Liburu

Liburua edo idaztia[1] idatzitako, zuriz inprimatutako edota irudiz hornitutako orrialdeen sorta da, paperez, pergaminoz edo beste material batzuez egindakoa, ertz batetik josia eta irakurtzeko prestatua. Normalean azal pare batek babesten du.

Latin hiztegi bat liburutegi batean

1501 baino lehen tipo higigarriekin inprimatutakoek inkunable edo jatorri zehaztezindun izena hartzen dute, latineko incunabula hitzetik eratorria. Gaur egun, e-book edo liburu elektronikoak ere daude.

Liburutegiak liburuak eta bestelako dokumentuak jaso, antolatu, sailkatu eta publikoaren eskura jartzen dituzten erakundeak dira eta liburudendak liburuak salgai izaten dituzten tokiak.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Liburuaren historia»
Liburu barrura (Maite Mutuberria, 2020)

Inprentaren asmakuntzaren aurretik, liburu bat edukitzea soilik aberatsenen esku zegoen zerbait zen, liburu bakoitza eskuz kopiatu behar baitzen osorik. Kalkulatzen da 450tik 1450era bitarte igaro ziren mila urtetan, bost milioi liburu inguru sortu zirela Europan. 1450etik 1500era, 1445ean Johannes Gutenbergek lehenengo Biblia inprimatu zuenetik, 8 eta 20 milioi kopia artean egin ziren. XVI. mendean 200 milioi kopia inguru sortu ziren[2].

Azkenotan, Internetek protagonismoa kendu dio liburu tradizionalari, eta hainbaten ustez paperezko formatua ordezkatzekoa da. Hala ere, oraindik milaka liburu argitaratzen dira urtero. Adibidez, 1995ean Frantzian 34.766 lan kaleratu zituzten, eta 1996an Espainian, 46.330.

Euskarazko liburu ezagunak

Sakontzeko, irakurri: «Euskarazko liburu ezagunen zerrenda»

Linguae vasconum primitiae euskarazko lehen liburua da, Bernart Etxeparek 1545ean karrikaratua. Ordutik, milaka dira gure hizkuntzaz egindako lanak, nahiz eta XX. mende arte produkzioa oso motela eta urria izan den.

Azken urteotan, beraz, euskal liburuaren industria emankorra da. Erronka euskal irakurleak euskaraz irakurtzera bultzatzea da.

Liburu elektronikoa

Sakontzeko, irakurri: «Liburu elektroniko»

1971. urtearen amaieran, gaur egun liburu digital edo elektronikoa deitzen duguna garatzen hasi ziren. Michael Hart Gutenberg Proiektuaren sustatzailea izan zen (helburua liburutegi digital doako bat sortzea zen); hor, William Shakespeare, Edgar Allan Poe eta Dante Alighieriren lanak aurki zitezkeen, guztiak ere jabetza publikokoak. 1981ean, aurrerapen garrantzitsua egin zen; izan ere, lehen liburu elektronikoa jarri zen salgai: Random House's Electronic Dictionary. Nolanahi ere, 2001eko martxoan hedatu zen gehien liburu digitala, Stephen King nobelagileari esker, sarearen bitartez merkaturatu baitzuen Riding the Bullet nobela. 48 ordu eskasean, 400.000 kopia saldu zituen, bina dolar eta erdiren truke.[3]

Une horretatik aurrera, hainbat argitaletxe elektroniko sortu ziren, eta denda birtual asko liburu elektronikoak beren katalogoetan sartzen hasi ziren.

Liburu azokak

Frankfurteko Liburu Azoka nazioarteko garrantzitsuena da, XV. mendean aurrekariak dituena.

Euskarazko liburu eta diskoei dagokienez, Durangoko Azoka nagusia da. Euskal Herriko Idazleen Biltzarrak (Sarako Idazleen Biltzarra) ere garrantzi handia du euskal edizioan.

Erreferentziak

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-23).
  2. Lynch, Jack. (2016). You could look it up : the reference shelf from ancient Babylon to Wikipedia. ISBN 978-0-8027-7752-2. PMC 898418972. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  3. (Gaztelaniaz) Penalva, Javier. (2009-10-14). «Historia del libro electrónico» Xataka (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).

Kanpo estekak

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: liburu .
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.