Lezama-Legizamon etxea

Lezama-Legizamon etxea Bizkaiko Bilbo hiriburuan dagoen eraikin bat da.

Lezama-Legizamon etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′52″N 2°56′23″W
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1920
Arkitektura
ArkitektoaRicardo Bastida
José María Basterra
Ondarea
EJren ondarea141

    Kokalekua

    Indautxu auzoan dago, On Diego Lopez Haroko kale nagusiaren 58-60. zenbakietan, eta Casilda Iturrizar parkearen alboan.

    Deskribapena

    Eraikina 1920an amaitu zuten eta Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak, José María Basterrarekin lankidetzan, goi-burgesiarentzako etxebizitzen eremuan egindako ahaleginen erakusle ona da. Eraikin honi erreparatuz, argi ikusten da Kale Nagusiak, zati horretan, bokazio burgesa eta goi-mailako etxebizitzak dituela, lehenengo zatiak ez bezala, horrek funtzio ekonomiko eta finantzarioa baitu.

    Eraikin exentua da eta Kale Nagusiko azken zatian dago. Egin zenean eztabaida handiak izan ziren, Zabalguneko Parkearen orube batean egin zelako. Eraikinak oinplano angeluzuzena du, 64 metroko luzera eta 30 metroko sakonerakoa. Kantoietan gorputz erdizirkular handi batzuk ditu, erremate gisa eraikina bera baino altuago diren dorreak dituztenak. Erdisotoa eta zazpi solairu ditu, azkena atzera eramana.

    Eraikina bi zati desberdinetan banatzen da. Handiena Kale Nagusiko 60. zenbakia da. Bi eskailera ditu, nagusia eta zerbitzuarentzakoa, eta bi patio handi. Txikienak ere (Kale Nagusiko 58. zenbakiari dagokionak) bi eskailera ditu, nagusia eta zerbitzuarentzakoa, eta patio bakar bat. Zati biek kontserbatzen dituzte, diseinatu ziren bezala, barne-banaketako espazioak eta komunikazio bertikaleko elementuak, beren apaindura oparoarekin, zeinak, kanpoaldeko itxurarekin bat, lengoaia klasizisten emaitza den.

    Altxaerari erreparatuz, eraikinak egitura klasikoa erakusten du, hiru gorputzekoa. Beheko gorputzak oinalde bat du, erdisotoari dagokiona, material desberdin batez egina, eta bi bao-maila, diseinu xumekoak, erritmo desberdinez banatuak alboko eta atzeko fatxadan. Fatxada nagusian baoak altuera biak hartzen dituen sarreraren inguruan kokatzen dira. Horren gainean, gorputz nagusia altxatzen da, hiru solairukoa. Eraikina inguratzen duen harrizko balaustradak gorputz honetako lehenengo solairua nabarmentzen du estai nagusi gisa. Gorputz zentral honek hegal txiki bat duen kornisa lodi batek errematatzen du, goiko gorputzetik bereizteko. Azken gorputz horretan daude seigarren solairua, argi handiko arku karpanelatuen sail bat duena, eta zazpigarrena, zeinetan errematatzen baitira altxaerak eta lau ertzetan eta fatxadan dauden dorreak. Horra hor altxaerak osatzen dituzten gorputz nagusien deskribapenak. Nabarmentzekoak dira ertzetako dorre zirkularren erremateak eta konposizioa unitarioa den pertzepzio sendoa. Lehenengo pertzepzio horren atzean ordea, lau fatxadek ñabardura asko dituzte baoen diseinu eta formari, ordenatzeko moduari, sortzen duten erritmoari, estiloari eta abarri dagokienez.

    Esan bezala, bereziki nabarmentzekoa da oinplano zirkularreko lau dorreen errematea, hau da, mentsula-sail batean bermatutako erlaitz lodi baten gainean jarritako harrizko balaustrada lodi bat, txarro-errematedun motiboz etenda. Beheko solairuko baoek oso diseinu xumea dute, leihoburuduna, eta erritmo desberdina dute alboko eta atzeko fatxadan.

    Fatxada nagusian, hau da, Kale nagusira ematen duenean, beheko gorputzean sarbide biak gailentzen dira. Horien baoak ateburudunak dira eta apaingarri asko dituzte: oinaldetik bi pilastra sortzen dira, erremate gisa kiribilak eta girlandak dituztenak. Horien gainean, fatxada-lerrotik aitzinatzen den frontoi erdizirkular handi bat dago, erdian idi-begi bat duena, motibo heraldiko batekin. Erdiko gorputzean, baoak erritmikoki banatzen dira fuste kaxeatudun pilastren artean. Pilastra horiek hiru solairuak hartzen dituzte eta, erremate gisa, xafla muxarratuz egindako motiboa dute. Ertzetako dorreetan, pilastren ordez fuste leuna eta inspirazio jonikoko kapitela duten kolomak daude, dorre erdizirkularren bolumena indartzeko. Kolomak eta pilastrak lehenengo pisua inguratzen duen balkoi korritutik gora altxatzen dira. Balkoi korritu hori harrizko erroilu-mentsuletan bermatzen da eta errotondetan mentsula horiek loditu egiten dira eta beren apaindura aberastu egiten da kordoi-motiboekin aurrean eta xafla muxarratu batez erremate gisa. Baoetan dekorazio xumea dago: dentikulu batzuk leihoburuaren azpian. Dorreetako beheko gorputzeko baoetan, dentikulu horien ordez akanto-hostotxo batzuk daude eta motibo hori bera errepikatzen da solairu nagusiko balaustradaren azpitik fatxada zeharkatzen duen frisoan ere.

    Alboko fatxadetan, konposizio eta estilo elementu berberak erabiltzen dira, baina bao gehiago sartzen dira, binakako erritmoan.

    Atzeko fatxadak nagusiaren eskema orokor berbera du, baina beste era batera ordenatuta. Baoen erritmoa desberdina da: bao gehiago dago, bakunak eta bertikalak, balkoiekin etab. Tarte bakoitzean bao bat dago eta tarte horiek pilastrez mugatuta daude solairu nagusian. Kapitel, erlaitz eta gainerako apaindura-elementuetan ere estilo-aldaketak egin dira.

    Erreferentziak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Bilbo

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.