Liberiako historia
Liberia estatubatuar biztanleek sortutako herrialde bat da, hasiera batean, afrikar esklabo izandakoentzako kolonia gisa sortua. Munduan helburu berdinaz sortu zen beste herrialde bat baino ez dago: Sierra Leona. Kolonia hau Erresuma Batuko esklabo izandakoentzat sortu zen.
Sorrera eta lehenengo urteak
Herri indigenak
Liberiar herri indigenek, seguruenik, XII. eta XVI. mendeetan zehar emigratu zuten Liberiara, iparraldeko lurraldeetatik. Mendebaldeko Afrika, beranduago Liberia bihurtuko zena, XVI. mendean mandingek, gaur egungo Boli Kostatik eta Ghanatik etorri ziren gerlari-tribuek, konkistatu zuten. Manek menderatu zituzten lurraldeak hainbat buruzagiren artean banatu zituzten; hala ere, denak buruzagi nagusi baten mendeko ziren. Agintari nagusi horiek Grand Cape Mount lurraldean bizi ziren.
Manek lurralde horiek menderatu eta handik gutxira, Vai herriak Grand Cape Mountera migratu zuen. Vai herria Maliko Inperioaren kide zen, baina Inperio honek XIV. mendean jasan zuen gainbeheraren ondorioz, migratzera behartuak izan ziren. Aipatutako herria kostaldeko lurraldeetan finkatu zen.
Kru herriak Vai herria lurralde hauetara sartu zela ikustean, kontra egiten saiatu ziren. Kruek, Manekin aliantza bat eginda, Vai herria gelditzea lortu zuten, hala ere, ezin izan zituzten Grand Cape Mountetik (gaur egun Robertsport hiria kokatuta dagoen gunea) bidali. Kru herria europarrekin salerosketan hasi zen, hasiera batean, ondasunekin eta bertako materialekin eta ondoren, afrikar esklaboen merkataritzan lagunduz. Merkataritza arruntaz gain, Kruek beste salerosketa modu harrigarri bat zuten. Europarren itsasontzietan bidaiatzen zuten beraien kanoekin batera, ondoren hauei beraien bidaietan nahi zuten lekura gidatzeko. Helburura iritsitakoan, garraiolariak utzi eta beraien lurraldera itzultzen ziren. Hainbat Krutarrek beraien lurraldea utzi zuten plantazioetan soldatapean lan egiteko. Krutar batzuek Suezko kanala eta Panamako kanala eraikitzeko lanetan parte-hartzea lortu zuten.
Lurralde horietan bazen beste tribu bat: Glebo herria. Herri honek, Manen konkistaren ondorioz, Liberiar kostaldeko lurraldeetara migratu behar izan zuen.
Europar esploratzaile eta merkatariekin harremanetan
1461. urte inguruan izan zituzten lehen harremanak portugaldarrek Liberiako lurraldeekin, Costa da Pimenta (euskaraz: Piperraren Kostaldea) izena jarri zioten, saguzar-piper sail handiak zeudelako bertan. 1602an, herbeheretarrek merkataritza-postu bat ezarri zuten Grand Cape Mounten, urte bat beranduago ordea, suntsitua izan zen. Hala ere, 1663an ingelesek merkataritza-postu berriak sortu zituzten gune hartan. Gaur arte, ez dira 1821. urtea baino lehenagoko beste herrialde ez-afrikarren kolonoen-finkatzerik aurkitu. Urte horretan estatubatuetan askatutako esklaboak bertaratu ziren.
Kolonizazioa (1821-1847)
XIX. mendearen hasieran, Ameriketako Estatu Batuek hainbat plan egin zituzten Afrikan kolonia bat sortzeko, gehienbat, bertakoak ziren esklabo askeentzako. 1821 eta 1847 urteen artean, lurren erosketak eta konkistak baliatuz, elkarte amerikarrek Liberia izena jarriko zioten kolonia garatu zuten. 1847. urtean, Liberiak herrialde burujabe gisa aitortu zuen bere burua.
Kolonizazioaren inguruko lehen ideiak
Amerikar iraultzaz geroztik, XVIII. mendearen amaieran, estatubatuar askok ez zuten onartzen afroamerikarrak beraien lurraldean gizabanako aske bezala bizitzearen ideia.[1] Ideia horren kontra hainbat arrazoi bota zituzten, alde batetik, gizabanako beltzak zuriak baino eskasagoak zirela uste zuten, bai fisikoki eta baita adimen aldetik ere. Beste batzuek, arrazakerian oinarrituta zegoen garai hartako gizarteak beltzen eta zurien arteko bizikidetzari jarriko zizkion oztopoak gaindiezinak izango zirela uste zuten. Bi pentsaera horiek zituztenak, eta beste ideia ezberdinak zituztenak ados jarri ziren beltz askeak herrialde berri batera eramatearen ideiarekin.[2] Abolizionistak ere ados azaldu ziren aipatutako ideiarekin.
Esklabo askeen areagotzea
1783tik aurrera esklabo beltz askeen kopurua handitzen hasi zen, gehienbat, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran egin zituzten emantzipazio saiakeren eta Estatu Batuen iparraldeko lurraldeetan izan zen esklabotzaren amaieraren ondorioz. 1800 eta 1802 urteertan, Virginian, esklaboen hainbat matxinada piztu ziren, batek ere ez zuen bere helburua bete eta modu bortitzean egin zitzaien aurre. Honen ondorioz, hegoaldeko lurraldeetako estatubatuarrak beldurtu egin ziren, beraien kezkarik handienak iparraldeko esklabo askeek hegoaldekoei ihes egiten laguntzea edo esklaboek agintari zuriei aurre egitea ziren.
Bitartean, Estatu Batuetako afroamerikar askeen kopurua handitzen joan zen. 1790. urtean, gutxi gorabehera, 4 milioi biztanleetatik 800 000 ziren beltzak eta horietatik 59 467 afroamerikar askeak. 1800. urtean ordea, 7 200 000 biztanle estatubatuarretatik 108 378 afroamerikar askeak ziren.
Egoera honetan, biztanleria afroamerikarrarentzat kolonia bat sortzearen ideiak indarra hartu zuen.
Sierra Leona
Britainia Handia 1787. urtean hasi zen beltz behartsuak Londrestik lekualdatzen edo bidaltzen. Horietatik asko Estatu Batuetako matxinoen kontra izan zen gerran laguntzeko askatu ziren, horietaz gain, baziren bakan batzuk Eskozia Berrian askatuak izan zirenak. Esklabo ohi guzti hauek Freetowngo kolonian askatu ziren, gaur egungo Sierra Leonan. Paul Cuffe estatubatuarrak, Estatu Batuetako afroamerikarrak aipatutako koloniara bidaltzea proiektu bideragarria zela esan zuen. Kongresuko hainbat kideen eta britainiar ofizial batzuen oniritziarekin, 1816an, bidaiaren gastuak ordainduta 38 beltz Freetownera eramatea lortu zuen. Mota honetako bidaiak 1817an gelditu ziren, Cuffe hil zenean. Hala eta guztiz ere, ekintza hauek kolonizazioaren proiektua aurrera eramateko gogoa piztu zuten Estatu Batuetan.
Mesurado lurmuturra
Garai hauetan zehar beste ekimen politiko bat jazo zen Charles F. Mercer virginiarraren eta New Jerseyko Robert Finley presbiteriar artzainaren aldetik. 1816an, politikarien, senatarien eta orientazio ezberdineko hainbat buruzagi espiritualen (horietatik batzuk arrazoiketa dibergentedunak) eskutik American Colonization Society (Kolonizazioaren Elkarte Amerikarra) sortu zen Washington D.C.-n. Sortzaile hauek guztiak afroamerikar askeentzat Afrikan kolonia bat sortzeko batu ziren. 1820. urtean kolonia hau sortu zedin, ACSk New Yorketik hainbat itsasontzi bidali zituen Mendebaldeko Afrikara. Itsasontzi horietatik lehenak, 88 migratzaile beltzez eta ACSko 3 agente zuriz osaturiko tripulazio bat zuen, tripulazio honek kokaleku egoki bat bilatzeko helburua zuen. Hainbat zailtasun gaindituta eta seguruenik indarraren mehatxua erabilita, ACSko ordezkariek, Peter errege indigenak Mesurado lurmuturraren agintea ematea lortu zuten, gaur egungo Monroviatik 35 bat km-ra kokaturik dago. Esan beharra dago, kolonoek hasieratik malinke tribuaren erasoak jaso zituztela, hainbat gaixotasun latzei aurre egin behar izan zietela eta besteak beste, klima gogorra, elikagai eskasia eta bizi-kalitate kaskarra eskaintzen zuen lurralde hartara egokitu behar izan zirela.[3]
Zabalkuntza
1835. urtera arte, kostalde berdinean, beste bost kolonia gehiago sortu ziren, ACS elkarteaz gain, beste elkarte amerikarren eta Estatu Batuetako gobernuaren eskutik. Cape Mesurado edo Mesurado Lurmuturra koloniaren kostalde osotik zehar eta barnealderantz zabaldu zen, batzuetan indarra erabiliz. 1824an kolonia honek Liberia izena hartu eta Monrovia hiria ezarri zen bere hiriburu gisa. 1839an ordea, izena aldatu eta Liberiako Elkargoa (Commonwealth of Liberia) deitzera igaro zen. 1842an gainerako kolonietatik lau elkargo honetara batu ziren, bostgarrena berriz, indigenek suntsitu zuten. Afroamerikar jatorria zuten kolonoek, kolore aldetik batzuk indigenak bezain beltzak ziren, beste batzuk aldiz, ia zuriak, laister jaso zuten amerikar-liberiar deitura.
Amerikar-liberiarrei burujabetza ematea
Liberiako kolonia zabaltzen zihoan heinean, geroz eta independentzia handiagoa hartzen zuen, hala, ACSko administratzaile zuriek poliki-poliki amerikar-liberiarren esku uzten hasi ziren koloniaren agintea. 1841ean, Joseph Jenkins Roberts Liberiako lehen gobernatzaile beltza bihurtu zen. Aldi berean, 1840ko hamarkadan, ACS diru faltan zebilen, beraz, Liberia karga handiegia bihurtu zen arlo ekonomikoari begira. Handik sei urtera, ACS amerikar-liberiarrek beraien independentzia aldarrikatzeko prestakuntzak egiten hasi zen. Hurrengo urtean, Robertsek Liberia errepublika independente gisa aldarrikatu zuen, une hartan herrialde berriak 3 000 kolono inguru zituen bere lurretan. Ameriketako Estatu Batuen konstituzioa eredu gisa hartuta sortu zen herrialde honetakoa, aipatzekoa da, indigena liberiarrei ez zitzaiela boto-eskubidea aitortu.
Amerikar-liberiarren gobernua (1847-1980)
1847 eta 1980 urteetan zehar, Liberiar estatua afroamerikar kolono (eta haien ondorengo) gutxi batzuek gobernatu zuten, gobernu honek gehiengo indigena (biztanleriaren %95) alde batera utzi zuen. Aipatutako urteen arteko Liberiako historia jarraian dituzuen elkarrekiko harremana duten lau puntuetan laburtu daiteke:
- Amerikar-liberiarren eta indigenen arteko harremanak.
- Liberia eta Estatu Batuen arteko harremanak.
- Liberia eta gainontzeko herrialdeen arteko harremanak.
- Liberiako ekonomia, industria eta natura-baliabideak.
Amerikar-liberiarren eta indigenen arteko harremanak
Kolonoen eta indigenen arteko harremanak herrialdearen sorreratik bertatik txarrak izan ziren, honek, 1980. urtean indigenek erregimen amerikar-liberiarra boteretik botatzea eragin zuen.
Erresistentzia
Kolonoak etorri zirenean eta herrialde kolonoa hedatu zenean liberiar indigenek gorriak ikusi zituzten. Kolonizazioaren aurka aritu ziren milaka modutan, 1980an gobernua kolonoa bota zuten arte.
Amerikar-liberiarren agintaldia eta honen ezabatzea
Amerikar-liberiarrek esklabo gisa jardun zutenean Estatu Batuetan, beraien berezko kultura osoa galdu zuten eta ondorioz, gizarte amerikarrera batu ziren, haien ideiak eta pentsaerak barneratuta. Kolono hauen artean baziren arbaso europar eta afrikarrak zituztenak, beraz, indigenek baino azal argiagoa eduki ohi zuten. Lehen aipatu dugun bezala, kristautasunaren, kultura europarraren eta edertasun europarraren ideiak barneratu zituzten. Esan dezakegu, Estatu Batuetan zegoen gizarte sozialaren kopia bat egin zutela herrialde berri hartan, besteak beste, elizak sortu, bizitza amerikarra mantendu, ingelesa erabiltzen jarraitu eta hegoaldeko Estatu Batuetako etxeen antzekoak sortu baitzituzten bertan.
Amerikar-liberiarrak ez ziren inoiz Liberiako guztizko biztanleriaren %5 baino gehiago izan, baina lurralde honetako leku eta materialik garrantzitsuenak menderatzen zituzten, hala nola, kostaldearen gehiengoa, teknologia berritzailea, hezkuntza maila handiagoa, hainbat harreman baliotsu amerikar erakunde batzuekin, horien artean, gobernuarekin. Aipatutako abantailekin indigenak menderatzeko gai izan ziren.
Harrigarria badirudi ere, amerikar-liberiarrek XIX. mendeko Estatu Batuetako arrazakeriaren kulturaren antzekoa sortu zuten, beraiek ziren oraingoan maila gorenekoak ordea, eta indigenak behe-mailakoak. Hala eta guztiz ere, beraien ikuspuntua bestelakoa zen, beraien ustez, sortu zuten gizarte berria Estatu Batuetakoarekin alderatuta oso ezberdina zen, beraien esanetan, Liberian ez zegoen arraza-hierarkiarik, kolono hauek beraien herrialdetik (AEB) bota zituena. Horretaz gain, arraza-berdintasunean sinisten zuten eta norbanako guztiak zibilizatu zitezkeela ere uste zuten, hezkuntza eta ebanjelizazioa tresna gisa erabiliz. Beraien baino lehenago eta beranduago bizi izan ziren misiolariak bezala, indigenek zibilizatzeko interes handirik agertu ez zutenez, tristatuta edo gutxietsita sentitu ziren. Hala ere, oso ohikoa ez bazen ere, hainbat indigena gizarte amerikar-liberiarrera batu ziren, normalean, ezkontzaren bidez. Kostaldeko tribu batzuk protestantismora igaro eta ingelesa ikasi zuten arren, gehienek beraien ohiturei eta hizkuntzei eutsi zieten.
Laster batean gizarte liberiarra endatan edo kastetan banatu zen. Hauetatik ondoen bizi zirenak amerikar-liberiarrak ziren, gobernua beraien eskura edukitzeaz gain, bizi-kalitate onaz gozatzen zutelako eta batzuetan haien semeek Estatu Batuetako unibertsitate eta eskoletan jasotzen zutelako hezkieta (bertan, askotan, arraza-bereizketa jasaten zuten arren). Honek, indigenak botere politiko eta ekonomikotik baztertu zituen.
Indigenen matxinadak
1878an amerikar-liberiar kolonoek beraien botere politikoa True Whig Party alderdian antolatu zuten, aipatzekoa da, ez zutela inolako oposizio antolaturik onartzen. 1980ra arte, amerikar-liberiarrek boterean irautea lortu zuten, besteak beste, indigenen matxinada eta istilu ugariak zapalduz. 1915. urtera arte, Estatu Batuek ia beti babestu zuten gobernu amerikar-liberiarra gatazka hauetan, bestalde, XIX. mendean, Europako potentziak herrialde honetako ezegonkortasun politikoa sustatzen jardun zuten, batzuetan indar-militarrarekin mehatsatzera iritsi ziren.
- Indigenen altxamenduen zerrenda
- 1856: Grebo eta Kru herrien aurkako gerra, borroka hauek Marylandeko Errepublika, kolonia afroamerikarren artetik azkena, Liberiara batzea eragin zuen. 1857an batu zen, Maryland Country bezala.[4][5]
- 1864: Kostaldeko zein barnealdeko tribuetan matxinadak.
- 1875-1876: Palmas lurmuturreko gerra.
- 1886: Beste matxinada orokor bat izan zen.
- 1880 – 1890ko hamarkadaren bukaeraraino: tribu batzuek liberiar gobernuari gerra adierazpena egin zioten.
- 1893: Grebo tribuak Harper kokalekuari eraso zion.
- 1900: Indigenen beste matxinada bat gehiago, honek ordea gudu odultsu batean du amaiera.
- 1915: Kruen matxinada.
- 1912-1920: Liberiako barnealdean hainbat gerra, indigenen aurka.
Nazioen Ligaren ohartarazpenak
1927an, Nazioen Liga gobernu liberiarrak bere herriko indigenak derrigortutako lanak egiteko errekrutatu eta saldu egin zituela adierazten zuten hainbat salaketa ikertzen hasi zen. 1930ean Nazioen Ligak Liberiako gobernua ohartarazi zuen, «hainbat urteetan zehar era sistematikoan indigenen aurkako larderia eta zapalkuntza-politikak sustatzen jarduteagatik, indigenek beraien botere eta gizarte harremanak garatu ez zitzaten eta arraza agintari kolonizatzailearen abantailak mantentzearren, nahiz eta bi arrazak ere jatorri afrikar berdinekoak izan».[6] Adierazpen hauek Charles D.B. King lehendakariaren dimisioa eragin zuten.
Gizarte-tentsioak (1940-1980)
Bigarren Mundu Gerran zehar, milaka liberiarrek barnealdetik kostaldera migratu behar izan zuten, lanaren bila. Liberiar gobernua denbora luzez migrazio hau oztopatzen saiatu zen arren, ezin izan zuen gelditu.
1945etik aurrerako hamarkadetan, Liberiako Gobernuak atzerriko hainbat inbertsiori esker ehunka milioi dolar jaso zituen. Horrek, ordea, herrialdearen ekonomia ezegonkortu zuen. Liberiak etekinak ateratzea lortu zuen, baino aipatzekoa da, diruaren zati handi bat gobernuko ofizialen mende geratu zela. Honek herriaren ezberdintasun ekonomikoa areagotzea eragin zuen, eta beraz, talde indigenen eta amerikar-liberiarren arteko harreman kaskarrak are gehiago okertu ziren.
Gizarte-tentsio hauek, 1951 edo 1963. urteetan Tubman lehendakaria indigenei boto-eskumena aitortzera behartu zuten, hainbat iturriren arabera. Hala ere, urteak ez du garrantzia handirik, Tubman lehendakariak oposizio ia guztia zapaldu baitzuen, hauteskundeetan iruzur eginez.
Tolbert lehendakariak (1971-1980) bere aurrekoak egin zuen berdina egiten jarraitu zuen, hau da, oposizioa zapaltzen. 1979an gobernuak arrozaren salneurria igotzeko asmoak zituela jakin zen, honek hainbat manifestazio eragin zituen Monroviako kaleetan. Tolbertek manifestarien aurka tiro egiteko agindu zuen, hirurogeita hamar hildako eraginez. Zitalkeri honek haserrea eta gatazkak piztu zituen liberiarren artean, azkenik, 1980ko apirileko estatu-kolpe militarra eragin zuen jendearen saminak.
Estatu Batuen eta Liberiaren arteko harremanak
Amerikar-liberiarrak gobernuan egon ziren 133 urteetan zehar (1847-1980), harreman politiko konplexuak eduki zituzten Estatu Batuekin.
Amerikar-liberiarrei laguntza Estatu Batuen aldetik
1915. urtera arte, Estatu Batuek ia beti lagundu zietan amerikar-liberiarrei edozein tribu indigenaren matxinada zein altxamenduei aurre egiten.
1882 eta 1919 urteetan zehar, Britainia Handiak zein Frantziak Liberiako lurralderen bat beraien mendeko bihurtuko zutela mehatsu egiten zutenean, Estatu Batuen laguntza ezinbestekoa izaten zen herrialdearen burujabetza mantentzeko orduan.
1906 urtearen aldera, hamarkadetan zehar finantza-krisi bat edukitzearen eta ingelesen mailegu kaskarren ondorioz, liberiar gobernua behea jotzear zegoen. 1912an ordea, Estatu Batuek Liberiari 1.700.000 $-eko nazioarteko mailegu bat bermatu zioten, mailegu honetan Estatu Batuetaz gain, Alemaniak, Britainia Handiak eta Frantziak parte hartu zuten. Aipatutako 4 herrialdeek, 1926. urtera arte liberiar gobernuaren diru sarrerak kontrolatu zituzten.
1926an, liberiar gobernuak emakida bat egin zion Firestone izena zuen eta kautxua ekoizten zuen estatubatuar konpainiari, Arbel izeneko plantazio erraldoi bat sortzeko. Horren truke, Firestone konpainiak 5 milioi dolarreko mailegu pribatu bat egin zion gobernuari. Hala ere, 1930ean Liberia berriz ere behea jotzear geratu zen, hau konpontzeko, estatubatuarren presioaren eraginez, Nazioen Ligaren laguntza-plan bat onartu zuen. Plan honen eraginez, Nazioen Ligako bi administratzaile liberiar gobernuko aholkulari bilakatu ziren.
Gerran izan zuen parte-hartzea
Bigarren Mundu Gerran zehar, Liberiak Estatu Batuekin defentsa itun bat sinatu zuen 1942an, itun honen bidez, estatubatuarrek kautxu naturalezko horniketa jarraitu bat eduki zuten (gerra garaian material garrantzitsua). Horretaz gain, estatubatuarrek base militarrak ezarri ahal izan zituzten Liberian, gainera, soldaduak zein hornigai militarrak garraiatzeko orduan oso erabilgarria izan zitzaien ituna.[7] Trukean, Estatu Batuek aireportuak eraikitzeko (Roberts Field) diru-laguntzak eman zituzten, Monroviako portu askea zein herrialde honetako barnealdeko errepideak sortzen laguntzeaz gain.
Gerra Hotza, inbertsioak eta ustiaketa
Bigarren Mundu Gerraren ondoren eta Gerra Hotzean zehar, Estatu Batuek Liberia ustezko Afrikako komunismoaren hedatzeari aurre egiteko base egokitzat jo zuten. Tubman lehendakari liberiarrak politika hau onartu eta babestu egin zuen. 1946 eta 1960an zehar, Liberiak 500 milioi dolar inguru jaso zituen atzerriko inbertsioei esker, gehienbat, Estatu Batuetakoak.
NBEn, Liberiak botoa Estatu Batuen alde eman zuen ia beti, Vietnamgo Gerran erebai. Estatu Batuek base iraunkor bat ezarri zuten Liberian, bertako soldaduak era egokian entrena zitezen, gauzak horrela, ofizial estatubatuar batzuk bidaltzen hasi ziren gune horretara. 1960ko hamarkadan, Estatu Batuek bi komunikazio-gune sofistikatu sortu zituzten Afrikako herrialdean, besteak beste, kontinente honetako diplomazia eta informazio-trafikoa gidatzeko, hau lortzeko hainbat irrati-igorgailu sortu zituzten, bide batez, Afrikan zuten eragina ere zabaldu zuten.
1962 eta 1980 urteen artean, Estatu Batuek, laguntza gisa, 280 milioi dolar eman zizkioten Liberiari. Honen truke, Liberiak hainbat lurralde eskaini zizkion, bertan azpiegiturak sor zitzan.
1970. hamarkadan ordea, Tolberten agindupean, Liberiak jarrera politiko askeago eta neutralago bat hartu zuen, besteak beste, sozialistak ziren Sobietar Batasuna, Txina, Kuba eta bestelako herrialdeekin diplomazia-harremanak ezarri zituelako. 1973an, Yom Kippur Gerran, Israelekin diplomazia-harremanak moztu zituen, hala ere, Estatu Batuei laguntza eman zien Vietnamgo Gerran zehar.
Liberia eta beste herrialdeen arteko harremanak
Liberiak europar herrialdeekin izan dituen harremanak, bertako gobernuaren egonkortasuna mantentzeko giltza edo ezegonkortasuna sortzeko eragileak izan dira.
Merkataritza iruzurtia, mehatxu militarrak
Liberiak bere burua herrialde gisa aldarrikatu zuenetik, Europako herrialdeek harremanak mantendu izan dituzte lurralde berriarekin. 1856 eta 1864 artean, merkatari europarrak Liberiak esportaziorako eta inportaziorako zituen zergak saihesten ibili ziren, beraien gobernuek babestuta. Ekintza hauek lurralde berriaren zailtasun ekonomikoak handitu zituzten. 1870ean, Liberiak krisi ekonomiko sakon bat pairatu behar izan zuen, krisi gogor honek herrialdea behea jotzear utzi zuen hainbat alditan, 1930ko hamarkadan krisiari amaiera eman zitzaion arte. Krisi honetan zehar ordea, liberiar gobernuak, baldintza oso gogorretan, hainbat mailegu eskatu zizkien banku ingelesei eta alemaniar merkatariei. 1912an, liberiarrentzat zorionez, Estatu Batuek esku-hartu zuten herrialde honen ekonomian, bertako egoera kaskarra arintzen saiatzeko.
1878 eta 1919 urteetan zehar, Britainia Handia, Frantzia eta Alemania Mendebaldeko Afrikako lurraldeak menderatzen hasi ziren, batzuetan, Liberia militarki mehatxatu zuten. Adibidez, Frantziak eta Britainia Handiak Liberia lurraldeak ematera behartu zuten 1883, 1885, 1892, 1903 eta 1919an. Liberia 1892tik aurrera hasi zen bere lurrak Europako herrialdeekin negoziatzen. 1875ean ingelesek eta 1886an frantsesek, liberiar gobernuaren aurkako indigenen matxinadak babestu zituzten. 1878tik aurrera, Liberiako lehendakariek merkataritzarengana eta atzerriko inbertsioengana gehiago jotzen hasi ziren.
Bi mundu gerrak
1910 eta 1943 urteetan zehar, Alemania izan zen Liberiaren merkataritza-bazkide nagusia. Lehen Mundu Gerran liberiar gobernua neutral mantendu zen arren, aliatuen alde egiteko joera izan zuen, izan ere, Frantziak eta Britainia Handiak inguratzen zuten herrialdea. Bigarren Mundu Gerran ordea, Alemaniak bere inbertsio guztiak Liberiatik atera zituen, honek diru sarreren eta esportazioen murrizketa handi bat eragin zuen herrialdean. 1930ko hamarkadan, Herbehereetako, Danimarkako eta Poloniako inbertsoreak etorri ziren, hauek gobernu liberiarrarekin hainbat itun sinatu zituzten, herrialde honetako ekonomian parte-hartzeko. 1944ean, Bigarren Mundu Gerran zehar, Estatu Batuek Liberia estutu zuten, bertan zeuden alemaniar biztanleak bota zitzan. Kanporatze honek liberiar ekonomia okertu zuen, hala ere, okertze hau ez zen hain larria izan Gerra Handia martxan zegoen bitartean, Estatu Batuek inbertsio handiak egin zituztelako herrialdean, gehienbat proiektu militarrekin loturik.
Inbertsio handiak
1945 eta 1980 urteetan zehar, europar herrialdeek Liberiarekiko mantendu zituzten jarrerak onuragarriak suertatu zitzaizkien amerikar-liberiarrei, izan ere, ehunka milioi dolareko atzerriko inbertsioak jaso zituzten, gehienak Estatu Batuetakoak izan ziren arren, batzuk Mendebaldeko Europatik etorri ziren. Tubman lehendakariak hainbat agintari europarren laguntza eduki zuen.
Bestalde, liberiar agintariak Sobietar Batasunarekin eta haren aliatuekin harremanak edukitzen saiatu ziren, hainbat Afrikako herrialdeekin bezala. Horrela, politikoki jarrera independente bat mantendu zuten, mendebaldeko herrialdeek utzi zioten punturaino.
Liberiako ekonomia, industria eta lehengaiak
1847 eta 1980. urteetan zehar, Liberiako ekonomiak garapen handia izan zuen, nekazaritza primitibotik lehengai mineralak zein kautxua ustiatzen hasi baitziren, zerbitzuen industria ahaztu gabe.
Nekazaritza
Bere sorreratik, Liberiak merkataritza-harreman oso onak eduki ditu Mendebaldeko Afrikarekin eta laster hasi zen europarrekin salerosketan. Gehien esportatzen zituen lehengaiak hurrenak ziren: kafea, arroza, palma olioa, datilak, piassaba, azukre-kanabera eta zura. Ontziolen industria garrantzitsua izan zen herrialdea sortu zenean, 1870an ordea, industria hau beheranzko joera hartzen hasi zen, europar lurrunezko itsasontzien aurka lehiatzen hasi behar izan baitzuen. Garai beretsuetan, Brasilgo kafea eta europar azukrearen aurkako lehiak eduki zituen Liberiako ekonomiak, honek, bere esportazioek behera egitea eragin zuten. Liberia, atzerriko herrialdeei aurre hartzeko, bere nekazaritza industria hobetzen saiatu zen, modernoago bihurtuz. Horren adibide dugu Anthony W. Gardiner (1878-1883) lehendakaria, merkataritza zein atzerriko inbertsioak sustatu zituelako. Bestalde, Garreston W. Gibson (1900-1904) lehendakariak Mining Company Batasunari barnealdeko lurraldeak ikertzeko baimena eman zion, mineralak bilatzeko helburuarekin. Lehen Mundu Gerran zehar, Alemaniak, Liberiaren merkataritza-bazkide zein inbertsore nagusiak, bere inbertsio guztiak kendu zituen herrialde afrikarretik, krisi ekonomiko latz bat eraginez. Hortaz gain, urpekari alemaniar batek Liberiako kostaldea blokeatu zuen, Britainia Handiarekin, Frantziarekin eta Estatu Batuekin zuen merkataritza zailduz.
Kautxua eta mineralak
1926an Firestone konpainiak munduan zegoen kautxuzko plantazio handiena martxan jarri zuen. Kautxuaren industriak 25.000 lan inguru sortu zituen, laster bihurtuko zen industria hau liberiar ekonomiaren bizkarrezurra. 1950ko hamarkadan, kautxuak Liberiako ekonomiaren ekoizpenaren %40 inguru ordezkatzen zuen. Aipatzekoa da, 1930ko hamarkadan Liberiak bere ekoizpenari buruzko hainbat hitzarmen sinatu zituela Herbehereetako, Danimarkako, Alemaniako edo Poloniako inbertsoreekin.[8] Bigarren Mundu Gerran kautxua baliabide oso garrantzitsua bihurtu zen, beraz, Liberia, kautxuari zegokionez, Estatu Batuen eta bere aliatuen hornikuntzaz arduratu zen. Gainera, Liberiako gobernuak Estatu Batuei hainbat gauza egiten utzi zion bere lurretan, besteak beste, soldaduen garraio-lurralde gisa erabiltzen, base militarrak, errepideak, aireportuak eta portuak sortzen, etab. Amerikarrek Liberian ezarri zuten presentzia militarra herrialdearen ekonomiarentzat onuragarria izan zen. Bestalde, herrialde afrikarrean zeuden burdin biltegiak merkataritzarentzat eskuragarri geratu ziren.
Eskala handiko ustiaketa
1946 eta 1960 urteen artean, liberiar gobernuak 500 milioi bat dolar jaso zituen atzerriko inbertsoreengandik, hauetatik asko estatubatuarrak ziren arren, baziren korporazio multinazionaletakoak ere. 1971. urterako, atzerriko inbertsioek gora egin eta mila milioi dolarretako langa gainditu zuten. Gainera, burdin, egur eta kautxuaren esportazioak handitu egin ziren. Aipatzekoa da, Liberia zela garai horietako kautxuaren industriaren jaun eta jabe, gainera, munduko hirugarren burdin-esportatzailerik handiena zen. 1962tik 1980ra, Estatu Batuek 280 milioi dolarretik gora eman zizkioten gobernu liberiarrari, beraien azpiegiturentzako lur gehiago lortzearen truke. 1970ean ordea, gauzak okertzen hasi ziren, kautxuaren prezioak jaitsiera handia eduki zuelako nazioarteko merkatuan, honek, krisi ekonomiko bat eragin zuen herrialde afrikarrean.
Liberiako lehendakariak
- Joseph Jenkins Roberts (1847-1856)
- Stephen Allen Benson (1856-1864)
- Daniel Bashiel Warner (1864-1868)
- James Spriggs Payne (1868-1870)
- Edward James Roye (1870-1871)
- James Skivring Smith (1871-1872)
- Joseph Jenkins Roberts(1872-1876)
- James Spriggs Payne (1876-1878)
- Anthony W. Gardiner (1878-1883)
- Alfred Francis Russell (1883-1884)
- Hilary R. W. Johnson (1884-1892)
- Joseph James Cheeseman (1892-1896)
- William D. Coleman (1896-1900)
- Garretson W. Gibson (1900-1904)
- Arthur Barclay (1904-1912)
- Daniel Edward Howard (1912-1920)
- Charles D. B. King (1920-1930)
- Edwin Barclay (1930-1944)
- William Tubman (1944-1971)
- William Tolbert. (1971-1980)
Samuel Doe eta Herriaren Askapenerako Batzordea (1980-1989)
Indigena liberiarrek, hainbat borroka odoltsuren bidez, 1980an Amerikar-liberiarren erregimena agintetik bota ondoren, Askapenerako Batzordeak hartu zuen herrialdearen agintea. Barne ezegonkortasuna, erregimen militar berriaren aurkako oposizioa eta gobernu berriaren errepresioa handitzen joan ziren, 1989an tribuen-arteko gerra zibil batek agintetik bota zuen arte.
Estatu-kolpea eta Estatu Batuekin izandako harremanak
Samuel Kanyon Doe (1951-1990) Krahn izeneko leinu txiki bateko kide bat zen, baina Estatu Batuetako Indar Bereziek entrenatutako liberiako armadako sargentu bat ere bazen. 1980ko apirilaren 12an, Doek estatu-kolpe bat martxan jarri zuen Tolbert lehendakariaren aurka, bere biziarekin eta bere aldeko beste 26 jarraitzaileenarekin bukatuko zuen mugimendu militar honek. Handik hamar egunera, Tolberten gobernuko hamahiru kide jedearen aurrean hilarazi zituzten. Modu honetan bukatu zen Amerikar-linberiarrek herrialdearengan zuten aginte politikoa. Hauei botere kendu ondoren, Samuel Doek Herriaren Askapenerako Batzordea (HAB) izenarekin ezagutuko zen erregimen militar bat ezarri zuen. Liberiar askok estatu-kolpea babestu zuten, herriaren gehiengoarentzat onuragarria izango zela uste zutelako. Ezin dugu ahaztu, aurreko garaietan amerikar-liberiarrak baino ez zirela egon boterean eta hauek, gainerako biztanleria boteretik baztertu zutela. HAB gobernura iritsi bezain laster, prentsa-askatasuna, erabatekoa ez bazen ere, baimendua izan zen. Hortaz gain, Samuel Doek harreman onak mantendu zituen Estatu Batuekin, batez ere Ronald Reagan lehendakaritzara iritsi zenean, 1981ean. Lehendakari honek Liberiari laguntza ekonomikoak areagotu zizkion, hasieran jasotzen zituen urteko 20 milioi dolarretatik 75 milioi dolarretara, beranduago zifra hau 95 milioietara iritsiko zen. Gainera, Liberiak Estatu Batuen aliatu ona izaten jarraitu zuen Gerra Hotzean zehar, besteak beste, estatubatuarren interes eta inbertsioak babesteaz gain, sobietarrek Afrikan zuten eragina murrizten ibili baitzen. Horren adibide dugu, Doek Libiako enbaxada ixteko agindua eman zuela edo Sobietar Batasunarekin diplomazia-harremanak moztu zituela. Aipatzekoa da, Estatu Batuekin zuen elkar-babeserako itunean aldaketa bat egitea onartu zuela, hauen indar armatuei, baldintzarik gabe, 24 orduetan portu zein aireportuetan egoteko baimena eman zien aldaketa horrek. Liberiako armadan ere estatubatuarren eragina gehiago nabaritzen zen: 1981 eta 1985 urteen artean liberiar armadak, zuzenean, 15 milioi dolarreko laguntza jaso zuen. Samuel Doeren agintaldian, Liberiako portuak irekiak mantendu ziren estatubatuar, europar edo kanadarrentzat, honek ontzigintzatik bizi ziren enpresa askoren inbertsioak erakarri zituen eta Liberiari ospe handia eman zion merkataritzaren arloan.
Oposizioaren aurkako neurriak, errepresioa
Samuel Doeren agintaldia ez zen batere egonkorra izan, zazpi estatu-kolperen saiakerei aurre egin zien 1981 eta 1985 urteen artean. 1981eko abuztuan Doek Thomas Weh Syen eta HABeko beste lau kide atxilotzea eta hilaraztea agindu zuen, ustez, bere kontra jarduteagatik. Ondoren, gobernuak amnistia bat deklaratu zuen politikarengatik atxilotutako edo atzerriratutakoentzat, honela, 60 preso politiko askatu zituen. Hala ere, HAB berehala hasi zen zatitzen, alde batetik, Doe estatu-kolpe baten beldur zen eta bestetik, bere gobernua ustelkerian eta errepresioan bildu zen. Errepresioak oposizio politikoa zapaltzeari, egunkariak ixteari eta kazetariak atxilotzeari bide eman zion. Gainera, gobernuaren agintea zalantzan jartzen saiatzen ziren HABeko kideak suntsitzen hasi ziren, hauek, Doeren Krahn etniakoak ziren norbanakoek ordezkatzen zituzten, jendearen atsekabea handituz. Aipatutako guztiak eta liberiar ekonomiaren beherakadek, Doek hasiera batean zuen biztanleriaren babesa ezerezean geratzea eragin zuen.
1985eko lehendakaritzarako hauteskundeak
1983an konstituzioa aldatzeko proiektu bat martxan jarri zen, xedea alderdi anitzeko errepublika bat sortzea zuena, 1984ko erreferendumean proiektua onartua izan zen. Erreferendumaren ostean, Samuel Doek lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zituen 1985eko urriaren 15ean. Hainbat alderdi berriek agintean zegoen Liberiako Alderdi Nazional Demokratari (LAND) erronka bota zioten arren, hiruk baino ezin izan zuten hauteskundeetan parte hartu. Hauteskundeak ospatu baino lehen, oposizioaren %50a baino gehiago erail zuten, baina demokraziaren kontrakoak ziren neurri hauek hartuta ere, Doek botoen %51a baino ez zuen eskuratu. Hortaz gain, nazioarteko ikuskatzaileek hauteskundeak zuzenak izan ez zirela esan zuten eta beraz, oposizioan geratzen ziren pertsonen gehiengoak ez zituzten beraien eserlekuak hartu. Afrikako Estatu Batuetako Idazkari Chester Crockerrek, bere herrialdeko kongresuan Liberiako hauteskundeak zuzenak izan ez ziren arren, demokraziaren biderako aurrerapausoa zela aditzera eman zuen. Bukatzeko, Afrikako herrialde guztietako hauteskundeak zuzenak ez zirela esan zuen, batzuk demokraziatik hurbilago edo urrutiago zeuden arren.
Tribuen arteko gatazkak
1985eko azaroan Thomas Quiwonkpa, Samuel Doeren ordezkari militarra, estatu-kolpe bat jotzen saiatu zen ehunka jarraitzailerekin batera. Denak hil zituzten. 1986ko urtarrilaren 6an izendatu zuten Samuel Doe lehendakari, handik gutxira hasi zen hainbat triburen kontrako azpiratze-politikak martxan jartzen, gehienbat, Gio (Dan bezala ere ezaguna) eta iparraldeko Mano tribuen aurka, bertakoak baitziren gobernuaren kontra zeuden norbanako gehienak. Gobernuak egin zituen mugimendu hauek tribuen arteko zatiketak eta gatazkak eragin zituen, ordura arte hauek nahiko era baketsuan bizi izan ziren amerikar-liberiarren kontrako oposizioak bildu zituelako. Une gatazkatsu hauetan, lehendakariaren Krahn tribuak iparraldean bizi zen Nimba tribuari eraso zion, hauetako askok bizilaguna zuten Boli Kostara alde egin behar izan zuten. 1980ko hamarkadaren bukaeran, Charles Taylorrek Gio eta Mano tribuetako matxinoak milizia batean bildu zituen Boli Kostan, 1989an Nimba lurraldea konkistatu zuen eta honek, herrialde-mailara hedatu zen tribuen arteko gerra bat sortu zuen.
Liberiako Lehen Gerra Zibila (1989-1996)
Aurrekariak
1980ko hamarkadaren amaieran, Samuel Doeren gobernuaren aurkako oposizioak kolapso ekonomiko bat eragin zuen Liberian. Gogoratu behar dugu, Doek, boterera iritsi bezain laster, bere gobernuaren aurkako barne-oposizioaren eta eta gainerako oposizio guztien kontra errepresioa erabili zuela, hala, 1985eko azaroan bere aurkako estatu-kolpe batek huts egin zuenean, Gio (edo Dan) eta Mano tribuen aurkako bortizkeria garaiak etorri ziren, izan ere, bertakoa zen oposizioaren gehiengoa. Bestalde eta aldi berean, Krahn tribua (lehendakariarena zena) beste tribuak erasotzen hasi zen, gehienbat Nimba lurraldean bizi ziren tribuei eraso zien. Honek hainbat liberiarrek Boli Kostara migratu behar izatea eragin zuen, bertan ordea, Doe boteretik kentzeko planak prestatu zituzten.
Charles Taylor eta LFANa (1980-1989)
Charles Taylor, 1948an jaioa, Gola tribuko emakume baten eta amerikar-liberiarra zen edo Trinidad uhartetik migratu zuen gizon baten semea zen. 1977an Massachusettsko institutu batean ekonomiako graduatu bat lortu zuen. 1980ko estatu-kolpearen ondoren, Doeren gobernuan egin zuen lan aldi batez, 1983an ordea, gobernuaren diru-funtsak desbideratzeagatik auzipetu zuten. Liberiatik ihes egitea lortu zuen arren, 1984an Massachusettsen atxilotu zuten estradizio agindu baten bidez eta Estatu Batuetan espetxeratu zuten. 1985ean espetxetik ihes egitea lortu eta segurasko, Libiara joan zen. Handik urte batzuetara, Taylor Boli Kostan agertu zen, bertan, gehienbat Gio eta Mano tribuetakoak ziren erbesteratutako talde batzuk eta hainbat matxino Liberiako Fronte Aberkoi Nazionalean (LFAN)[Oharra 1] batu zituen.
Gerra
1989ko abenduan LFANak Liberiako Nimba eskualdea bereganatu zuen. Gio eta Mano tribuetako milaka biztanle batu ziren kolpera, beste tribuetako biztanle batzuekin batera. Liberiar armada ez zen atzean geratu ordea, altxamendura batu ziren tribuak bizi ziren lurraldeetan errepresioa zabaldu baitzuten. 1990. urteko erdialdean, lehendakariaren Krahn tribuaren eta Mano eta Gio tribuen artean gerra piztu zen. Bi badoetan ere, milaka hildako eragin zituzten gudu hauek.
1990-1991
1990aren erdi-partean, Taylorrek herrialdearen lurralde gehiena menderatzen zuen eta ekainean hiriburua erasotu zuen, Monrovia. Uztailean, Yormie Johnson LFANetik banandu zen, Gio tribuak osatuko zuen INPFLa[Oharra 2] sortzeko. Hala ere, bi taldeek ere Monrovia erasotzen jarraitu zuten, milaka biztanleen heriotza eraginez. 1990eko abuztuan, medebaldeko Afrikako estatuek osatzen zuten ECOWAS izeneko erakunde batek, Liberiara bakea ekartzea helburu zuen ECOMOG izeneko indar-militarrez osatutako talde bat sortu zuen. 4 000 soldaduz osaturiko talde honek Liberiako gerran esku-hartu zuen. Doe lehendakariak eta Yormie Johnsonek taldearen esku-hartzea onartu zuten, baina Charles Taylorrek ez. Irailaren 9an Doek ECOMOGen egoitza nagusia bisitatu zuen, Monroviako portu askean. Une horretan ordea, INPFLk base hari eraso zion eta Samuel Doe harrapatu zuten, eta ondoren torturatu eta hil ere. Urte horretako azaroan, ECOWAS Liberiako buruzagi garrantzitsu batzuekin (Charles Taylorrekin ez) akordio batera iritsi zen, akordio horren arabera, Liberian barne-gobernu berri bat sortuko zen eta hau Dr. Amos Sawyerrek zuzenduko zuen. Sawyerrek bere agintea Monrovia ia osoan ezarri zuen arren, herrialdearen gainerako lurraldeetan talde-armatu desberdinek agintzen jarraitu zuten. 1991ko ekainean, liberiako armadaren hurbilekoa zen talde batek ULIMO izeneko talde-militar bat sortu zuen. Talde honek irailean Liberiaren mendebaldea menderatu zuen, FNPLk agintzen zuen lurralde batzuk bereganatuta.
1993-1996
1993an ECOWASek, Beningo Cotonou hirian, bake-akordio bat ezartzea lortu zuen. Urte horretako irailaren 22an Nazio Batuek behatzaile-misio bat martxan jarri zuten, helburua ECOMOGi bake-akordioa inposatzen laguntzea zuen. 1994ko martxoan, Amos Sawyerren "barne-gobernua" "Estatu-Kontseilu" batek ordezkatu zuen, kontseilu hau sei kidez osaturiko lehendakaritza bat zen, David D. Kpormakpor zen beraien buruzagia. 1994ko maiatzean, armaden edo talde-armatuen artean berriz ere gatazkak piztu ziren. Izan ere, urte honetan bertan ULIMO bi zatietan banatu zen: ULIMO-J, Krahn tribuak osatzen zuen talde bat, Roosevelt Johnsonek zuzendua eta ULIMOk, mandinga etniak osatzen zuen taldea, Alhaji G.V. Kromahen agindupean. Irailean, bi buruzagiek bake-akordioa onartu zuten Akosombon, Ghanan, nahiz eta ez ziren aurrerapen handirik egin bakera bidean. Urrian, Nazio Batuek behatzaileen kopurua murriztu zuten, talde-armatuek bakea ezartzeko eta bake-akordioa errespetatzeko zuten interes eskasarengatik. Abenduan, talde-armatu eta alderdiek Accrako ituna sinatu zuten, hala ere, gerrak jarraitu egin zuen. 1995eko abuztuan, talde guztiek beste itun negoziatu bat sinatu zuten Jerry Rawlings Ghanako lehendakariaren bitartekaritzari esker; itun hau Charles Taylorrek onartu egin zuen. Urte honetako irailean, David Kpormakporen Estatu-Kontseilua Wilton G.S. Sankawulo izeneko zibilak zuzendutako beste kontseilu batek ordezkatu zuen, kontesilu honek Charles Taylor, Alhaji Kromah eta George Boleyren babesa jaso zuen. 1996ko apirilean, Taylor eta Kromahen jarraitzaileek Roosevelt Johnsonen egoitza nagusiari eraso zioten, Monrovian. Eraso honek, bake-akordioaren amaiera ekarri zuen. Abuztuan, su-eten bat adostu zen Abujan, Nigerian. Hilabete honetako hirugarren egunean, Ruth Perryk Wilton Sankawulo ordezkatu eta Estatu-Kontseiluko lehendakaria bihurtu zen, lehen aipatutako hiru buruzagi militarren babesarekin.
Liberiako Bigarren Gerra Zibila (1997-2003)
1997ko hauteskundeak
1997ko uztailean, izua nagusi zen gizarte baten botoen %75a lortu zuen Charles Taylorrek hauteskundeetan. Hala ere, nazioarteko zenbait begiraleek hauteskundeak askeak eta zuzenak zirela esan zuten. Urte horretako abuztuaren 2an, Taylor lehendakari izendatu zen.
1997-1999
Egia da, Liberiako sarraskiak gutxitu egin zirela aipatutako hauteskundeak igaro ondoren, baina ez ziren desagertu. Indarkeriak bizirik jarraitu zuen. Taylor gobernuan egon zen denboraldi osoan, altxamenduak ekiditen saiatu zen. Aipatzekoa da, Taylorrek nazioarteko konspirazioei beldur ziela, horregatik, inguruko herrialdeetako matxinoei lagundu zien, adibidez, Sierra Leonako matxinoei armak saldu zizkien, diamanteen truke.
1999-2003
ULIMOren zati batek "Adiskidetze eta Demokrazioaren aldeko Liberiarren Batasuna" (LURD, bere ingelesezko siglengatik[Oharra 3]) izeneko alderdi berri bat sortu zuten. Alderdi hau Gineako gobernuak babestu zuen. 1999an Liberiako iparraldean matxinatu eta 2000. urteko apirilean, Lofa eskualdean borrokatzen hasi ziren. 2001eko udaberritik aurrera, Taylorren gobernuarentzat mehatsu handi bilakatu ziren. Gainera, aldi berean, Liberia egoera gatazkatsuan zegoen ondoko bi herrialderekin: Sierra Leona eta Ginea.
2001eko martxoan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 1343. ebzapenera[9] jo eta honen bidez, Liberia eta Charles Taylor Sierra Leonako gerra zibilean parte hartzen ari zirela ebatzi zuen. Honek Liberiari eta bertako gobernuari hainbat ondorio ekarri zizkion, besteak beste, beste herrialdeek Liberiari armak saltzea debekatu zen, diamanteak inportatzearekin batera, eta gainera, Liberiako gobernuko kide guztiei Nazio Batuen partaide ziren herrialdeetara joatea debekatu zitzaien.
2002. urtearen hasieran, Sierra Leonak eta Gineak LURDeko matxinoak babesten zituzten era aktiboan, horri kontra egiteko, Taylorrek aipatutako bi herrialdeetako matxinoei laguntza ematen jarraitu zuen. Honek ordea, Estatu Batuak eta Erresuma Batua Taylorren aurka jartzea eragin zuen.
Bestalde, ULIMOren beste zati batek matxinoen beste talde bat sortu zuen: Liberiako Demokraziaren Aldeko Mugimendua (MODEL[Oharra 4]). 2003. urtearen hasieran, Liberiako hegoaldean agertu zen.
NBEren bahimendu berria eta Charles Taylorren aurkako atxilotze agindua
2003ko martxoaren 7an, Sierra Leonako Gorte Bereziaren gerra-auzitegiak Charles Taylor deitzea erabaki zuen, bertan, gerra-krimenengatik eta gizadiaren aurkako krimenengatik epaitu zuten. Hala ere, auzitegiak bere erabakia eta salaketa edo akusazioa sekretupean mantendu zituen ekainera arte.[10]
2003ko maiatzaren 6an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak, 1478. ebazpenaren bidez, Liberiako egur-lehengaien bahimendu bat ebatzi zuen.[11]
2003aren erdialdean, LURDek Liberiako heren bat menderatzen zuen, zehazki, iparraldea eta herrialdeko hiribirua mehatsupean jartzea lortu zuen. Bien bitartean, MODEL-ek beste heren bat (hegoaldea) menderatzen zuen, honek, Taylorren gobernuak geratzen zen herena baino ez menderatzea eragin zuen; Monrovia eta erdialdeko Liberia ziren kontrolpeko lurralde hauek.
2003ko ekainaren 4ean, ECOWAS-ek bake-biltzar bat antolatu zuen Accran, Ghana. Bertan, Liberiako gobernuak, gizarte zibilaren buruzagiek eta MODEL zein LURD talde-matxinoek hartu zuten parte. Irekiera ekitaldian, Charles Taylor bertan zela, Sierra Leonako auzitegiaren karguak irakurri ziren eta Charles Taylorren aurkako atxilotze-agindua ere deklaratu zen.[10] Sierra Leonako auzitegiak liberiar lehendakariari, 1996tik Sierra Leonan gertatu ziren sarraski guztien ardura leporatu zion. Hala ere, Ghanako gobernua ez zen Taylor atxilotzen saiatu, bake-biltzar batera gonbidatu zuten lehendakari bat atxilotzea ezinezkoa zela esan baitzuten.[10] Honek ordea, ez zuen Taylor Liberiara itzultzea ekidin.
Matxinoen presioa eta Charles Taylorren dimisioa
2003ko ekainean, LURD Monrovia erasotzen hasi zen. Urte horretako uztailaren 9an, Nigeriako lehendakariak Taylorri erbeste seguru bat eskaini zion Liberiako politika uzten bazuen.[12] Hilabete horretan, George W. Bush estatubatuar lehendakariak, Charles Taylorrek Liberia utzi behar zuela esan zuen birritan. Hala ere, estatubatuar bake-tropak bere herrialdera etorri arte kargua utziko ez zuela esan zuen Taylorrek. 2003ko abuztuaren 1ean, Segurtasun Kontseiluak (1497. ebazpena) Liberiara nazioarteko tropak bidaltzea erabaki zuen, Nazio Batuen egonkortze-tropekin batera.
ECOWAS ez zen atzean geratu eta "ECOMIL" izeneko egonkortze-tropak bidali zituen herrialde hartara.[13] Tropa hauek abuztuaren 15 aldera iritxi ziren. Estatu Batuek ere logistika-laguntza eman zuten.[14] Egun haietan zehar, zehazki, abuztuaren 11ean, Charles Taylor lehendakariak Nigeriako erbestera ihes egin zuen, gehienbat, nazioarteko presioaren eraginez. Taylor, Moses Blah lehendakariordeak ordezkatu zuen, aldi baterako. Abuztuaren 15ean, Estatu Batuen presioaren eraginez, mila nigeriar soldaduek osatutako ECOMILen talde bat hegazkinez iritsi zen Liberiara. Hauek, matxinoek Monrovia menderatzea galarazi zuten eta aipatzekoa da, aldi berean, Estatu Batuek 2.300 marineek osatutako talde bat bidali zutela herrialde afrikarrera.
Bake akordioa eta trantsizio gobernua (2003-2005)
2003ko abuztuaren 18an, liberiar gobernuak, matxinoek, alderdi politikoek eta gizarte zibilaren buruzagiek bi urterako Nazio-Trantsiziorako Gobernu baten egitura sortuko zuen bake akordio bat sinatu zuten. Urte horretako abuztuaren 21ean, Charles Gyude Bryant enpresaria gobernu horren bozeramaile gisa hautatu zen eta urriaren 14ra arte iraun zuen kargu horretan. Aldaketa hauek ECOWASi bere bake-misioa handitzeko aukera eman zioten, hala, Beninen, Ghanan, Gambian, Ginea-Bissaun, Malin, Nigerian, Senegalen eta Togon guztira zituen soldaduen kopurua 3.600era igo zuen.
2003ko urriaren 1ean, Nazio Batuen Liberiako Misioak (UNMIL) ECOWASi erreleboa hartu zion. NBEko idazkari nagusiak, afrikar gobernuei UNMIL sustatzeko agindu zien, baita Estatu Batuei ere. 2003ko urriaren 14an, Moses Blahek Charles Gyude Bryanti igaro zion boterea.
Trantsizioaren hasieran, indarkeriak herrialdearen hainbat zatietan martxan jarraitu zuen, gainera, alderdi politikoen eta militarren arteko tentsioak ez ziren erabatean desagertu. 2004eko ekainean egoera aldatu zen, izan ere, armagabetze prozesu bat martxan jarri zen, gudariak birgizarteratzeko programa batekin batera. Herrialdearen ekonomiak ere goranzko joera hartu zuen, baina urtearen amaieran, armagabetze prozesua zein birgizarteratze programa dirulaguntza gehiagoren beharrean gelditu ziren. Bakearen alde egin ziren mugimenduak ikusirik, Bryant lehendakariak diamante liberiarren (2001eko martxoan ezarria) zein zur liberiarraren (2003ko maiatzean ezarria) aurka NBEk ezarritako bahimenduak atzera botatzeko eskatu zuen. NBEk bahimendua bertan behera uztea beranduagorako utzi zuen, zehazki, bakea ziurtatuagoa egongo zen une baterako.
2005eko irailean, liberiar gobernuak eta Liberiaren Nazioarteko Kontaktuetarako Taldeak (GEMAP) ustelkeriaren kontrako programa bat sinatu zuten.
Ellen Johnson-Sirleaf, lehendakari hautetsia (2005)
Trantsizio gobernuak hauteskunde demokratiko eta baketsu batzuk prestatu zituen 2005eko urriaren 11rako , UNMILen tropek eguna baketsua izatea ziurtatu zuten, zaintza-lanak eginez. Guztira 23 hautagai aurkeztu ziren hauteskundeetara, horien artean, George Weah futbolaria, UNICEFen enbaxadorea, Kru tribuaren kide batzuk eta Ellen Johnson-Sirleaf zeuden, azken hau Mundu-Bankuko ekonomialari ohi bat zen, Harvarden ikasketak egin zituena eta amerikar-liberiarren zein indigenen ondorengoa zena. Lehenengo itzulian ez zuen hautagai batek ere eskatzen zen gehiaengoa lortu, hala ere, Weah izan zen boto gehien lortu zituena (botoen %28). Beraz, bigarren itzuli bat egin zen boto gehien jaso zituzten hautagaien artean: Weah eta Johnson-Sirleaf. Bigarren itzuli hau 2005eko azaroaren 8an ospatu zen eta Ellen Johnson-Sirleafek irabazi zuen era erabakigarrian. Aipatzekoa da, bi hauteskundeak ere modu baketsuan zein ordenatuan ospatu zirela eta milaka liberiarren parte-hartzea eduki zutela. Bigarren itzuli horretan, Johnson-Sirleafek botoen %59a eskuratu zuen. Hala ere, George Weahek hauteskundeetan iruzurra egon zela salatu zuen, naiz eta nazioarteko begiraleek kontrakoa esan. Weahek, iruzurra egon zela onartzen ez bazen bere salaketa Auzitegi Gorenera eramango zuela esan zuen arren, Johnson-Sirleaf hauteskundeetako irabazletzat hartu zen 2005eko azaroaren 23an, handik aste batzuetara, 2006ko urtarrilaren 16an, Liberiako lehendakari izendatu zuten. Azkenean, Weahen mehatxua ezerezean geratu zen.
Azken urteetako historia (2006-gaur egun)
Firestoneren lan jazarpenaren aurkako salaketak
2005eko azaroan, Nazioarteko Lan Eskubideen Funtsak Bridgestoneren kontrako salaketa judizial bat martxan jarri zuen. Aipatzekoa da, Bridgestone Firestoneren aita-konpainia zela. Salaketa honetan, "esklaboen modura lan egiten zutela" adierazten zen.[15] 2006ko maiatzean, UNMILek liberiar kautxu-plantazioetan giza-eskubideek zuten egoeraren inguruko txosten bat plazaratu zuen. Txosten horretan, Firestoneren plantazioetan langileek zituzten gehiegizko eginbeharrak xehetasunez aipatzen ziren.
Charles Taylorren estradizioa eta epaiketa, Charles Bryanten atxiloketa
Nazioarteko presioa zuelarik, 2006ko martxoan, Ellen Johnson-Sirleaf lehendakariak Charles Taylor estraditatzeko eskatu zion Nigeriari. Taylor Sierra Leonako nazioarteko auzitegi batera eraman zuten, bertan, Sierra Leonako gerra zibilean eragin zituen gizadiaren aurkako krimenengatik epaitu zuten (bere epaiketa Hagan egin zen, segurtasunagatik). 2006ko ekainean NBEk liberiar zurari ezarri zion bahimendua atzera bota zuen (2003ko maiatzean jarri zuen martxan), alabaina, herrialde honetako diamanteei ezarritako bahimendua mantentzea erabaki zuen (2001eko martxoan martxan jarria), gobernuak jatorri-ziurtagiri bat ezartzeko balizko programa bat sortzen hasi arte. Azken erabaki hau 2006ko urrian berretsi zen.
2007ko martxoan, Charles Gyude Bryan behin-behineko lehendakari izandakoa, gobernuaren dirua lapurtzeagatik jarritako salaketa bat zela eta atxilotua izan zen. 2007ko abuztuan prozesu judiziala beste auzitegi txikiagoetara transmititu zen.[16] Azkenean, auzitegiak Bryant erruduntzat jo zuen, alde batetik, immunitaterik ez zuelako (lehendakari ohia zen arren), besteak beste, biztaleriak ez zuelako hautatu eta bestetik, ez zituelako garai hartako legeak errespetatu. Garrantzitsua da aipatzea, Bryantek liberiar gobernuarenak ziren 1.300.000 dolar inguru lapurtu zituela.[16][17]
2008-2009
2008ko uztailean, liberiar gobernuak heriotza zigorra legedian berrezarri zuen.[18] Lege honek lapurreta armatuen, bortxaketen, terrorismoaren eta bahiketen errudunak hiltzea ahalbidetzen zuen, aipatzekoa da, gaur egun (2016) zigor hau ez dela aplikatzen.[18]
Bestalde, 2009ko otsailean, herrialdearen hainbat eskualde hondamen-eremutzat hartu zituen gobernuak beldarren izurrite bat zela eta.[19]
2014ko Mendebaldeko Afrikako ebola agerraldia Liberian
2014ko Mendebaldeko Afrikako ebola agerraldiak gehien eragin zuen herrialdetako bat Liberia izan zen, Sierra Leona eta Ginearekin batera. Agerraldia 2014ko martxoaren bukaeran aurkitu zen.[20] Aurkitu zen unean, Liberian 50 mediku eta 1000 erizain zeuden, kopuru txikia, herrialdearen guztizko biztanleria 4,3 milioikoa zela jakinda.[21]
2015eko maiatzaren 9an, Liberiak ebolaren izurritea gainditu zuela esan zuen MOEk, 42 egun igaro baitziren identifikatu zen azken kasutik.[22] Egun horretatik aurrera, liberiar erakundeak gaixotasunak eragindako galerak aztertzen hasi ziren eta guztira, herrialde honetan 4.716 pertsona hil zituela adierazi zuten.[22]
Ikus, gainera
- Liberia
- Liberiako lehen eta bigarren gerra zibilak
- Mendebaldeko Afrikako ebola agerraldia (2014)
- Samuel Doe
Oharrak
- Ingelesezko National Patriotic Front of Liberia-ren sigletatik.
- Ingelesezko Independent National Patriotic Front of Liberia-ren sigletatik. Euskaraz: Liberiako Fronte Aberkoi Nazional Independentea.
- Ingelesez: Liberians United for Reconciliation and Democracy
- Ingelesez: Movement for Democracy in Liberia
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Liberiako mapa, Mendebaldeko Afrika. 1830. 2018ko otsailaren 11ean ikuskatua. (Gazteleraz)
- (Ingelesez) Schwarz, Benjamin (1997ko martxoa). «What (Thomas) Jefferson Helps to Explain». The Atlantic Monthly 279.
- (Ingelesez) Schick, Tom W. (1980). Behold the Promised Land: A History of Afro-American Settler Society in Nineteenth-Century Liberia. Baltimore: Johns Hopkins University Press.
- (Ingelesez) World Statesmen.org: Liberia - 2006ko uztailaren 3an eskuratua.
- (Ingelesez) On Afric's Shore: A History of Maryland in Liberia, 1834-1857, Maryland Historical Society, 2003.
- (Ingelesez) Report of the International Commission of Inquiry into The Existence of Slavery and Forced Labor in the Republic of Liberia. Washington 1931. urtea: U.S. Government Printing Office.
- (Ingelesez) Stanley, William R. (1994ko abuztua). «Trans-South Atlantic air link in World War II». GeoJournal 33 (4). doi:10.1007/BF00806430 (2008-06-24tik ez aktibo). 2018ko otsailaren 11an ikuskatua. (Ingelesez)
- (Ingelesez) Fred p.m. van der Kraaij, ‘The Open Door Policy of Liberia. An Economic history of Modern Liberia (Bremen, 1983), Chapter 2, The origins of the Closed Door Policies and Open Door Policies 1847-1947, 12-46 orrialdeak.
- «UNSC Resolution 1343». UN Security Council. 2018ko martxoaren 24an ikuskatua.
- NRC Handelsblad (Dutch newspaper), 5 June, 2003
- «UNSC Resolution 1478». UN Security Council. Originaletik artxibatua 2008ko uztailaren 10ean. 2018ko martxoaren 24an ikuskatua.
- «Nigeria would shield Taylor from trial». cnn.com. 2003ko uztailaren 10.
- Barringer, Felicity (2003ko uztailaren 24). «Nigeria Readies Peace Force for Liberia; Battles Go On». The New York Times. 2018ko martxoaren 24an ikuskatua.
- «Liberia's Taylor not ready to leave». cnn.com. 2003ko uztailaren 7.
- «Firestone Claim». socialfunds.com.
- “Liberia's Supreme Court endorses ex-leader's trial”, Africa News, 2007ko abuztuaren 27.
- The Inquirer. “Liberia; Corruption Case Against Bryant to Be Decided This Week”, Africa News, 2007ko abuztuaren 8.
- The Analyst. "Liberia; Death Penalty Under Fire", Africa News, 2008ko abuztuaren 7.
- Liberia Overwhelmed By Plague of Caterpillars
- «2 of 5 Test Positive for Ebola in Liberia», Daily Observer., 2014ko martxoaren 31.
- «Ebola-hit Liberia on brink of societal collapse – experts». Rappler. 2014ko urriaren 19an ikusia. «50 doctors and 1,000 nurses for 4.3 million people».
- (Gaztelaniaz) Naranjo, José. (2015-05-09). «Liberia deja atrás el Ébola tras ser el país con más muertos por el virus» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-03-24).
Kanpo estekak
Euskaraz:
Ingelesez:
- Liberia - Catholic Encyclopediako artikulua.
- Liberiako historia - 1461etik gaur egunera bitarteko Liberiako historiari buruzko informazioa.
- The Liberian Post - Informazioa gehiago, argazki eta estekekin.
- Liberiako Legea - Cornell Law Library - Liberiaren sorrerari buruzko informazioa eta bertan ezarri ziren lehen legeei buruzkoa.
- Agintariak
- Amerikar-liberiarrak eta kolonizazioa - Library of Congress.
- Liberia - CIAren webgunean.
- Liberia - BBCren webgunean.
- Liberia - Afrikako artea eta bizitza.
- Liberiaren denbora-lerroa
- Liberiako historia - Library of Congressek eskainitako denbora-lerroa eta mapak.
- Liberiako politika - herrialdearen politikari buruzko webgunea.
- Liberia eta giza eskubideak