Lezamako dorretxea
Lezamako dorretxea Aretxalde auzoan dagoen XVI. mendeko eraikina da.
Lezamako dorretxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kostaldeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Lezama |
Koordenatuak | 43°16′21″N 2°50′36″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
EJren ondarea | 4 |
Deskribapena
Hareazko harlanduzko lanez egina, bolumen prismatiko sinple, trinko eta liraina du. Sarrerako mandioa du, gaur egun dorrearen alboan eraikitako baserriaren barne. Bolumena murarioa, soila eta ia baorik gabekoa da. Fatxadak hormatal leunak eta apaindurarik gabekoak dira. Haren hermetismoak eta sendotasunak gotorlekuitxura ematen diote, ia ez baitu ezaugarri militarreko beste elementurik. Oin karratua du, alde bakoitzeko hamar metro inguru; 16 metro inguruko altuera, eta teila zeramiko makurreko lau isuriko estalkia. Beheko oina, hiru altuera eta teilatupeko oina ditu.
Angeluzuzenak, bi harlanduz dintelduak eta ornamentaziorik gabekoak izateagatik bereizten diren fatxadetako baoek banaketa irregular samarra dute. Tarteko solairuetan bakarrik daude. Fatxada bakoitzeko erdiko goi-ertzean dobela erradial handiz osatutako erdi-puntuko arku bat dago. Bao horiek dira teilatupeko oinean dauden bakarrak. Hormen goialdean maila diferentetan ezarritako oso lerro luze eta estuak markatzen dituzten goiko hertz zorrotzeko gezileihoak daude.
Lezamako dorrearen mendebaldeko fatxadan, beheko oinean, eskuinaldean, eta mandiotik hurbil, arku eskartzanoa dago, eta ezkerraldean, bao baten hondakinak. Goiko solairuetan sei leiho daude, solairu bakoitzean bi, eta hirugarren solairuko eskuinaldean bi gezileiho. Hegoaldeko fatxadaren alde osoan baserri bat erantsita duenez, fatxadaren hormaren zati bat eta mandioa ezin dira ikusi. Eskuinaldean bi bao eta zati bat itxita duten hiru gezileiho ditu, eta mandioaren gainean zulo karratu txikiak. Iparraldeko fatxada erabat itxita dagoen hormatala da, estalkipeko oinaren baoan izan ezik; bertan, arkuaren ordez, ezkerraldeko goialdean gezileihoa eta leihoburua daude. Fatxada honetan, oinarri osoa okupatuz, eranskin itsusgarria dago. Fatxadak lau leiho ditu, bi lehen solairuan; goialdean hiru gezileiho-lerro daude, eta oinarrian zulo txiki berri samarra dago.
Mandioak, hegoaldeko fatxadaren zabalera osoa hartzen du eta babesteko zuen harlanduzko horma gordetzen du, bai eta dobela handi zorrotzeko ojiba-arkua ere. Euren gainean, bi lirio-lore izan daitezkeen oso armarri higatuaren hondakinak dituen harlandu bat dago. Zati zuzen bateko harrizko mandiotik, lehen solairuan dagoen eskailera-burura helduko da; bertan dorrearen sarrera dago. Sarrera ojiba-arkukoa da, eta dobelen gainean, honako inskripzio hau duten lau lauzako multzo bat dago: "El marques de la Torrecilla, Torre Lezama, Conde de Aramayona", eta Butroe eta Muxikako armarriak dituen ezkutu zatitua azaltzen da.
Barruko espazioak, estalkira arteko solairu bakoitzean, zurezko erdiko zutiko bakar batean oinarritutako eraikuntza-tipologiagatik bereizten da. Erdiko zutikoak ipar-hego noranzkoan ezarritako habea eusten du. Habe horrek, ekialde eta mendebaldeko fatxadetako harri-hormen perimetroarekin batera, zurezko solairuak eusten dituen egitura nagusia osatzen du. Lau oinek egitura-kontzeptu bera dute; bertan, bigarren solairuko mendebalde eta ekialdeko hormetan habeak eusteko harburuak nabarmentzen dira. Barrualdera argia leihoburuko baoetatik eta zati bat itsututa duten gezileiho txaranbelduetatik sartzen da. Hormek metro eta erdiko lodiera dute, eta barrualdean harri-horma luzitua. Dorrearen beheko oinean espazio gardena dago, goiko solairuekin komunikatu gabe; bertan gezileiho bat, hegoaldeko fatxadan mandioaren hasierara zuzenduta dago. Gainerako solairuak, zurezko eskailera nagusiaren bidez lotzen dira, lehen solairuko gelak eta sukaldea, goiko oinetakoekin komunikatuz.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |