Ljubljanako gaztelua
Ljubljanako gaztelua (eslovenieraz: Ljubljanski grad) Ljubljana hirian dagoen gaztelua da, gazteluaren muinoan kokaturik Esloveniako hiriburua kontrolatzeko eraikia. Karniolako dukeen egoitza izan zen. XI eta XII mendeen artean eraiki bazen ere gaur egungo itxura XV mendean hartu zuen eta XVI eta XVII mendeetakoak dira eraikin gehienak.
Ljubljanako gaztelua | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Eslovenia |
Hiri-udalerria | Ljubljanako udalerria |
Koordenatuak | 46°02′56″N 14°30′32″E |
Arkitektura | |
Materiala(k) | harria |
Ondarea | |
Historia
Ljubljana inguruko lurraldea K.a. 1200 mendean populatu zen eta pentsatzekoa da Emona herri erromatarraren garaian muino honetan gotorleku bat izango zela.
Erdi Aroa
Badirudi gazteluren bat izango zela XI mendean baina lehenengo aipamena 1161 urtekoa da, eta Udineko katedraleko agiri batean azaltzen da. Sponheim Etxearen agindutara zegoen. 1256an Karniolako agintarien egoitza izan zen, 1270an Otakar II.a Bohemiakoak eskuratu zuen eta 1278an Rodolfo I.a Habsburgokoak kendu zion.
XV mendean berriz ere Karniolako dukeek eskuratu zuten eta gaztelua eraberritu egin zuten, eraikin ia guztiak eraitsi eta harresi eta dorre berriak eraikiz. Zubi altxagarria eta kapera ere garai hartan eraikitakoak dira. Gaztelua Otomandar Inperioari aurre egiteko erabili zen, bai eta nekazarien matxinaden aurka ere.
Aro modernoa
1797an armada frantsesak eskuratu zuen Napoleondar Gerretan eta hurrengo hamarkadan Ljubljana Iliriar Probintzietako hiriburu bihurtu zen. Urte haietan gaztelua militarren barrakoi eta ospitalea izan zen. 1815 urtean Austria-Hungariako Inperioaren barnean gelditu zen eta XIX mende guztian zehar gartzela funtzioa bete zuen. Gazteluko dorrea orduan eraiki zen, 1848an, eta guardien etxebizitza izan zen. Bertako kanoiak hirian agerturiko suteren bat iragartzeko edo hirira etorritako bisitari ilustreei omen egiteko erabili ziren.
Dena dela gazteluaren garrantzia nabarmen jeistiz joan zen eta hiritarrek ere asko maite ez zutela ikusirik 1905 urtean udaletxeak erosi zuen hiriko museoa bertan ezarri asmoz. Egitasmoa ez zen aurrera eraman eta hiriko familia behartsuenak ezarri ziren bertan.
Berrizte lanak
1960 hamarkadan berriztatze lanak hasi ziren eta 35 urte inguru iraun zuten. 1990 hamarkada bukaeran ezkontzak egiteko erabili zen eta ordutik aurrera ekintza kultural ugari antolatu izan dira gazteluan. 2006an funikularra eraiki zen, katedral ingurutik abiatzen dena.
Iruditegia
- Gazteluaren ikuspegia.
- Barneko patioa.
- Gazteluko eraikinak.
- Dorrea.
- Harresiko dorreak.
Kanpo estekak
- (Eslovenieraz)(Ingelesez)(Italieraz) Webgune ofiziala