Lingua franca

Lingua franca hizkuntza edo dialekto desberdinetakoak izanik, harreman estuak dituztenek elkar ulertzearren hautatzen duten hizkuntza edo aldaera dialektala da[1]. Hau da, ama hizkuntza ezberdina duten bi hiztunek biena ez bezalakoa den beste hirugarren hizkuntza hautatzen dute elkar ulertzeko[2]. Batzuetan, pidgin eta kreolerak lingua franca terminoaren sinonimotzat erabiltzen dira.

Artikulu hau hizkuntzalaritzaren terminoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lingua franca (argipena)».

Mundu osoko lingua franca nagusia ingelesa da egun, politika eta ekonomia harremanetan; frantsesa izan da oraintsu arte nagusi diplomazia hizkuntza gisa; swahilia Afrikako ekialde osoko herriek elkarren arteko harremanetarako duten hizkuntza da, pidgin melanesiarra Ozeano Bareko hegoaldeko uharteetan eta bazaar malaiera Malaysiako uharteetan. Gurutzaden garaian hasi zen lingua franca moldatzen: sabir izena zuen hasieran eta mediterranear itsasgizonek erabiltzen zuten. Hizkuntza hori, hein handi batean, % 80-edo, italiera bazen ere, turkiera, frantses, gaztelania, greziera eta arabierazko hitzak ere bazituen.

Europarren kolonizazio garaian, bestalde, halako hizkuntza komunak sortu ziren munduko hainbat lurraldetan, kolonizatzaileen eta kolonizatuen hizkuntzen artean: indo-portuges (Sri Lankan), annam-frantses (Indotxina), papiamento (espainiera moldea, Curaçaon) eta pidgin-ingeles moldeak. Hasierako lingua franca komunitate bateko hizkuntza nagusi bihurtzen denean, kreolera osatzen da (Antilla frantsesetan, esaterako). Brasilen lingua geral izena ematen zaio indiar herriekin eta indiar herrien arteko harremanetan erabiltzen zen hizkuntzari (tupi-namba hizkuntzan oinarritua). Lingua franca antzeko mintzaira moldeak sortu ziren XVI. mendean arrantzale euskaldunen eta Labradorreko herri indiarren artean, eta XVII. mendean arrantzale euskaldunen eta Ipar Europako arrantzaleen artean.

Erreferentziak

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Lingua franca. .
  2. Txirikba, Viatxeslav A.. (2008). The problem of the Caucasian Sprachbund. in: From Linguistic Areas to Areal Linguistics., 31 or. ISBN 90-272-3100-1..

Kanpo estekak

Hizkuntza Artikulu hau hizkuntzei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.