an.
Erreferentziak
- The Effect of Sir Ebenezer Howard and the Garden City Movement on Twentieth Century Town Planning artikulua
- Howarden Garden Cities of To-Morrow
- El uso de Google Earth para el estudio de la morfología urbana. II, Las tramas urbanas artikulua
- Raymond Unwinen biografia
- Josep Maria Montanerren artikulua New Townsei buruz
- Radburni buruzko informazioa radburn.org web gunean
- Gasteizko lorategi-hiriari buruzko artikulua lurr@lde aldizkari digitalean
- Las casas baratas en Gipuzkoa artikulua euskomedia.org web gunean
Bibliografia
- HALL, PETER. Cities of Tomorrow: An Intellectual History of Urban Planning and Design in the Twentieth Century. Oxford: Blackwell Publishers, 1996. ISBN 0-631-19943-8
- HOWARD, EBENEZER. To-Morrow: A Peaceful Path to Real Reform. New York: Routledge, 2003. ISBN 0-415-31747-9
- PANERAI, PHILIPPE R. [et al]. Formas urbanas: de la manzana al bloque. 1. argitalpena. Bartzelona: Gustavo Gili, 1986. (Arquitectura/Perspectivas bilduma). ISBN 84-252-1291-X
- UNWIN, RAYMOND. Town Planning in Practice. New York: Princeton Architectural Press, 1996. ISBN 1-56898-004-3
- WARD, STEPHEN VICTOR. The Garden City: Past, Present and Future. Londres: Taylor & Francis, 1992. ISBN 0-419-17310-2 (Liburua Google books-en)
Ikus, gainera
- Hirigintza
- Hirigileen zerrenda
- Zabalgune
- Lo-hiri
- Siedlung
- Hiri ideal
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Ebenezer Howarden Garden cities of to-morrow delako saiakera seminala
- (Ingelesez) Letchworth eta Ebenezer Howardi buruzko artikulua lgc.amolad.net web gunean
- (Ingelesez) The Effect of Sir Ebenezer Howard and the Garden City Movement on Twentieth Century Town Planning artikulua
- (Ingelesez) Town and Country Planning Association erakundearen artikulua lorategi-hiriaren inguruan
- (Ingelesez) Letchworthko lorategi-hiriari buruzko web gunea
- (Portugesez) Lorategi-hiriari buruzko artikulua vitruvius.com web gunean
- (Gaztelaniaz) Lorategi-hiriari buruzko artikulua artehistoria web gunean
- (Gaztelaniaz) Bilboko lorategi-hiriari buruzko artikulua elcorreodigital.com web gunean
- (Gaztelaniaz) Gasteizko lorategi-hiriari buruzko artikulua lurr@lde aldizkari digitalean