Lina Huarte-Mendikoa
Lina Huarte-Mendikoa Gerona, izen artistikoz Lina Huarte bezala ezaguna (Ororbia, Nafarroa, 1928ko maiatzaren 7a – Madril, 2017ko azaroaren 9a), soprano lirikoa izan zen, opera eta zartzuela lan ugaritan abeslari aritu zena.[1]
Lina Huarte-Mendikoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ororbia, 1928ko maiatzaren 7a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 2017ko azaroaren 9a (89 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | opera abeslaria |
Ahots mota | sopranoa |
Bizitza
Emilio Huarte-Mendikoa Bidaurre eta Maria Pilar Gerona Almech senar-emazteak izandako 4 seme-alabetan bigarrena izan zen, Emilio anaiaren hurrengo eta Iruñean gerora jaiotako Pilar eta Concharen aurretik. Aita mediku ginekologoa zen, lanean ziharduena Iruñerriko Ororbia herrian, udalez Oltza Zendeakoa. 1943an hil zen, gazterik, eta horrexek ekarri zuen, Maria Pilar lau seme-alabak hartuta Madrilera abiatu behar izana.[2]
Ibilbide musikala
Madrilen hasi zuen Linak bere formakuntza musikala, Eladio Chao eta Carlota Dahmenen eskutik, gero Milanen hobetu zuena Mercedes Llopart soprano kataluniarrarekin.[3] Madrilen zela, Verdiren La Traviata abestuz, nazioarteko kantu lehiaketa bat irabazi zuen, ezagutzera ematen lagundu ziona. Debuta 1952an egin zuen, Iruñean, bere publikoaren aurrean arrakasta handiz Pucciniren La Bohéme opera eszenifikatuz, Mimiren paperean.[1]
Handik gutxira Sevillan taularatutako La Traviatan, Violetteren papera kantatu zuen, senarra zuen Esteban Astarloa baritono bizkaitarrarekin batera.[4][5] 1947an Madrilen ezagutu zuten elkar eta 1950eko azaroan ezkondu ziren, kapitaleko Sorkundearen elizan. Ignacio semea 1955ean jaio zen eta Esteban 1966an; sehaskan zirela, ama Linak sarritan abestu zien Montsalvatgeren lo-kanta, bere ahots gozoz.
Jiran zirenean umeok amama eta izebaren kargu laga beharretan, Estatu osoa muturretik muturrera zeharkatzen, konpainia eta lantalde ezberdinekin lanean, ahotsa zaindu beharrean eta haren menpe beti, familiarengandik urrun... lan esijentea zen kantore bikotearena. Etxean gero ahotsa kolokatzeko eta berotzeko etengabeko musika-eskalak egiten beti.[6] Estatu eta Hego Amerikako hiri ugaritara bidaiatuz, zartzuela generoaren enbaxadore bihurtuta, Linak eta Estebanek sarritan abestu zuten elkarrekin, XX. mendeko 50. eta 60. hamarkadetako abeslari bikote esanguratsuena osatuz. Bion akorduan geratu zen betiko Argentina eta Uruguain zehar hiru hilabetez egin zuten jira artistikoa.[6]
1956an, berriztatu ostean zabaldu berri zen Zartzuela antzokian, Jose Tamayok zuzendutako konpanian aritu zen Lina, Doña Francisquitaren protagonista papera Ana Maria Olaria sopranoarekin tartekatuz. Gerora hauxe izan zen bere paper maitatuenetakoa.[4]
1957an, Moreno Torroba maisuaren Maria Manuela lana taularatu uen Zartzuelan bertan. Urte berean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioaren inauguraziorako, gazteiztarraren El caserío lana aurkeztu zuten.[1]
1959an, Domingo Viladomatek zuzendutako Gayarre filmean hartu zuen parte, Adelina Patti sopranoari ahotsa emanez eta Alfredo Kraus tenore protagonistarekin Lucia di Lammermoor duoa abestuz.[3] Bi abeslarion arteko adiskidetasuna orduantxe jaio zen betiko. Oscar Salvochen Julián Gayarre. La voz del paraíso liburuko hitzaurrea idatzi zuen, ilusio handiz, eta 2015an Iruñeko Errege Antzokian egindako aurkezpenean ere parte hartu zuen.[7][8][9]
60ko hamarkada hasieran, Cesar Mendoza Lassalleren konpainiaren parte zela, hainbat lan eszenifikatu eta abestu zituen, beraietako asko Espainiar Estatuan zehar ezagutzera eman zituztenak.
Linak gazterik hartu zuen erretiroa eszenatokietatik eta erakusteari ekin zion, bere ikasleetako bat familiaren laguna zen Patricia Kraus abeslaria [10][11] izan zelarik.[4]
2017ko azaroaren 9an Madrilen zendu zen, 89 urteko zela. Hil aurreko asteetan bere zartzuela gogokoenak ikusi eta entzuten eman zuen denbora, gogorapenez beteta.[9]
Ahotsaren ezaugarriak
Soprano liriko arina zen eta dohain bereziko ahotsa zuen: kalitate eta lirismo handikoa, vibrato atseginekoa, bokalizazioan perfektua, zoragarri afinatua beti, mehea eta gozoa, baina behar zenean nahikoa presentzia eta gorputza zuena goiko tesiturako agudoak ausardiaz abesteko.[9]
Diskografia[12]
Ana Maria Iriarte, Pilar Lorengar, Teresa Berganza, Alfredo Kraus, Toñy Rosado, Manuel Ausensi edota Francisco Kraus bezalako abeslarien ondoan aritu izan zen eta zuzendu zuten, besteak beste, Jose Tamayo, Ataulfo Argenta, Indalecio Cisneros, Federico Moreno Torroba, Enrique Estela, Jose Pererak...[4]
- El asombro de Damasco (1955)
- Don Gil de Alcalá (1956)
- La montería (1956)
- El niño judío (1957)
- María Manuela (1957)
- La tempestad (1959)
- Escenas de Zarzuela (1994)
Fonoteka
- 2018ko apirileko Radio Clasicaren Ars Canendin, Evocando a Lina Huarte (I) saioa
- 2018ko maiatzeko Radio Clasicaren Ars Canendin, Evocando a Lina Huarte (II) saioa
- Bendita Cruz abesten
- Todas las mañanitas habanera abesten Teresa Berganzarekin batera
- El asombro de Damasco abesten
- La montería zartzuela osoa
- ¿Dónde vas marquesita maja? abesten
- Terceto del collar abesten, Alfredo Kraus eta Dolores Perezekin
- La tempestad zartzuela osoa
Sariak
Omenaldiak
- 2022ko ekainaren 4an, jaioterriak omenaldia egin zion eta bertako musika-eskolan bere omenezko plaka bat jarri zuten.
Erreferentziak
- «A Toda Zarzuela: Lina Huarte» A Toda Zarzuela (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
- «Emilio Huarte-Mendicoa Vidaurre» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
- «Huarte, Lina - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
- (Gaztelaniaz) Redacción. «Fallece la soprano navarra Lina Huarte-Mendicoa» Platea Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
- (Gaztelaniaz) «Lina Huarte» Discogs (Noiz kontsultatua: 2022-05-28).
- Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 262. alea (2017ko abendua) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-05-28).
- (Gaztelaniaz) «Se publica una biografía de Julián Gayarre» Mundoclasico.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Éxito de la presentación de la biografía de Gayarre en Madrid» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) «Evocando a Lina Huarte» RTVE.es 2018-04-15 (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) «Patricia Kraus» Regalamúsica (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) «Patricia Kraus, el imperio de las divas» El Norte de Castilla 2014-11-16 (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) «Lina Huarte» Discogs (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).