Lilith

Lilith (hebreeraz: לִילִית Lîlîṯ) judu mitologiaren pertsonaia da, Mesopotamian jatorria duena. Ekialdeko tradizioan, limurtzaile eta irenslea izanik, lo eta bakarrik zeudenean erasotzen zien gizonei. Mendebaldean Erdi Aroan zabaltzen da.[1] Adamen lehendabiziko emaztetzat, Eva baino lehenagokoa, hartzen dute. Biblian agertzen ez den kondaira baten arabera, bere kabuz Eden uztea erabaki zuen eta Itsaso Gorrira joan zen, non Samael deabrua bere maitale bilakatu zen. Gero, demonio bilakaturik gauez umeak bahitzen eta sukubo moduan lotuan dauden gizonekin, gaueko poluzioen bitartez, semeak (lilim izenekoak) sortzen ditu. Emakume ederra, ilehori edo ilegorri, batzuetan hegalduna du irudia.[2][3]

Lilith
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
Familia
Ezkontidea(k)Adam, Samael (en) Itzuli eta Kain

Jatorria

Lilithen mitoak sumertar-akadtar zibilizazioan du jatorria. Zibilizazio honentzat, jainkoak irten ziren itsaso amaigabetik; eta, hasierako anabasaren baitan, Lilith, bere izenak «izpiritua edo arnasa» esan nahi duelarik, plano espirituala fisikotik eta lurretik bereizten zuten ateak gordetzeaz arduratzen zen jainkosa zen. Lilithek, materiaren transmutatzaileak, arimaren gidariak, eta horrela, gizakiaren arimak jakinduria eta hilezkortasunerantzako gidari, emakume hegaldun eder bat bezala irudikatu zuen, Shemen eraztunak eta botere makulua zeramatzala, erakusteko, azpimundua zeharkatuz, Lilith hilezkortasuneraino iritsi zela eta Ezagutzaren Zuhaitzaren jakituriara iritsi zela.[4]

Juduen mitologian

Itun Zaharreko pasarte baten bertsio transmutatu batean, mito hau agertzen da: Jainkoak, hasiera batean, Adami laguntzat eman zion emakume bat, bera bezala, lurraren hautsetik osatu zuena. Hala ere, bikotea ez zen inoiz harmonian bizi izan. Lilithek, bere jatorriaren berdintasunera joz, bere kidearekin eztabaidatzen zuen kopula egiteko moduaz: "Zergatik egon behar dut zure azpian zure berdina banaiz?". Adamek indarrez obeditzera behartzen zuen. Egun batean, Lilithek utzi egin zuen, ihes egin eta deabru handiari lotu zitzaion. Jainkoak, orduan, Eva sortu zuen Adamen saihets batetik.[5]

Paradisua utzi ondoren, Itsaso Gorriko kostaldean finkatu zen Lilith. Lurralde horretan hamaika demonio zeuden eta horiekin izaki berriak sortu zituen, eguneko ehun baino gehiago. Hori ikusita, Jainkoak aingeru talde bat bidali zion Adamekin itzul zedin: «Itzuli berehala Adamekin edo itoko zaitugu». Eta erantzun zion ezin zuela itzuli, Jainkoak agindu ziolako jaioberri guztiez arduratzeko, mutilez bizitzako zortzigarren egunera arte (zirkunzisioarena) eta neskez hogeigarren egunera arte. Azkenean, Jainkoak Lilithi bizitzeko baimena eman zion, baina zigortu egin zuen ehunka seme-alaba deabru egunero hilaraziz. Harrezkero, Lilithek Adamen ume eta ama guztiak hil nahi izan zituen jaiotzean eta erditu ondorengo egunetan.[3]

Eragina

Lilithen mitoak lotura du greziar mitologiako sirenenarekin, jatorrian arrakasta eta ezagutza sinbolizatzen zuten zeruko izakiak.[4] Baita Lamia erreginaren mito greziarrarekin ere, zeinak, Heraren engainu baten ondorioz bere seme-alabak hil ondoren, beste amen inbidia sentitu eta bere seme-alabak irensteari ekin baitzion. Pizti bihurturik, suge baten gorputza eta emakume baten bularrak eta burua zituen. Biblian Lilith izenaren presentzia aipamen bakar batera mugatzen da:

«Katu basatiak hienekin elkartuko dira eta satiro batek besteari deituko dio; han ere Lilith pausatuko da eta bertan atsedena aurkituko du», [6]

Ilargi beltzaren ikur astrologikoa, "Lilith" ere deitua.

Lamia bezala itzuli zen bere izena Vulgatan, Erdi Aroko bertsioan.[3] Astrologian sinesten dutenentzat, Lilithen zeinua iluntasunarekin lotzen da, eta ilargi beltza da haren sinboloa.[7]

Feminismoan

Feminismo erradikalak pertsonaia bereganatu du, bere izaera sexu iraultzaren eta patriarkatuaren aurkako borrokaren adibidetzat harturik. Judith Plaskow teologo juduak eta bere taldekideek berrinterpretatu dute mitoa: Lilith eta Adam alderdi guztietan berdinak ziren eta Adamen izaera autoritarioarengatik iritsi zela haustura, Adamek uko egin baitzion berdintasuna aitortzeari, obeditzera eta eguneroko zereginetara baztertu nahi baitzuen. Lilithek, rol pasibo hori bere gain hartzeko prest ez zegoelako, Jainkoaren izen sakratua ahoskatu eta Edenetik alde egin zuen. Jainkoak berehala sortu zuen Adamen saihetsetik Eva zerbitzaria. Egun batean, Adamen bigarren emazteak Lilithekin topo egin zuen lorategiaren mugetan, eta ohartu zen ez zela jaioberrien heriotzaren erantzulea, Adamek esan bezala, haren pareko bat baizik. Bi emakumeak elkarturik, bakoitzak bere istorioa kontatzen zuen, barre egin, negar egin, eta beren artean sororitate harreman bat sortu zen bien artean. Bitartean, Jainkoa eta Adam beldur ziren Lilith eta Eva Edenera itzuliko diren egunari buruz.[8]

Funtsean, sexualitaterekin harreman libreago eta beregainago bat aldarrikatzen duen emakume baten irudi da Lilith, non Eva gizonarekiko funtzio subalternoan irudikatzen den[9].

Iruditegia

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Bornay, Erika. (2020). Las hijas de Lilith. Cátedra, 325 or. ISBN 978-84-376-4134-8..
  2. (Gaztelaniaz) Marcos Casquero, Manuel-Antonio. (2009). Lilith. Evolución histórica de un arquetipo femenino. Leóngo Unibertsitatea, 440 or. ISBN 978-84-9773-473-8..
  3. (Gaztelaniaz) «Lilith, la demoniaca primera mujer que abandonó a Adán según la tradición judía» abc 2015-09-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  4. (Gaztelaniaz) González López, Arantzazú. (2013). «El mito de Lilith evolución iconográfica y conceptual» Legado de arquitectura y diseño (14): 105–114. ISSN 2007-3615. (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  5. (Gaztelaniaz) «¿Por qué dan miedo las ‘mujeres fatales’?» La Vanguardia 2020-07-05 (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  6. (Ingelesez) «Bible Gateway passage: Isaías 34:13-15 - La Palabra (España)» Bible Gateway (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  7. (Gaztelaniaz) Graffigna, Laura. (2021-04-28). «Lilith, la luna negra del zodíaco: la energía más oscura de tu carta natal» Clarín (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. (Gaztelaniaz) Barba, Sandra. (2016-08-06). «Lilith: una figura feminista entre la tradición y la posmodernidad» Letras Libres (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  9. (Gaztelaniaz) Martín, Alba. (2018-12-11). «Lilith o cómo ser mujer libre en el siglo XXI» Zero Grados (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.