Lola Garrido
Lola Garrido Armendariz (Donostia, Gipuzkoa, 1949) komisarioa, aholkularia eta arte-kritikaria da. Argazki-bilduma zaletasunaren aitzindaria da, eta munduko argazki-bilduma pribatu garrantzitsuenetako bat du.[1]
Lola Garrido | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1949 (74/75 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | art advisor (en) , photography collector (en) eta arte-kritikaria |
Biografia
Lola Garrido Donostian jaio zen eta Geografia eta Historiako unibertsitate-ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Geroago, arte-ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Sorbonan[2].
Lehenik, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Prentsa Buru gisa aritu zen lanean. Espainiako Lehen Bideoarte Jaialdi Nazionala antolatu zuen Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en, eta hiri horretara joan zen bizitzera. Han, Madrilgo Erkidegoko Gobernuko Kultura Aholkulari hautatu zuten. Arte-aholkulari gisa aritu zen, eta, aldi berean, argazki-bildumazale gisa hasi zen. 2001etik 2007ra bitartean, Bartzelonako Fundación FotoColectaneako arte-zuzendaria izan zen. 2004an, Coleccionart fundazioaren aldizkaria sortu zuen.[3]
Aholkulari gisa, Banesto Fundazioaren erosketa berriez arduratu zen, eta 700 argazki baino gehiagoko bilduma egin zuen (besteak beste, Andy Warhol, Henri Cartier-Bresson, André Kértesz, Cindy Sherman, Chema Madoz, María José Gómez Redondo eta abarren piezak). Madrilgo Reina Sofía Museoko argazki-funtsak sartu zituen, dazio baten bidez. Hala, Espainian, bilduma pribatu bat funts publikoetan osorik lehen aldiz integratu zen.[4]
Arte-kritikari gisa, El Mundo egunkariko kultura-gehigarrirako lan egin du, Fotomania saila zuzendu du El País egunkarirako, eta Ser irrati katearen A vivir que son dos días programan parte hartu du artearen eta enkanteen merkatuei buruzko dibulgazio-lan batean. Halaber, artearen, enkanteen eta bilduma zaletasunaren inguruko liburuak argitaratu ditu, besteak beste, "Teoría particular sobre el Beso" eta "Lo visible y lo latente".[5]
Estatuko eta nazioarteko 90 erakusketa baino gehiagoren komisarioa izan da: "España en los años 50" de Inge Morath; "Obra selecta del Museo de Munich, 150 años de la foto mundial"; edo "Una pasión suiza: selección de la colección M+M Auer" Bartzelonan, munduko arte-bildumagile handienetako bati eskainia, besteak beste.[6][7]
Argazki-bildumak
Tàpiesen grabatu bat da arte-bildumagile gisa egin zuen lehen erosketa. 1980ko hamarkadaren hasieran erosi zuen Kolonian, nahiz eta haren garrantzia argazki garaikideen bilduman espezializatzetik etorri. 1986an erosi zuen André Kertészek sinatutako La cabeza de un hombre que se refleja en el agua.[8] Horrela hasi zen munduko argazkigintzako bilduma distiratsuenetako bat, autobiografia gisa sortua: "Bilduma oro, bilduma pertsonala da, pertsona bakarrekoa."[3]
Bildumagile gisa, 1000 pieza baino gehiago ditu, XX. mendeko ikusizko ondare historiko eta ikono kulturalei dagozkien izenburuekin; besteak beste, Robert Caparen Muerte de un miliciano (1937), Dorothea Langeren Madre migrante (1937), Bern SternenMarilyn Monroe. Irving Penn, René Magritte, Alexander Rodchenko, Man Ray, Robert Mapplethorpe, Henri Cartier-Bresson, Diane Arbus, Madame Yevondé eta Inge Morath-en argazkiak ditu beste askoren artean. Bilduma osoak ere baditu, hala nola Garry Winogrand-en Women are Beautiful'. Bildumagile gisa duen garrantzia, bere lanaz gain, pasadizoak ere neurtzen dituzte, hala nola Cartier-Bressonek La araña del amor oparitu zion sinatua eta dedikatua, izan ere, Sotheby's-en egindako enkante batean erosketa saiakerak huts egin ondoren.[9]
Women are Beautiful
Women are Beautiful seriea Garry Winograndek 1960tik 1975era hartutako 85 argazkik osatzen dute. Lee Friedlander-ekin batera, “estilo amerikar berria” deritzona irudikatzen du. Winograndek bide berriak ireki zituen Street Photography delakoan.[10]
Argazki hauek John Szarkowski MoMAko argazki-departamentuko zuzendariak hautatu zituen, Winograndek egindako 15.000 argazkietatik. Katalogo gisa argitaratu zen liburua bilduma zaletasunezko lantzat hartzen da. Serie oso hau Lola Garridoren bildumakoa da.[11]
Argazki horietan, 60ko eta 70eko hamarkadetako New Yorkeko, Los Angelesko edo San Frantziskoko emakumeen erretratuak egiten dira. Emakumeak eraldatu eta estereotipo femeninoen hausturaren garai batekoak dira. Kaleetako emakumeen erretratuak egiten ditu, beren eskubideen alde borrokatzen dira, elkarrekin paseatzen dute, barre egiten dute, erretzen dute eta, adibidez, abortuaren aldeko lehen manifestaziora joaten dira. Emakumeen erretratuak emakumearen emantzipazioaren eta gizartean duen rol berriaren alegoria dira.[12]
Joel Meyerowitz argazkilari estatubatuarrak Winogrand-i esan zion, "[bere] argazkiak kolpe bat edo besarkada bat dira. Kontraesana da, argazkiak kontraesankorrak direlako".[13] Bere obra polemikoa izan zen, bera bezala. Bildumak kritikak jaso zituen, bai mugimendu feministarenak izenburuagatik, emakumeen itxuran jartzen baitzuen arreta, eta ez gizarte-rol berrian, bai adierazten duten voyerismoagatik. Winograndek berak behin esan zuen: "Txerri ar txinatar baten behaketak" azpititulua jar zezakeela.[14]
Erreferentziak
- BARCELONA, MARTA JULIÀ /. (2006-11-27). «Colectania muestra la evolución de la fotografía en el siglo XX» elperiodico.
- Fernández-Santos, Elsa. (2013-06-15). Lola Garrido, una autobiografía en imágenes. ISSN 1134-6582..
- Molina, Vis. (2011-02-23). Lola Garrido. .
- Samaniego, Fernando. (2003-06-04). El Reina Sofía recibe los fondos fotográficos de Banesto. ISSN 1134-6582..
- Donostitik. (2016-02-04). «La sala Artegunea reúne los tesoros de la colección de Lola Garrido» Donostitik.
- «BWA Galeria Miejska Bydgoszcz» www.galeriabwa.bydgoszcz.pl.
- Samaniego, Fernando. (1995-04-06). Inge Morath retrata la España de los años 50. ISSN 1134-6582..
- Lola Garrido Collection: A portable History of Photography. .
- Burgos, Diario de. (2013-05-23). ««Lo último nunca será una palabra, será siempre una imagen»» Diario de Burgos.
- «Garry Winogrand. Women are beautiful» Foto Colectania.
- Press, Europa. (2011-02-23). «Foto Colectania expone 'Women are Beautiful', del 'príncipe de las calles' Garry Winogrand» www.europapress.es.
- ARTEINFORMADO. (20140603). «Garry Winogrand. Women are Beautiful, Exposición, Fotografía, feb 2011» ARTEINFORMADO.
- «Winogrand's Women Are Beautiful | Worcester Art Museum» www.worcesterart.org.
- Company, Tampa Publishing. «Photographer Garry Winogrand captured ‘beautiful women.’ See them in Tampa.» Tampa Bay Times.
Kanpo estekak
- Lola Garrido
- Lola Garrido: Argazkigintzaren begirada
- TVE Kartara. Obren arreta: Lola Garrido bildumazalea
- Galeriak okertu egin dira prezioak ez jaistean. Lola Garrido
- Women are Beautiful
- Argazkiaren historia 120 iruditan
- Lola Garrido: A portable History of Photography.