Locarnoko itunak
Locarnoko itunak edo Locarnoko hitzarmenak (Locarnoko itunari sinatu zen hiriko izenetik datorkio izena,Suitzako Locarno hiri txikian sinatu baitziren), Belgika, Txekoslovakia, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italiako Erreinua eta Poloniaren artean sinatutako Europako bakea indarberritzeko zortzi hitzarmen izan ziren. Hitzarmen horien helburu nagusia Alemaniak, Belgikak eta Frantziarekin zituen mugak onartzea izan zen, muga horiek, urte batzuk lehenago, 1919an alegia, Versaillesko itunean ezarritakoak ziren, hitzarmen horretako 42 eta 43 artikuluetan bereziki azalduak. Locarnoko hitzarmenok I Mundu Gerraren ostean sinatu ziren, Ingalaterran, Londresen 1925eko Abenduaren 1ean, baina Locarnoko itunen izena hartzen dute Locarnon, Suitzan adostuak izan zirelako 1925eko urriaren 16an.
Locarnoko itunak | ||
---|---|---|
Mota | tratatu | |
Data | 1925eko urriaren 16a | |
Indarrean sartze | 1926 | |
Kokaleku | Locarno | |
Herrialdea | Suitza | |
Parte-hartzaileak | ||
Helburuak
Locarnoko itunei esker, Alemaniak okupatutako Belgikako Renaniako eskualdea itzuli zuen.
Ituna Alemaniaren mendebaldeko mugak berresteko egin zen. Akordioan, Frantziaren estatu mugakideek, Alemaniak eta Belgikak alegia, zin egin zuten berrezarritako mugak ezin bortxatuzkoak izango zirela. Bretainia Handiak eta Italiak haien aldetik, hitzeman zuten Frantziari lagunduko ziotela edozein eraso armaturen aurrean. Aliatuek Lehenengo Mundu gerraren amaieran, haiek okupatutako Renaniako eskualdea behin betiko desmilitarizatzea erabaki zuten eta okupaziorako indarrak hango lurretatik kendu zituzten.
Hori bai, ituna ez zen behin betikoa izango Alemania Nazioen Ligan onartua izan arte (1926an gertatu zena). Itunok ez zuten bizi luzerik izan, izan ere, Wall Streeteko 1929ko kraxa arte besterik ez zuten iraun, hau da, hiru urte besterik ez[1].
Akordioak eta sinatzaileak
Locarnon itun bat baino gehiago garatu zen, horien artean, Alemaniak Poloniarekin sinatutako arbitraje itunak eta Txekoslovakiarekin sinatutakoak ere. Akordioak egon ziren Polonia, Frantzia eta Txekoslovakiaren artean, beste hirugarren baten erasoa jasatekotan, hiru herrialde horien artean babes militarra bermatzeko.
Akordiook hainbat bileratan eztabaidatu ziren eta azkenean honako zortzi itunak sinatu ziren herrrialde guztien adostasunarekin: [2][3]
1. Bata bestearenganako berme aitorpena Frantziaren, Erresuma Batuaren, Alemaniaren, Italiaren eta Belgikaren artean.
Lehenengo itun hau da garrantzitsuena, bertan Belgika, Frantzia eta Alemaniaren arteko mugak ezartzen baitira Italiaren eta Bretainia handiaren onespenarekin. Garaiko erreinu Europar handienen arteko bake aitorpena bezala hartu liteke.
2. Belgikaren eta Alemaniaren arteko arbitraje ituna.
3. Frantziaren eta Alemaniaren arteko arbitraje ituna.
Bigarren eta hirugarren akordioak arbitraje akordioak izan ziren, alde batetik, Alemania eta Belgikaren artean eta bestetik, Alemania eta Frantziaren artean.
4. Alemaniaren eta Poloniaren arteko arbitraje ituna.
5. Alemaniaren eta Txekoslovakiaren arteko arbitraje ituna.
Laugarren eta bosgarren itunak bigarrenaren eta hirugarrenaren antzekoak ziren, baina ez zeukaten Alemaniaren mendebaldeko mugekin zerikusirik, kasu honetan, herrialdearen ekialdeko mugen auziari lotuak ziren: Alemaniaren eta Poloniaren arteko arbitaje ituna eta Alemaniaren eta Txekoslovakiaren arteko arbitraje ituna baitira.
Txekoslovakiak eta, bereziki, Poloniak haien herrialdeen mugen segurtasuna kolokan ikusi zuten Locarnoko itunekin eta horregatik itun hauek exijitu zituzten haien mugak berrezarri eta indartzeko saiakeran.
6. Frantziaren eta Poloniaren arteko laguntasun-itun proposamena.
7. Frantziaren eta Txekoslovakiaren arteko laguntasun-itun proposamena.
8. Sinatzaileen artean bata bestearenganako berme aitorpena (ituneko lehen puntuan sakonago azaldua).
Ondorioak
Locarnoko itunek Europako egoera politikoa hobetu zuten 1925-1930 urteen artean. Akordiook bestelako bake akordioetarako bidea eman zuten, sortutako “Locarnoko ispiritua” izeneko giroari esker. Horren adibide, Dawes Plana, izan ere, horri esker Alemania erreparazio ordainketak egiten hasi zen. Locarnoko itunen arrakastari esker ere Alemania Nazioen ligan sartu zen 1926ko irailean.
Itun hauek ez zuten urte askorik iraun, izan ere, ez zioten krisi ekonomiko eta politikoen 1930eko hamarkada ilunari aurre egin. 1935eko maiatzaren 2ko Frantziaren eta Sobietar batasunaren elkarrekiko laguntza ituna sinatu zen. Alemaniako gobernuak itun hori Locarnoko itunen bortxaketa modura aldarrikatu zuen eta horrek Alemaniaren eta Frantziaren arteko egoera nabarmen trakestu zuen. 1936an, Adolf Hitlerrek Locarnoko ituna salatu eta tropa Alemaniarrak bidali zituen berriro ere desmilitarizatua izan zen eremura.[4]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Caballero, J. P.. (1925). Contenido de los pactos de Lorcano. El imparcial, 1-2 or..
- (Gaztelaniaz) «Mesa de negociaciones de los Tratados de Locarno» www.wdl.org 1925-10-05 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
- «Tratados de Locarno: Tratado entre Alemania, Bélgica, Francia, Gran Bretaña e Italia — Visor — Biblioteca Digital Mundial» www.wdl.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
- (Ingelesez) Macdonald, William. (1926-07-XX). «The Locarno Agreements» The ANNALS of the American Academy of Political and Social Science 126 (1): 59–61. doi: . ISSN 0002-7162. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).