Lindsay Anderson

Lindsay Gordon Anderson (Bangalore, India, 1923ko apirilaren 17a - Angoulême, Frantzia, 1994ko abuztuaren 30a) Indian jaiotako antzerki- eta zinema-zuzendari ingelesa izan zen, telebistarako hainbat lanetan ere aritu zen arren. Ingalaterran 60 eta 70eko hamarkadetan nabarmendu zen Free Cinema delakoaren erakusgarri adierazgarrienetako bat da, eta If... filmarekin hartu zuen nazioarteko ospea 1968ko Canneseko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuenean.

Lindsay Anderson
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLindsay Gordon Anderson
JaiotzaBangalore, 1923ko apirilaren 17a
Herrialdea Erresuma Batua
HeriotzaAngulema, 1994ko abuztuaren 30a (71 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
HeziketaWadham College (en) Itzuli
Cheltenham College (en) Itzuli
St Ronan's School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakfilm-zuzendaria, aktorea, gidoilaria, zinema ekoizlea, kazetaria, karaktere aktorea, antzerki zuzendaria, zinema-kritikaria, telebista zuzendaria, ekoizlea eta errealizadorea
Jasotako sariak
Genero artistikoapritcha (en) Itzuli
film dokumentala
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

lindsayanderson.com
IMDB: nm0000755 Allocine: 80 Rottentomatoes: celebrity/lindsay_anderson Allmovie: p79629 TCM: 79629 Metacritic: person/lindsay-anderson IBDB: 77108
Discogs: 1136979 Find a Grave: 9084269 Edit the value on Wikidata

If... filmaz hasitako trilogia polemiko eta edukiz mamitsuaren bidez (Mick Travisen Trilogia delakoaz) heldu zen bere ibilbidearen gainera. 1973an plazaratu zuen O Lucky Man! lan bikaina, Malcolm McDowell gaztea protagonista zuela aurreko pelikulan bezala, baita Helen Mirren ere tartean, besteak beste. 1982ko Britannia Hospital da sorta horretako azken fruitua, Britainia Handiko osasun-sistema nabarmen uzten duen komedia beltza.

Ibilbide profesionala

Antzerkitik Free Cinemara

Gazterik Oxfordeko Unibertsitatean zela, Sequence zinema-aldizkariaren sortzailea izan zen, eta bertan Britainia Handiko filmen kritika-sorta luze bat utzi zuen. Antzerkian muturra sartzearekin batera, zinemagintzan ere hasi zen askotariko dokumentalak eginez (kazetaritza, gorrentzako eskola bat,...).

50eko hamarkadan, berberak eta Karel Reiszek ekoizpen independenteko film laburren emanaldien sail bat antolatu zuten eta, bere ustez, britainiar zinema izan behar zenaren printzipioak plazaratu zituen. Hartara finkatu zituen Free Cinemaren oinarriak. Laburbilduz, mugimendu horren arabera, perfekzioa ez da helburua, luzerak ez du axola eta 16 mm-ko kamera batez poesia egin daiteke.

Dokumentalarekiko atxikimendua agerian geratzen da bere zinemagintzaren fruituetan. Langile-klasea ere barnean, ingeles-gizartea pantailetan irudikatzeko grina nabaritzen zaio, errealismo sozialera lerratuta. Hori agerian geratzen da 1963ko This Sporting Life bere filmean.

Film hori Oscarrerako izan zen izendatua eta Richard Harris izan zuen aktore-lanetan. Dena den, Free Cinemak errealismo sozialaren alde agertutako jarrera kontraesanean dago Andersonek bere filmetan erakutsitako kontatzeko erarekin, surrealismoa nagusitzen baita denboraren poderioz.

Mick Travis trilogia

1967rako, zuzendaria If...en prestaketa-lanetan murgilduta zegoen. Pelikula egiteko, Cheltenham College bere gaztetako ikastetxe pribatua baliatu zuen eszenak errodatzeko. Ikastetxe hori orduko boterearen manera zakarren eta hertsatzaileen eredutzat jo daiteke, baita Britainia Handiko gizartearen eta orduan Europa osoan gertatzen ari zen matxinada-giroaren islatzat ere. Errodatze-lanak egin ahal izateko gidoi faltsu bat eman zien eskolako buruei. Filma (zuri-beltzean eta koloretan) oso txalotua izan zen nazioartean (Canneseko Urrezko Palma, 1968).

1973n, berriz, O Lucky Man! plazaratu zuen, Voltaireren Candideren bertsio ingeles bat. Malcolm McDowellek protagonista-lana hartu zuen bere gain, eta If...eko Mick Travis karaktereari segida eman, bere lehengo ezaugarriak oso aldatuta bada ere. Britainia Handiaren beheraldia erakutsi zuen bertan, umore garratz eta gogor batez irudikatuz, baina nola kapitalismoa hala ezker-ideologia ez ziren batere onik atera filmetik. Alan Pricek estimatzeko moduko lana egin zuen bere musika-taldearekin batera pelikulako gertaerekin bat datozen abestiak kantatuz.

Andersonek 1982n eman zion amaiera Mick Travisen Triologiari, Britannia Hospitalekin. Aurreko filmetan baliatutako aktoreak erabili zituen, eta estatuko osasun-zerbitzua, sindikatuak, monarkia, zientzia eta Britainia Handiko gizarteko alderdi ugari gogor kritikatu zituen. Pelikulak hainbat aldetatik huts egin zuela esan daiteke (britainiar izaeran barrena egindako ibilaldi argigarria den arren), eta harrera oso txarra izan zuen: kritikak ez zion barkatu, ezta britainiar gizarteak ere, Falkland edo Malvinetako Gerran bete-betean sartuta eta nazionalismoa goren-gorenean zegoen unean.

Azken urteak

Lindsay Anderson, harrezkero, erabat baztertua izan zen Erresuma Batuan. Bizitzako azken urteetan, eman zezakeen baino ekoizpen gutxiagotan jardun zuen. 1985ean, Wham! musika-taldeak Txinara egindako bisita filmatzeko gonbitea jaso zuen, baita onartu ere. Ondorioz, Txinari buruzko dokumental eder bat prestatu zuen, baina George Michaelek modernoa ez omen zela uste eta Andersonen haserrerako erabat aldatua izan zen azken emaitza (Andersonek dokumentalean Wham! gutxi agertzea jo zuen horren arrazoitzat).

Filmografia

  • This Sporting Life (1963)
  • The White Bus (1967)
  • If.... (1968)
  • O Lucky Man! (1973)
  • In Celebration (1975)
  • Britannia Hospital (1982)
  • The Whales of August (1987)

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.